Gipuzkoako Batzar Nagusiak, "oso kritiko" Basalgoko proiektu eolikoarekin

Eneko Azurmendi Barrena 2026ko ekainaren 15a

Gipuzkoako Batzar Nagusiek joan den astean egindako osoko bilkura.

Aho batez onartu dute Eibarko Mendiak Bizirik taldeak proiektuaren inguruan egindako hainbat proposamen biltzen dituen ebazpen-proposamena, taldeak berak ohar bidez azaldu duenez. 

Joan den astean egindako osoko bilkuran, Gipuzkoako Batzar Nagusiak "oso kritiko" Basalgoko proiektu eolikoarekin, Eibarko Mendiak Bizirik taldeak adierazi duenez. Aho batez onartutako ebazpen-proposamena Elkarrekin-Podemosek aurkeztu zuen, Eibarko Mendiak Bizirikek apirilean egindako agerraldiaren ondorioz.

Ebazpenaren bitartez, Batzar Nagusiek Eusko Jaurlaritzari eskatuko diote "udalek, herritarrek eta erakundeek Basalgo proiektuaren aurka aurkeztutako alegazioak aztertzeko eta modu arrazoituan erantzuteko, ingurumenean, gizartean, paisaian, ekonomian, ondarean eta inguruko biodibertsitatean izan ditzakeen inpaktuak neurtuta".

Era berean, eskumena duten erakundeei eskatuko diete Basalgo proiektuak eragindako eremuan ur-zikloa zaintzeko eta babesteko, "oinarrizko ondasun hori bermatuz bertan bizi diren komunitateei". Halaber, Euskadiko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala izapidetzen amaitzeko eta behin betiko onesteko eskaera ere egin diote Jaurlaritzari.

Halaber, Aldundiari exijituko diote jarraitzeko nekazaritza eta baso-lurzoruaren babesa bultzatzen. "Batzar Nagusiek Aldundiari eta Jaurlaritzari eskatuko diote Gipuzkoan proiektatzen diren proiektu energetikoek eragiten dieten eragile guztiei eta herritarrei irekitako parte-hartze soziala defendatzea".

Gerra Zibileko espazioak aztergai

Azkenik, Batzar Nagusietako Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Batzordeak "laster" aztertuko du Basalgo proiektuaren "mehatxupean" dagoen Eibarko ondare historikoari buruzko ebazpen-proposamen bat. "Zehazki, Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu nahi zaio Kalamua, Akondia, Arrate, Topinburu, Illordo eta Intxorta inguruan dauden Gerra Zibileko defentsa-espazioak eta egiturak Babes Ertaineko Kultura-Ondasun izendatzeko espedientea has dezala".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak