Aldundiko ordezkariekin izandako bilera Eibarko Mendiak Bizi plataforma herrikoiak aurrera eramandako ekimenak aurkezteko baliatu dute. Era berean, Arena Power enpresak aurkeztutako proiektuaren gaineko aurkakotasuna azaltzeko argudioak eman dituzte: "Aurkitu diren akats eta omisio ugariak, eta sei makroaerosorgailuak instalatzeak eta proiektua abian jartzeko behar den obra zibil ikaragarriak ekarriko lituzketen kalteak,
besteak beste biodibertsitatean, paisaian, ondarean eta gizarte-inpaktuak ere".
Eibarko Mendiak Bizirik taldeko kideek aipatu dutenez, kalte horiek Gipuzkoako biztanleriaren %8a batzen duten Debabarreneko eta Debagoieneko bost udalerriri eragingo liekete. Proiektuari egindako alegazioak ez direla soilik Eibarko Mendiak Bizirik taldeak aurkeztutakoak eta 6.000 herritar baino gehiagok sinatutakoak nabarmendu dute: "Izan ere, proiektuak eragiten dituen bost udalak ere aurka agertu dira, tartean Elgeta eta Bergarakoa, hainbat partikular eta elkarte ugari bezala".
Eremua babesteko eskaerak
Ordezkari politikoei proposamen batzuk egin dizkiete, espezifikoak zein lurralde osoarentzat onuragarriak izan daitezkeenak: "Hegazti nekrofagoen planari arau-babesa ematea planteatu da, Araban eta Bizkaian gertatzen den bezala, eta kiropteroen (saguzarrak) inguruan antzeko plan bat idaztea eta onartzea ere. Era berean, Basalgo eremuan bizi diren komunitateei uraren zikloa bermatzea –laurogei ur-puntu baino gehiago daude–, nekazaritza eta basogintza lurrak eta basoberritze eta zaintza proiektuak babestea, edo ondare ondasuntzat hartzeko espedientea hastea eskatzea, Basalgo, Topinburu eta Ilordoko Gerra Zibileko defentsa-azpiegiturak babesteko, Intxorta eta Kalamuara zabal daitekeena".