Herrietako landa-lurrak digitalizatzen ari dira, zehaztuta geldi daitezen

Oihana Elorza Gorostiza 2026ko maiatzaren 5a

Oñatiko lurretan dauden partzelen argazkia; 28 poligonotan daude banatuta. (Oihana Elortza)

Katastroan daude jasota lur-jabeen terrenoak non dauden, ze tamaina duten eta norenak diren. Arbasoengandik jasotako ezagutza gero eta gutxiagok dute, eta informazioa gaurkotu, zehaztu eta gorde gura da proiektu horrekin, koordenada zehatzak jasoz. Katastroa eguneratzen ere lagunduko du.

Puntua aldizkariaren 496. zenbakiko Elkarrizketa atalean argitaratutakoa da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

Gipuzkoako lurren %90 landa-lurra dira. Hau da, lurraldean 180.000 hektarea daude berde moduan ikusten direnak, zelaiak, basoak edo mendiak izan daitezkeenak. Historikoki, lur horiek baserriei lotuta egon dira, baina biztanleria hiritartzen joan da azken urteetan eta lur zati horien eta mugen inguruko informazioa galtzeko arriskua areagotu egin da. Horrek partikularrei zein administrazioari arazoak ekar dakizkiekeela ikusita, landa-lurrak digitalizatzea erabaki du Gipuzkoako Foru Aldundiak, horrekin batera katastroa ere eguneratzeko. Eta horretan dabil, Udalen laguntzarekin. Aldundiaren erronka da lurralde osoko landa-lurrak digitalizatuta egotea 2030erako.

Hamar urterako proiektua

Arantxa Ariztimuño da Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendietako eta Natura Inguruetako zuzendaria, eta, hark azaldu duenez, antzinatik datorren informazioa eguneratuko eta finkatuko du proiektu horrek: "Programa horren helburua da lurraldeko landa-sailen mugak hobeto definitzea eta eguneratzea, dauden mugak eta mugarriak behar bezala identifikatuz eta horien kartografia digitala eginez. Lan horren ondorioz, katastro landatarra ere eguneratzen ari da Aldundia".

Hamar urtean, 2020tik 2030era bitartean, egin gura du digitalizazio-lana Aldundiak, udalekin batera, eta udal bakoitzak erabakitzen du zelan egin gero: "Udalei zuzendutako dirulaguntza bat da eta digitalizatu beharreko eremua Udalak berak aukeratzen du; betiere, poligono mailan. Herritarrek, nahi izanez gero, udalei eska diezaiekete beren landa-lurrak dauden poligonoa mugatzeko, baina lanak nondik hasi erabakitzea udalei dagokie". 

Debagoienean ere bai

Proiektura batzen diren udalek eurek jartzen dute gero martxan proiektua; hau da, noiz eta nola egin. Lanak esleitzen dituzte eta lurren jabe diren herritarrekin harremanetan jarri, esaterako. Aurretik, baina, lana nola eta zein tartetan egin gura duen erabakitzen du Udalak. Oñatik, adibidez –Gipuzkoako udalerririk zabalena–, hamasei landa-auzo ditu eta 28 poligonotan daude banatuta herriko partzela guztiak: 7.248, katastroari erreparatuta –partikularrenak eta herri-lurrak–. Partzela edo terreno gehienak, gainera, partikularrak dira, herritarrenak, eta lur zatien batez besteko tamaina txikia da. Urte bakoitzean poligono kopuru konkretu bat egitea aurreikusten du Udalak, eta hango lur-jabeekin, herritarrekin, jartzen da harremanetan. Urtarrilean egin zuen azken bilera, 13. eta 14. poligonoetako landa-lurzoruko jabeekin. Bilera horietan jabeari plano topografiko bat entregatzen diote, non haren sailak dauden marraztuta, baita mugak ere, eta landa garapeneko teknikariak proiektuaren nondik norakoak azaltzen dizkie herritarrei, ordurako lanak esleituta dauden enpresako ordezkariarekin batera. Plano horretan markatuta dituen sailak egiaztatuko ditu jabeak, eta neurketa lanak egiten ari diren teknikariekin mugatuko, X eta Y koordenadekin identifikatuta.


Jabeak jasotzen du plano topografikoa, sailak marraztuta.

"LUR-JABEAK ASKO ARI DIRA LAGUNTZEN, ETA ASKO ESKERTZEN DUGU HORI" JON ANSOLA, GEOGRAMA ENPRESA

Teknikariarekin batera

Izan ere, lur-jabea teknikariarekin batera joaten da bere lurrak neurtzera. "Neurtuko den eremuko lur-jabeen zerrenda bat daukagu guk. Eurekin jartzen gara harremanetan, terrenoaren neurketa noiz egin adosteko, eta eurekin batera egiten dugu. Horren aurretik, baina, jabeari eskatzen diogu gu joan orduko mugarriak garbi edukitzeko; izan ere, oztopo asko egonez gero, zaila da ondo neurtzea. Horrek esan nahi du, aldi berean, ondoko lur-jabeekin batera eguneratu edo adostu beharko dituela mugak. Hau da, jabe bakoitzak bere mugak non dauden ondoko jabeekin berretsi beharko duela", dio Debagoienean digitalizazio lanak egiten ari den Geograma enpresako Jon Ansola teknikariak. Euren GPS ekipoa hartu, terrenoaren perimetro guztia neurtu eta garrantzitsuak diren puntuak eta izkinak neurtzen dituzte lursailak dauden tokira bertara joanda.


Urtarrilean Oñatiko Santa Ana antzokian egindako aurkezpena.

Neurketa egiteko herritarren laguntza ezinbestekoa dela diote teknikariek: "Normalean, terrenoa lantzen edo zaintzen dituzten jabeek oso ondo ezagutzen dituzte lurrak eta garbi izaten dituzte mugak-lerroak. Txanponaren beste aldean daudenak dira, gehienetan, hirietan bizi direnak. Kasu askotan, lurrak herentzian jaso dituzten jabeak dira eta ez dute ideia handirik izaten. Holako kasuetan "super-jabeen komodina" izaten dugu; beren terrenoak ezagutzeaz gain, askotan mendiko beste terreno eta partzela asko ere ezagutzen dituztenak. Haiekin lan asko egiten dugu, gurekin egun askotan etorri behar izaten dute neurtzera, baina lortzen duguna da partzela kopuru handi bat neurtuta geratzea".

Jon Ansola teknikariak azaldu du jabeen arteko gatazkak ere gertatu izan direla, baina proiektuari harrera ona egin diotela jabeek eta saiatzen direla horiek ere, "ahal denean, behintzat", konpontzen. "Gu geu ez gara sartzen gatazka horietan, eta inoiz gelditu izan da, agian, terrenoren bat neurtu gabe. Baina, adibidez, jabea bera ere agertu ez delako izan da hori. Egia da informazioa digitalizatuta gorde gura duena laguntzeko prest egoten dela, eta asko eskertzen dugu hori. Proiektuan parte hartzera animatuko nituzke lur-jabe guztiak. Lehengo informazioa, katastroan gordetzen dena, aspaldikoa da, eta goitik, airetik, hartutako irudiek lagunduta dago jasota. Orain, baina, modu horretan, sailen tamainaren neurri zehatza hartzen da, eta baita kokapena ere, koordenadak zehaztuz. Proiektua mugakideen arteko akordioan oinarritzen da mugak zehazteko eta, ondoren, muga horiek GPS bidez digitalki jasotzeko. Horri esker, etorkizunean katastro eguneratua izango dugu, landa-lurren errealitate fisikoaren isla izango dena".

Neurketa egitera joatean oraindik ere lehengo mugarriak agertzen direla adierazi du Ansolak. Toki batzuetan desagertuta dauden arren, lurrak bereizteko lehen erabiltzen ziren harriak, mugarriak, ikusten direla aitortu du. Horrelakoetan, horiek erreferentziatzat hartuta hasten dira neurketak egiten; adibidez, harriaren beraren kontra GPSa jarrita.

Herri bakoitzak bere martxa

Elgetako lurretan ari da orain lanean Ansola: "Hainbat teknikari gara eta bakoitzak Gipuzkoako zona bat hartzen du. Ni hemen nago, eta beste bat, adibidez, Andoain aldean". Asentzioko putzuaren bueltan dauden sailak neurtzen ibili da azken egunetan. "Udaberriko egunak onak dira basora etorri eta lan egiteko, tenperatura eta argi aldetik, behintzat, baina, era berean, belarra hazten den sasoia ere bada. Nik neuk nahiago izaten dut neguan neurtu; lurra garbi dago orduan, trabarik gabe, eta, askotan, errazagoa izaten da".

Bergarako Jose Luis eta Fernando Larrañaga anaiek begi onez ikusi dute lurrak digitalizatzeko proiektu hori, eta Ansolarekin batera ibili dira eurenak neurtzen. "Gure gurasoek esanda dakigu zeintzuk diren gure lurrak. Teknikariak bere datuak zituen, eta gureekin bat egiten zuten. Geure aurrean neurtu dituzte, gainera, eta konforme gaude. Orain, horiek gordeta geldituko dira betiko", zioen Jose Luisek. Lanak amaitu ondoren, jabe bakoitzak liburuxka bat jasotzen du, haren lurren plano topografikoarekin, non mugarri eta puntu garrantzitsu guztiak zenbakituta agertzen diren, eta ortofoto bat, haren jabetzak nabarmenduta.

"GARRANTZIA DU OINORDEKOTZAN JASOTZEN DEN JABETZA HORREN MUGAK JAKITEAK" XABIER IGARTUA, OÑATIKO UDALA

Hain zuzen ere, jakintzaren transmisiorik ezak etorkizunean sor ditzakeen arazoak ekiditeko abiatu zuen digitalizazio hori Oñatin hango Udalak: "Ikusi da ondorengotzan informazio edo transmisio hori galtzen dabilela; horren jakitun diren adineko pertsonak badoazela. Bere garrantzia du oinordekotzan jasotzen den edo aldatzen den jabetza horren mugen nondik norakoak jakiteak", dio Landa Garapeneko batzordeburu Xabier Igartuak. Bestelako arazoak ere ekidin daitezkeela dio Igartuak: "Bizilagunen arteko liskarrak saihesteko ere balioko du". Hala ere, Aldundiak proiektuak ekonomikoki hartzen duen arduraz kritiko da Igartua. "Gastuak erdi bana ordainduko zirela esan zuen Aldundiak, baina errealitatea bestelakoa da: Lehen bost poligonoetako lanak bukatuta daude, 13. eta 14.ekoak amaitzen, eta 15.a lizitatuko da aurten. Guztira, zortzi poligono horien kostua 318.154 eurokoa izan da Udalarendako. Aldunditik jasotako laguntza, berriz, 83.775 euro izan dira; %26. Esandakoaren %50etik oro urruti". Arantxa Ariztimuñok, baina, kostuaren erdia Aldundiak eta beste erdia udalek ordainduko dutela berretsi du: "Ekimen hori 2020an jarri genuen martxan –lehenik, Legazpin, eta gero, Gipuzkoa osora zabaldu genuen, 2021ean– eta lurralde osoko landa-lurren mugak digitalki jasotzea 6.000.000 euro kostatuko zitzaigula kalkulatu genuen garai hartan. Aldundiak urteko 300.000 euroko dirulaguntza argitaratzen du eta interesatuta dauden udalen artean beste hainbeste jartzen dute. Hau da, kostuaren erdia Aldundiak jartzen du eta beste erdia udalak; lur-jabeari dohainik ateratzen zaio". Ariztimuñok gehitu du lana bukatu arte jarraituko dutela dirulaguntza ematen: "Bagenekien urte askotako lanari ekiten geniola, baina ekimenak administrazioarentzat eta, zer esanik ez, lur-jabeentzat dakarren onura ikusita, Gipuzkoa osoko lanak egin arte dirulaguntza bizirik mantenduko dugu".

Hamaika bukatuta eta 38tan abian

Oñati eta Elgetan bezala, muga-lerroak finkatzen ari dira Arrasaten ere. Debagoieneko beste herrietan ere martxan dago landa-lurren digitalizazioaren programa; guztietan, Leintz Gatzagan eta Bergaran izan ezik. Bergarako Udalaren iritziz, gai hori katastroarekin lotuta dago eta Aldundiaren eskumena da.

2021ean egin zuen dirulaguntzen lehen deialdia Aldundiak, eta orduz geroztik hamaika udalerri guztiz digitalizatuta daude eta gaur egun 38 herritan dago martxan, herri bakoitza bere fasean. Lanketa positiboa izaten ari dela dio Ariztimuñok, eta aukera aprobetxatzera animatu ditu lur-jabeak, lagungarria egingo zaielako: "Eskrituretan jasotzen den informaziorekin bakarrik oso zaila da mendian sailak aurkitzea, eta are zailagoa mugak identifikatzea. Lanketa horrek aukera ematen du eskritura, katastroa eta mendiko informazioa bateratu eta akatsak dauden kasuetan zuzentzeko. Beren sailak non dauden ez dakiten jabeei sailak aurkitzen laguntzeko ere balio du. Salerosketa, permuta, herentzia… kasuetarako garrantzitsua da landa-eremuko sailen informazioa eguneratuta izatea, eta proiektu horrek etxeko paperak txukuntzeko aukera ematen du".

Katastroan ere aldatu behar da

Nekazaritzako eta basogintzako ustiategien titularren batez besteko adina handia da eta errelebo faltak mugak ez ezagutzea dakar –lehen sektoreko ustiategien %81,5 galdu du Debagoienak 25 urtean–. Horrek arazoak edo zailtasunak ekar ditzake, esaterako, salerosketa bat egin behar denean. Baina finka horiek kudeatzen jarraitu ahal izateko ere garrantzitsua da mugen ezagutza, bai nekazaritza ikuspegitik baita lurraldearen antolaketa aldetik ere. Landa-lurrak Nekazaritza Ustiategien Erregistroan sartzen dira. Erregistro hori funtsezkoa da Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruko Departamentuak nekazaritzaren eta basogintzaren arloko laguntzak eta baimenak izapidetzeko, Oñatiko Udalaren azalpenen arabera, eta "beharrezkoa da landa-inguruneko lur-zatien mugak eta titularrak eguneratzea".

"KATASTROKO INFORMAZIOA ERE ZUZENDU NAHIKO GENUKE
PROIEKTU HORREKIN" ARANTXA ARIZTIMUÑO, FORU ALDUNDIA

Eguneratze hori egin ondoren, katastroan ere aldaketak egitea komeni da. Landa-lurreko partzela baten titularra izateak ez du aitortzen, berez, higiezin horren jabetza izatea. Landa-lur katastroa eta jabetza erregistroa koordinatuta egoteko beharra ezartzen du 13/2015 Hipoteka Legeak. Hortaz, landa-lurren geolokalizazioa zehaztu eta digitalizatu ondoren, katastroan ere datuak eguneratu behar dira.

"Lehengo mugarri asko sasiek tapatuta edo desagertuta zeuden"

AINTZANE AGIRRE, LUR-JABEA

Aintzane Agirre oñatiarraren etxeko lurrak neurtu eta digitalizatu dituzte dagoeneko. Euren lursail guztiak eta mugarriak non dauden eta nondik norakoak diren jasotzen dituen liburu bat eman diete, eta hortxe dituzte orain jasota. Jabe bakoitzak bere liburua jaso du, lursail guztiak eta mugarriak jasotzen dituena.

Teknikariarekin basora

Teknikariekin batera mendira joanda egin dute lana. "Aurrez mugarriak topatu eta garbitu behar izan ditugu. Teknikariei mendira lagundu behar izan diegu. Mugakideekin mendira joan eta zalantzak argitu eta desadostasunak adosten saiatu behar izan dugu", dio Agirrek, inguruko lurren bat neurtu gabe gelditu dela gaineratu du: "Kasu gehienetan adostu ditugu, baina jaberen bat ez da agertu ere egin. Muga horiek digitalizatu gabe geratu dira". 

Hori egitea "behar-beharrezkoa" zela dio, Agirrek eta esperientzia ona izan dela: "Gure gurasoek eta aurrekoek oso ongi ezagutzen zituzten lursailen muga eta nondik norakoak, baina guk ez dugu jakintza hori jaso. Lan horrek hutsune hori betetzeko aukera eman digu. Haiek jarritako mugarri asko sasiek tapatuta edo desagertuta zeuden, eta betirako den zerbait da hau. Mugarriak mugitu, tapatu edo puskatu egin daitezke, baina behin digitalizatuta hori ez da mugituko".

Proiektu horren abantailak eta desabantailak ere aipatu ditu: "Abantailak: informazioa ez galtzea eta mugakideen arteko gatazkak ebaztea; desabantailak: mendian konexioa behar izatea".

"Eurekin batera joan, eta geure aurrean neurtu dituzte lurrak"

JOSE LUIS ETA FERNANDO LARRAÑAGA, LUR-JABEAK

Bergarako Jose Luis eta Fernando Larrañaga anaiek Bergarako eta Elgetako lurretan dituzte partzelak, eta Elgetakoak neurtzen ibili dira egunotan. "Oso ondo ibili gara. Teknikaria gurekin harremanetan jarri, eguna eta ordua adostu, eta hirurok etorri gara gure lurrak neurtzea. Oso esperientzia ona izan da. Geure aurrean neurtu ditu teknikariak lurrak, gailu bat erabilita, eta ikusi dugu ondo egin duela; geuk ere ikusten genuen gurea nondik norakoa zen eta hark neurketa hantxe egin duela", zioen Jose Luis Larrañagak.

Teila edo ikatza

Larrañaga anaiek ere euren gurasoengandik zekiten euren partzelak, terrenoak, non zeuden eta zeintzuk ziren. "Eurek azaldutakoa da norberaren lurretako mugarriak ez zituela inoiz norberak bakarrik jartzen, beti mugakideekin batera, eta azpian teila bat jartzen zutela, edo ikatza ere bai inoiz. Modu horretara, teila hark adierazten zuen mugarria benetakoa zela". 

Arbasoengandik eurenganaino heldutako informazioa egunen baten galdu egingo den arriskua dagoela jakinda, uste dute ideia ona dela dena digitalizatuta gordetzea. "Hasiera batean, proiektu horren inguruko azalpenak emateko lur-jabe guztiak deituta geunden bilera orokorra egin zen egunean ez nuen hain argi ikusten. Ez nuelako, agian, nola egingo zen ondo ulertuko edo irudikatuko, baina gero jasotako azalpenekin ez dugu inolako arazorik izan. Erraza izan da. Guk lagundu diogu teknikariari lan hori egiten, eta polita izan da. Guretako, gainera, doakoa".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak