AEKk 24. Korrikaren lehen balorazioa ezagutarazteko agerraldia egin du gaur, astelehena. Bertan izan dira Korrikaren arduradun Ane Elordi, AEKren Nazio Kontseiluko kideak eta mezuaren zazpi egileak, tartean, Oihana Arana eskoriatzarra.
Aurrez iragarri zuen AEKk inoizko Korrika parte-hartzaileena izango zela, 3.400 lekuko aldaketatik gorakoa, eta balorazioan balioan jarri nahi izan dute aurten "masiboa" izan dela euskararen aldeko lasterketa: “Euskal Herriak erabateko indarrez erakutsi du euskara garela, eta euskara izan nahi duela”. Korrikako arduradun Ane Elordik nabarmendu du ez dela jende gutxiko kilometrorik izan: "Babes zabala izan du 24. Korrikak, eta ez da egon jende gutxiko kilometrorik".
Pizkunde berri batera bidean
Balorazio agerraldian zehar "Pizkundearen Korrika" bezala izendatu dute aurtengo edizioa, lasterketa euskararen pizkunde berri baterako mugarri izango dela nabarmenduz. Nabarmendu dute hori erakutsarazi nahi izan zutela mezua idaztearen ardura zazpi gazteren eskutan uzterakoan: "zazpi mezu-egileek argi dute euren engaiamendua, eta horrexegatik dira euskararen Pizkunde berri baten lehen txinpartaren isla".
Pizkunde hori gauzatu ahal izateko gazteei dei egin nahi izan diete, hauek "lehen lerroan" egon behar dutela nabarmenduz. AEKren ustez, beraien presentzia beharrezkoa izango delako Euskal Herri euskaldun baten bidean: "Euskal Herri Euskalduna, horixe da gure gutxieneko hizkuntza-eskakizuna". Bide horretatik, Euskaltzaleon Martxara begira jarri da Elordi: “Honek ekainaren 13ko Euskaltzaleon Martxara begira jarri gaitu; Iruñean egingo da, euskaltzaletasuna elikatzeko orduan herritar bakoitzaren ekarpena ezinbestekoa dela adierazteko asmoz”.
Hamabigarren egunaren garrantzia
Agerraldian zehar, Korrikaren parte izan diren eragileei konpromisoa eskatu diote: “Korrikan parte hartu duten eragile guztiei konpromisoa eskatzen diegu, ekiteko engaiamendua. Lan horretan, besteak beste, ezinbestekoa da ordezkari politikoen ardura, haien babes juridiko eta politikoa. Askok eraman dute lekukoa Korrikan, baina ekintza sinboliko horretatik haragoko konpromisoa eskatzen diegu hemendik: Korrikaren harira egindako adierazpen ederrak ekimen bihur ditzatela, benetan susta dezaten Euskal Herri euskalduna”.
Gainerakoei eskakizunak egiteaz gain, beraien konpromisoa ere azaldu dute, 12. eguna bezala izenpetu duten ekimena: "Beti esan dugu ez dela nahikoa Korrikan parte hartzea, hurrengo eguna ere garrantzitsua dela: benetako lanketa, konpromisoa, behin Korrika igarota dator. Asmo handiko helburuekin abiatzen dugu lasterketa, baina ekimena bera labur geratzen zaigu askotan, eta Korrikak 11 egun horietatik harago joan behar dugu. Hori dela-eta sortu dugu Korrikaren 12. eguna izeneko ekimena".
Ekimenaren baitan, apirilaren 22an, ordubeteko doako eskola emango dutela jakinarazi du. AEKren 100 eskolatan izango da hau, eta hasiera-mailako klaseak izango dira, euskararekin kontakturik izan ez duten pertsonei zuzenduak. Horrez gain, maiatzaren 21ean, 65 mintzodromo antolatuko dituzte.