Hamaika eguneko olatua indartsua izan arren, hamabigarrena ere funtsezkoa da

Eneko Azurmendi Barrena 2026ko martxoaren 23a

Mintzalagun topaketa, Durangoko Azokaren baitan, duela bi urte.

Martxoaren 28ra bitartean, indar eta bultzada berezia izango du euskarak, Korrikari esker. Izan ere, Euskal Herri zabalera zabalduko dituzte aldarrikapenak eta hizkuntzarekiko atxikimenduak. Hain zuzen, horrek sortuko dituen emozio guztiak aprobetxatu gura dituzte antolatzaileek, aurrera begira jartzeko; 12. egunaren bitartez egin gura dute hori.

Lasterketak eragingo duen olatu horri jarraipena ematea eta urte osora zabaltzea da AEKren helburuetako bat; geroz eta herritar gehiago euskaren mundura erakartzea, alegia. Hori dela eta, ekimenean parte hartuko duten guztiei dei egin diete. "Korrikan parte hartzen ari zara; dagoeneko egin duzu urrats garrantzitsua. Hemendik aurrera, nola jarraitu dezakezu euskararen munduan murgiltzen?", nabarmendu dute AEK-ko ordezkariek. "Benetako lanketa, konpromisoa, behin Korrika igarota dator. Asmo handiko helburuekin abiatzen dugu lasterketa, baina ekimena bera labur geratzen zaigu askotan, eta Korrikak irauten duen hamaika egunetatik harago joan behar dugu. Horregatik abiatu dugu ekimen hau, eta horregatik izendatu dugu Korrikaren hamabigarren eguna", gaineratu dute.

Hainbat konpromiso dituzte

24. Korrikak "sentsazio indartsuak" utziko dituela aurreikusten dute antolatzaileek, eta, horri helduta, AEKn hainbat konpromiso hartu dituzte. "Izan ere, gugandik hasita, AEK-k euskararen pizkunderako zer eskaini dezakeen erakutsi nahi diogu Euskal Herri osoari. Beraz, besteak beste, jendarteko hainbat esparrutan aurrerapausoak emango ditugu euskararen normalizazioan. Eta gainerako eragileak ere hala egitera gonbidatu nahi ditugu".

Bi ekintza garrantzitsu

Testuinguru horretan, esaterako, doako euskara eskola bat emango du Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundeak, apirilaren 22an, Euskal Herri osoan dituen 100 euskaltegietan –edo gehienetan, behintzat–. "Seguru gaude zure herrian edo inguruan badagoela euskaltegi bat. Anima zaitez", adierazi dute. Hastapen ikastaroa izango da, hain zuzen, euskaldun berriak erakartzeko helburuarekin, eta dagoeneko irekita dago izena emateko epea, hemen.

Horrekin batera, mintzodromo erraldoi bat prestatuko dute maiatzaren 21erako. "Helburua ez da hutsala: egun hori izan dadila Euskal Herrian euskara gehien hitz egingo den eguna! 65 mintzodromo antolatuko ditugu egun horretarako, Euskal Herri luze-zabalean. Zatoz gurekin praktikatzera: euskaraz eta euskararen gainean", azpimarratu dute. Ekintza horretan parte hartzeko izen-ematea zabalik dago, hemen.

AEKren ateak zabalik daude

AEKren ateak zabalik daudela transmititu nahi diote Korrikan parte hartzen duen hurbileko komunitate guztiari. Izan ere, lasterketan parte hartzen duen erdal komunitateari ere dei bat izan nahi du Korrikaren hogeita laugarrenak, "Euskal Herriak euskara gara izatera" iritsi nahi du eta. AEK bidelagun izango dutela gogorarazi dute, eta haren zerbitzu guztiak herritarren zein eragileen eskura jarriko dituztela –hizkuntza-aholkularitza, praktika eta irakaskuntza–. Horiek ezagutarazteko baliatuko dute hamabigarren eguna.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak