Debagoienak ere euskara dela erakutsiko du Korrikan, 126 lekuko aldaketarekin

Gontzal Belategi Zubia 2026ko martxoaren 18a

23. Korrika, Elorregin, Oñatira bidean.

Inoizko Korrika parte-hartzaileena izateko helburuarekin antolatu du AEK-k 24.a. Hamar egunean, Atharratzetik Bilbora joango da euskararen aldeko lasterketa, osotara 2.175 kilometro eginez; horietatik 50, Debagoienean.

Euskara gara lelopean, Korrikak Debagoiena zeharkatuko du, pausoz pauso eta kilometroz kilometro, euskararen aldeko aldarria zabalduz. 24.ez antolatu du AEK-k euskararen aldeko lasterketa, eta bihar, martxoak 19, hasiko da, Atharratzen. Hamar egunez gelditu gabe ibili ostean, Bilbon amaituko da. Inoizko Korrika parte-hartzaileena izatea nahi dute, 2.175 kilometrorekin eta 3.436 lekuko aldaketarekin.

Aipatu beharrekoa da Korrika Atharratzen abiatzea ez dela kasualitatea: alde batetik, oso gutxitan igaro da Basaburua eskualdetik –azkena 1985ean izan zen– eta, bestetik, eskualde hura da, biztanle kopurua kontuan hartuta, euskal hiztun gehien galdu dituen eskualdea.

Bailaran, egun bakarrean

Martxoaren 28an helduko da Korrika Debagoienera. Egun bakarrean zeharkatuko du bailara, eta ia herri guztiak zeharkatuko ditu. Osotara, 50 kilometro egingo ditu bertan.

02:17an emango ditu lehen pausoak eskualdean; zehazki, Leintz Gatzagan. Ondoren, Eskoriatzara joango da, 03:00 aldera. 03:40an Aretxabaletara helduko da, eta 04:00etan Arrasaterantz joko du. Oñati izango du hurrengo helmuga. 05:00etan helduko da Elorregira, eta sartu-irten bat egingo du herrian. Bergararrek ere Elorregin jasoko dute lekukoa, eta bertara iristerako 06:30ak jota izango dira. Amaitzeko, Antzuolara sartuko da lasterketa; 07:20 izango dira gutxi gorabehera ordurako. 07:50erako Debagoieneko mugak gaindituko ditu Korrikak, eta Urretxu-Zumarraga aldera joango da, Deskargatik. Aipagarria da Antzuolaren kasua, bederatzi urteren ostean Korrikak berriro zeharkatuko du-eta bertako herrigunea. 2024ko edizioan Gorla inguruko herriko lurretatik pasa zen arren, ez zituen herriko kaleak zeharkatu.

Aramaio eta Elgeta dira Korrikak zeharkatuko ez dituen Debagoieneko herri bakarrak. Hala ere, bertako herritarrek hartuko dute parte bertan, eta kilometroak izango dituzte hainbat herritan. Aramaioarrek bi aldiz hartuko dute lekukoa: alde batetik, Arabako azkena, Landatik mugara, eta beste bat Gipuzkoa aldean, Leintz Gatzagatik Gure Ametsa jatetxerainokoa. Udalak hartuko du Leintz Gatzagako Korrikako lehen kilometroa eta Arabako azken kilometroa eskuratuko dute Aramaioko eragileek. Euren asmoa da egun horretan elkarrekin afaltzea, eta 01:00etan joango dira Landara, korrika egiteko prest egoteko. Elgetarrek, berriz, kilometro bakarra izango dute: Elorregin izango da, eta oñatiarren eta bergararren arteko zubi-lanak egingo dituzte. Lekukoa eramateko ardura, kasu horretan, Elgetako Udalak izango du.

Herri erantzuna

Urtero bezala, euskararen aldeko ekimenak babes handia jaso du eskualde osoan. Ugariak izan dira AEKri babesa erakusteko kilometro bat erosi duten Debagoieneko elkarte eta eragileak. Osotara, 126 lekuko aldaketa izango dira eskualdean. Horrez gain, Debagoieneko herri guztietan ibili dira lanean Korrika batzordeak, nork bere herrian lasterketaren alde lan egin eta, esaterako, Korrika Kulturalaren baitako egitarau zabalak antolatzen.

Bilbora begira

Martxoaren 29an bukatuko da Korrika, Debagoienetik pasatu eta hurrengo egunean. Hala ere, Bilboko amaiera ekitaldian izan-go dira eskualdeko hainbat euskaltzale. Antolatzaileek azaldu dutenez, Debagoienetik autobus bat irtengo da, gutxienez, eta beste bat jartzeko aukera aztertzen dabiltza.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak