Goiena Komunikazio Taldeak jarraipen berezia egingo dio Atharratzetik Bilbora joango den 24. Korrikari. Sarean, telebistan zein paperean izan, debagoiendarrek Korrikak emandakoaren berri jaso ahal izango dute etxean.
Zuzenean Atharratzetik
Korrikaren lehen unetik egongo da Goiena Komunikazio Taldea lanean. EITBren eta Euskal Herriko beste hainbat hedabideren arteko elkarlanari esker, Korrikaren hasiera zuzeneko saio berezi baten bidez bizitzeko aukera izango da gaur, martxoaren 19a, Goiena telebistan eta Goiena.eus atarian. Pantxika Maitiak, Naroa Iturrik eta Ilaski Serranok gidatuko dute 14:30ean hasiko den saioa, eta haiekin batera Atharratzen izango da Goienako kazetari Julen Murua.
Saioan zehar, aurtengo Korrikaren eta hasiera ekitaldiaren nondik norakoen berri izateko aukera egongo da. Horrez gain, protagonisten ahotsek izango dute protagonismo berezia, kazetariek jasotako lekukotzen bidez. Behin 15:30ak jota, Korrikaren lehen kilometroak ere ikusgai izango dira saio horretan.
Debagoieneko kilometroak
Aurtengo edizioan egun bakarrean zeharkatuko du Korrikak eskualde osoa. Martxoaren 28an izango da hori, eta Leintz Gatzaga da furgoneta, lekuko zein korrikalariek zeharkatuko duten lehen herria. 02:17 aldera izango da, eta ordurako Goiena Komunikazio Taldeko lantaldea prest egongo da kilometroz kilometro Korrikak eskualdean utziko duena jasotzeko. Goiena telebistaren eta Goiena.eus atariaren bidez, zuzenean ikusi ahalko dira bertan egindako kilometro guztiak. Zuzeneko jarraipena 07:45 aldera bukatuko da, korrikalariek Antzuola atzean utzi eta Urretxu-Zumarragan murgildutakoan.
Erreportaje berezia Komunikazio taldeak ez du etenik izango martxoaren 28an, eta, egunean bertan, sakonean ikusi ahalko dute debagoiendarrek Korrikak eskualdean utzi- tako guztia. Goiena telebistak bi saio berezi emango ditu horretarako. Lehenengoa 10:00etan egongo da ikusgai, eta emozioz betetako saioa izango da, Debagoienean izango diren lekuko aldaketa guztiak jasoko dira-eta bertan. Osotara, 126 izango dira eskualdean zehar gertatuko diren lekuko aldaketak, eta ordu- bete inguruko saio ederra izatea aurreikusten da.
Bigarren saio berezia 14:00 aldera egongo da ikusgai Debagoieneko telebista guztietan. Bertan, euskararen aldeko ekimenak Debagoienean utzitakoak protagonisten bidez ikusi ahal izango dira, erreportaje formatuan. Hogei minutu inguru izango dituen saio honek herriz herriko momentu esanguratsuenak barnebilduko ditu; lasterketako irudiez gain, bertan izan diren pertsonen azalpen eta adierazpenak jasoko dituzte. Telebistako saioa galtzen duten pertsonek Goiena.eus atarian nahieran ikusteko aukera izango dute aurrerago.
Korrika sarean
Goiena.eus atariak ez du hutsik egingo Korrikaren jarraipenean. Dagoeneko ugariak dira 24. Korrikaren inguruan irakurgai dauden albisteak, aurretiaz egin den lan guztiaren nondik norakoak azalduz. Horrez gain, martxoaren 28an bertan sareak ez du etenik izango. Telebistan ikusitako saio eta irudiak nahieran ikusteko aukeraz gain, askotariko eduki propioak jorratuko dira bertan. Bereziki aipagarriak dira egunean bertan eskuragarri jarriko diren argazki-galeriak. Korrikak Debagoienean utzitako argazki hoberenak izango dira ikusgai, bi unetan banatuta: Leintz bailarako herritarren parte hartzea erakutsiko da lehenengo, 04:30etik aurrera; gainontzeko herrietako argazkiak, berriz, 08:30etik aurrera egongo dira ikusgai.
Paperean ere bai
GOIENA aldizkaria ere batuko da Korrikaren jarraipen berezira, lasterketaren nondik norakoak Debagoieneko etxe guztietara eramanaz. Zenbaki honetan irakurgai dagoen gehigarriaz gain, apirilaren 1ean argitaratuko duten aldizkarian ere jarraipena egingo zaio euskararen aldeko ekimenari. Argazkietan oinarritutako hamar orriko kronika berezia izango da, herriz herriko kontaketa egingo duena.
Bilboko ekitaldia
Martxoaren 28ko jarraipenarekin nahikoa ez dutenentzat, martxoaren 29an ere protagonismo berezia izango du Korrikak Goiena telebistan. Atharratzeko lehen kilometroekin egin bezala, Bilboko azken kilometroak eta amaierako ekitaldia zuzeneko saio baten bidez jarraitu ahalko dira, hainbat hedabideren elkarlanari esker. 11:00 aldera hasiko den saioa Ekhiñe Atorragastik eta Ilaski Serranok gidatuko dute.
Kilometro guztiak zuzenean
Eskualdetik kanpo egiten diren kilometroak ikusteko aukera ere eskainiko du Goiena.eus atariak. Bertan, Korrikaren zuzeneko emisiora konektatzeko aukera egongo da, une oro euskararen aldeko lasterketa non dabilen ikusi ahal izateko.