Zinekluba bultzatzen Bergaran eta Oñatin

Mireia Bikuña 2026ko otsailaren 24a

Bergarako ZinemaOn taldeko kideak, aurreko martitzeneko batzarrean. (Goiena)

2019ko abenduaren 18an egin zuen lehen emanaldia Bergarako ZinemaOn zineklub taldeak: Galder Gaztelu-Urrutiak zuzendutako eta, besteak beste, Zorion Egileor protagonista zuen El hoyo, hain zuzen ere. Gainera, zuzendaria egon zen emanaldian, ikus-entzuleekin solasaldia egiteko. Izan ere, hori da Bergarako zineklubak duen ezaugarrietako bat: protagonisten parte-hartzea. Azken denboraldian, Marina Lameiro eta Maddi Barber, Pello Gutierrez, Beñat Iturrioz, Asier Altuna eta Irati Gorostidi eta Aimar Uribesalgo egon ziren.

Puntua aldizkariaren 488. zenbakiko Erreportaje atalean argitaratutakoa da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean. Gainera, Goienakide moduan abantaila mordoa izango dituzu!

Ikusle leialak

Zazpi urteko ibilbidea du ZinemaOn taldeak, lehen egunetik, sorreratik, zehaztutako helburu berberekin. "Seminarixoa zabaldu zenean, zineklub bat izatearen beharra ikusi genuen. Gabezia hori betetzeko helburuarekin hasi ginen lanean, eta horretan dihardugu oraindik ere", esan dute ZinemaOn taldeko kideek. Are gehiago, zineklubak zuen hutsunea betetzeaz harago, herritarren eta zinema-zaleen babesa jaso dute urte hauetan guztietan. "Balorazio positiboa egiten dugu. Publikoaren ohituretan eragin dugu, eta astero etortzen den publiko finko bat lortu. Batez beste, 66 pertsona".

Zinemazaleak, Seminarixoan, solasaldi batean.

Oñatikoak, 60 urte Denboraldi honetan –Oñatiko sanmigelen ostean hasten dute– 60 urte bete ditu Oñatiko zineklubak. 1966koak dira taldearen lehen estatutuak, nahiz eta aurretik zinema eman izan zuten. Zazpi hilabete irauten du oñatiarren denboraldiak: urritik apirilera arte, 25 bat ematen dituzte. Beraz, aldi hori hartzen dute kontuan datuak emateko orduan. 2024ko urritik 2025eko apirilera arte 2.146 pertsona joan ziren zineklub emanaldietara. Alegia, batez beste, 86 ikusle emanaldi bakoitzean. Antolatzaileek gogoan dute 1976an 440 pertsonak egiten zutela zineklub denboraldirako abonua. "Egungo egoeran datu pentsaezinak dira horiek", diote.

Eguaztenetan zinekluba, domeketan eta astelehenetan helduen zinema eta domeketan haurren zinema programatzen dira Bergarako Seminarixoan. "2025ean guztira 153 zinema emanaldi egin ziren Seminarixoan. Horietako 70 helduen zinema saioak izan ziren, 39 zineklubekoak, 36 haurrendako pelikulak eta zortzi herriko eragileekin elkarlanean beste egun batzuetan egindakoak. Seminarixoko zinema eskaintza indartsu dago. Urtean 118 film ezberdin eman genituen eta 12.217 ikusle batu ziren. Asteburuetako zinema eskaintzan eta eguaztenetakoetan estreinaldiak izaten dira asko, eta horrek inguruko herrietako jendea ere erakartzen du aretora", aipatu du Bergarako programazioaz arduratzen den Kultura teknikari laguntzaile Ander Bolibarrek. Oñatin bezala, Bergaran ere helduen zinema izaten da arrakastatsuena. "Helduen zinema eskaintzak mugitzen du ikusle bolumen handiena. Fidelizazioari dagokionez, zineklubak du ikusle tasa konstanteena. Herriko ZinemaOn taldearekin batera antolatzen dira emanaldiak eta oso ondo funtzionatzen dute", gaineratu du Bolibarrek.

Ekoiztetxe handien menpe

Bereziki pandemiatik gaurdaino zinema kontsumitzeko egon den bilakaeran zerikusi handia dute plataforma digitalek. Etxean konfinatuta egon ginen garaian, Internet eta telebista izan genituen bidelagun; eta, pelikulez harago, telesailak ikusten hasi ginen. Kontsumitzeko modu horri dagokionez, pelikulen jatorriak zerikusi handia dauka. Areto independenteetan pelikulen %46k ekoizpen amerikarra dute. Gutxiengo bat. Bada, zinemaareto komertzialetan %87koa da. "Urte asko egin ditut zinema-munduan, eta ekoizle-etxe handietan ikusten den gainbeherak atentzioa ematen dit. Paramount, Universal, Warner Bros... Walt Disneyk izan ezik, gainerako guztiek jaitsiera azpimarragarria izaten dihardute. Lehen, urtean 15-20 film egiten zituzten, eta gaur egun, bizpahiru film baino ez dituzte ekoizten. Adibidez, Universal kalitatezko dozena bat film egiteko gai zen, edo guk esaten diegun moduan, film garrantzitsuak, izan aurrekontuarengatik edo castingarengatik; adibidez, Titanic edo Avatar. Baina gaur egun, bi on baino ez ditu egiten", dio Etxagibelek.

 

PANDEMIATIK GAURDAINO, ZINEMA KONTSUMITZEKO MODUA ALDATU EGIN DA, ETA ZERIKUSI HANDIA IZAN DUTE PLATAFORMA DIGITALEK

Zinema-aretoetan erakutsi ondoren, plataforma digitaletan kontsumitzen dira. "Hor dago produkzio-etxe handien erorikoaren gakoa. Estreinaldien ondoren, plataforma digitaletan erakusten dira. Walt Disneyk oso plataforma digital indartsua du, eta pelikulen irteera ziurtatzen du, streaming bidez kontsumitzeko. Gainerako maiorrek ez dute plataforma propiorik edo harpidedun gutxi dituzte. Orduan, ez zaie errentagarri ateratzen asko ekoiztea. Streaming bidez materiala banatzeko ekoizpen-sistema horrek jarraitzen badu, kalte handia eragin diezaieke estudio handiei, eta titulu handiak ekoizteari utziko diote, eta horrek atzean dauden sektore guztiei eragingo die. Horien artean daude zinemaaretoak; txikiak eta handiak".

 

Zinema-zalea zara? Zenbatean behin joaten zara?

Ander Urrutia. Arrasate

"Urte eta erdiko umea daukagu, eta orain ez gara zinema-aretoetara joaten. Aurretik, bai, eta, gehienetan, Gasteizera joaten ginen. Zinema dezente kontsumitzen genuen guraso izan aurretik; gaur egun, telesailak ikusten ditugu. Dramak gustatzen zaizkit, eta, bereziki, Guillermo del Toro zuzendariaren pelikulak".

Miriam Beltran de Heredia. Arrasate

"Oso gutxitan joaten naiz zinema-aretoetara; eta arrazoia da pelikula gehienak dramak direla. Filmen zerrenda ikusita, gehienak dira estilo horretakoak; eta niri alaiagoak gustatzen zaizkit. Telebistan kontsumitzen dut gehiago. Ikusi dudan azken pelikula Suite francesa izan da. Ederra pelikula eta ederra Irene Nemirovskyren liburua".

Joy Herrera. Arrasate

"Gutxi joaten naiz zinemara. Noizean behin. Ez naiz maiz joaten. Lehen, Bartzelonan bizi nintzen eta aukera gehiago zeuden. Arrasaten nagoenetik oso gutxi joan naiz. Film independenteak, Europako zinema eta Woody Allenen eta Robert Rodriguezen filmak gustatzen zaizkit, bereziki. Baina esango nuke denetik gustatzen zaidala".

ZINEMA IKUSTEKO MODUEN ALDAKETA

Antonio Zabala 
Zinema-zalea eta aditua

Zinema izan da XX. mendeko entretenimendu eta arte herrikoiena. Lumier anaiek, Meliesek, Griffithek, Murnauk, Chaplinek eta, gero, Einsensteinek, Hitchcockek, Lubitschek, Ozuk, Renoirek, Dreyerek eta ehunka zuzendari gehiagok lagundu zuten hizkuntza zinematografiko bat sortzen, eta entretenimendua arte bihurtzen. Zinema-areto handietan ikusle pila bat biltzen ginen amets egiteko, hezteko eta hunkitzeko. Urteekin, telebistak, bideoklubek, Interneteko deskargek, bereizmen handiko irudiek eta plataforma digitalek, pandemiaren laguntzarekin, zinema ikusteko moduak aldatu egin dituzte. Talde-ikuskizuna izatetik bakarka edo etxekoekin egiten den ekintza bat izatera pasa da. Zinema-areto handiek multizineei utzi diete lekua. Asteburu guztietan, ikusgai denbora laburrez egoten diren pelikula pila bat estreinatzen dira, eta film askok zailtasunak izaten dituzte euren tokia aurkitzeko. Bizi garen egunerokotasun azkarraren eta kaotikoaren isla da.  

Hiriburu gehienetan zinema-aretoa enpresa handiek kudeatzen dute. Herrietan zinema-saioak asko murriztu dira, eta, kasu gehienetan, udalek hartu dute kudeaketa, emanaldiekin jarraitu ahal izateko. Hori horrela, zinema maite dugunok aretotara joatearen magia aldarrikatzen dugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak