Zenbat eta nola aldatu dira zinema kontsumitzeko ohiturak?

Mireia Bikuña 2026ko otsailaren 24a

Zinema areto bat ikus-entzulez beteta.

2025eko datuek diote zinema-aretoetara joaten diren zinemazaleen kopurua jaitsi egin dela. Leku batzuetan beste batzuetan baino gehiago. Debagoieneko aretoak salbuespena dira. Gehienetan mantendu edo igo egin ziren ikusleak. Maspalomas eta Los domingos izan ziren pelikula arrakastatsuenak iaz.

Puntua aldizkariaren 488. zenbakiko Erreportaje atalean argitaratutakoa da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean. Gainera, Goienakide moduan abantaila mordoa izango dituzu!

Euskadiko Zine Aretoen Elkarteak (EZAE) emandako datuen arabera, 2026koa izan da pandemia ezkero urtarril onena, ikusle kopuruari dagokionez: 387.000 ikusle egon ziren EZAEko kide diren zinema aretoetan; tartean dago Oñatikoa.

La asistenta, Avatar: fuego y ceniza, Zootropolis 2, Rondallas eta Hamnet pelikulek zale mordoa eroan dituzte pantaila handira. "Sarrera-salmentari dagokionez, 2019a ezkero izandako handiena izan da, pandemia aurreko urtea hartzen baitugu erreferentzia gisa zinema-aretoetako publikoaren errekuperazioa neurtzeko", aipatu du EZAEk, prentsa-oharrean.

'MASPALOMAS', 'KARMELE' ETA 'LOS DOMINGOS' PELIKULAK IZAN ZIREN IKUSIENAK OÑATIN ETA ARRASATEN 2025EAN

Dena den, urtarril oparoak ezin du ezkutatu 2025ak utzitako balantzea. Hori ere, Euskadiko Zine Areto Elkarteak egindakoa. "Iaz, EZAEko zinema-aretoek beherakada txiki bat izan zuten sarreren salmentan eta ikusle kopuruan. 2025eko balantzea 2024koaren oso antzekoa da: ikusleen murrizketa txikia izan zen, eta diru-bilketa nahiko egonkor mantendu zen. Bilakaera horrek erakusten du pandemiaren ondorengo bi urteetan bizitako bultzada handiaren ondoren sektorea egonkortze-fasean dagoela, baina 2019ko zifretatik urrun oraindik", azpimarratu du elkarteak. Datuei begiratuta, Euskadiko aretoek %3 murriztu zuten diru-bilketa 2024arekin alderatuz, 23.366.000 eurotik 22.694.000 eurora pasatuta. Gainera, ikusle kopurua %6 jaitsi zen, 3.421.000tik 3.231.000ra. 

Gasteizko Floridako datuak

Datu gehiago ditu 30 urtez Gasteizko Florida zinema-aretoetako gerente izan zen Jabier Etxagibel arrasatearrak. Ondo ezagutzen ditu bailarako zinemazaleen gustuak. Asko dira Gasteizera joaten direnak. Florida aretoek jaitsiera txiki bat izan zuten 2025ean: 151.000 ikusle izan zituzten; urtebete lehenago baino 1.000 gutxiago –2024an, 152.000 izan ziren–. Aldiz, Espainiako datuek beste aurpegi bat erakusten dute. 2024tik –65 milioi– 2025era –60 milioi– bost milioi ikusle galdu zituzten. Alegia, %8ko jaitsiera izan zuten. "Datuak hor daude, eta jaitsiera erakusten dute. Baina nik hausnarketarako beste galdera bat egingo dut: zergatik jaitsi dira ikusleak? Akaso, pelikulen maila ere jaitsi egin delako? Bai film komertzial onek, bai kultuzko film onek ikusleen kopurua igoarazten dute. Film batzuek huts egiten dute sortutako espektatibetan, baina beti daude ezustekoak diren filmak", azpimarratu du. 

EUSKADIKO ZINE ARETO ELKARTEAREN DATUEN ARABERA, IKUSLE KOPURUA %6 JAITSI ZEN 2025EAN: 3.231.000 PERTSONA JOAN ZIREN ZINEMA-ARETOETARA

Profilaren araberako pelikulak

EZAEk dituen datuen arabera, iaz Euskadin ikusle gehien batu zituzten lehen bost filmak dira Lilo y Stich, Los domingos, Avatar: fuego y ceniza, Jurassic World: el renacer eta Minecraft. Aldiz, Gasteizko Floridako pelikularik arrakastatsuenak Los domingos, Vaiana, El cónclave, Sirat eta Emilia Perez izan ziren. Alauda Ruiz de Azuak zuzendutako eta otsailaren 28an banatuko diren Goya sarietarako izendapen gehien dituen Los domingos bi zerrendatan agertzen da; lanaren kalitatearen seinale. Baina bitxia da ikustea Aitor Arregiren eta Jose Mari Goenagararen Maspalomas –hark ere baditu Goyarako izendapenak– seigarren pelikula ikusiena izan zela Florida aretoetan eta hamargarrena EZAEko areto guztietako datuetan. Are bitxiagoa da Lilo y Stich pelikularen kasua: Floridan lehen hamarren zerrenda ixten du, baina ikusiena da Euskadiko areto guztien datuak batuta.

"ZINEMA EZ DA PRODUKTU HOMOGENEOA; ONDORIOZ, KONTSUMOA ERE EZ DA HOMOGENEOA IZATEN" JABIER ETXAGIBEL, PROGRAMATZAILE OHIA

Horren gaineko irakurketa garbia dauka Etxagibelek: zinema homogeneoa ez dela uste du. "Zineman bi banaketa handi daude, produktu motarekin eta ematen den espazioarekin zerikusia dutenak. Hiri erdiguneko zinema-aretoak daude, helduentzat, bikoteentzat, unibertsitateko ikasleentzat... direnak. Horiei produktu kultuagoa gustatzen zaie. Eta gero, merkataritza-guneetako zinemaaretoak daude, familiei, nerabeei, kuadrillei... zuzendutakoak. Areto handiak dira, pantaila handiekin eta edukiera handiarekin, eta eurei zuzendutako filmak kontsumitzen dituzte: beldurrezkoak, abenturazkoak, animaziozkoak. Profilak kontuan hartuta, datuak oso aldakorrak izan daitezke. Bi zinema-areto mota horietan programazioaren %30 baino ez da berbera, eta datuak oso desberdinak izaten dira. Adibidez, Oscar sarietarako hautagai den film batek 100 pertsona bil ditzake hiri bateko areto batean, baina 30 baino ez merkataritza-gune batekoan".

Debagoienean badaude zaleak

Duela urte batzuk, zinemazaleek hiri handietara joan behar zuten zinema kontsumitzeko. Baina herrietan zinemak irekitzen hasi ziren, eta programazio erakargarria eskaintzeko lan egiten, nor bere herrian zinemara joan zedin, edo, asko jota, ondoko herrian. Debagoiena da horren adibide. Oñatin, Bergaran eta Arrasaten ia urte osoan dute programazioa. Aretxabaletan, urtean sei hilabetez. Hortaz, zinema kontsumoaren hirugarren hanka herrietako zinema-aretoak direla esan daiteke. Eta kontsumoa homogeneoa ez den teoria horrek bailarako herrietako iazko datuak babesten ditu. Orain arte emandako datu guztietan ikusleen beherakada nabarmendu da. Bada, Arrasaten eta Oñatin ikusle gehiago egon ziren iaz. Arrasateko Amaia antzokira 16.701 ikusle joan ziren iaz, 2024an baino 201 gehiago –16.500 izan ziren–. Oñatiko igoera askoz handiagoa izan zen: 2024an 9.993 ikusle eta 2025ean 12.607. Bergaran eta Aretxabaletan 2025eko datua bakarrik eman dute: Seminarixoak 9.624 ikusle eduki zituen eta Arkupek, 4.986. "EZAEk emandako datuen oso bestelakoak dira Oñatikoak. Gu oso pozik gaude herritarrek emandako erantzunarekin. Helduen pelikulek oso ondo funtzionatzen dute, eta, gainera, produkzio oso onak programatu ditugu. Herritarrak hasi dira zinemara joateko ohitura barneratzen. Nire kezka handiena umeen emanaldietan dago. Ez daukat sentsazio onik. Film onak ekarri arren, erantzuna nahiko pobrea izaten da", azpimarratu du Oñatiko kultura etxean zinema programatzen duen Hirutek enpresako kide Joxi Alonsok. Azken horrek aukeratzen ditu Oñatin ikusten diren pelikulak, 2017a ezkero, eta hamabost eguneko aurrerapenarekin: estreinatuko diren pelikulak, Donostia Zinemaldian ikusitakoak, libururen batean edo gertaeraren batean oinarritzen direnak, euskal produkzioak direnak.... ikusleak erakartzeko modukoak direnak.

Udaletako Kultura departamentuetan 

Aretxabaletan, Bergaran eta Arrasaten udaletako Kultura departamentuetan egiten dute aukeraketa. "Normalean, zinema komertzialeko programazioa proposatu egiten digu kanpoko enpresa batek, eta gure interesen arabera aukeratzen ditugu pelikulak. Batzuetan, aurretik proposatzen dizkiogu batzuk; bereziki, euskaldunak edo inguruko zuzendariek eta aktoreek egindakoak direnak. Martitzenetako emanaldietarako jasotzen ditugu kanpoko eragile batzuen proposamenak, Harreman, Besaide, AED eta Laburbira, eta elkarrekin antolatzen ditugu", esan du Arrasateko programazioaz arduratzen den Karmelo Alberdi Kultura teknikariak. Euskal produkzioen alde egindako apustuak zinemazaleen babesa jaso zuen iaz Arrasaten. Amaia antzokiko hiru pelikula ikusienak Los domingos –1.236 ikusle–, Maspalomas –1.161 ikusle– eta Karmele –850– izan ziren. Oñatin ere haiek izan ziren 2025eko ikusienak, baina beste hurrenkera batekin: Maspalomas –1.133 ikusle–, Los domingos –689– eta Karmele –672–, hain zuzen ere.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak