Argitzen prozesuan parte-hartzeko gonbita jasoko dute hainbat herritarrek

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko ira. 2a, 10:27

Argitzen deliberazio prozesuaren aurkezpena, Arantzazun. Irudia: D2030.

Debagoiena 2030 sareak bultzatutako deliberazio prozesu bat da Argitzen, eskualdeko energia-trantsizioaren norabidea herritarren eta eragileen artean adostu nahian. Aurkezpenak egingo dituzte herriz herri.

Debagoieneko hainbat herritarrek, zozketa bidez, gutun-azal hori bana jasoko dute postontzietan datozen egunotan, Argitzen prozesuko Herritarren Batzarrean parte-hartzeko gonbidapentzat, 50 debagoiendar hautatuko baitituzte horretarako. Denera 4.926 gutun bidali dituzte: 1.293, Arrasaten; 1.138, Bergaran; 1.006, Oñatin; 602, Aretxabaletan; 379, Eskoriatzan; 120na Elgetan, Antzuolan eta Aramaion, eta Leintz Gatzagan, 148.

Gonbidapena jasotzen dutenek hamabost eguneko epea izango dute batzar horretan parte hartu nahi duten ala ez jakinarazteko, eta baiezkoa ematen dutenen artean bigarren zozketa bat egingo da taldea osatzeko; hala, pertsona horiek udazkeneko bost lan saioetan parte hartzeko konpromisoa hartu beharko dute.

Debagoiena 2030 sareak, deliberazio prozesuaren sustatzaileak, energia kontsumoa murriztu eta energia berriztagarriak garatzeko gomendio-sorta bat osatzeko eskaria egingo dio Herritarren Batzarrari, honako galdera hau landuta: zein ekintza edo aldaketa burutu beharko dituzte Debagoieneko tokiko eragileek energia kontsumoa murrizteko eta energia berriztagarrien garapenerako?. Azaldu dutenez, prozesuan parte hartzeko ez da gaian aditua izan behar, erronkari aurre egiteko informazioa eta laguntza jasoko baitute parte-hartzaileek.

Aurkezpenak herriz herri 

Prozesuaren berri emateko eta herritarrek izan ditzaketen zalantzak argitzeko aurkezpenak egingo dituzte datozen egunotan herriz herri. Honako hauek dira datak:

  • Irailak 10, Elgeta: 18:00etan, udaletxeko osoko bilkuren aretoan.
  • Irailak 15, Oñati: 18:00etan, udaletxeko osoko bilkuren aretoan.
  • Irailak 16, Aretxabaleta: 18:00etan, Karmele Igartua aretoan.
  • Irailak 18, Bergara: 18:00etan, udaletxeko osoko bilkuren aretoan.
  • Irailak 23, Arrasate: 18:00etan, Kulturaten, Loramendi gelan.
  • Irailak 24, Eskoriatza: 18:00etan, kultur etxean.
  • Irailak 26, Leintz Gatzaga: 18:00etan, udaletxeko osoko bilkuren aretoan.
  • Irailak 29, Aramaio: 18:00etan, Sastiñen.
  • Irailak 30, Antzuola: 18:00etan, Olaran kultur etxean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak