Herritarren gomendioak, argi-izpi

Hasier Larrea 2025ko eka. 10a, 14:21

Energia-trantsizioaren auzia gela barruko elefantea izan ez dadin, adostasunak lantzeko 'Argitzen' deliberazio-prozesuaren berri eman zuten inplikatutako eragileek Arantzazulab-en, maiatzaren 28an, D2030 sareak bultzatuta. Motzean, Herritarren Batzar batek gomendioak proposatuko dizkio erantzuteaz arduratuko den Mandatu Organoari.

Puntua aldizkariaren 458. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

Debagoiena 2030 ekimenak Iraunkortasunari hamaika begirada programaren bigarren edizioa abiarazi du, eta goiburu nagusia Nola adostu iraunkortasunaren norabidea? da. Horren baitan, Argitzen deliberazio-prozesua aurkeztu dute Arantzazun, Debagoieneko energia-trantsizioaren norabidea herritarren eta eragileen artean adostu guran.

Norabide aldaketa bat bai, baina zein noranzkotan? Hori da eskualdeko eragile publikoek, pribatu eta komunitarioek eta herritarrek landuko duten galdera. Horretarako, bi talde sortu dituzte: Herritarren Batzarra eta Mandatu Organoa.

Herritarren Batzarra osatzeko, Debagoieneko 50 herritar aukeratuko dituzte, zozketa bidez. Bost saiotan, ezagutza eta proposamenak lantzeko laguntza jasoko dute, Mandatu Organoari gomendio-sorta bat helarazteko. Entitate hori sektore publikoko, pribatuko eta komunitarioko hamazortzi eragilek osatuko dute –Debagoieneko bederatzi udalak, Deba Garaia Landa Garapena, Ekiola, Berener, Ixotzen, Esnargi, Tantai, Goiener, Fagor eta Enpresare–, eta proposamenei erantzuteko ardura hartuko dute euren gain.

Prozesu luzea eta konplexua izateaz gain, berria ere bada ibarrean. Horren jakitun, Arantzazuko jardunaldira egungo testuinguruaren jakintza eta deliberazio-prozesuetan esperientzia duten bost aditu gonbidatu zituzten, bertaratutakoek gaiaren inguruko pistak jaso zitzaten. Jarraian deskribatuko du nork norbere ikuspuntua.

Jokin Bergara: "Nahi eta nahi ez aldatu behar ditugu ohiturak"

Arantzazuko jardunaldiaren sarrera egin zuen Jokin Bergara eibartarrak. Egungo testuinguru ekosozialak Argitzen deliberazio- prozesuarekin duen lotura azaldu zuen, besteak beste.

"Krisi multidimentsionala" bizi omen dugu; zer da hori?

Bioaniztasunaren, energiaren eta zibilizazioaren krisia sartzen dira koktel horretan. Planetaren funtzionamendurako ezinbestekoak diren espezie asko, erleak edota bestelako intsektuak kasu, arriskuan daude, baliabide energetikoak gainbeheran eta gizartean balio indibidualistak gailentzen dira. Klima-aldaketagatik sortzen diren inpaktu sozialak goraka doaz, tokien eta klasearen arabera eragin handiagoa sortuta. Heldu gara partida hau jokatzera tresna ahulekin. Energia enpresa handienak pribatizatuta, eta Euskal Herriaren kasuan Estatu propio gabe, administrazio publikotik ezin daiteke askorik egin. Baina, hala ere, partida jokatu behar dugu, urgentzia izugarria delako. Edo orain ekiten diogu, edo ondorioak dramatikoak izango dira.

Kontziente gara ondorioez?

Zientziak esaten digu klima 3-4 gradu igotzen bada, Espainiako BPG %70 jaitsiko dela. Ez badugu ezer egiten, ondorio ekonomikoak izugarriak izango dira. Ez da borondate kontua bakarrik, behar bat baizik. Uste dugu kolapso ekologikoa egun batetik besterakoa izango dela, bihotzeko bat bezala, baina alzheimerraren antz handiagoa izango du. Gero eta ondorio gogorragoak biziko ditugu, maiztasun handiagoz. Pairatzen gabiltza dagoeneko lehorteak, edo Valentziako tanta hotza; hala ere, gasolindegiak beteta daude eta argia eta ura jasotzen dugu; beraz, berdin jarraitzen dugu.

"SOLUZIOAREN PARTE IZAN GURA DUGULA ERABAKI GABE EZ DAGO ALDAKETA KULTURALIK"

Azken urteetan gaiarekiko ardurak gora egin al du?

Esango nuke iritzi aldaketa izan dela. Duela 15 urte, atez atekoarekin ikusi zen jendea ez zegoela prest eguneroko ohiturak aldatzeko, deserosotasuna argudiatuta. Baina orain, datu soziologikoak hartuta, %75ek esaten dute zeozer egin behar dela klimaren krisiaren aurrean.

Nori dagokio zeozer egitea?

Askotan esaten dugu erantzunak globala izan behar duela; Txinak erabakiko du, edo AEBk, edo Errusiak… Ez da horrela ere. Euskal Herrian hiru milioi gara, auzo eta herri txikietan sakabanatuta, baina arazoaren parte gara, eta gure esku ere badago autodeterminazio batetik soluzioaren parte izan gura dugula erabakitzea. Aldaketa kulturala behar dugu.

Eta hori deliberazio- prozesuekin lor daiteke?

Prozesu horiek balio dezakete ikuspegi aldaketa eragiteko, iritzi korronte bat sortzeko, erabakiak hartzeko orduan lagungarri izango direnak. Erabakiak har daitezke inposatuz, edo egin daitezke saiakera demokratikoagoak, eragileen interesei bidea egiteko. Modu horretan botere-harremanak ere egongo diren arren, ez dadila izan goitik behera etorriko den zerbait. Erabaki batek legitimitate handiagoa izango du prozesu parte-hartzaile baten bidez hartzen bada.

Argitzen-ek bidea ireki dezake?

Adibidez, Hernani aldean ere badabiltza antzeko zerbaitetan, baina inguruko eskualdeetan ez. Bide bat egiten saiatzen bagara, beste lurraldeetara ere zabaldu ahalko da, itsasargi inspiratzaile bat bezala.

Miren Larrea: "Ikuspegi-talken aurrean, elkar ulertzea posible da"

Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuko ekintza-ikerlaria da Miren Larrea. Klima-aldaketari dagokionez, lurralde garapena beste modu batean ulertu beharraz mintzatu zen jardunaldian.

Sakoneko trantsizioak egiteko, zer da oinarrizkoa?

Desberdinen arteko adostasuna. Denok ez dugu arazoaren inguruko ikuspegi bera, baina denon artean konpondu beharra dugu, mundu berean bizi baikara.

Horretarako, erraztaileen rolari ematen diozu balioa.

Erraztaileok beste batzuek hausnartu, erabaki eta ekintzara pasa daitezen baldintzak sortzen ditugu. Beste horiek dira aktoreak, erabakimena dutenak. Askotan, pentsatzen dugu politikariez gabiltzala, baina guk ere gure bizitzaren inguruan erabakimena dugu; horrenbestez, guztiok gara aktore. Erraztailearen rola ulertu behar da dimentsio sakonagoko gaiak lantzen dituen figura bezala. Bi dimentsioren eraldaketan jarduten dugu: bata da pertsonala, norbere sinesmen, balio eta kosmobisioa-ri dagokiona; eta bestea da politikoa, dauzkagun lege, egitura eta arauei dagokiena.

"ADITUEN JAKINTZA ETA HERRITARREN ESPERIENTZIA UZTARGARRIAK DIRA"

Herri-politiketan lankidetzazko gobernantzak bultzatzen aritu izan zara; zertan, zehazki?

Harreman eraikitzaileak sortzen. Bi jarrerak talka egiten dute, askotan: adituenak, batetik, eta esperientziarenak, bestetik; hor sartzen dira herritarrak, eragileak, elkarteak... Azalean inork ez dio ezetzik esaten lankidetzari, baina, sakoneko sinesmenak jokoan sartzen direnean, adibidez, dimentsio politikoan gaiak ulertzeko moduak, lankidetza garatzea eragozten dute. Bestela esanda, boterea galtzeko arriskua ikusten dugunean, nola ulertzen dugu mundua? Gure balioek eragozpenak jartzen dizkigute, ala ez?

Zer proposatzen duzue?

Adituen jakintza eta esperientziazkoa, biak aintzat hartzea. Bi ikuspegien arteko harremana eraikitzailea izateko, botere-oreka aldatu dezakegu, pisu gutxiago dutenek boterea irabaz dezaten. Elkar onarpena egon dadin, elkar eraikuntza sortzeko.

Maila batetik aurrera herritarren ikuspuntuak indarra galtzen du? Adibidez, gobernu-mailan?

Zaindu egiten da herritarren zuzeneko presentzia, eta, horregatik, parte hartzea desberdin artikulatu beharra dago. Maila txikiagoko erabakiguneetan ordezkaritza duten elkarte antolatuak gehiago iristen dira, baina herritarren zuzeneko parte-hartze barik.

Aipatu dezakezu lorpenik?

Lan asko egin dugu eskualdeetako garapen- agentzien, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta enpresa txikien arteko elkarlanerako sareak sortzen. Ikusi dugu enpresen arazo sakonetako bat izango dela gutako bakoitzak egingo duen lanari zentzua bilatzea. Metodologia bat sortu genuen Mondragon Unibertsitatearekin eta Igor Elorzarekin elkarlanean, enpresek barne- mailan lanaren zentzua landu dezaten. 86 enpresatara iritsi gara; horietan laguntzen badugu pertsonek euren lanari zentzua bilatzen, gizarte hobe baten eraikuntzan ari gara. Hori eraginkorragoa da Aldundiak bere politikak berak bakarrik proposatzea baino

Naiara Goia: "Herritarren batzarrak dilemei erantzuteko dira"

Klima-aldaketari eta ekintza- ikerketari beste ertz bat gehitu zion Naiara Goia segurarrak bere hitzartzean. Herritarren batzarrez egin zuen berba: ze kasutan jarri behar diren martxan eta ze baldintzatan izan daitezkeen eraginkorrak.

Demokrazien berrikuntzarako laborategia da ArantzazuLab; nola baloratzen du demokrazia gizarteak?

Demokraziaren errendimenduarekiko mesfidantza gailentzen dabil. Egitura politikoak ahuldu egin dira, ez dira gai agenda konplexu horri eurek bakarrik erantzuteko. Demokrazia indartsuago batek soilik lortuko du hori. Euskal gizarteari galdetu zaionean, sistema bezala defendatu egiten du demokrazia; beste toki batzuetan ez da horrela ikusten.

Zertan ardazten zarete?

Gure ardatz estrategikoetako bat demokrazia deliberatiboa da. Herritarrek sistema politikoarekin duten harremantzeko modua da. Erabakiak ez dira botoen bidez soilik hartzen, hausnarketa kolektiboan eta arrazoiaren trukean oinarritutako espazioak aktibatzen dira, herritarrei beste inplikazio bat emateko erabaki konkretuen diseinuan eta erabakiak hartzerakoan. Parte-hartze prozesu gehienak baino sakonagoa da; ordezkaritza eta lankidetza izaera dute.

"ONDO DISEINATUTA, ARAZO PUBLIKOAK KONPONTZEN LAGUNTZEN DUTE"

Herritarren batzarrak marko horretan kokatzen dira?

Hori da, demokrazia deliberatiboaren adibide konkretua dira, eta, gaur egun, ezagunenak. Herritarren artean gai korapilatsuen inguruko akordioak bilatzeko egiten diren prozesuak dira, ohiko moduetan ezinezkoa da eta.

Adibidez?

Soluzio teknikorik ez duten gaietarako baliagarriak dira, eta hainbat puntutan ezaugarrituta daude. Abiapuntua dilema politiko bat da, balioetan oinarritutakoa; adibidez, abortua edota eutanasia. Zozketa bidez garatzen dira, 30-50 laguneko lagina hartuta; hala, partaideek gizartearen mikrokosmosa ordezkatzen dute. Gutxienez 50 orduko deliberazio-saioak egiten dira; informazioa ematen zaie, ikuspuntu ezberdinak entzuten dituzte –ez bakarrik Gobernuarenak–, eta galdera nagusi bat planteatzen dute. Galdera hori oinarri hartuta, gomendioak egiten dizkiote gaiari erantzutea dagokion erakundeari. Eta erakunde hori erantzuna ematera behartuta dago. Gomendio horiek, batzuetan, neurri politikoetan txertatzen dira, aurrekontua esleituta; kontrara, gomendiorik ez baldin badu aplikatu behar, azaldu egin behar du zergatik.

Eraginkorrak dira?

Ondo diseinatzen badira, arazo publikoak konpontzen eta herritarrek demokraziarekiko duten konfiantza hazten laguntzen dute. Beraz, herritarren batzarrak bultzatzea ezinbestekoa iruditzen zaigu. Ez proiektu pilotu moduan, baizik eta modu sistematiko eta iraunkorrean, gure erakundeetan txertatu eta instituzionalizatzeko bideak esploratzeko.

Jarri duzue praktikan?

Bai; adibidez, Gipuzkoan, Aldundiak eskatuta, landa- ingurunea nola indartu galderari erantzuteko lanketa egin genuen, krisi klimatikoari aurre egiteko testuinguruan.

Pau De Vilchez: "Proposamenekin ados zeuden ia den-denak"

Balear Uharteetako Unibertsitatean egiten du lan Pau de Vilchezek. Duela zortzi urte, klima-aldaketaren diziplinarteko laborategia sortu zuten han, eta Mallorcako klimaren herritarren batzarra sustatu zuten, 2021 eta 2023 artean. Horren inguruan aritu zen jardunaldian.

Zergatik sortu zenuten batzarra?

Hausnarketa, deliberazio eta ikaskuntza kolektiborako espazio bat izateko, lurrean espezie gisa dugun erronka handienetako bati aurre egiteko. Espazio seguru bat izan zen, Mallorcako ausaz hautatutako jendeak zientzialariekin topo egin eta zalantzak argitu ahal izateko. Partaideak gai izan ziren uharte mailako proposamenak modu autonomoan egiteko, galdera honi tiraka: Zer egin behar dugu hemendik eta 2030era arte klima-aldaketari aurre egiteko erantzun justu eta eraginkorra bermatzeko?

Nolako gomendioak irten ziren?

Turismoarekin lotutakoak, asko. Bisitarien kopurua murriztea izan zen proposamenetako bat; duela urte batzuk pentsaezina izango zen, baina % 90ek bozkatuta irten zen aurrera. Mallorcako ekonomia turismoan oinarrituta dago, neurri handi batean. Aldiz, nekazaritza eta industria galtzen joan gara, eta horrek arazo asko sortu ditu; tokiko erresilientzia eta klima- aldaketa alorrekoak, batik bat. Trantsizio sozial justuari lotuta, jendeak bere buruari totem batzuk zalantzan jartzea nahi genuen. Uste hedatu bat da turismotik bizi izan garela beti, baina hori ez da zuzena. Era berean, hemendik 20 urtera ere turismo-eredua desberdina izango da.

"HALAKO BATZARREK ERREALITATEA ULERTZEKO MODUAN ERAGITEN DUTE"

Nolatan hartu zenuten prozesua bultzatzeko ardura?

Ikusten genuen irletako erakundeetatik ez zegoela asmorik batzarrak antolatzeko, jendearen erreakzioaren beldur zirelako –Txaleko Horien mugimendua pil-pilean zegoen–. Hala ere, laborategiko kideok pentsatu genuen jendeari ahotsa emateko ariketa interesgarria izango zela. Hortaz, gai horietan lan egiten duen Klimaren Europako Fundazioarekin jarri ginen harremanetan. Ikerketa bat finantzatu zigun, batzarren proposamenak Balear Uharte osora zabaltzeko. Lau uharteetako enpresa, sindikatu, GKE eta administrazio publikoekin bildu ahal izan ginen. Emaitza oso ona izan zen, elkarrizketaren fruitua izan zelako.

Negoziazio politikoa beste kontu bat izan zen, ordea.

Prozesu latza izan zen. Agente askoren babesa izan arren, konturatu ginen beste eragile batzuek, adibidez, hori iristea erraztu behar zuten funtzionarioek, ez zigutela laguntzen. Itzulera izan genuen Gobernuarekin eta sailburuekin, baina hauteskundeek harrapatu gintuzten, eta PP-VOX koalizioak proposamenak kaxoi batean gorde zituen. Biltzarkideek ez dute lortu hautetsiekin biltzea. Prozesua garesti irten zaigu, baina emaitza oso positiboa izan da maila askotan.

Zergatik?

Parte-hartzaileek asko errepikatzen zuten jada ez zirela lehengo berak. Herritarren batzarrek gaitasun handia dute jendeak errealitateari buruz duen pertzepzioan eragiteko eta horren aurrean kokatzeko duen moduari erreparatzeko.

Pablo Garcia: "Konpromiso politikoa ziurtatzea inportantea da"

Bideokonferentzia bidez hartu zuen parte ekitaldian Pablo Garciak. Beste esperientzia erreal baten berri eman zuen, gobernu-ikuspuntua gehituta.

Zer da Kataluniako klimaren aldeko herritarren batzarra?

Demokrazia deliberatiboko proiektu berritzailea da, 2023 eta 2024 artean garatu zena. Kataluniako gizarte zibilaren eskaeren ondorioz sortu zen. Ekintza Klimatikoko sailburuak konpromisoa hartu zuen, eta, Generalitatearen barruan, inplikatutako hainbat talderekin antolatu ginen.

Ze dilemari erantzun diote?

Ikusten genuen Kataluniako iritzi publikoa klima-aldaketari aurre egitearen alde zegoela, baina, inpaktu horietako batzuk zerrendatzeko orduan, iritziak aldatu egiten ziren. Prozesu eta lan metodologiko baten ondoren, bi dilema hauei erantzun nahi izan diegu: batetik, nola hedatu behar ditugu energia berriztagarriko azpiegiturak gure lurraldean, inpaktuak izan ditzaketela kontuan hartuta? Eta, bestetik, zeinek izan behar du gure nekazaritza-elikagaien eredua, kontuan hartuta sektore horrek pisu ekonomiko handia duela?

"BATZAR KLIMATIKOEN SAREA SORTU DUGU HAINBAT ERAGILEREKIN ETA HERRIALDEREKIN"

Zer ekarri du prozesuak?

Parte-hartzaileei dagokienez, oso positiboa izan da. Gehienek klima-aldaketari buruzko hainbat ekimenen parte izatea hausnartu dute, eta askori ikuspegia aldatu zaie: ez zuten uste arazoek halako ezaugarriak zituztenik. Gehienek batzar batean parte hartzea errepikatuko lukete. Eta, administrazioan bertan, herritarrek parte hartzeko politika eta proiektu guztietarako zerbitzu berriak sartzeko aukera eman digu. Aurrera begira, zozketa bidez pertsonak hautatzeko prozesu hobeak ditugu, prozesuan zehar ikasi genituenak.

Eredu hori zabaltzeko modukoa da?

Europako proiektu batean gaudela kontuan hartuta, batzar klimatikoei dagokienez, sarea sortu dugu beste eragile eta herrialde batzuekin. Gurea moduko proiektuak erakargarriak dira; izan ere, gonbidapenak izan ditugu elkarlanean aritzeko eta gure sarea zabaltzeko.

Zer aldatu da?

Gomendioek politika publikoan duten eragina da garrantzitsuena. Batzarraren ondoren gobernu aldaketa izan zen, eta oraindik ez dugu itzulerarik egin. Ebaluazio tekniko bat egin da, gobernu- taldeei eta, une honetan, sailen arteko batzorde bati helarazi zaiena, eta azken erabakiaren zain dago. Behin betiko azterketa da, eta asko dugu jokoan; izan ere, parte- hartzaileek adierazi zuten ez zutela konfiantza handirik.

Zer gomendatzen duzu Argitzen prozesuari begira?

Konpromiso politikoa ziurtatzen saiatzea. Klima-aldaketaz hitz egiten denean, eta dilema zehatzetara joaten garenean, hala nola nekazaritzan oinarritutako elikadurara edo energiara, zuzenean eragiten dieten sailak inplikatzeaz gain, beste sail batzuek ere inplikatu behar dute, neurriek berdin eragiten dietelako haiei. Euren politiketan eragina izan dezaketen sailak zeintzuk diren ondo aurreikustea oso garrantzitsua da, prozesuan inplikatzeko eta akordio bat lortzeko. Gobernuaren barruan ikuspegi desberdinak dituzten sailak egon daitezkeelako eta gomendio horiek aplikatzeko konprometituta eta prest egon behar dutelako. Hasierako koordinazio hori funtsezkoa da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak