Lau debagoiendar EuskarAbentura espedizioan aurten

Goiatz Arana Begiristain 2025ko uzt. 24a, 14:29

Uztailaren 1ean abiatu zen espedizioa, Atharratzetik (Zuberoa), eta Getxon (Bizkaia) bukatuko da, hilaren 31n, Euskal Herria zeharkatuta. Zazpigarren edizio honetan ere bada ordezkaritza debagoiendarrik. Bat datoz: esperientzia "oso gomendagarria" da.

Amaiur Linazisoro (Aretxabaleta, 16 urte), Uxue Montalvo (Bergara, 16 urte) eta Olatz Amiano (Arrasate, 15 urte) dira Debagoieneko parte-hartzaileak, eta Nora Andueza elgetarra begirale lanetan errepikatzen ari da. Guztira, 126 gazte dira parte-hartzaileak; eta 28, lantaldeko kideak. Ibilbidearen erdia baino gehiago eginda, Euskal Herriko lurralde guztiak zapaldu dituzte, jada, bat izan ezik; asteburuan sartuko dira Bizkaian.

07:00etan esnatzen dira egunero, Miruaren Bi t'erdi kantuarekin; gosaldu, prestatu eta hurrengo herrira. Han bazkaldu, arratsaldean zehar dinamikaren bat egin eta gauean kulturaren ordua izaten dute: Mirua, Sukena eta Xiberoots musika taldeen bisita izan dute, esaterako.

"Gomendatzeko modukoa"

Istorio literario batek, indibidualismoaren eta kolektibismoaren gaineko saiakera batek eta beldurren gaineko idazlan batek ireki die espediziorako atea gazte debagoiendarrei. Orain artekoarekin oso gustura daudela adierazi dute hiru parte-hartzaileek, ez dela gauza bera EuskarAbenturari buruz entzutea edo hura bizitzea, eta ez dagoela esperientziari gehiago eskatzerik; eskertuta daude bertan egoteko aukera izateagatik, eta hirurak bat datoz: "Gomendagarria" da, ehuneko ehun. "Lehengusuak nik baino urtebete gutxiago dauka eta dagoeneko esan diot datorren urtean etortzeko, asko disfrutatuko duela", azaldu du Amaiur Linazisorok. "Gomendatuko nieke ibiltzera oso ohituta ez daudenei ere. Hiru talde daude, eta norberak aukeratzen du zein erritmotara joan", erantsi du Olatz Amianok.

Leku berri pila

Toki berriak ezagutzen ari dira, egunez egun, baita horietako errealitateak ere. "Argantzonen harrituta geratu nintzen ikastolaren egoerarekin; ez nuen ezagutzen eta oso interesgarria iruditu zitzaidan. Eta Iruñean, sarferminetan, hiria jaietan ikusten nuen lehen aldia izan zen niretzat", azaldu du Uxue Montalvok. Donibane Garaziri egin dio erreferentzia Amianok: "Gustatu zitzaidan Nafarroa Behereko hiriburuan igarotako eguna; espedizioaren baitan bisitatutako lehen hiri edo herri handiena zen".

Hizkuntza-ohiturak

Belaunaldi gazteen hizkuntza-ohituretan eragitea da EuskarAbenturaren asmo nagusietako bat, eta badabil eragiten. "Euskara ezberdin asko entzuten ditugu hemen, eta aberasteko modu berri bat da. Nik, adibidez, Iparraldekoa ez nuen askorik entzunda", kontatu du Linazisorok, eta hori bera azpimarratu du Montalvok ere: "Iparraldeko euskalkia duen norbaitekin elkarrizketarik izan gabea nintzen. Hiztegia ere ezberdina da eta hasieran zaila egiten da, baina pixkanaka bagoaz elkar ulertzen, eta hori ere ikasketa prozesu bat da".

Euren egunerokoan euskaraz bizitzetik datoz bailarako gazteak, baina ez da hori espedizio-lagun guztien kasua. "Hemen egindako lagun askok kontatu didate euren ingurunean ez dutela aukera askorik euskaraz hitz egiteko eta hemen 24 ordutan euskaraz aritzea arraro egiten zaiela. Hori entzuteak laguntzen digu guri ere gure hizkuntzarekiko sentipena aldatzen; nik uste dut esperientzia honetatik bueltan denok edukiko dugula beste ikuspegi bat", azaldu du Montalvok. "Bai", gehitu du Amianok, "eurak ere ari dira hobekuntza igartzen, gainera, eta atzera ere erdaraz hitz egitea arraroa egingo zaiela diote. Baina hemen egindako harremanak euskaraz dira eta badakigu gure artean euskaraz egingo dugula aurrerantzean ere". Izan ere, ez dute zalantzarik: gustatuko litzaieke bizi izaten ari diren abentura bukatu eta gero ere harremanetan jarraitzea; asko, gainera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak