"Euskarak behar duen justizia, lege-babesa eta arnasa" aldarrikatu dute plazaz plaza

Hasier Larrea 2025ko uzt. 19a, 13:31

Euskarak beste eraso judizial bat jasan du; oraingo honetan, Espainiako Auzitegi Gorenak, VOXen eskariz, EAEko Udal Legearen dekretutik baliogabetutako artikulu gehienak atzera bota ditu, "euskara lehenetsiz gero, hizkuntzen koofizialtasuna urratzen" dela ebatzita. 

UEMAk deituta, epai hori salatzeko eta euskararentzat justizia eskatzeko elkarretaratzeak egin dituzte ia ehun udalerritan, tartean Bergaran, Oñatin, Antzuolan, Elgetan eta Aramaion. Arrasaten bertako Hizkuntza Eskubideen Aldeko Protokoloak deitu du elkarretaratzea. 

Herri guztietan antzeko mezua zabaldu dute. Oñatiko Udalean UEMAren ordezkari den Iñaki Olaldek azaldu bezala, "badaude batzuk ez digutela garen hori izaten utzi nahi, are gutxiago euskaraz bizitzen. Lehendik dator eraso hau, frankismoan ere euskara deuseztatzea zen helburua, eta gaur egun ere ikusten dugu gertatzen direla antzeko erasoak. Arduratzen gaituena da nola iritsi daitekeen VOX moduko alderdi bat horrelako epaiak lortzera".

Udal Legeak duen garrantziaz galdetuta, erantzun du "euskaldunak garela aitortzen digula", eta zera gehitu du: "Euskara gure hizkuntza da, ondare bat da eta ondare horretan bizi gara. Irakurri berri dugu UEMAren enkarguz Siadeco-k egin duen txostena. Zertara hel gaitezkeen esaten digu, eta hau beste zapalkuntza bat da, aurrera egiten uzten ez gaituena".

Lege horren eta euskararen aldeko neurrien aurkako erasoen ugaritzeak ekar dezakeena "denok poliki-poliki gaztelerara hurbiltzea" dela argudiatu du: "Administrazioarekin harremana izaterakoan, eragile eta norbanako orori eragin diezaioke. Horren aurrean, gu plazara irten behar gara, ekintzak aurrera eraman eta gure presentzia egunez egun erakutsi".

Euskara lehenesteko beharra

Arrasateko elkarretaratzean, Hizkuntza Eskubideen Aldeko Protokoloko kideek euskara beste hizkuntza ofizialen parekoa ez dela adierazi dute, ezta ofiziala den lekuetan ere: "Europako Hizkuntza Gutxituen Sareak adierazi duen bezala, euskara larrialdi linguistikoan dago. Baita minorizazio gorrian ere. Izan ere, euskara jazarria, debekatua eta isildua izan da mendeetan zehar. Bigarren mailakoa bihurtu dute. Euskal gizarteak eta euskal erakundeek, ordea, euskarak dagokion lekua izen behar duela erabaki dute, gehiengo zabalarekin. Ezinbestekoa da euskararen aldeko erabakiak hartzea, elebitasun simetrikoa gaindituta".

Ezagutu berri den epaia "larria" dela azpimarratu dute: "EAEko Udalen Legeak hizkuntza eskubideak urratzen dituela dio Espainiako justiziak, euskaldunon hizkuntza eskubideak alde batera utzita. Epai honek euskararen ofizialtasuna zalantzan jartzen du, ondoan gazteleraren makulua ez duenean. Gurekin jai dute, ordea. Ez diegu uko egingo gure hizkuntza eskubideei, ez diogu uko egingo euskarak behar duen justizia aldarrikatzeari". 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak