Arnasguneak gutxitzen eta euskara galera fasean

Julen Murua Mesonero 2025ko uzt. 18a, 14:27

UEMAren eskariz 2036ra begira Siadeco ikerketa elkarteak egindako lanaren ondorioak dira. Emaitzek ez dituzte adituak harritu, eta euskararen bilakaera "onera ez" doala argi dute. "Egoera hobetzeko" lanean jarraitu beharra azpimarratu dute.

UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak hala eskatuta, Hego Euskal Herriko 2036rako proiekzio demolinguistikoaren inguruko ikerlana egin du Siadeco ikerketa elkarteak.

Hiru ondorio nagusi

Hurrengo hamarkadan euskararen egoerak izan dezakeen bilakaeraren ingurukoa izan da Siadecoren lana, eta, Iñaki Iurrebaso UEMAko ikerketa teknikariaren arabera, hiru ondorio nagusi atera dituzte ikerlanetik: "Alde batetik, euskararen gune trinkoena ahuldu egingo dela dio ikerketak; bai etxeko erabileran, baita lehen hizkuntza euskara hutsez aritzen direnen kopurua jaitsi egingo da. Horrekin batera, badirudi asko ahulduko liratekeela arnasguneak. Bestetik, belaunaldi berrietan atzera egiten hasiko ginatekeela ondorioztatzen da. Azkenik, datuek esaten digute galera fase berri baten sartuko ginatekeela".

Hori esanda, Iurrebasok azpimarratu du Siadecok egindako lana ez dela "gertatuko denaren aurreikuspen bat, ezer egin ezean gertatuko denaren azalpena baizik".

Bailarako adituen iritzia

Ikerlaneko emaitzak iritsi dira Debagoieneko euskaltegietako arduradunengana eta, oro har, euskaltzaleengana, eta, emaitzak harridurarik eragin ez badiete ere, "larritu" egin diela dio Itxaro Artolak, Arrasate Euskaldun Dezagun elkarteko (AED) kideak: "Euskal Herrian eta Arrasaten norabide horretan goazela erakusten diguten zantzuak ikusten ditugu. Nabarmena da euskaraz hitz egiteko gaitasuna apalduz doala, eta aurreikusi daiteke etorkizuna ez dela koloretsua izango". Alex Labaien Bergarako Udal Euskaltegiko zuzendariak dio hamar urteren buruan egoera "hobea" izatea gustatuko litzaiokeen arren "bilakaera" ez doala "onera". Hala ere, lanean jarraitzeko mezua helarazi du: "Hemendik hamar urtera espero dugu jaitsiera hori moteltzea. Beti esaten da halako egoeren aurrean aukerak sortzen direla; bada, asmatu egin beharko dugu aukera horiek baliatzen".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak