Guztira 48.207 pertsona iritsi ziren iaz bailarako hoteletara, nekazaritza-turismoetara eta aparthoteletara, Eustat Euskal Estatistika Erakundearen arabera. Gipuzkoari dagokionez, 2024an emaitza historikoak lortu zituen turismoak probintzian: 1.720.000 lagun hartu zituzten lurraldean, 2023an baino %5,2 gehiago. Orain arteko kopuru handiena da hori. Debagoienean, baina, gorakada nabarmenagoa izan zen iaz, 2023an baino %13,1 turista gehiago hartu baitzituzten bailarako establezimenduek. Turismoaren bilakaerari dagokionez, Gipuzkoan 2022tik 2024ra bitartean %15,1 igo zen turisten sarrera kopurua; Debagoienean, berriz, 44,1 puntuko igoera izan zuen kopuruak.
Uda, sasoi arrakastatsuena
Urte osoan egoten da kanpotik iritsitako jendea Debagoienean, baina uda izaten da sasoi jendetsuena. Iazko abuztuan, esaterako, 5.000 turistatik gora iritsi ziren eskualdera, Eustaten datuen arabera, eta, aurreko urteetako abuztuko datuekin alderatuta, kopurua hazi egin da. Gainontzeko hilabeteetako turista kopurua ere handitzen joan da urtetik urtera; nabarmentzekoa da 2025eko maiatzean 2023ko eta 2022ko uztailean eta abuztuan baino turista gehiago egon zirela bailaran.
Debagoienean "lan ona"
Turismoari dagokionez, Debagoieneko eskualdea "oso ondo ari da lanean", Libe Otegi Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo zuzendariaren arabera, eta datuek berretsi egiten dute hark esandakoa; izan ere, lurralde historikoko eskualde guztien artean bosgarren bisitatuena izan zen iaz. Aurtengo datuei erreparatuta, 2025eko lehen bost hilabeteetan, hau da, urtarriletik maiatzera bitartean, 2024ko lehen bost hilabeteetan baino %29,5 turista gehiago egon dira bailarako hoteletan, nekazaritza-turismoetan eta aparthoteletan.
Probintziako bosgarren eskualde bisitatuena da Debagoiena
Otegik dioenez, Gipuzkoa barnealdean beti egon dira "lan-turismoarekin lotutako jarduerak"; izan ere, enpresa asko egonda, "hotelak askotan bete izan dira bileretara zetozen pertsonekin". Orain, berriz, "orekatzen" ari dira "lanarekin lotutako gaualdiak eta aisialdiarekin lotutakoak".
Horrez gain, Gipuzkoan dagoen "nazioarteko turismoaren" joera Debagoienean ere "nabaritzen" hasi dela adierazi du Otegik, eta azpimarratu du "frantziarren eta alemaniarren turismoa gora egiten dabilela".
Ekonomian eragina
Gipuzkoako barne produktu gordinaren %8,4 eragiten du turismoak
Libe Otegik dio turismoa "sektore ekonomiko bat" dela. 2023an, adibidez, Eustaten arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan 6.000 milioi euro baino gehiago utzi zituen sektoreak. Gaur egun, Erkidegoko barne produktu gordinaren %6,6 eragiten du turismoak; Araban eta Bizkaian, %5,7ko pisua du, baina Gipuzkoan %8,4koa; Otegiren hitzetan, Gipuzkoan, "metalaren industriak baino handiagoa". Datu horiek kontuan izanda, "balorazio ona" egin du Aldundiak, baina, hala ere, "aurre hartu" beharra nabarmendu du Turismo zuzendariak; batez ere, "turismoak izan ditzakeen inpaktu negatiboak minimizatzeko eta inpaktu positiboak maximizatzeko".