Adineko pertsonei zabaldu dizkie ateak Mondragon Unibertsitateak

Goiatz Arana Begiristain 2025ko uzt. 17a, 15:49

Eskoriatzako Olazar eta Aretxabaletako Basotxo jubilatu elkarteekin bildu dira Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko kideak, elkarrekin zer egin dezaketen ikusteko.

Bizitza osorako irakaskuntza fakultatea izatea. Horixe da Mondragon Unibertsitateak 2028ra arteko bere plan estrategikoan jaso duen helburuetako bat. Unibertsitatea gazteentzat eta profesionalentzat ikasteko espazioa izan da orain arte, baina ikastea ez dela hor amaitzen, garapenerako aukera ematen duela eta eskubide bat ere badela iritzita, erabaki dute Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko ateak adineko pertsonei zabaltzea, joateko ikusten ze aukera eskaintzen dizkien horrek eta zein bide egin dezaketen elkarrekin.

Huheziko etengabeko prestakuntzako zuzendaria da Karmele Perez Lizarralde, eta honako hau azaldu du: "Bide hori elkarrekin egiteko hasi gara herriko jubilatu elkarteekin elkartzen: lehendabizi, Eskoriatzako Olazarrekin, eta, oraingo honetan, Aretxabaletako Basotxorekin. Pixka bat adostu genuen lehen urrats moduan ezagut dezatela fakultatean zer dagoen, zer egiten dugun...".

Parte-hartzaileen hitzak

Atzo egin zuten Ikus-Entzunezko Komunikazio campusera bisita, Aretxabaletan, dozena bat lagun batu ziren eta gustura geratu ziren bertan ikusi eta entzundakoekin. "Hau barrutik ikustea da parke tematiko batean bezala sartzea. Dena da erdi gezurra eta erdi muntaia; zinema, telebista, irrati mundua benetan da erakargarria eta ikusgarria", adierazi du Jokin Antxiak, Basotxo elkarteko lehendakariak. 

Campusa barrutik ezagutzera joandakoen artean izan zen Eva Agirre aretxabaletarra ere, lagun batek gonbidapena bidalita. Aukera interesgarria iruditu zitzaion, eta, aurrera begira ere, zabalik dago etor daitezkeenetarako. Jakin-mina edukiz gero dena dela posible dio: "Nik uste dut bizi guztian ibili garela zerbait ikasten, eta orain nik esaten dudana: bizirik gaudela, eta badaudela gauza asko ikasteko, eta hau aldatzen doa egunetik egunera, eta guk ekarpena egin dezakegu, baina baita ikasi ere". 

Gogoa eta gauza berriak egiteko irekitasuna sumatu zituzten euren artean MUko ordezkariek, eta lagungarrri izango da hori unibertsitateak ez ezik adinekoek eurek ere proposamenak egitea bilatzen dutela kontuan izanik. Etengabeko ikaskuntzarako aukerak landu gura dituzte, Perezen hitzetan: "Gure helburua bada antolatzen joatea beraientzat interesgarriak izan daitezkeen gauzak, eta bestela ere antolatzen ditugun gauzetan irudikatzea nola zabaldu hemen egiten diren hainbat gauza herriko jendeari, eta, berariaz, hainbatean, adineko jendeari ere. Eta gero nola antolatu ahal ditugun belaunaldi arteko espazioak ere". 

Momentuz, antolatuta dagoena biharko saioa da: Aretxabaletako campusean egingo dute eta sare sozialak jorratuko dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak