Puntua aldizkariaren 463. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Taldean ibiltzekoak gara euskaldunok, kuadrillan. Edozein egunetan Whatsapp-mezu bat idatzi eta kuadrillako norbait animatuko da plan horretara, ziur, edo, bestela, eguenetako pintxo-potera. Garai honetan, eguraldi onarekin ere, zenbat txirrindulari errepidean, zenbat jende hondartzan eta igerilekuetan; gehienak, taldean. Udako oporrez disfrutatzen ariko dira zenbait, eta beste batzuek datozen egunetan izango dute horretarako aukera. Ahal den heinean, kuadrillan.
Kuadrilla izaera sustatzeko, inklusiorako bidean, taldeak sortu dira Debagoienean, aniztasun funtzionala duten pertsonek elkartu eta horren gustuko dituzten ekintzak eta kirolak egin ditzaten. Horren adibide dira Haize Berri, Oñatiko Aniztasun Funtzionala Taldea, Atzegi Elkartearen Txolartea, BASH eta Gipuzkoa mailan ekintzak antolatzen dituen Aspace erakundea. Kirolean, Arrasate Errugbi Talde Inklusioa eta Ointxapeldunak daude.
Haize Berri, talde-identitatea bultzatuz
Amaitu berri den ikasturtean sortu da Haize Berri taldea Debagoienean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntza bati esker. Leire Uribesalgo eskoriatzarra da sortzaileetako bat, eta dio "talde-identitatea" sortzea dela taldearen helburua: "Euskal Herrian modan dagoen kontzeptua da kuadrillarena. Helburua da taldea indartzea eta, talde-identitate horren parte sentitzeaz aparte, partaideek gustuko dituzten planak egitea". Hilean behin elkartzen dira, eta, besteak beste, Sendavivara eta Salburura egin dituzte irteerak; baita Urkulun ikasturte bukaerako jaia egin ere. Halaber, zenbait ikastaro eskaini dituzte, partaideendako eta gurasoendako; esaterako, sexologia-saioa. Ez dago adin mugarik. Uribesalgok aipatu duenez, 7 eta 25 urte arteko gazteak dituzte.
Aisialdi-taldeetako kideen iritziak
Eneritz Garcia: "Jende pila ezagutzen dut, eta etxetik gehiago irteten naiz. Asko gustatzen zait begiraleekin eta nire lagunekin egotea, oso ondo konpontzen bainaiz haiekin".
Gari Sarasua: "Haiz Berrik aisialdia eskaintzen du berez egin ezin duenari. Askok ez dute aukerarik besteek egiten dutena egiteko; hori apurtu eta denei aukera berak ematen dizkio".
June Elkoro: "Lagunekin egoteko eta lagunarteko harremana estuagoa izateko aukera ematen du. Oso gustura ibiltzen naiz. Oso une onak pasa ditut, eta anekdotak ditut".
Kepa Irizar: "Haize Berrikook kanpora egin ditugun irteerak gustatu zaizkit. Gehienbat, Salburura egindako egun-pasan oso ondo pasatu nuen. Ikasturte hau oso interesgarria eta polita izan da".
15 pertsonako edukierarekin hasi ziren, baina eskaria "bikoitza" zela ikusita, 30era zabaldu zuten plaza-kopurua. Monitore kopurua, ordea, lautan mantendu zuten, eta horrek hasieran "beldurra" ematen zien: "Konturatu gara, askotan, erresistentzia handienak geuk, aniztasun funtzionala ez daukagun pertsonok, jartzen ditugula. Ikusi dugu autonomo bihurtzen direla, begiraleak gutxitzen diren momentuan". Hala, datorren ikasturtera begira, asmoa da hilean behin egiten dituzten ekintzak mantentzea, baina asteburu oso bat hartuko dute. Horrela ekintza bat bi egunetan egongo da eta gazteek aukeratuko dute zapatuan edo domekan joan.
Hilabete inguru darama martxan Oñatiko Aniztasun programak
Oñatin bazuten Inklusio programa, baina duela aste batzuk jarri dute martxan Aniztasun programa. Jon Lopez da Oñatiko Udaleko Gazteria teknikaria, eta "ludotekako eta gaztelekuko argazkia" dauka: "Ludotekan 4-9 urte bitartekoek hartzen dute parte, eta, duela bizpahiru urte, kasu nahiko potenteak izan genituen. Konturatu ginen, berez, ludoteka ez zela haur haiendako baliabide bat, baina herrian ez zegoen besterik gazte haiei eskaintzeko". Adierazi du haur haiek udalekuetan bazebiltzala, eta errefortzuko begiralea ere bazutela, baina "handik harago ez zegoen ezer". Horregatik, Gizarte Zerbitzuekin eta politikariekin partekatu zuten egoera, eta "zerbait egiteko beharra" ikusi zuten: "Guk ere behatu genuen inguruan. Batetik eta bestetik informazioa batzen hasi ginen eta gurasoengana zuzendu ginen. Maiatzean hasi gara nerabeen talde batekin. Gaztelekuak jarraitzen du izaten integraziorako puntu, baina gaur egun gazte bat etortzen bada, harekin egoten gara, trankil, zerbait prestatzeko sukaldean, gu ezagutzen joan dadin. Hurrengo batean beste gazte batekin egoten da, elkar ezagutzeko. Batzuek, agian, gelatik ezagutzen dute elkar. Sei bat gara". Nerabeei zuzendutako eskaintzarekin hasi dira, baina irailean haurrekin hasteko asmoa dute; horren harira, zortzi haurrek parte hartuko dutela uste du Lopezek.
Momentuz, aste barruan dago martxan programa, baina asteburuetan ere aisialdia eskaintzeko asmoa dute. Kuadrillan elkartzeko Txolarteak eta udako oporraldiak 1971n hasi ziren sortzen lehenengo Txolarteak, eta, ordutik, zonaren, partaideen eta familien beharren arabera joan dira taldeak eratzen. Leire Martin da Debagoieneko Atzegiko aisialdi eta parte- hartze zerbitzuko teknikaria, eta azaldu du helburu nagusia dela "adimen-desgaitasuna duten pertsonen gizarte-integrazioa lortzea, eskaintzen dituzten aisia-jardueren bidez, eta adimen-desgaitasuna duten pertsonen eta haien familien bizitza hobetzea, haien gizarte- integrazioa sustatuz, hurbileneko ingurunea aldatuz eta sentsibilizatuz". 17 eta 67 urte bitarteko jendeak hartzen du parte. Bergaran, Arrasaten eta Aretxabaletan aste barruan ekintzak egiten dituzte, eta asteburuan eskaintzen dituzte Txolarteak, paseoak, irteerak eta bestelakoak egiteko. Debagoienean bi talde dituzte: Debagoieneko Gazteak eta Arrasate-Bergara Txolartea. "Ekintza kulturaletan 39 partaide ibili dira ikasturte honetan. Txolartean, berriz, 37. Kuadrilla moduan kudeatzen dira", dio Martinek. Abuztuan bi Txolarteek elkarrekin oporretara joateko aukera izaten dute, eta aurten Cambrilsera eta Saloura joango dira, astebete.
Sormena lantzeko aukerak ematen ditu BASH taldeak
2019an sortu zen, Arizmendi Ikastolarekin elkarlanean, gorputz adierazmena eta sorkuntza prozesu laborategi bezala abiatu zen BASH proiektua. 2021ean sortu zuten aisialdi talde ofiziala, Arrasateko Udalaren eskutik, eta asteroko ekintzak eskaintzen dituzte. Nerabeei eta gazteei zuzendutako programa da, eta Batera Aske Kooperatibako sortzaile Ane Davilak dio taldearen helburu nagusia "berebiziko adiskidetasunak sortzea dela, eta kuadrilla- dinamikak sustatzea. Programaren ardatz nagusia ongizaterako sormena eta mugimendua lantzea da; beraz, metodologien ikerketa eta garapena prozesu biziak dira, aisialdiaz gain, gauza berriak ikasteko eta talde-prozesuetan sortzaile izateko. Kultura- irisgarritasuna bultzatzea da beste helburu nagusi bat, taldearentzat antzerkiak, dantzak eta diziplina askotariko dinamikak gerturatzeko, eta, horrela, adierazteko, komunikatzeko eta erlazionatzeko erak zabaltzen ditugu, eta partaide bakoitzak bere erara egiteko erraztu". Azken ikasturtean hamazazpi gaztek hartu dute parte. Astero biltzen dira, Arrasaten edo Aretxabaletan, bi orduz. "Hilean behin plan berezi bat antolatzen dugu, espaziotik irten eta herri mailan gizarteratzea bultzatzeko. Planak kuadrillaren proposamenetik abiatu, eta etorkizunean burujabeak izatea da helburua".
Aspace Gipuzkoak, eguneko zentroa edukitzeaz gain, garun-paralisia dutenen aisialdira zuzendutako ekintzak ere eskaintzen ditu, eta horiei buruz hitz egin du Aspace Gipuzkoako Boluntariotza, Aisialdi eta Denbora Libreko arduradun Borja Ruizek.
Zer eskaintza duzue?
Eguneko zentroetan 09:00etatik 17:00ak arte egoten dira, eta lan-arloko zereginak dauzkate: saskigintza eta garbitegian lan egitea. Dauden boluntarioekin aisialdiko ekintzak egiten saiatzen gara. Batzuk bi astean behin elkartzen dira, furgoneta hartu eta aisialdi-eskaintza ezberdina egitera joaten dira; batez ere, Donostian. Aisialdirako guneak ere eskaintzen ditugu, eta Bergaran ere egoten gara, Oxirondon. Asteburuetan, zubietan eta jaiegunetan, lokal bat zabaltzen da. Banan- banako zerbitzua ere badaukagu. Aspaceko kideren bati gustatzen bazaio, adibidez, Reala ikustera joatea, saiatzen gara gure elkarteko kide batekin joaten.
Udan oporraldia egiteko aukera ere badago.
Bai; guk hiru txanda ateratzen ditugu, eta aurten Santanderrera eta Iruñera joango dira, abuztuan. Txanda bakoitzean hamabi parte- hartzaile daude. 36 partaide izango ditugu udan, eta haiekin batera txanda bakoitzean zortzi begirale joango dira.
Halako esperientziek zer ematen diete garun- paralisia dutenei?
Bizitza, airea, sozializatzeko aukera, beste modu batera iritsiko ez liratekeen esperientziak bizitzea, mundura ateratzea, tokiak ezagutzea eta gizarteratzea. Guretzat ohikoa izan daiteke igerilekuan bainua hartzea, baina Aspacekoentzat aukera mugatuak izaten dira, eta beti laguntzarekin egin beharrekoak. Esperientzia ezin hobea da kanpoan halako oporraldi bat eskaini ahal izatea 36 pertsonari.
Boluntarioak beharrezkoak dira, ezta?
Boluntarioei izena emateko dei egiten diegu. Boluntariotza ez da garai batean bezalakoa. Lehen, norbait inplikatzen zenean, ia-ia kontratua firmatu eta han egon zitekeen urte luzez. Egun, gizarteak ez du horrela funtzionatzen. Boluntario-lanak puntualagoak izaten dira.