Klima aldaketak alergietan eragiten dihardu

Mireia Bikuña 2025ko uzt. 8a, 14:26

Beti pentsatu izan da alergiak udaberriko kontua direla; baina, azkenaldian, teoria hori aldatzen joan da. Klima aldaketaren eragina presenteago dagoen honetan, alergien egutegia aldatu egin da. Bereziki, polenarekin zerikusia dutenena. Berotegi-efektuak zuzenean eragin du polinizazioan, eta, polenaz harago, landareek beste proteina batzuk sortzen dituzte.

Puntua aldizkariaren 462. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

Uztailaren 8an Alergien Eguna ospatzen da nazioartean. Efemeride horren helburua da horrelako erreakzioak dituztenen prebentzioak eta zaintzak duten garrantziaz jabetzea, askotan osasunerako arriskutsuak dira eta. Alergiak duela 2.000 urte baino gehiagotik ezagutzen dira, hainbat testu zaharretan deskribatu baitziren. Alergia terminoa ez zen medikuntzan erabiltzen hasi XX. mendearen hasierara arte, organismoak pozoi organiko bat ukitzean izandako aldaketa definitu nahi izan zen arte, pozoi hori bizia edo bizigabea izan. "Berez kalterik sortzen ez duten gauzei sistema immunitarioak erantzun okerra edo desegokia ematen dienean, alergiaren bat dugun seinale da. Gure gorputzak alergenoak identifikatzen ditu: arnasten direnak, elikadurarenak, botikenak, intsektuenak...", azaldu du Donostia Ospitaleko alergologo Atxen Aranzabal arrasatearrak.

Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) arabera, ia 400 milioi pertsonak dute errinitis alergikoa. Gaixotasun alergikoek biztanleriaren %33ri eragiten diote, eta errinitis alergikoa da ohikoena. Era berean, gaineratu du 2050erako biztanleriaren erdiak alergiaren bat izan dezakeela. "EAEn dauden alergien gehiengoek hiru eragile-sortzaile dituzte: maskoten ileak, urki-polenak eta akaroak. Horiek guztiak dira errinitis alergikoak, eta haren sintomak dira sudurraren jarioa, begi gorrituak, doministikuak eta ziztada sudurrean, ahosabaian edo eztarrian".

Alergenoaren araberakoa

Betidanik pentsatu izan da alergiak udaberriarekin batera datozela. Bada, alergiak ez dira bakarrik udaberriko kontua; eta horretan du eragina zeri diogun alergia. "Alergenoaren araberakoa izaten da. Gramineo polenari alergia diotenendako garairik txarrena maiatza eta ekaina izaten da. Batzuetan, pixka bat aurreratzen da, apirilera edo, aldez aurretik euri asko egin duen kontuan hartuta. Urkiari alergia badiozu, apirila da garaia. Hurritz-polena eta haltza otsailekoak eta martxokoak dira. Akaroei alergia dietenak gaizki daude urte osoan, baina okerrago udazkenean. Maskoten ileari alergia diotenek, berriz, urte osoan jasaten dute", azpimarratu du Aranzabalek.

Bada, norberak sufritzen duen alergiaz harago, klima aldaketak naturan eragiten dituen aldaketak gehitu behar zaizkio: "Bai; nabaritzen da berotegi-efektuak min egiten diela alergiei. Polenak aldatuta daude. Hirietan gaixotasun alergiko gehiago daude; izan ere, ibilgailuek eta berogailuek sortzen dituzten diesel isurien partikulek landareentzako giro kaltegarriagoa sortzen dute, eta landareek beste proteina batzuk sortzen dituzte. Polenak desberdinak dira landa-eremuetan eta eremu industrializatuetan. Polen-sasoiak gehiago irauten du eta inoiz baino lehenago hasten da; horrek begi-azkura eta sudurreko jariaketa egun gehiago izatea esan nahi du. Tenperaturarik beroenen ondorioz, loreak lehenago loratzen dira, eta, CO2 mailak gora egiten duenez, polen gehiago sortzen da. Tenperatura altuekin landareak estresatu egiten dira".

Alergien hiru eragile nagusiak

Maskoten ileak: maskoten ileak, larruazaleko zelulek (animalia-zahia, kaspa) eta listuak proteinak dituzte, larruazalean erreakzio alergikoak eragin ditzaketenak. Animalia-zahiak eta maskoten listuak alergia-adierazpen asko eragin ditzakete; besteak beste, errinitisa –sudurrean hantura–, konjuntibitisa –begietan hantura–, asma –arnas arazoak– eta ekzemak. 

Urki-polena: polen-aleak, urteko hainbat garaitan, landareak eta zuhaitzak askatzen dituzten proteina-egiturak dira. Alergiak detektatzeko larruazaleko proben bidez, polena larruazaleko erreakzio alergikoaren eragilea den egiazta daiteke. Ohiko sintomez gain, polenak larruazalaren babes-hesia ere aldatzen du. 

Akaroak: azaleko zeluletatik elikatzen diren araknido mikroskopikoak dira, oheko arropan eta alfonbretan egoten direnak. Gorotzek eta exoeskeletoak, hau da, akaroen gorputzak ere, erreakzio alergikoak eragin ditzakete larruazalean. Horko erreakzio alergikoak ere arazo larria dira, larruazalaren hesian sartzen diren substantziak askatzen dituzte eta.

Egun gehiagotan

Municheko Unibertsitate Teknikoko Ekoklimatologia Zerbitzuak egindako txostenaren arabera, klima aldaketaren ondorioei esker polenaren urtaroa hogei egunera igo da azken 30 urteetan. Beren lanean, polena kontrolatzeko sei estazio erabili zituzten eskualdean zehar datuak aztertzeko. Zenbait polen-espeziek, hala nola hurritz-zuhaixkek eta haltzek, urtaroen hasiera urtean bi egunez aurreratu zutela ondorioztatu zuten, 1987 eta 2017 artean. Urtean geroago loratzeko joera duten beste espezie batzuk, urkiak eta lizarrak kasu, urtaro bakoitzean 0,5 egun aurreratu zituzten, batez beste, denbora- tarte berean. "Polenak ehunka kilometro egin ditzake, eta, klima- ereduak aldatuta eta espezieen banaketa aldatuta, litekeena da pertsonak polen-espezie "berrien" eraginpean egotea; alegia, gure gorputzak urtero aurkitzen ohituta ez dauden polenen eraginpean, horrek dakarren guztiarekin".

Polenaren neurketa

Polenak ale mikroskopikoak dira, ugalketarako landareen loreetan sortzen direnak. Udazkenean eta neguan erregistratutako euriak eta elurrak goranzko eragina dute hautemandako polen kopuruan. Bestalde, estazio polinikoan, egoera meteorologikoak – tenperatura, haizea, hezetasuna eta plubiositatea– giro-aireko polen-maila baldintzatzen du. Gramineoen polen-maila normaltzat hartzen da metro kubiko bakoitzeko 50 ale daudenean. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak neurketak egiten ditu Donostian, Bilbon eta Gasteizen. Une oro ikus daiteke zenbatekoa den polen-maila. Alergologia eta Immunologia Klinikoko Espainiako Elkarteak 2025erako egindako aurreikuspenean esan zuen estazio polinikoek iraupen luzeagoa izango zutela: apirilean hasita, eta, kasu batzuetan, irailera arte. Era berean, Gasteizko egoera azpimarratu zuen: aurten, metro kubiko bakoitzeko 5.200 ale eduki dituzte Arabako hiriburuan.

Akaroak, hezetasunean

Polenaren ostean, akaroak dira alergia-eragile handienak. Akaroak araknidoen familiako intsektuak dira, ez dira begi hutsez ikusten, hautsetan bizi dira eta ehun-mota guztietan egon ohi dira, hala nola oheko arropetan, koltxoi eta burkoetan, alfonbretan, peluxeetan... "Akaroek hezetasuna behar dute bizi izateko, eta haiei ere eragin die klima aldaketak, ez polenari beste. Akaroei %75-80 inguruko hezetasunak lortzen dituzten giroak gustatzen zaizkie. Klima lehorra denean, ia erdira jaisten dira edo ez dute bizirik irauten. Garatzeko gehien komeni zaien tenperatura 21 gradu da, gutxi gorabehera. Nahiz eta kasu askotan akaroen ugalketa klimaren araberakoa izango den. Etxeko akaroak etxeko hautsaren alergenoen iturri nagusia dira", esan du Atxen Aranzabalek. Aurretik aipatutako moduan, udazkena izaten da akaroak puri-purian egoten diren sasoia, baina urte osoan egoten dira gurekin bizi izaten.

Familia-medikuarengana

Alergikoa den pertsonak beti ditu erreportajearen atarian aipatutako sintomak: sudurraren jarioa, begi gorrituak, doministikuak eta ziztada sudurrean, ahosabaian edo eztarrian. Baina gerta daiteke sintomarik ez duen norbaiti alergien proba eginez alergenoren batean positibo ematea. Batean zein bestean, lehen urratsa familia- medikuarengana joatea da; eta hark baloratuko du zenbaterainokoak diren sintomak, eta, beharrezkoa bada, alergologoarengana bideratuko du pazientea.

Oihana Sarasua: "Nire elikadura, jatekoa, da nire botika"

Oihana Sarasua elgetarra zeliakoa da. Beraz, gluten bako produktuak jaten ditu. "Glutenak hesteak kaltetzen dituenean zara zeliakoa. Gaixotasun autoimmunea da; eta askotan alergia bat dela esan edo entzuten den arren, ez da alergia mota bat", dio.

Dagoeneko ohitu da gluten barik jaten, eta etxean ere hala egiten dute: ogia, pasta, irina, ogi txigortua eta bestelakoak. Beraz, egunerokotasunean horrek ez dio aparteko burukominik ematen: "Bizitza normala egiten dut nik, zeliakoa izateak dakarren guztiarekin. Okerren daramadana jendearen ulertezintasuna da, esaten didatenean ez dela hainbesterako ogitarteko bat edo opil bat jatea noizean behin. Nik erantzuten diet haientzat pastilla bat hartzea edo jarabe bat edatea dena niretzat glutenik gabe jatea dela. Alegia, ez dela nire kapritxo bat. Nire botika da jaten dudana. Ez besterik".

Txikitatik

Sarasuak beti zeukan tripa handituta, nekatuta zegoen, buruko minez, indarrik gabe, gorputza gaixorik, apatiko, ezertarako gogorik gabe... "Oroitzapen hori daukat, oso txikitatik. Probak egiten hasi ziren, eta zeliakoa nintzela agertu zen".

Etxean ez dute beste zeliakorik. Proba genetikoak egin ostean, jakin badakite alaba batek baduela zerbait geneetan, zeliakoa izatearekin zerikusia duena. Beste alabak, ez. "Oraingoz, ni naiz zeliako bakarra etxean".

Lierni Axpe: "Ez dut inoiz kirolik egiten bazkalostean"

LPT proteinari dio alergia Lierni Axpe oñatiarrak. Landare guztietan dagoen proteina da, haien babeserako dena. Frutek, fruitu lehorrek eta lekaleek intentsitate handia dute LPT proteinan. "Probak egin ostean, ezin ditut jan melokotoiaren familiako frutak, sagarrak ere ez, ezta fruitu lehorrak ere. Besteekin probak egiten ditut aldiro-aldiro, eta erreakziorik egiten ez didatenak baztertzen joaten naiz", esan du.

Egunerokoan erreakziorik eragiten ez dioten elikagai batzuek arazoak sortzen dizkiote gorputza guztiz ondo ez duenean; ahalegin handia egiten duenean, bero handia edo hotz handia egiten duenean edo gaixorik dagoenean: "Egoera horiek saihestu behar ditut. Adibidez, pasta jaten badut, badaezpada, ez naiz kirola egitera joaten hiru ordu pasa arte, erreakziorik gerta ez dadin. Ez dut inoiz kirolik edo ahalegin handirik egiten bazkalostean".

Melokotoiaren azalarekin

Duela zazpi urteko oporretan konturatu zen alergiaren bat izan zezakeela. Paraguaio bat zuritu eta jan barik, urtikaria izan zuen. Ez zion garrantzi handirik eman. Geroago, beste erreakzio bat izan zuen ibuprofenoarekin, eta larrialdietara joan zen. Orduan hasi zen alergia-probekin. Melokotoiari eta fruitu lehorrei alergia diagnostikatu zioten. Sagarrarena geroago izan zen. "Ikasleen jolas-orduan sagar bat jan, eta ezpainak eta begiak handitu zitzaizkidan".

Ceny Solani Melgar Reyes: "Bizitzako edozein unetan ager daitezke"

Ceny Solani Melgar Reyes Osakidetzako alergologoa da OSI Debagoienan. Kontsultak pasatzen ditu martitzenetan eta barikuetan. Debagoieneko Ospitalean 2023tik dago alergologia zerbitzua.

Zeintzuk dira alergia ohikoenak Debagoienean?

Debagoieneko Ospitaleko helduentzako alergologia- kontsultan, alergiarik ohikoenak frutak, fruitu lehorrak eta anisakisa dira; alegia, arrainean egon daitekeen parasitoa.

Alergiak senda daitezke?

Alergiek ez dute behin betiko sendabiderik, baina batzuk denborarekin desagertu egin daitezke. Adibidez, arrautza eta esnea haurtzaroan. Gainera, tratamenduak daude sintomak murrizteko edo pazientea desentsibilizatzeko.

Zenbat urterekin agertzen dira alergiak?

Bizitzako edozein unetan ager daitezke, baina haurtzaroan edo nerabezaroan garatzen dira. Helduaroan ere bat- batean sor daitezke, baita aurrez pertsonak substantzia horiek ondo onartzen bazituen ere. Alergiak izateko joera genetikoarekin jaio gaitezke, batez ere guraso batek edo biek alergia-aurrekariak badituzte. Horrek esan nahi du alergiekin jaiotzen ez bagara ere haurtzaroan edo aurrerago garatzeko aukera gehiago ditugula.

Alergiak heredatzen dira?

Bai. Guraso batek edo biek alergiak badituzte, seme- alabek aukera gehiago dituzte. Guraso batek badu, %50 ingurukoa da probabilitatea, eta biek badute, %70ekoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak