Puntua aldizkariaren 460. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Sasoi honetan areagotu egiten dira elikadura-aholkuak, dieten proposamenak eta ariketa fisikoa eginez aste gutxian amestutako gorputz hori lortzeko lasterbideak. Eta, askotan, lotura estua izaten dute produktu eta zerbitzu jakin batzuen publizitatearekin. Azken urteotan, eta bereziki sare sozialen etorreratik, halako gaien bonbardaketa etengabea bilakatu da, eta helburu berbera egoten da atzean: gorputzarekiko gurtza.
Jario horrek adin guztietako herritarrei eragiten die, baina bereziki gazteei, osasun mentalean eragina izateraino. Azken urteotan hainbat ikerketa egin dira sare sozialen erabileraren gainean, eta emaitzak argigarriak dira. Espainian Instagram hedatu zenetik hona, alegia, 2016tik hona, TCA –autopertzepzioarekin eta gorputz-irudiaren distortsioarekin lotutako nahasmenduak– kasuen gorakada nabarmena izan da. "Une oro elikaduraz eta kirolaz berba egiten diguten kontuak ditugu eskura. Instagramek frustrazioa ekarri die askori, bertan azaltzen diren pertsonekin alderatzen direlako, bai fisikoki, edo orokorrean daramaten bizitzagatik. Horregatik, sare sozialak beste erreminta bat gehiago dira, modu egokian erabili daitezke, eta, horretarako, noizean behin jarraitzen ditugun kontuen artean garbiketa egin behar da", dio, hain zuzen, Instagramen milaka jarraitzaile dituen Aitor Sanchez nutrizionistak. Espainiako Pediatria Elkarteak 2021ean egindako ikerketak berresten ditu Sanchezen esanak, baita Bartzelonako Unibertsitateak (2022), Deustuko Unibertsitateak (2022) eta Madrilgo Unibertsitate Autonomoak (2019) egindako ikerketek ere, besteak beste.
Begirada digitala heztearen garrantzia
Horren harira, adituek diote gazteek –eta ez horren gazteak– ez dutela sareetan eduki egokiaren aukeraketa egiteko nahikoa erremintarik, edo, beste modu batera esanda, ez dutela hezita euren begirada digitala. Arrasaten lan egiten duen Nagore Aranburu (Mallabia, 1975) psikologoak dio kontsultan oso modu agerian ikusten duela nerabeen artean sare sozialek duten eragina. "Adin horretan denbora asko egiten dute sare sozialei begira, eta, neurri batean, normala ere bada, adin horiekin euren identitatearen bila dabiltzalako. Eta sare sozialek oso modu nabarmenean erakusten dituzte eredu ezberdinak. Gure garaian ere gertatzen zen; aldizkarien bitartez, telebistan jarraitzen genituen erreferente horiek, baina, akaso, orduan beste distantzia batetik ikusten genituen; orain, telefonoan ditugu etengabe. Irudi konkretu bat erakusten, mezu batzuk zabaltzen... Pertsona gazte baten burmuina 25 urte bete arte ez dago erabat garatuta, eta gaztetasun horrek zaurgarriago egiten ditu, sareetan bankete handi bat jartzen diete, zer jantzi behar duten, izan behar duten irudia, ile-orrazkerak... Eta horren guztiaren barruan sar genezake baita elikadura ere, gorputzaren gurtza dagoelako atzean. Orain dela gutxi etorri zait ama bat kontsultara arduratuta, esanez, semeak kostata baina edari energetikoekin arazo bat daukala aitortu diola, eta ez emateko mesedez dirurik, edari horietan gastatuko duelako".
Sareak etxekoekin landu
Sare sozialen erabilera desegokia saihesteko, Aranburuk etxean jartzen du arreta: "Nik uste dut garrantzitsua dela etxean halako gaiekin komunikazioa sustatzea, elkarrizketak abiatzea. Baina ez nagusiok sarritan egiten dugun modu horretan; alegia, nik badakit hau txarra dela eta halaxe adierazten diot semeari edo alabari [Barre]. Diskurtso moralista egin beharrean, galderak egiten joan, epaitu barik, eta seme-alabek esaten dutena entzunaz. Eta, sare sozialetan azaltzen zaien hori ere elkarrekin ikusita eta aztertuta, horretarako momentu egokiak bilatuz. Azken baten, etxean talde- hausnarketa bat egin genezake, gaiari modu naturalean helduz. Eta hori guztia, jakinda sare sozialen erabilera ona egin genezakeela baina hor ere menpekotasun batzuk lortzeko interes konkretu batzuk daudela".
Nola erabili sare sozialak modu egokian
Jarraitu osasun mentala eta gorputzaren aniztasuna sustatzen duten kontuak. Aukeratu ongizatea, autoestimua eta gorputz aniztasuna babesten duten profilak.
Iragazi eta mugatu ondo sentiarazten ez zaituen edukia. Profil batek errudun edo presiopean sentiarazten bazaitu, utzi jarraitzeari.
Neurtu sare sozialetan ematen duzun denbora. Ezarri eguneroko erabilera-mugak eta egin pantailatik kanpoko jarduerak.
Hezi zuren begirada digitala. Jakin ezazu zer diren TCA sentimenduak eta nola eragiten duten sareetako presio estetikoek. Parte hartu auto-onarpena, aniztasuna eta elikadura kontzientea sustatzen duten edukietan.
Lur Martinezek (Eskoriatza, 1979) bakarrik daki azken 30 urteotan zenbat profesionalekin egin duen bulimia gainditzeko terapia edo tratamendua. Gaixotasun horiei ikusgarritasuna ematen dabil gaur egun, besteak beste, berbaldiak egiten, eta elikadura nahasmendua duten hainbat lagunekin du hartu-eman zuzena; hortik pasatakoa denez, laguntzen saiatzen da. Eta honako galdera hau egiten du: "Gazteez ari gara, baina helduok ondo erabiltzen ditugu sareak? Etxeko txikien aurrean gu eredugarri gara? Nik ez dut seme- alabarik, eta posizio honetatik berba egitea oso erraza da. Eta kontziente naiz gaur egungo gurasoek ze erronka potolo dituzten, zerua irabazita dute denek, baina, behin hori esanda, nik uste dut denoi dagokigula gai horren bueltan ardura hartzea, gu eredu ona izatea, eta, aldi berean, gazteei mugak jartzea; izan ere, nahi edo ez, adin batzuekin ezinbestekoak dituzte mugak, eurak ez direlako neurria hartzeko kapaz. Eta muga horien zergatia azaldu beharko genieke, zergatia eman, eurekin komentatu. Badakit hori guztia zaila dela, baina ez da ezinezkoa".
Nutrizioa eta kirol jarduerak, bi gai izar
Gaztea edo heldua izan, elikaduraren eta kirol jardueren gaineko edukiak gailentzen zaizkie sareetan askori. Eta hor, desinformazioa kaltegarria den moduan, gehiegizko informazioa ez da hobea. Sarritan, elikadurari buruzko aholkuak ez dituzte profesionalek ematen, eta bai influencerrek edo oihartzun bila dabiltzanek. Hala ere, Aitor Sanchez dietistak autokritika egiten du, eta dio adituek sortzen duten edukia ere sarritan ez dela egokiena. "Garai batean, nutrizioaren dibulgazioa analitikoa eta eraikitzailea zen; espiritu kritikoa zuen. Azken urteotan zirku bilakatu da hau, marketin digitalak ego-borroka batera murriztu du dena, ea ze eduki- sortzailek egiten duen zarata gehiago, haren ikastaroak edo produktuak sustatzeko". Hala, esan horiekin bat dator Mireia Alberdi (Bergara, 1973) nutrizionista eta dietista: "Lehenago, nutrizionisten artean elkarrizketa sanoak egoten ziren, ezagupenak partekatzen genituen, eta azken urteotan eta bereziki sare sozialetan batzuek euren metodoak nabarmendu nahi dituzte. Eta niri halakoekin topo egiten dudanean alarma pizten zait; azken batean, metodo bakarraz lan egiten baduzu gutxi batzuendako bakarrik izango zara baliagarria. Gure arloan erantzun ezberdinak entzun behar dira. Alde horretatik, nutrizioko guru edo aditu batzuk mokoka ikusi ditugu, eta horrek kalte egiten dio lanbideari berari".
Zelan erabili sare sozialak modu desegokian
Gorputz perfektua etengabe erakustea eta goraipatzea. Horrek autoestimua jaitsi eta konparazio obsesiboak sor ditzake.
Dietak edo gorputza aldatzeko erronkak modu ez-errealistan erakustea. Mezu hauek presio estetikoa handitzen dute, eta elikatze desorekatua bultzatu dezakete.
Filtro edo edizio bidez errealitatea manipulatzea. Ikusleen eredutzat hartzen dituzte, eta hori frustrazio-iturri bihurtzen da.
Gorputzei buruz iruzkin negatiboak idaztea edo etengabe irakurtzea. Gorputz-irainei edo fatphobia-ri tokia ematea sareetan zuzenean lotuta dago TCA arriskuekin.
Alberdik dio sarritan ez dela erraza sare sozialetan diharduten nutrizionista guztien artean aukeraketa ona egitea. "Batzuk pare bat ikastaro eginda hasten dira edukiak igotzen, baina komunikatzaile onak izan daitezke, edo edukia txukun aurkezteko baliabideak izan, eta nahiz eta edukia bera ona edo gomendagarria ez izan, arrakasta izaten dute. Nik urte hauetan ikusi dudana da nire lanbidean zenbat eta gehiago sakondu, orduan eta zalantza handiagoak izaten ditudala [Barre]. Izan ere, pertsona bakoitza mundu bat da, eta gauzak egiteko modu bakarrak ez du denendako balio. Bada, beste batzuek ez dituzte halako zalantzak, egia absolutuaren jabe izango balira bezala egiten dute sareetan berba. Kontuz haiekin".
Alberdiri kontsultan bezeroek sarritan galdetzen diote sare sozialetan azaltzen zaizkien gomendioen gainean. "Edo eduki- sortzaile honek edo besteak zer esan duen... Bai, halakoez ere egiten dugu berba kontsultan, eta ez gazteekin bakarrik, baita helduekin ere. Batzuetan, itsu-itsuan etortzen dira norbaitek esan duen hori defendatzen, eta hor eztabaidak sortzen ditugu. Ni saiatzen naiz azaltzen gomendio batek ez duela zertan denendako balio, ez delako gauza bera haurdun egotea edo TCA batetik errekuperatzen ibiltzea. Eta beste ikuspuntu batzuk erakusten saiatzen naiz. Esaterako, duela pare bat urte, oso modan jarri ziren aldizkako baraualdiak. Tira, ba, batzuendako gomendagarriak izan daitezke, eta beste batzuendako ez".
Gimnasioetako monitoreendako, eguneroko ogia
Adrian Gorostiza (Elgeta, 1993) Ibarrako kiroldegiko fitness-gelako monitorea da, eta Alberdik aipatutakoa egunerokoan bizi du, nutrizioarekin beharrean, sareetan azaltzen diren kirol-adituekin: "Informazioa emateko modua aldatu egin da; telebistatik eta aldizkarietatik sareetara pasa gara. Lehen, adituak zeuden informazioa ematen, eta, gaur egun, edonork dauka kontu bat zabaltzeko aukera. Entrenatzaile pertsonal mordoa daude sareetan euren zerbitzuak eskaintzen, eta hemen ere ego-borroka handia dago, noren metodoa den onena...". Hala, gazte askok sareetan ikusitako gorputz landuek erakarrita jotzen dute gimnasioetara. "Adinak ez nau horrenbeste arduratzen, kirola egiten ari dira, baina ondo egin behar da. AEBetan, esaterako, 11-12 urteko gazteek heziketa fisikoko eskolan gimnasioko lana egiten dute, gaztetatik ikasten dute bertako materiala erabiltzen, baina formakuntza ona duten irakasleekin ikasten dute. Oso kultura garatua dute. Gaztetan garbi izan behar dena da etapa bakoitzean zelan egin behar den gimnasioko lana, minik ez hartzeko, eta monitore onak izatea ezinbestekoa da. Arazoa dator sareetan han eta hemen ikusitakoa errepikatzera badatoz. Edozelan ere, geure buruari egin behar diogun beste galdera bat da zergatik joaten garen gimnasiora. Izan ere, sare sozialak gure egoa elikatzeko tresna aparta dira, nik ere izan dut joera hori; alegia, besteen baliozkotzea bilatzea. Gimnasiora joan beharko genuke kirola egitera eta osasuntsu mantentzera, eta ez, horrenbeste, besteen onarpena bilatzera"
Lur Martinezek (Eskoriatza, 1979) dio 6 urterekin izan zuela bere burua gizen ikustearen lehenengo pertzepzioa, eta 15 urterekin hasi zela psikologoarenera joaten. Ordurako, txarto zegoen, gorputz-irudiaren desitxuratze bat garatu zuen, antsietate batera eraman zuena. Eta, ondorioz, kontrolik gabe jateak bulimiara eraman zuen. Urteak egin ditu irtenbide bila, askotariko laguntza jaso du, baina, azkenean, bere buruarekin egindako barne- lanketari esker, eta bularreko minbizi bat gainditu eta gero, hasi zen argia ikusten.
Zer moduz zaude, Lur?
Azken urte hauetan oso ondo, baina asko kosta zait; oso bakarrik egin dudan bidea izan da hau, bide luzea. Urte hauetan askotan galdu dut pazientzia, baina, aldi berean, inoiz ez dut amorerik eman, oso burugogorra naizelako. Azken bi urte hauetatik hona esan dezaket osatuta nagoela; neure buruarekin bakean nago. Baina pentsa, 46 urte ditut eta 15ekin hasi nintzen psikologoarenera joaten.
Posible da halako gaixotasun batetik erabat sendatzea?
Profesionalek baietz diote, eta nik ere halaxe uste dut, gainditu dudan gauza bat dela. Baina ez da bide erraza. Izan ere, elikadurarekin arazoak dituen horrek bizi izaten jarraitzeko jaten jarraitu behar du derrigor.
Gaur egun, halako gaixotasunei ikusgarritasuna ematea duzu lehentasun.
Bai, beharrezkoa delako, jende asko dagoelako arazoekin. Nik oso presente daukat zein bakarrik sentitu izan naizen. Eta eskerrak ama izan dudan ondoan, zenbat berba egin dudan harekin, eta zelan saiatu den une oro ni laguntzen. Baina gaixotasun hori bizi izan ez duenak nekez uler dezake gaixoa; askotan, profesionalek ere ez dute lortzen.
Konta iezadazu zertan datzan Cuéntate verdad egitasmoa.
Oraindik gorpuztu gabe dagoen proiektua da, baina berbaldi batzuk egin ditut eta momentu txar batean daudenekin bideo-deiak egiten ditut. Askotan berba egitea da halako gaixotasun bat duenak behar duena, ulertzen dutela sentitzea. Gero, profesionalen eskutik euren bidea egin beharko dute, baina saiatzen naiz momentuan laguntza behar duten horiei entzuten; nik duela urte batzuk izugarri eskertuko nukeen.
Sare sozialen erabilera okerrak izan dezakeen eraginaz ari gara.
Gu gazteak ginenean ez zegoen sare sozialik; ni jostuna naiz, eta, modak erakartzen ninduenez, modako eta halako aldizkariak erosten nituen, eta, noski, badakigu zeintzuk diren hor azaltzen ziren estereotipoak. Gaur egun, sare sozialek, alde horretatik, min handia egin dezakete. Baina eragina ez da gazteengan bakarrik izaten, baita helduengan ere. Eta ez gara kontziente tartean zenbat gizonezko dauden.
Zure kasuan, sareei zelan hartu diezu neurria?
Begi kritikoa izaten, eta gaizki sentiarazten nauten kontu edo pertsonak jarraitzeari uzten. Oso argal dauden influencerrak jarraitzen baditugu, eta ez besterik, azkenean, gure burmuinak ulertzen du hori dela edertasuna. Baina gorputz normatiboetatik haragoko eduki sortzaileak jarraitzea lagungarri da, mezu egokiak ematen dituztenak...