Epaia ez dadin eskola kirolaren epaile bihurtu

Jokin Bereziartua Lizarazu 2025ko mai. 27a, 14:38

Hiruko saskibaloi txapelketa, Arrasateko Jose Maria Arizmendiarrieta plazan, maiatzaren 10ean. Irudia: Goiena.

Neska-mutikoek 13 urte bete arte ez dute eskola kirola derrigorrez egin beharko, eta hori eragin duen epaiak "ziurgabetasuna" sortu du bailarako koordinatzaileen eta kirol kluben artean. Debagoienean, egun, 2.300 umetik gora daude izena emanda; inplikatuek diote hurrengoa "trantsizio-ikasturtea" izango dela.

Puntua aldizkariaren 456. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

Derrigorrezko hezkuntzan 6 eta 16 urte arteko ikasleek eskola-orduetatik kanpo egiten duten kirol jarduera da eskola kirola. Zientifikoki frogatuta dago adin horietan kirola egitea oso garrantzitsua dela umeen garapenerako; batez ere, umeen heziketa integralaren ikuspegitik.

Zeresan handia eman du azkenaldian eskola kirolak, epai batek eraginda. Izan ere, 13 urte arteko umeek, orain arte, kirol jarduera federatu bat egin nahi izanez gero klub bat ordezkatuz, eskola kirolean ere parte hartu behar zuten, Gipuzkoako Foru Aldundiak 1989an onartutako foru-dekretu baten arabera. Paisaiako familia batek, hala ere, arau horren aurkako auzibidea abiatu zuen, eta EAEko Auzitegi Nagusiak urtarrilaren 23an eman zuen epaia: familiaren auzibideari arrazoi eman, eta Diputazioaren dekretu hori atzera botatzea erabaki zuen, "adingabeen eskubide indibidualen kontra" dagoela iritzita. Diputazioak helegitea jarri zion ebazpen hari, eta, orain, ebazpenaren zain dago kasazio- helegitea. Bitartean, ordea, Auzitegi Nagusiak epaia behin-behinean betetzeko agindu dio erakundeari, eta, horrenbestez, aurrerantzean klub batean aritu nahi duten umeendako eskola kirola ez da halabeharrezkoa izango. Bestalde, maiatzaren 12an, Kirol diputatu Goizane Alvarezek iragarri zuen 2026-2027ko ikasturterako 60 eurokoa izango dela eskola kirolaren urteko kuota, datozen bi ikasturteetan kuota homogeneoa lortzea helburu. Orain arte, Debagoienean 110 eurokoa izan da kuota –ikasle zaurgarriek ez dute ordaintzen–. Alvarezek agerraldi berean eman zuen aditzera, besteak beste, Gipuzkoako ikasleen %60k hartzen dutela parte eskola kirolean.

Baina zein eragin izango du behin-behineko epaiak hurrengo ikasturtean? Ziurgabetasuna da gehien errepikatzen den hitzetako bat eskola kirolaren bueltan diharduten Debagoieneko eragileen artean.

LEK, "aitzindari eta eredugarri"

Athlon kooperatibak koordinatzen duen Leintz Eskola Kirolaren (LEK) barruan 1.174 neska-mutiko izan dituzte amaitzear dagoen ikasturtean, eta haiekin 61 hezitzaile aritu dira lanean; azken hamar urteetako datuei erreparatuz, pandemia aurretik izan zuten datu handiena, 1.250 neska-mutikorekin, eta pandemiako beherakadaren ostean kopurua berreskuratzen doaz urtez urte. Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza, Leintz Gatzaga eta Aramaioko udalek, Arizmendi ikastolako sei gunek eta herri eskoletako bost ikastetxek hartzen dute parte LEKen. 20 urte bete dituzte, hastapenetik "aitzindari eta eredugarri" izan den programa bateratuan. "Gaur egun bailaran dugun egitura eredugarria da, dituen ezaugarriengatik: ikastetxe guztiek ekintza bateratuak egiten dituztelako, ikastetxeetako instalazioak erabiltzen direlako, hezitzaile guztiek dutelako kontratua eta formakuntza, eskaintza kirol aniztasunean oinarritzen delako, aisialdi-kirol lerroa errotu delako, inklusioa bultzatzen dugulako eta aurten seigarren aldiz Eskola Kirol Egokitua programa garatu dugulako, aniztasun funtzionala duten ikasleei zuzenduta", adierazi du LEKeko koordinatzaile taldeko Julen Aranbarrik. "Elkarlana" dute oinarri LEKen, Diputazioarekin, udalekin, kirol elkarteekin eta eskola kirolean zeresana izan dezaketen gainerako eragileekin, baina programako "protagonistak ikasleak" direla argi eta garbi utzi du Aranbarrik: "Ikasleak jartzen ditugu erdigunean; haientzat kirol hastapen eredu zabala eta hezitzailea eskaintzea da gure lehentasunezko konpromisoa".

Ze iritzi duzu eskola kirolaz? Seme-alabak gustura joaten dira?

Itziar Arrieta: "Alabak gustura joaten dira eskola kirolera; haientzat oso garrantzitsua da kirola egitea. Eredua asko gustatzen zait; askotariko jarduerak probatzen dituzte".

Arantzazu Ezkibel: "Kirol hastapenerako garrantzitsua da eskola kirola, ikuspegi hezitzailetik kirola egin eta etorkizunerako ohiturak har ditzaten. Gure etxekoak gustura joaten dira".

Asier Ibarrondo: "Alaba pozik doa eskola kirolera. Askotariko jarduerak probatu izan ditu, lagun berriak egin... Umeei jarduera fisikorako eta kirol-balioetarako aukera bermatu behar zaie".

Ekaitz Aranburuzabala: "Beharrezkoa da eskola kirola. Kirol ezberdinak, gutxituak ere, probatzen dituzte bat aukeratu aurretik, eta bizipen berriak dituzte ondoko herrietakoekin. Balioak ere ezagutzen dituzte".

Ikasleen kirol garapenerako bidelagun egokiak izatea "ezinbestekoa" dela sinistuta, Aranbarrik dio "zorionekoak" direla LEKen dituzten hezitzaileak izanda: "Zorionekoak gara, bailara honetan kirol arloko ikasketak eskaintzen dituzten unibertsitateak ditugulako eta gure begirale taldea osatzen duten gazteek ikasketak dituztelako. Asko pozten gaitu, gainera, LEKeko ibilbidean zehar gazteek inplikatu egin nahi izan dutela umeekin eta nerabeekin lan egiteko; eurak gabe hau guztia aurrera ateratzea ez litzateke posible izango. Egunerokotasunean dihardute ikasleekin, haien kirol hastapenean oinarrizko abileziak irakasten eta zapatuetako ekintzetan parte hartzera animatzen". Horregatik, eskola kirola "bizirik" dagoen proiektua dela dio Aranbarrik: "Eraldatzen eta egokitzen jakin behar du, egoera berriei proposamen berriekin eta aberatsekin aurre egiteko. Hurrengo ikasturteari ziurgabetasunetik begiratzen diogu, baina, kirol hastapenetan jarduera aniztasuna oso garrantzitsua dela uste dugunez, orain arteko esperientzia baliatuta hartuko ditugu erabakiak aurrerantzean ere. Gainera, kirol klubetako eskolekin osagarri gara eta espero dugu izaten jarraituko dugula".

Bergarako eskola kirolean ere, "hobetzen joateko konpromisoa"

Bergarako eskola kirolean 522 neska-mutiko izan dituzte aurten, 11 hezitzailerekin, eta Antzuola eta Elgeta ere aintzat hartuta beste 100 bat neska-mutiko aritu dira. Bergarako eskola kiroleko arduradun Unai Orgazek dio "aberasgarria" dela umeek txikitatik kirol ezberdinak probatzea: "Ez dut uste ona denik kirol batekin itsutzea horren gaztetatik, espezializazio goiztiarrak ez du-eta bermatzen, inondik inora, goi mailan jardutea. Gainera, etorkizunean kirola aldatzeko hauturako errazagoa izango zaio nerabeari kirol berrira egokitzea. Era berean, badaude familiak jarduera fisikorako ohiturarik ez dutenak, eta haientzat aukera ederra da eskola kirola, euren seme-alabek gutxienez astean birritan eta asteburu batzuetan kirola egin dezaten". 2025-2026ko ikasturtera begira "ziurgabetasun handia" dutela dio Orgazek: "Gertuko guraso asko eskola kirolaren aldekoak dira, eta hori ona da. Guraso askok eskola kirola ezagutu izan dute, eta hori lagungarri da. Urtez urte hobetzen joan gara, eta gakoetako bat hori bera izan daiteke, neska-mutikoendako ahalik eta programarik erakargarriena osatzen jarraitzea".

Izen-emateetan jaitsiera izango dela uste du Orgazek: "Bergarako eskola kirolean izena emanda dauden umeen erdia baino gehiago kirol kluben eskoletan ere ari dira, eta hor daudenetako batzuek, ezin jakin zenbat eta zergatik, ez dute izenik emango hurrengo ikasturtean eskola kirolean. Etorkizunera begira galera dela uste dut, joko-arau zein trebetasun aldetik; kirol guztiek ematen dute zerbait, baina kirol bakarra bakarrik landuta, gauza asko geratu daitezke garatu barik".

Oñati: eskaintza bateraturantz?

Oñatin ere arrakasta handia du eskolak kirolak: 564 ume ari dira guztira, hamabi begiralerekin eta hiru koordinatzailerekin. Oñatiko Udaleko eskolako kiroleko arduradun Rosa Lasagabasterrek "kirol hastapen bateratuaren" ideia azpimarratu du: "Gure begirada umearengan jarri beharko genuke, eta kirol hastapen bateratu baterantz joateko bidea egiten hasi denon artean. Oñatin, behintzat, kirol hastapen bakarrerantz joan beharko genuke; eskaintza bakarra adostu beharko genuke Aloña Mendirekin batera. Eskola kirola hezitzailea da eta helburu pedagogikoak ditu begiz jota; aldiz, kirol klubetan errendimenduari begira daude gehiago... Hor egon daiteke zailtasun handiena, baina Oñatin kirol elkarte bakarra dugu, eta, akaso, hori aukera bat izan daiteke denok ados jarri ahal izateko. Borondate ona eta jarrera eraikitzailea beharko dira, bi aldeen partetik. Umea benetan erdigunean jartzen badugu, badago adostasunera heltzeko aukera. Zaila izango da, baina ez ezinezkoa".

Horrez gain, Lasagabasterrek dio hurrengoa "trantsizio-ikasturtea" izango dela: "Dagoeneko, gaur eta orain, ez da eskola kirolik [Multi bezala ezaguna Oñatin] egin beharko kirol eskoletan jarduteko, eta datorren ikasturtean ere ez. Saiatuko gara izen-emateak maiatzean bideratzen, baina aurreikusten dugu beherakada garrantzitsua izango dela eskola kirolean; bereziki, LHko 5. eta 6. mailetan. Trantsizio-ikasturtea izango da hurrengoa. Gaur-gaurkoz, zalantza asko ditugu". Diputazioak urteko kuota 60 eurora jaisteko neurria, bestetik, "harriduraz" hartu du Lasagabasterrek: "Ulertzen dugu Aldundiak eskola kirola doakoa izateko bidea aztertzen ari dela, baina 2025-2026ko ikasturtean ez da aplikatuko. Gainera, arazoa ez da ekonomikoa; Oñatin arazoak dituen edozein ume salbuetsita geratzen da ordaintzetik. Bestetik, ez dakigu 60 euroko kuotarekin nola ordainduko diren eskola kirolak dakartzan gastuak; egia esan, ez dakigu Diputaziotik nola finantzatuko duten".

Bestalde, eskola kirolean edo kirol klubetan izan, begirale falta dagoela dio Lasagabasterrek, eta haien lanari balioa eman dio: "Begirale guztiak daude kontratatuarekin lanean, eta gutxienez Tafyd titulazioa eskatzen zaie. Hala ere, ezin dugu ahaztu umeekin ari direla lanean eta kirola egiteko argibideak emateaz gain gatazken kudeaketan, indarkeria kasu posibleen detekzioan eta bestelako hezkuntza-gaitasunetan ere trebakuntza behar dutela". Oñatin ekainaren 6an ospatuko dute ikasturtea borobiltzeko azken jaia: "Oñatiko ume guztiak gonbidatu ohi ditugu azken festara".

Jabi Agirre, Aloña Mendi Kirol Elkarteko Futbol Saila: "Hasieran, denetarik proba dezatela, eta gero, izango dute tartea espezializatzeko"

Eskola kirolaren aldekoa da Jabi Agirre: "Neska- mutikoek hasierako urteetan denetariko kirolak probatu behar dituztela uste dut, eta gero, izango dute tartea nahi duten kirolean espezializatzeko. Argi nuen hori gorputz hezkuntzako irakasle nintzenean, eta eredu hori defendatu izan dugu Aloña Mendiko futbol sailean ere. Ez dakigu hurrengo ikasturtea nolakoa izango den, baina penaz hartuko genuke ebazpenak eskola kirolari kalte handia egitea". Aloña Mendiko futbol eskolan 250 bat neska-mutiko izan dituzte aurten: "Zorionez edo zoritxarrez, futbolak arrakasta handia dauka umeen artean; ez dugu ahalegin berezirik egin behar neska-mutikoak erakartzeko".

Josetxo Muniategi, Bergarako Kirol Elkarteko Eskubaloi Saila: "Okerrena litzateke klubak gure artean lehiatzea neska-mutikoak erakartzeko"

Eskola kiroleko izen-emateetan beherakada gertatuko dela sinistuta ere, kirol elkarteek eskola kirola errespetatzea espero du Josetxo Muniategik: "Ondorio okerrena litzateke kirol klubak gure artean lehiatzea neska-mutikoak lehenbailehen erakartzeko. Orain arte, oso kontrolatuta egon da, baina, adibidez, futbolean benjamin mailako taldea sortu daiteke; Bizkaian badaude benjamin mailako lehiaketak. Horri diot beldur handien, ea kirol elkarteek zein jarrera hartzen duten". Bailaran eskola kirola oso egoera onean dagoela deritzo Muniategik: "Kalitatezko eskaintza profesionala da, eta gurasoek, oro har, oso ondo baloratzen dute".

Belen Aranbarri, Arrasate Rugby Taldea: "Eskola kirolak min handia egin digu; ea aldaketa arnasgune bat den guretzat"

Errugbia "kirol oso minoritarioa" izanik, lege aldaketak nola eragingo duen jakiteko irrikaz dago Belen Aranbarri: "Bere sasoian, futbolarekin, eskubaloiarekin eta saskibaloiarekin sartu zuten errugbia, baldintza berberetan, eta neska- mutikoak erakartzeko errugbia beti irten izan da kaltetua. Ume batek egun berean futbola edo errugbia baditu aukeran, ia beti aukeratuko du futbola; lege aldaketak eragiten badu ateak zabaltzea ume gehiagorengana heltzeko, guretzat zoragarri. Eskola kirolak min handia egin digu, Gipuzkoa osoan ia ez dago errugbi eskolarik eta ezin izan dugu Bizkaian edo Araban topaketa bat egin. Ea aldaketa arnasgune bat den guretzat".

Julen Aranburu, Bergarako Kirol Elkarteko Pilota Saila: "Minorizatuak diren kirolak are baztertuago geratzeko arriskua dago"

"Minorizatuak diren kirola are baztertuago geratzeko arriskua dago" Eskubaloi eta saskibaloi sailekin batera eskola kirolaren kudeaketan hartzen du parte Bergarako pilota sailak, Julen Aranburuk gogoratu duenez: "Oso pozik gaude, eskola kiroleko zapatuko topaketetan pilota ezagutzera emateko aukera izaten dugu benjamin eta alebin mailetan". Aldaketak eskola kiroleko izen-emateetan beherakada eragingo duela dio, eta orain arteko eredua begi onez ikusten du: "Umeek ez badituzte kirol ezberdinak txikitatik ezagutzen, ezagunena zaien kiroletara joango dira; beraz, egun minoritarioak diren kirolak are baztertuago egongo dira. Ikusiko dugu zein eragin izango duen aldaketak; ea ez den oso negatiboa...".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak