Goiena telebista: 25 urte informatzen eta entretenitzen

Idoia Aranbarri Arzuaga 2025ko mai. 22a, 14:34

Goiena telebistaren 25 urteotako mugarrietako batzuk. Irudia: Goiena.

Goiena Komunikazio Taldearen 25. urteurrena da aurten. 2000. urteko martxoaren 31n sortu zuten Goiena Komunikazio Zerbitzuak Kooperatiba Elkartea eskualdeko euskara elkarteek. Garai hartan zeuden ibarreko hedabideen bateratzetik etorri zen, besteak beste, maiatzaren 22an Goiena telebista. Euskarazko lehen tokiko telebista izan zen, eta ondoren sortu direnen eredua eta oinarria izan da. Unean uneko teknologietara eta beharretara egokitzen jakin du.

Puntua aldizkariaren 454. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

Maiatzaren 22an beteko dira 25 urte Goiena telebista sortu zenetik –abenduaren 1ean etorri zen Goienkaria–. Mende laurdena darama Goienaren baitan, tokiko informazioa eta entretenimendua eskaintzen eta komunitatea sortzen. ATBren eta Atxabalta telebistaren baturatik sortu zen Goiena telebista –2000. urteko maiatzaren 5ean utzi zion emititzeari Atxabalta telebistak; ATBk, berriz, maiatzaren 21ean eskaini zuen azken programazioa–. Hasiera batean, Leintz bailaran eta Aramaion ikus zitekeen; urte hartako udazkenerako, ordea, Bergaran, Oñatin, Elgetan eta Antzuolan ere sintonizatu zuten.

Goiena telebistako lehendabiziko zuzendaria Jon Aldanondo izan zen. Aurrez ATBko zuzendaria izan zen, eta, dioenez, ATBtik Goiena telebista izatera pasatzea "jauzi potentea" izan zen: "Atxabalta telebistako material eta langileak integratu ziren telebista handiagoa egiteko. Bergararen kasuan, hasieratik ez zen ikusten, baina hango lankideen laguntza izaten genuen gaiak proposatzeko orduan, adibidez. Materiala ere etengabe berritu behar genuen, analogikotik baikentozen. Digitalerako saltoak, emisio-gune berriak eta aparatu berriak. Seinalea ere bailara osora zabaldu behar zen. Murugainen antena genuen, baina ez zuten herri guztietan telebista ikusten. Bergaran San Migelen eta Oñatin Belarren ere jarri genituen antenak. Denbora luzeko prozesua izan zen, lanketa potentea eskatu zuena".

Jon Sarasua Mondragon Unibertsitateko irakasle eta euskaltzaina Kazetaritza ikasten ari zen, eta azaldu du garai hartan "nahiko garbi"zuela hurrengo pausoa tokiko telebistak sortzea zela. Arrasate telebista sortzeko bultzadan egon zen Sarasua, eta geroago Atxabalta telebista sortzen ere bai. Gero, Goiena sortzeko garaian, uste du bi ikuspegi zeudela: "Udalerriak izan behar du oinarrizko komunikazioaren zelula ala eskualdera salto egin behar dugu? Gehienek ikusi zuten eskualdeko eskalak beste aukera batzuk ematen dituela kalitate oneko gauza bat egiteko. Nik uste dut hasieran tentuz hartu zela, baina ondo argudiatu zutela Goiena bultzatu zutenek, eta lortu zutela poliki-poliki bakoitzak –ATB eta Atxabalta telebista– bere proiektua utzi eta handiago batera salto egitea".

Aldaketarekin, zailtasunak eta inbertsioak

Fusio hark hasieran emisiorako garaian hainbat arazo ekarri zituela gogoan du Aldanondok. "Arazoak izan genituen hasieran, sistema ezberdinak genituelako grabaketetarako, adibidez. ATB sistema profesionalagoekin ari zen lanean, baina Atxabalta telebista ez. Orduan, hango artxiboan integratzeko arazoak genituen", dio.

Nola gogoratzen dute Goiena telebista han lan egin zutenek?

Oihan Vega, irratiko esataria: "Ezin da ulertu nire ibilbidea Goiena telebista barik. EITBn sartzean: 'Aurretik telebistan ibilitakoa zara?' Noski! Beti izan da eta izango da betirako nire etxea.

Kepa Errasti, aktorea: "Nostalgia handi eta politeko garai batera eramaten naute Goiena telebistako oroitzapenek. Izan ere, ikus-entzunezko medioan nire lehen urratsak izan ziren".

Amagoia Lasagabaster, ELA sindikatua: "Lehen lan esperientzia izan zen; beraz, ilusio handiarekin ibili nintzen. Denetarik egin behar genuen: telebista, prentsa, irratia... Unibertsitatean baino gehiago ikasi nuen!".

Iban Gonzalez, errealizadorea: "Goiena telebista sekula ahaztuko ez dudan abiapuntua izan zen. Ilusioz batutako talde txikia ginen, eta herritik herriarentzat lan egiteko grinak inspiratu gintuen". 

Dena den, bateratze hark "teknologian aldaketa asko" egitea ekarri zuen, Aldanondoren esanetan. "Egokitu zitzaigun egoitza zaharretik gaur egungo egoitzara salto egitea. Horrek ahalbidetu zuen estudio hobeak edukitzea, eta, pixkanaka-pixkanaka, sistema analogikotik digitalera salto egin behar zen. Inbertsio potenteak egin ziren analogikotik digitalera salto egiteko. Ez bakarrik irudia aldatu telebistan, ez bakarrik bailaratu... Urte polit baina gogorrak izan ziren. Halaxe gogoratzen dut, behintzat. Lan asko egin beharrekoak eta aldaketa askokoak. Nik uste dut dena batera egitea tokatu zela, eta askotan pentsatzen dut horrela hobeto izan zela. Batzuetan, uste dut zirt edo zart egitea tokatzen dela, eta holaxe tokatu zen. Esango nuke ondo atera zela. Garai hartako oinarriek balio izan dute orain jarraitzeko".

Egungo Goiena telebistako zuzendari Oihane Agirrek dioenez, bulegoa bateratzeak asko erraztu zuen lan egiteko era: "Bakoitzak lan egiteko modu bat zuen, eta lan egiteko moduak aldatzea ere ez da erraza izaten. Oso moldakorrak ginen. Oso jende gaztea ginen eta gogo handia geneukan".

Kazetariak eta teknikariak: rola banatutik, kazetaritza multimediara

Goiena telebista sortzearekin batera telebista egiteko modua ere aldatu egin zen. Ordura arte, lanak oso banatuta zeuden: teknikaria, kameraria, errealizatzailea... Beste figura bat zen kazetaria. "Horrek izugarrizko aldaketa ekarri zuen, teknikariek ere kazetaritza lanak egiten zituztelako, eta alderantziz ere bai. Kazetariek ere ikasi behar izan zuten grabatzen, eta hori askoz gehiago indartu da azken hamar urteetan. Telebista tradizional-tradizionala egitetik komunikatzaile izatera bihurtu da langilea", nabarmendu du Aldanondok.

Kazetaritza multimediari ere garrantzia eman dio Agirrek: "Urrats bat izan da gure lan-sistema aldatzeko eta gauden lekuen egoteko". Aurreratu du kazetaritza multimediaren figura "kanpotik, BBCtik", ekarri zutela.

Gainerako euskarazko tokiko telebisten akuilu CIESen

2024ko datuen arabera, 5.000 ikus-entzule izan zituen Goiena telebistak Gipuzkoan egunero; horrez gain, 3.255 bideo sareratu ziren iaz, eta 557.000 ikustaldi baino gehiago izan zituzten urte osoan. Komunitateari garrantzi handia eman dio Goiena telebistak, haiekin haiendako sortzen baititu ikus-entzunezkoak. Kantari, Danbaka, Algaraka eta azken hilabeteetan martxan jarri duten Podcast Gela ikusi besterik ez dago.

Sarasuak adierazi du eskualde sentimendua sortzeko parte handia izan duela Goiena telebistak, eta, haren esanetan, euskarari "ekarpen handia" egin dio eta bailarari eman dio bertako kalitatezko hedabide multzoa edukitzea: "Nik uste dut Euskal Herriari eman diola inspirazio iturri bat. Euskal Herrian egin beharreko hurrengo operazio handietako bat hedabide mailan honek izan behar du: Goiena asko sortzea Euskal Herriko eskualdeetan eta bailarei eskaintzea eskualdeko multimedia bat. Euskaran ardaztutako multimedia, eta eskualdeko indarrek gobernatua. Orduan, Goiena, aitzindari izateaz gain, eredu ona da".

Aldanondok Goiena telebistaren eredua hartu, eta 2003tik 2008ra bitartean Goierri telebista eta 28 Kanala martxan jarri zituen; baita Zarautz telebista eta Kaito telebista bateratu ere, Urola Kostan, eta Bizkaiko Oizmendi telebista digitalizatzeko prozesuan lagundu ere bai. Telebista "eredugarri" modura deskribatu du: "Nik uste dut Goiena telebista lokalik martxan ez balego, nekez egongo liratekeela beste adibide batzuk. Han ikasi eta ikusi genuena aplikatu dugu besteetan. Bakoitzak bere ahalmenen arabera".

Oihane Agirre: "Edozein garapeni oso adi egon gara beti"

Jon Aldanondoren ostean hartu zuen Goiena telebistako zuzendari kargua Oihane Agirrek.

25 urtean teknologia asko aldatu da; Goiena telebistak jakin du unean uneko teknologiara egokitzen?

Bai. Edozein garapeni oso adi egon gara beti, jakinda telebista inbertsio handia eskatzen duen hedabidea dela. Beti punta- puntako teknologiari begira egon gara. Digitalizazioak ekipoa asko merkatzea ekarri zuen, eta hori, bereziki, telebista txikiendako onura izan da, denon eskura baliabide hobeak egotea ahalbidetu baitu; adibidez, zuzenekoak. Hasieran, pentsaezina zen; egun, mugikorrekin egin daiteke.

Hainbeste jaitsi da, egunerokotasunerako ENG kameratatik eskuko telefonoetara pasa zarete.

Esango nuke mojo ekipoekin [sakelako telefonoa erabilita egiten den kazetaritza] grabatzen hasi ginen lehen telebista izan ginela Euskal Herrian. RTVEtik ekarri genuen eredu hori.

Teknologiaz gain, kazetaritza egiteko modua ere aldatu da?

Ekipoak erabilerrazagoak dira, eta guk kazetari multimedia figura sartu genuen. Lehen, grabaketa mundua esklusiboa zen ikus-entzunezko teknikariendako; orain, ez. Kazetariak ere egiten du grabaketa, eta kazetaria bera da kontaketa horretatik amaierara kontrolatzen duena. Teknikariaren lana beste ekoizpen eta muntaia handiagoetara bideratzen da. Horietan, beste kamera mota batzuk erabiltzen ditugu, jakintza teknikoagoa eskatzen dutenak. Entretenimenduak ere bere lekua du gure telebistan.

Goiena telebistaren gertutasunak sinesgarritasun handiagoa ematen du?

Toki telebistei buruz hitz egiten dugunean, beti publikoari buruz hitz egiten dugu. Bertako albisteak eta bertako protagonistak agertzen dira kameren aurrean. Haien iritziak jasotzen dira. Gainera, elkarbizitzen ikasi dugu. Kalera irteten garenean, debagoiendarrek identifikatu egiten gaituzte. Batzuk ez dira animatuko kamera aurrean irtetera, baina ohituta daude gu ikustera.

Telebista ikusten dugu?

Bai, baina ikusteko era aldatu egin da. Lineala kontsumitzen genuen, eta, gaur egun, nahi dugun lekutik eta euskarritik aukeratzen dugu zer ikusi. Beste zabalkunde-kanal batzuetatik heltzen gara, eta, hortaz, ikus-entzunezkoen kontzeptua ere aldatu egin da. Formatua aldatzen goaz zabalkunde-bideak kontuan izanda.

Nola ikusten duzu Goiena telebistaren etorkizuna?

Komunitatea oso presente izaten jarraitu beharko dugu. Haiekin batera egin behar dugu; horretan ez daukat zalantzarik. Jarraitu beharko dugu oso-oso adi egoten teknologiari; bereziki, adimen artifizialari. Beste hedabide batzuekin ditugun aliantzak garrantzitsuak dira, euskaraz sortzen dugunok oso gutxi gara eta. Goienaren 25. urteurrenean hau esaten dugu: Historia egiten jarraitzen dugu, komunitateko istorioak jasota. Arantzatxo bat daukat: 2010era arteko artxibo analogikoa digitalizatzen ari gara, baina oso poliki. Hor sekulako altxorra daukagu. Jendeak izan garena ikustea gustuko du. Hala bazan saioarekin ikusi dugu hori. Laster estreinatuko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak