DATUETATIK TIRAKA

Gero eta jende gehiago bizi da bakarrik

Txomin Madina Milikua 2025ko mai. 16a, 07:02

EAEn dagoeneko gehiago dira pertsona bakarra bizi diren etxebizitzak seme-alabak dituzten etxebizitzak baino. Azken lau urteotan pertsona bakarra bizi den 27.000 etxebizitza gehiago zenbatu dituzte; hau da, ia hiru etxebizitzatik bat –%31–.

"Europa osoan izaten ari den trantsizioa gurean ere gertatzen ari dela diote datuek; hau da, gizarte komunitariotik gizarte indibidualistagorako jauzia ematen ari garela, edo, bestela esanda, gehiago inporta duela pertsonaren proiektuak gizarte-proiektuak baino". Horixe dio Javier Yanguas Psikologian doktoreak eta La Caixa Fundazioko hirugarren adinekoen programako zuzendari zientifikoak. Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak egindako azken ikerketak datu esanguratsua mahai-gaineratu du: lehenengo aldiz, gehiago dira pertsona bakarra bizi den etxebizitzak seme-alabak dituzten etxebizitzak baino.

Yanguasen ustez, "icebergaren punta" islatzen du Europa mailako arazo eta erronkatzat jotzen duen bilakaera horrek: "Gaur egungo gazteen demografia oso txikia da, eta konplexua da suspertzea; etxebizitzarako sarbiderik ez, soldata txikiak, bizi-proiektu mugatuak… Guraso izateko baldintza batzuk behar dira eta gazteek ez dute halako bermerik ikusten".

%13,8 bizi dira bakarrik

Zenbakietara etorrita, oso antzekoak dira Gipuzkoako eta EAEko ehunekoak, dezimal gutxiren aldearekin. Hala, EAEko biztanleriaren %13,8 bakarrik bizi da; horietatik %43,2 dira gizonezkoak eta %56,8 emakumezkoak. Adinak, halaber, asko baldintzatzen du generoaren aldagaia; esaterako, Gipuzkoan bakarrik bizi diren gizonezkoen %42,7k 45 eta 64 urte artean dituzte, eta emakumeen kasua, tarte horretan, %25,6koa da. Bestetik, Gipuzkoan bakarrik bizi diren emakumezkoen %58,8k 65 urte baino gehiago dituzte, eta gizonezkoen %29,5ek.

Bakarrik sentitzea, desberdina

Bakarrik bizitzea "objektiboa eta zilegi" dela iritzita, gehiago kezkatzen du Yanguas bakardade ez-hautatuaren fenomenoak. "Esan genezake espektatibaren eta errealitatearen arteko distantziaren araberakoa dela; adibidez, nahi duzula jendearekin egon, baina ez zarela egoten nahi beste", azaldu du.

ONCE eta Axa fundazioek EAEko bakardade ez-hautatuaren barometroa neurtu dute, eta, antza, %14,5ek sentitzen dute bakardade ez-hautatua gaur egun. Bakarrik bizi direnen %26 daude egoera horretan, eta, bestetik, gazteen artean gailentzen da, batez ere, 18 eta 34 urte artekoen %23,2k aitortu baitu hori.

GAZTEEN %23K SENTITZEN DUTE BAKARDADE EZ-HAUTATUAN BIZI DIRELA

Yanguasen esanetan, "ez da gaixotasunen zakuan sartu behar, baina lotura du minbiziarekin, alzheimerrarekin, patologia psikiatrikoekin eta gaixotasun kardiobaskular eta immunologikoekin".

Hala, barometroaren arabera, EAEko biztanleen %92,8k diote bakardadea prebenitzeak lehentasuna izan beharko lukeela administrazio publikoentzat. Ildo beretik, Aldundiak Adinberri proiektua dauka martxan, harremanak eta proiektu berriak sortzeko estrategia gisa, baina, psikologoaren esanetan, inbertsio handiagoa egin behar da, "interdependentziak sendotzeko eta besteekiko konpromisoa suspertzeko" falta sumatzen baitu.

Debagoieneko diagnosia

Eskualdeko udalak ere hasiak dira gaiari errotik heltzen. Arrasateko Udaleko Ongizate Saileko zinegotzi Jasone Giraldok aurreratu du Debagoien mailako Bakardadearen diagnosia osatzen dabiltzala, eta laster emango dutela emaitzen berri. "Bakardadea udalerri guztioi arduratzen gaituen gaia da, eta badakigu ez dela adin-tarte konkretu baten jabetza esklusiboa. Datu zehatzak jakiteko, galdetegi bat egingo dugu, herritarrek bete dezaten, eta elkarrizketak egingo ditugu pertsona konkretu batzuekin. Bakardadearen mapa osatuko dugu, beharrei ekintza egokiekin erantzuten lagundu diezagun", adierazi du Giraldok.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak