Puntua aldizkariaren 453. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Nire karnetak dio 1931n jaiotakoa naizela, baina ez dakit egia izango ote den", dio, barrez, goizeko bueltatxoa emanda etxera iritsi berri den Jaxinto Lizarraldek. 94 urteko oñatiarra dagoeneko ez da gaztetan moduan egunero Aizkorrira igotzen, baina ez pentsa aspaldi erretiratuta dagoenik, 85 urterekin igo zuen-eta azkenekoz tontor maitatura, eta orain ere bizpahiru orduko paseoak ematen ditu, Oñatiko inguruko mendi-bideetan. "Beteta daukat kupoa", dio.
Lizarraldek bezala, erreportaje honetarako batutako lagunek diote kirol jarduerak onura galantak ekartzen dizkiela. Izan ere, Osasunaren Mundu Erakundearen esanetan, 65 urtetik gorako pertsonek astean 150 eta 300 minutu artean egin beharko lukete kirola. Baina adin horretan %60k baino ez dute kirol apur bat egiten, eta %30 erabat sedentarioak dira.
Jarraian datozen lagunek, baina, kirol erronkak maite dituzte. Marije Etxebarria aramaioarra duela hiru urte hasi zen futbolean jokatzen, 73 urterekin. Maria Jose Gilek ehunka domina eskuratu ditu atletismo lasterketetan, eta iaz, Eivissan jokatutako Espainiako Txapelketan lehiatu zen, 84 urterekin. Karmelo Bergaretxe mendizale eta eskiatzaile amorratua da, eta, 83 urte baditu ere, negua iristeaz batera eskiatzeko botak janzteko gogoz egoten da. Eta lasterketak pasioz bizitzen dituen bosgarren laguna Juan Martin Elexpuru da. Bergararrak Espainiako duatloi txapelketa irabazi berri du, 70 eta 75 urte arteko kategorian, Caceresen.
Jaxinto Lizarralde (Oñati, 1930) milaka aldiz igo da Aizkorrira, eta hau ez da hiperbole bat, urte askoan egunero egin zuen-eta EAEko tontor garaienera joan- etorria –bost igoera ere egin izan ditu egun berean–. Hala, Euskal Herrian ultra distantzietako lasterketarik ez zegoenean oñatiarra bazebilen halakoak egiten. Pentsa, 1980an 37 ordu erabili zituen Muruan (Araba) hasi eta Gorbeia, Anboto, Udalatx, Aizkorri eta Aralartik pasa eta gero, Txindokira igotzen. Sei urtera jaio zen, 1987an, Hiru Haundiak mendi lasterketa.
Euskal Mendizale Federazioaren datu-basearen arabera, Jaxinto Lizarralde da urte gehien dituen gizonezko federatua, eta oñatiarrari errekonozimendua egin zioten iaz, Gasteizen egindako ekitaldian – Andres Espinosa Euskal Mendizale 2024 saria eman zioten–. Abenduan berrituko zuen federatu txartela, seguru. "Mendiak bizitza ematen dit, eta ezin diot uko egin horri".
Erronka bat aukeratzea, zaila
Egindako erronka guztietatik bat aukeratzeko eskatzerakoan, Lizarraldek ez dauka garbi. Santiago bidea hainbat lekutatik egin izan du, Aizkorrira bost alditan igo zen behin, Gorbeia eta Txindoki ere lotu zituen zeharkaldi batean –140 km–. "Kirol erronkak egitea gustatzen zitzaigun, eta bat aukeratzea, ez dakit, ba…". Esaterako, 66 urterekin Kilimanjaro (Tanzania) igo zuen; erretiroa hartu zuenean etxekoek oparitutako bidaia izan zen. "Hamaika laguneko espedizioa joan ginen eta denok lortu genuen gailurra egitea. Hala ere, 6.000 metrora egonda, ez pentsa gora iritsitakoan inork aurreskua dantzatzeko gogorik zuenik", dio, barrez. Hala, Lizarralde urteak egiten joan den neurrian egokitzen joan da egin zezakeen jarduera fisikoa. "85 urterekin Andoni Aizpururekin batera igo nintzen azkenekoz Aizkorrira, ETBrako saio bat grabatzera. Konbentzitu egin ninduen eta animatu egin nintzen. Neguan igo genuen; elurra zen goian, eta aitortuko dizut tontorrean hunkitu egin nintzela". Gerora, Aizkorrira beharrean Arantzazura egiten zituen joan-etorriak. 91 urterekin iktusa izan ostean, autobusean igotzen zen Arantzazura, eta jaitsi egiten zen oinez. Gaur egun, 94 urterekin, mendi irteerak gehiago neurtu behar ditu, baina ez da etxean geratzekoa. "Orain, Oñatitik ikusi behar ditut inguruko gailurrak, kaletik, baina ibiltzen naiz oinez, bai. Inguruko mendi-bideetan egiten dut paseoa; astean hirutan edo, bizpahiru ordu inguru egiten ditut". Hala, hura baino gazteagoak direnei gomendio bat ematera ere animatu da. "Egin dezatela kirola; ahal den bitartean egin, aktibo egotea oso garrantzitsua da eta. Ez da ezinbestekoa luzea egitea, apur bat egitea ere ondo dago, baina egin. Eta behin hasita, gorputzak eskatuko digu gehiago egitea".
Sasoibideko kidea da Marije Etxeberria (Aramaio, 1949), eta martxoaren 8ra begira antolatutako Lilabiden oinezko martxa antolatzen buru-belarri ibili da duela hilabete gutxi. "Arrasaten barrena bost kilometroko ibilbidea egin genuen, erritmo onean, eta, aurtengoa bigarren edizioa izan denez, antolaketa lanak garaiz eta ondo egin ahal izan ditugu". Sasoibidek, baina, bestelako kirol hitzorduetan ere esku hartzen du; esaterako, Realarekin batera elkarlanean egiten duten walking football-a: futbolean jokatzea, oinez. "Pandemiatik irten ginenean mundu guztia hasi zen gauzak antolatzen, arnasa hartzeko beharra izango bagenu moduan. Gogoan dut komunikabideetan irten zela Realaren ekimen hori; adinekoek futbolean jokatzen jarrai dezaten antolatutako kirol jarduera da, eta Maria Gorrotxategi eta konpainia animatu ziren lehenengo. Geure buruari esaten genion pena zela halakoak antolatu eta gero jendeak izenik ez ematea, eta halaxe animatu ginen futbolean jokatzen ikastera, 73 urterekin", dio, barre eginez.
Etxebarria 2022an ibili zen walking football-ean, Mojategin egiten zituzten entrenamendu saioetan. "Oraindik jarraitzen du talde batek, eta Donostiara ere joaten dira jokatzera. Egia esan, niri hasieran oso arrotza egiten zitzaidan, inoiz futbolean jokatu gabekoa nintzelako, eta ondokoek esaten zidaten ikasturte amaierarako aurrerapenak egin nituela, hobeto moldatzen nintzela baloiarekin, baina tira, ez dakit nik… Gauza berria izan zen niretako, eta giro onean ibiltzen ginen; ikasturte osoa egin nuen, baina gero ez dut jarraitu, oinez eta igerian ibiltzen naiz gehiago".
Goizero kiroldegira
Izan ere, Etxebarria goizero kiroldegira joaten den horietakoa da. "07:30erako joaten naiz, eta kilometro bat egiten dut igerian egunero. Ordu horretan jende dezente egoten da, baina ondoren beste egiteko batzuk izaten ditut, eta nahiago dut goizean kirola egin; pilak kargatzen dizkit. Pentsa, igeri egiten 28 urte ingururekin ikasi nuen. Aramaioarra izanda, baserrian ez geneukan igeri egiten ikasteko modurik, eta ezkondu nintzenean hasi nintzen igerian. Garai hartan, 06:00etan irekitzen zuten Musakolako igerilekua, eta alaba geratzen zen senarrarekin eta ni igerilekura joaten nintzen". Ondorengo urteetan mendira ere askotan joan izan da familiarekin; Pirinioetara, bereziki. "Gaur egun ez ditugu mendi garaiak egiten, paseoan ibiltzen gara gehiago, Arrasateko inguruetan. Esango nuke pandemiatik hona ez dugula Pirinioetara irteerarik egin, baina Hiru Erregeen Mahaia, Aneto, Perdido... halakoak bai, gazteagotan igo izan ditugu". Hala, garbi dauka ez daukala geldirik egoteko asmorik. "Elorregira joan-etorria egiteko ez bada ere, mugitzea oso garrantzitsua da; ezin gara geldirik egon, bestela...".
Maria Jose Gilek (Arrasate, 1940) ez daki etxean zenbat domina izango dituen. "Azoka txikian bakoitzagatik euro bat emango balidate…", dio, umore biziz. Arrasatekoa Espainiako Txapelketetan bakarrik ez, nazioartean ere nabarmendu izan da. "2013an Eslovenian jokatutako Munduko Txapelketan izan nintzen, eta Puerto Ricon eta Italian ere lehiatu naiz. Lasterketa gehienak, baina, Espainian barrena egin ditut; esango nuke Espainiako hiriburu guztietan egin izan ditudala lasterketak".
Aurten oraindik ez du dortsalik jantzi, nahiz eta Lilatoia egin zuen martxoan. "Espainiako Txapelketara joan nahiko nuke, baina nik buruan ditudan markak egiteko ez banago… ez dakit joango naizen". Eta, oraingoz, ez du nahi duen sasoi-puntua hartu, arrasatearra oraindik pistara joaten da-eta serieak egitera. "Joan den astean, 400 metroko serie bat egin, eta ez nintzen batere gustura geratu. Beste serie laburrago batzuk egin nituen, baina etxera joan aurretik beste 400eko bat egitea erabaki nuen, eta hor bai, lasai geratu nintzen egindakoaz (2.12)".
Kasualitatez hasi zen
Gil Durango Kirol Taldeko kidea da 2014az geroztik, lehenago Arrasate Atletiko taldeko kide ere izan zen, baina atletismoan askoz ere lehenago hasi zen: "Modu nahiko xelebrean hasi nintzen korrika egiten. 41 urte izango nituen; senarrarekin Legutiora joaten nintzen, egun-pasa. Senarrak bazuen korrika egiteko zaletasuna, eta behin, lagundu egingo niola esan nion, eta kilometro batzuk egin genituen elkarrekin; halaxe hasi nintzen. Gogoan dut Urkuluko urtegiari itzulia eman nionekoa; zerua ukitu izan banu bezala geratu nintzen".
Lasterketek harrapatuta
Korrika egiten hastetik segituan pasa zen dortsalak janztera. "Lasterketetako giroa gustatzen zitzaidan, eta erronkak izatea. Erandion egin nuen lehenengo lasterketa, 1992an, eta hirugarren sailkatu nintzen; eta hurrengo urtean itzuli eta irabazi egin nuen. Harra sartu zitzaidan orduan, eta gaur arte. Edozein distantziatara egokitu izan naiz: 800 metro, 1.500, 3.000...". Eta distantzia luzeagoetan ere jardun izan du. "Guztira bost maratoi egin ditut, denak Donostian. Lehenengoa duela 32 urte egin nuen, 1993an, eta Anoetako helmugara iritsi nintzenean esan zidaten oso urrun ez joateko, 13:00etan podiumera igo behar nuela, nire kategorian irabazi egin nuelako. Oso oroitzapen ona daukat lehenengo maratoi hartakoa, eta ondoren beste bost egin nituen jarraian. Azkena 1997an egin nuen, 63 urterekin, eta, maratoi guztietan lau ordu azpiko marka egin banuen ere, azkena izan zen ondoen egin nuena: hiru ordu eta erdi".
Karmelo Bergaretxe (Arrasate, 1941) aurten ere eskiak jantzita maldan behera ibili da Pirinioetako eski estazioetan, nahiz eta onartzen duen gaur egun ez duela garai baten moduan elurrik botatzen. Arrasaten inork eskiatzen ez zuenean hasi ziren lagun gutxi batzuk, eurek egindako eskiekin eskiatzen, eta tartean zen Bergaretxe.
Hala, iaz Arrasateko Udalaren errekonozimendua jaso zuen, Kirol Ibilbidearen Saria, Besaide Mendizale Elkartean urteetan egindako ekarpenarengatik –40 urte egin ditu mendi elkarteko zuzendaritzan–. Eta, besteak beste, makina bat eski irteera antolatu du Pirinioetara eta Alpeetara. Izan ere, hori izan da Bergaretxeren pasio handietako bat, eskia. "1966 inguruan hasiko nintzen eskiatzen, 25 urte inguru nituenean. Beste batzuei ikusita hasi ginen gu ere, mendiko botei lokarriak jarri, egurrezko eskiak egin eta tira, Urbia aldera joaten ginen eskiatzera, Eskistako inguruetara. Orduan, elur asko botatzen zuen, eta Oñatiko lagun batzuekin batera joaten ginen. Oñatiko Zerrajeratik motor bat lortu zuen Juanito Ibarrondok, eta Land Roverrean igo zuten Eskistako aterpeko inguruetara; oraindik han dago motorra, Artzanburura begira, estalita dago, kapsula moduko batean, baina uste dut inork ez duela jaitsi. Kontua da motor harekin arraste bat egin zutela, eta hari esker han ibiltzen ginen gora eta behera, eski estazio batean egongo bagina bezala". 70eko hamarkadako kontuak dira horiek, eta Bergaretxek uste dut arraste hura hamarkada batez edo egon zela erabilgarri. "Izan ere, orduan ez geneuzkan Pirinioetara joateko gaur egun dauden baliabideak. Candanchura edo Formigalera egindako bidaiak ondoren etorri ziren".
Eskia, eta mendia
Horiek izan dira Bergaretxeren zaletasun handienak, gaur egun oraindik alboratu ez dituenak. Baina ez dira izan bakarrak. "Gaztetan pilotan egin nuen; 15 bat urtez ibili nintzen afizionatu mailan txapelketetan esku hartzen, eta hogei kopa inguru irabaziko nituen. Eta gero, urteetan egon gara Uarkapen palan jokatzen. Lastima, duela lau urte inguru utzi genion palan jokatzeari; lagunetako bati ebakuntza egin zioten belaunean, eta gero ez ginen ostera ere hasi". Bada, palan ez, baina orain ere mendira astean hirutan joaten da Bergaretxe. "Tarteka, autoa hartzen dugu Arrasatetik apur bat urruntzeko, baina, normalean, herri inguruan ibiltzen gara, lau bat orduz". Duela hiru urte, 80 urterekin, Posets igo zuen, Pirinioetako bigarren mendi garaiena (3.368 metro): "Baina, normalean, mendi errazagoetara joaten gara. Geldirik ez egotea da kontua".
Juan Martin Elexpuruk (Bergara, 1950) urtean hiruzpalau aldiz janzten du dortsala. Duela hilabete, Espainiako duatloi txapeldun izan zen, 70 urtetik gorakoen kategorian, Caceresen egindako lasterketan, eta hurrengo hitzordua udazkenean izango du. "Seguruenik, Donibane Lohizune-Hondarribia maratoi erdia egingo dut, urri amaieran. Urtean saiatzen naiz lasterketa gutxi batzuk egiten; Antxintxika krosa izan daiteke beste aukera bat, edo Behobia-Donostia... Kontua da halako erronkengatik ilusioa mantentzea, entrenatzeko gogoari eustea. Bestela, gaur egungo bizimoduak jatera eta komeni dena baino gehiago edatera eramaten gaitu, eta komeni da zaintzea".
Maratoia 28 urterekin
Elexpuruk Donostiako lehenengo maratoian jantzi zuen dortsal bat lehenengoz, 1978an. "Esango nuke lasterketa hark bergarar askoren artean korrika egiteko zaletasuna piztu zuela, ordura arte federatutako atletek baino ez zutelako korrika egiten herrian". Eta gero etorri ziren garai hartako biatloiak, triatloiak, neguko duatloiak... "Azkar utzi nion triatloiak egiteari, bospasei egingo nituen, igerian ez nintzelako batere ona; lasterketa hasi orduko atzean geratzen nintzen eta ez nuen gozatzen, uretan larri ibiltzen nintzen. Urte askoan neguko duatloiak egin izan ditut, mendiko eskia sartuta, Jacan, Baqueiran, Reinosan... Asko gozatzen nuen halakoetan, eta azken urteotan duatloietan nabil". Caceresen jokatu berri duen duatloian – esprint modalitateko finala– lasterketako partaideek 5 kilometro egin zituzten korrikan, ondoren 20 kilometro bizikletan eta, azkenik, beste 2,5 kilometro arineketan egin behar izan zuten. Elexpuruk 1.23.57ko denbora egin zuen, eta sei minutu atera zizkion bigarren sailkatu zen Roberto Llamedo galiziarrari.
"Zergatik egiten dut hau?"
Hori da Elexpuruk behin baino gehiagotan bere buruari egin dion galdera: "Kirola egiteko nahia izan behar da, batetik, baina gustatu egin behar zaizu egiten duzun hori; bestela, berehala utziko duzu eta. Kontua ez da soilik kirola egitea; izan daiteke dantzan egitea, edo aitzurrarekin ibiltzea. Izerdia botatzea da kontua". Adinean aurrera egin ahala, baina, zaila izaten da gaztetako markei eustea, eta halakoetan askok motibazioa galtzen dute. "Garrantzitsua da garbi izatea bizitza kandela baten modukoa dela, itzaltzen goaz poliki-poliki, baina horri eutsi egin behar zaio. Adin batetik aurrera badakizu ez duzula korrika garai batean moduan egingo, eta bizikletan berdin. Eta askok hori ikusita kirola egiteari uzten diote, ez dutelako sailkapenetik harago motibaziorik bilatzen. Garbi izan behar da gorputzari gehiago kostatzen zaiola errekuperatzea, lesioak zaindu egin behar direla, baina pena da horregatik kirola uztea".