Alkoholismoa: bizirik dirauen adikzio isila

Jone Arruabarrena 2025ko mai. 8a, 14:35

Alkohola edatea ohikoa da gure gizartean, baina ez da horren normala hark ekartzen duen arazoez hitz egitea: alkoholismoaz. Bailarako hainbat herritan daude Alkoholiko Anonimoen taldeak, baita alkoholikoen senitartekoak biltzen dituztenak ere. Adikzioak bizirik dirauen arren, geroz eta jende gutxiago biltzen dute.

Puntua aldizkariaren 452. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

Lagunekin kalera irten eta garagardo batzuk hartuko ditugu. Afaltzera goaz jatetxeren batera, baina, lehenago, edan beharko ditugu ardo batzuk, ezta? Eguerdiko eguzkiaz gozatuko dugu igandean, baina hobeto trago batzuekin. Eta, parrandan, edango dugu kubataren bat. Baina zergatik ez du hark alkoholik probatu gau osoan? Zergatik edaten du ondokoak Coca-cola eta ez kalimotxoa?

Alkoholaren kontsumoa guztiz normalizatuta dago gizartean, baina batzuentzat aisialdiko praktika normal bat dena arazo bihurtu daiteke askorentzat. Alkoholismoa ikusezina izan ohi da askotan, baina, isilpean gorde arren, Gipuzkoan tasa altuena duen adikzioa da oraindik. Izan Fundazioak berriki emandako datuetan, Gizakia Helburu programan parte hartu duten pertsonen %36k jo dute fundaziora alkoholismo arazoengatik, kokainarekin lotutako adikzioen (%30) eta kalamuarekin lotutakoen (%13) gainetik.

"Gizartean ez dago onartuta arazo bat dagoela. Hipokrisia hutsa da; denok dakigu gertatzen dela, baina, era berean, alkohola utzi nahi duen horri jendeak esaten dio: 'Zergatik ez duzu edaten? Benga, hartu bat...'. Baina benetan arazo bat duzunean, jendeak ez du ezer jakin nahi izaten". Maribelen hitzak dira. Ez du abizenik eman nahi izan, horrela dioelako alkoholikoen senitartekoak batzen dituen Al-Anon elkarteko politikak; anonimotasuna da nagusi. Elkarte horrek Aretxabaletan duen taldean hartzen du parte Maribelek, eta uste du gizarteak "bi aurpegi" dauzkala alkoholismoari dagokionez: "Kontradikzioa iruditzen zait. Ez da ezer ospatzen alkoholik gabe, baina gero, alkoholismo arazo bat duten pertsonak baztertu egiten ditugu".

Normalizazioa, arazo

Alkoholaren normalizazioa arazo bat dela iruditzen zaio Serafini ere. Alkoholikoa da, eta Bergarako Alkoholiko Anonimoetan hartzen du parte. "Oso gogorra egiten zait igande goizetan ogia erostera joan eta gazteak kalean mozkor-mozkor eginda ikustea. Pena handia ematen dit, eta benetan gaizki pasatzen dut, neure burua gogorarazten didatelako", dio Serafinek. Alkoholikotzat du bere burua, duela hiru hamarkada baino gehiago edaten ez duen arren: "Ez dut nahi neure burua alkoholiko ohi bezala izendatzea, alkoholismoa gaixotasun kronikoa da eta. Adi ez bazaude, edozein momentutan erori zaitezke berriz, urte asko edan gabe ematen badituzu ere".

Hain zuzen, lagun baten kasua jarri du adibidetzat Serafinek. Hura ere Alkoholiko Anonimoetako taldean zebilen, eta 28 urte zeramatzan edan gabe: "Egun batean, edaten hasi zen, jada adikziorik ez zuela pentsatuta, eta berriz ere erori zen. Handik sei hilabetera hil zen, haren gorputzak ezin zuelako gehiago". Hura ere egon zen berriro erortzeko arriskuan: "Pandemian osasun arazoak izan zituen nire familiarteko batek, eta gogoan dut etxeko egongelan nengoela, zuzenean armairuan genituen alkohol botilei begira, edateko nahiarekin. Botila hartzeko altxatu nintzenean, lagun batek deitu zidan telefonoz, eta entretenitu egin ninduen erokeriarik egin ez nezan. Baina inoiz ez zaude salbu; erori egin zaitezke".

Alkoholiko Anonimoak, oraindik aktibo

Gaur egun, Gipuzkoan Alkoholiko Anonimoen 21 talde daude, horietatik hiru Debagoienean: Eskoriatzan, Arrasaten eta Bergaran. Arrasaten astearteetan elkartzen dira, 19:30ean –629 14 18 74 telefonoan informazio gehiago–. Eskoriatzan ostiraletan batzen dira, 19:30ean, eta 629 14 18 74 zenbakira deituta jarri daiteke kontaktuan taldearekin. Bergaran, berriz, astelehenetan 18:30ean elkartzen dira.

Alkoholiko Anonimoek hamabi urrats dauzkate alkohola uzteko, eta epe laburreko helburuak jarraitzen dituzte. Esaterako, elkar babesten dute 24 orduz edan gabe egoteko, saio bakoitzean, eta hortik aurrera joaten dira pausoak ematen.

Lehenengo pausoa arazoa onartzea da, eta hurrengo pausoak dira, besteak beste, norberaren egoera aztertu, gainontzeko kideekin esperientziak partekatu eta sortutako arazoak identifikatzea. Erreparazio fase bat ere badago pausoen artean, baita beste pertsona alkoholiko batzuei laguntzeko eginbeharra ere. Hala ere, taldeko kideek adierazten dute guztiek ez dituztela pauso guztiak ezarritako ordenan betetzen, eta malguak izan ohi direla, normalean.

Botilak etxeko egongelan dituela dio, medikuek haren bikotekideari esan ziotelako ez zuela ezertarako balioko alkohola ezkutatzeak. "Esan zioten alkohola edan nahi banuen topatuko nuela modua egiteko, ezkutatu arren". Hain zuzen, alkoholismotik irteteko prozesua "oso gogorra" izan zela dio.

Maribelek ere badaki prozesu gogorra dela: "Jendartean ez da onartzen gaixotasun bat dela, eta, jendeak onartzen duenean ere, esaten du: 'Gaixotasun bat da, baina, nahi izanez gero, sendatu daiteke'. Hori kanpotik esatea oso erraza da. Baina gero, benetan zaila da hortik ateratzea, bai harentzat zein familia osoarentzat". Arazo bat dagoela onartzea izaten da askotan zailena, esan duenez: "Alkoholiko askok, onartzen badute ere, erabakitzen dute horrela jarraitzea, eta hor ez daukazu ezer egiteko".

Onarpena, giltzarri

Serafinek berak urte batzuen buruan onartu zuen, baina, alkoholikoa zela baieztatu arren, zaila egin zitzaion pausoa ematea: "Egunean hiru aldiz esaten nuen ez nuela gehiago edango, eta hiruretan tragoarekin eskuan bukatzen nuen".

Baina zeintzuk dira alkoholismo arazo bat dagoela identifikatzeko seinaleak? Maribelek dio Al-Anonera doazen kideetako asko "gauza arraroak" ikusten hasi zirela familiako kidearengan. "Zerbait gertatzen dela badakizu, baina kontua da ea aurre egin nahi diozun edo nahiago duzun beste alde batera begiratu". Horrez gain, gaixotasuna identifikatzeko orduan estereotipoek kalte handia egiten dutela dio. "Alkoholiko batek beti kristoren mozkorrarekin egon behar duela pentsatzen dugu, lurrean botata. Eta beti ez da horrela. Badaude kalean modu arruntean dauden pertsonak, baina alkoholikoak direnak. Euren bizitzan alkoholak garrantzi handia duen pertsonak". Esan duenez, arazoa agerian geratzen da alkoholik ez dagoenean. Haren familiartekoaren kasuan, esaterako, ospitalean egun batzuk eman behar izan zituenean ikusi zuten ezin zuela alkoholik edan gabe egon: "Ez genuen ulertzen zer gertatzen zen, eta, azkenean, konturatu ginen monoa zeukala".

Al-Anoneko kideak azaldu duenez, gorputzak "geroz eta alkohol gehiago" eskatzen du, eta arazoak ere geroz eta handiagoak izan ohi dira, bizitza normaltasunez egitea galarazi arte. Serafinena da kasu ageriko bat. "Lanera joaten nintzen, baina ez nuen ezertarako balio. Izkina batean esertzen nintzen, mozkortuta, eta esaten zidaten: 'Nahi baduzu, lan egin; ez baduzu nahi, ez. Egin nahi duzuna'. Ezin zuten gehiago nirekin, lana oztopatu baino ez nuen egiten. Ez ninduten bota, jabea familiako laguna zelako".

Gogoan du alkohola edateari utzi zion eguna: "Nire ahizpek esan zidaten alkoholismoa zuten pertsonak tratatzen zituen mediku on bat zegoela Donostian. Joan ginen, eta analisi mordoa egin zizkidan. Emaitzak iritsi zirenean, argi esan zidan: horrela jarraitzen banuen, bi hilabetean hil egingo nintzen". Kontsulta hartara sartu aurretik, garagardo bat edan zuen Serafinek, eta hura izan zen probatu zuen azken edari alkoholduna. 48 urte zituenean gertatu zen, eta 78 ditu gaur egun. Serafinek gogoan du ardoa lehen aldiz edan zuen aldia, 10 urte zituela, gurasoen tabernan.

Horrenbeste urtez alkoholarekiko adikzioa izan ondoren, "oso gogorra" izan zen edateari uztea. "Bi aldiz izan nuen delirium tremens delakoa". Delirio alkoholikoa da delirium tremens-a; besteak beste, haluzinazioak eta dardarak eragiten dituen abstinentzia sindromearen fasea. Alkandora hertsagarri batekin lotu behar izan zuten, edan ez zezan. "Ume txiki bat bezalakoa zara, mundua mozkor egon gabe nolakoa den deskubritzen hasten zara, eta guztia berriro egiten ikasi behar duzu", dio Serafinek.

Al-Anon, 35 urtez Aretxabaletan

Alkoholikoen senideak elkartzen dituen Al-Anon elkarteko bederatzi talde daude Gipuzkoan. Horietatik bat geratzen da Debagoienean: Aretxabaletan. Aretxabaletako Alaitasuna taldeak, hain zuzen, 35 urte betetzen ditu aurten. Taldekideek diote hasieran besteko kiderik ez dela batzen, eta orain dela hamarkada bat Bergaran eta Arrasaten zeuden taldeak ere desagertuta daude, baina oraindik bizirik dirau Aretxabaletako taldeak. Astelehenero elkartzen dira, 20:00etan, eta hau da haiekin harremanetan jartzeko telefonoa: 650 26 59 63. Bailarako pertsona batzuek nahiago izaten dute beste eskualde batzuetako taldeetara joan, pertsona ezagunekin ez elkartzeko. Kasu horietarako, taldeak daude Eibarren eta Legazpin.

Alateen

Horrez gain, Al-Anonek badauzka Alateen taldeak ere, inguruan pertsona alkoholikoren bat duten 12 eta 18 urte arteko nerabeentzat. Horietan nerabeek gidatzen dituzte saioak eta osatzen dituzte taldeak, baina Al-Anoneko kideen laguntza eta aholkularitza izaten dute. Talde guztiek jarraitzen dituzte Alkoholiko Anonimoen hamabi urratsak, eta guztiek mantentzen dituzte anonimotasun arauak, besteak beste.

Alkohola utzi arren, osasun arazo larriak eragin zizkion horrenbeste urtez alkoholarekiko adikzioa izateak: "Urdailaren zati handi bat kendu behar izan zidaten, eta hilabetez koman egon nintzen. Gorputza txikituta utzi zidan horrenbeste urtez mozkor egoteak".

Osasunean bakarrik ez, familiarengan eta ingurukoengan ere arrasto sakona utzi zuen Serafinen gaixotasunak. "Nire semea 10 urte zituela ezagutu nuen. Ordura arte, banekien etxean bizi zela, eramaten nuen hara eta hona, baina ez nuen ezagutzen mozkortuta egon gabe. Alkohola utzi nuenean ezagutu nuen", dio. Emaztearengan ere eragin nabarmena izan zuela dio Serafinek: "Alkohola utzi eta sei hilabetera, egun batean, nire emazteari begiratu nion, eta pentsatu nuen: zer gertatu zaio? Ahituta zegoen duela urte askotatik, ezin zuen gehiago. Nire emaztea suntsitu egin nuen horrenbeste urteren ondoren. Batzuetan ez nintzen etxera lotara etortzen, beste batzuetan nire bila etortzeko deitzen zioten... Ezin zuen gehiago".

Familian eragin handia duela uste du Maribelek ere: "Ikusten duzu familia pixkanaka apurtzen joaten dela. Ez dira betetzen zuk pertsona horrekiko zeneuzkan espektatibak. Pentsatzen nuen denborarekin gauzak konpondu egingo zirela, baina ez zen hala izan. Azkenean, ulertzen duzu zure bizimodua egin behar duzula, eta beste pertsonak berea. Eta ez duzula haren bizitzan askorik sartu behar".

Senitartekoen ohiko ardura izaten da familian alkoholismoaren gaia kudeatu beharra. "Gaiari buruz hitz egiten ez denez, gurasoek seme-alabei ezkutatu egin nahi izaten diegu. Baina, puntu batera iritsita, oso zaila izaten da ezkutatzea. Nire kasuan, pentsatzen nuen ezer ez zekitela, baina gero konturatu nintzen ezer ez zegoela gordeta", dio Maribelek.

Udalaren bidez ezagutu zuen Al-Anoneko taldea: "Lagun batek esan zidan laguntza behar nuela. Udalera jo nuen, eta han esan zidaten elkarte bat zegoela, alkoholikoen familiartekoena". Al-Anoneko kideak dio kasu bakoitza ezberdina dela, eta bere berezitasunak dauzkala, baina badaudela komunean dituzten ezaugarriak: "Konturatzen zara arazoa ez dela zurea bakarrik, jende gehiago dagoela arazo berarekin, eta elkartzen zaituzten gauza asko daudela". Norberaren autoestimua lantzen da saioetan, arazoak konpartitzeaz gain: "Ikasi nuen zein garrantzitsua den neure burua zaintzea, eta norbera ondo egotea. Taldeak babes bat ematen dizu, badakizu ez zaudela bakarrik".

Serafin ere ados dago: "Taldean ez ditugu gure arazoak konpontzen, baina indarra ematen digu, badakigu ez gaudela bakarrik, eta elkarri entzuten diogu. Eta hori garrantzitsua da".

Hala ere, biak bat datoz: bai Alkoholiko Anonimoen taldea zein Al-Anonekoa asko jaitsi dira azken urteetan. "Ez dago konparaziorik. Lehen, jende mordoa biltzen ginen, eta orain, geroz eta gutxiago datoz. Baina argi daukagu ez dela alkoholismoak behera egin duelako. Taldera ez etorri arren, nik badakit arazo hori daukan jendea badagoela", dio Serafinek.

Ana Zendegi, psikologoa: "Edatea ohitura izateak arazo bihurtzen du"

Ana Zendegi psikologoak urteak daramatza adikzioak dituzten pertsonekin lanean; tartean, alkoholismoa duten gaixoekin.

Non dago alkoholismo arazo bat dagoela esateko muga?

Gure gizartean alkohola hain normalizatuta izateak eta legala izateak bere izaera noziboa ezeztatzera eramaten gaitu. Askotan, modu automatikoan egiten dira kontsumoak, eta ohitura bilakatzen dira. Baina ohitura izateak ez du esan nahi ez denik arazo bat; are gehiago, ohitura izateak arazo bihurtzen du. Ezin bagara egon edan gabe edo irten gabe, arazo bat da. Pertsona horrek abstinentzia sintomak nabaritzen baldin baditu, are gehiago.

Zeintzuk dira pertsona alkoholiko bat identifikatzeko seinaleak? Haren ohiturei jarri behar diegu arreta: zenbat edaten du? Zenbatean behin?

Gutxi bada, baina askotan, arazo bat da. Gutxitan bada baina asko, baita ere. Bestelako seinaleak ere badaude: izaeran aldaketak, gogo aldartean aldaketak, arazoa kanpoan jartzea... Gauza asko izan daitezke.

Zeintzuk dira alkoholismoaren sintomak?

Alde batetik, sintoma fisikoak: dardarak, izerdia, azalaren kolore edo itxuraren aldaketa, behatzetako punten forma lodiagoa, abstinentzia sintomak, eta gibeleko arazoak. Psikologikoak depresioarekin lotutakoak izan ohi dira, baita antsietatearekin ere. Kontzentratzeko eta atentzioa mantentzeko zailtasunak ere agertzen dira. Sintoma sozialak ere badaude: edateko beharra sentitzea eta justifikatzea, irten gabe edo alkohola erosi gabe egon ezin izatea, bortizkeria, kontrol gabezia edo inkontinentzia, ardurak ez betetzea, diruaren kudeaketa txarra...

Arazo bat dagoela onartzea zaila izaten da?

Normalean, lehenengo faseetan ez dute inoiz onartuko arazo bat dutenik. Asko kostatzen da arazo moduan identifikatzea, normalizatuta dagoen zerbait dagoelako, eta progresiboki bizitzan sartzen joan den zerbait delako, kasik konturatu gabe. Pertsonari epaitu gabe baina argi eta zuzen hitz eginez, ikusten duguna esan behar diogu. Nola ikusten dugun, zein eremutan ikusten dugun arazoak dituela... Babesa eta alternatibak eskaini behar dizkiogu. Aldatu ezean, erabaki gogor eta finkoak hartuko direla esan behar diogu, muga argiak jarrita.

Nola eragiten die gaixoaren inguruko familiari eta lagunei?

Harremanak oso kaltetuta irteten dira, gatazka asko egoten direlako tarteko. Askotan, bortizkeria handia eta diru arazoak egoten dira, eta, tartean umeak egonez gero, oso egoera zaurgarriak sortzen dira haurrentzat. Hori ekiditeko, mugak jartzea ezinbestekoa da. Lagunen kasuan, kontrako egoerak ere gerta daitezke, kodependentzia deiturikoa; edariarekin arazoak dituenari lagundu beharrean, hori hauspotu eta harekin batera edatea.

Gaixotasun kronikoa da?

Kronikoa den arren, kontrolatu daiteke, eta abstinentzia posible da. Arriskuak beti egongo dira hor, pare-parean, baina egin daiteke. Jarraipen medikoa eta psikologikoa beharrezkoa

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak