Itzalaldiaren hurrengo egunaren lehen orduetan ageriko gorabeherarik ez da izan bailaran, eta egoerak normaltasunerantz egin du denborak aurrera egin ahala. Bingen Zupiriak, Eusko Jaurlaritzak Segurtasun sailburuak, atzo lehendakariarekin batera eginiko agerraldian, adierazi zuen ikastetxeak "leku seguruak" direla, eta gaur normaltasunez jarduteko asmoa zutela; bada, horrela izan da, eskolak zabalik izan baitira Debagoienan eta Euskal Herrian. Garraio zerbitzu publikoei dagokienez, berriz, autobusetan, bailaran ez da gorabeherarik izan, eta beste eskualde batzuei eragiten dien aldiriko trenak ere martxan hasi dira 08:00etatik aurrera, Renfe konpainiak jakinarazi duenez.
Industria ere normaltasunez berreskuratzen ari dela jakinarazi du Zupiriak, eta elektroindarren menpeko enpresetan izan dela "eraginik nabarmenena". Erabateko normaltasuna egon ez arren enpresa gehienetan lanean dabiltza.
Erantzun "argirik" gabe
Zupiriak agerraldia egin du gaur Gobernu Kontseiluaren batzarraren ondoren, eta azpimarratu du garrantzitsua den arren zer gertatu den jakitea, "ez dutela erantzun argirik eta hipotesirik". Dena den, lanean dabiltzala argitu du: "Harremanetan gaude Espainiako Gobernuarekin, eta guk gure esku ditugun baliabide guztiak erabiliko ditugu, baina jatorriari buruzko argitasunik eta zehaztasunik ez dagoen bitartean, ez dugu honen inguruko hipotesirik edo baloraziorik egingo".
Hain zuzen, Imanol Pradalesek, Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, agerraldia egin zuen atzo iluntzean, eta iragarri zuen itzalaldiaren hurrengo eguna ez zela "normala" izango. Era berean, LABI Babes Zibileko Planaren kontseilua berriz batzartuko dela jakinarazi zuen: gaur, martitzena, izango da batzarra, 13:00etan.
Zibererasoaren hipotesia
Eduardo Prieto, Espainiako Red Electricaren zerbitzu zuzendariak, gaur goizean eginiko agerraldi batean aditzera eman duenez, baztertu egin dute itzalaldia zibereraso batek eragin izana: "Gaur goizean ondorioztatu ahal izan dugu ez dela inolako intrusiorik izan sare elektrikoaren kontrol sisteman". Ondorio horretara iristeko orain arteko datuak aztertu dituzte, eta CNI Espainiako zerbitzu sekretuek eginiko ikerketa izan dute oinarri.