Itzalaldia

Etenaren ostean, normaltasunera itzultzen ari da Debagoiena

Mirari Altube Arrese 2025ko api. 28a, 13:54

12:30ak aldera joan da argindarra Euskal Herrian, eta hala izan da Europako herrialde batzuetan ere, hala nola Espainian, Frantzian eta Portugalen. Arazoak eragin ditu komunikazio sareetan, eta telefono deiak, esaterako, tarteka egin ahal izan dira. Egoera bere onera itzultzen hasi da, eta Debagoieneko herri denetan itzuli da argindarra. Eusko Jaurlaritzak, berriz, krisi mahaia aktibatu du.

Eta zuk, nola bizi izan duzu gertaera hau? Konta iezaguzu Whatsapp, Telegram (688 69 00 07) edo Mastodon bidez.

Itzalaldiaren arrazoiak oraingoz ez direla ezagutzen eman du aditzera Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, eta, aldi berean, krisi mahai aktibatu duela, "argindarra joan izanak eragindako egoera aztertzeko". Are gehiago, Herri Babeserako Planaren larrialdi fasearen bigarren egoera deklaratu du. Bingen Zupiriak, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak, azaldu du "poliki-poliki normaltasunera" ari dela itzultzen egoera, eta bi aholku eman ditu: batetik, iragarri du erabilgarri dagoela 112 telefono zenbakia, baina "egoera larrietan" erabiltzeko aholkatu du, "ez dadin kolapsorik egon"; eta beste aldetik, auto pribatuak errepideetan ez erabiltzeko eskatu du, zenbait seinalizazio bide-eta ez direlako martxan jarri.

Espainiako Sare Elektrikoa enpresa hornitzaileak, X sare sozialean jakinarazi duenez, "birjartze plana" jarri du abian. Era berean, Eduardo Prieto zuzendariak adierazi du "gorabehera handiak" izan dituela argindarraren potentziaren fluxuak, eta, horrenbestez, "kolapsatu" egin dela sistema, ez den arren jakinekoa zeintzuk diren horren arrazoiak. Espainiako Gobernuko kideak ere batuta daude egoera aztertzeko. Azkenik, Europako Batasuneko Zibersegurtasunaren Agentziaren lehendabiziko ikerketek "arazo tekniko" batekin lotu dute gertatutakoa, eta ez zibereraso batekin. 

Kaleak, aldrebestuta

Hainbat denda itxi egin dituzte argindarra joan ondotik, esate baterako, Arrasateko Dia, eta herritarrak kanpoan geratu dira zain. Beste supermerkatu batzuetan, berriz, adibidez, Arrasateko Eroskin, kanpin-gasak erosteko baliatu dute unea herritarrek, eta bukatu egin dira.

Lantegi inguruetan ere langileak pilatu dira, eta semaforoek ere funtzionatzeari utzi diote. Horrez gain, lantegi inguruetan langileak pilatu dira, eta trafikoan ere eragina izan du itzalaldiak, ez baitzebiltzan semaforoak.

Aramaion, Udalak jakinarazi duenez, 13:00 aldera Ibarran daukaten argi-sorgailua jarri dute martxan, eta "banan-banan joan dira argindarra Ibarran, eta ondoren, auzoetan jartzen". Oletan ezin izan dute jarri ez daukatelako han argi-sorgailurik. 15:00etan, "prudentziazko denbora pasata", argi-sorgailua itzali eta argindarra saretik jarri dute berriro ere.

Herritarren bizipenak

Zupiriak azpimarratu du igogailuan giltzapetuta gelditu diren pertsonak ebakuatzen dabiltzala uneotan. Bada, Debagoienean ere izan dira horrelako kasuak. Bergarako udaletxean, esaterako, hiru pertsona gelditu dira igogailuan atera ezinik, eta udaltzainek atera behar izan dituzte, azkenean. Etxeetako igogailuetan ere gertatu dira halakoak, eta horietako bat da arrasatear honena: "Ataskatuta gelditu naiz Loramendi kalean, bakarrik. Auzokide batek argindarra joan dela esan dit hasieran, baina, gero, Espainia osoan gertatu dela. Zazpigarren pisutik 40 zentimetrora gelditu naiz; azkenean, anaia agertu da, eta etxetik hartutako igogailuko giltza hartu ondoren atera naiz handik. Ezin izan diot inori deitu: ez 112ari, ez Oronari".

Debagoieneko Ospitalean ez du aparteko eraginik izan itzalaldiak, "normaltasunez" jarraitu baitute lanean argi-sorgailuari esker. Han zen oñatiar bat, eta honako hau dio: "Hankako igeltsua kentzeko txanda nuen hartuta gaur eguerdirako. Igeltsua kendu lehenengo, plakak atera ondoren, eta traumatologoarekin kontsulta horren segidan. Medikuarenetik atera eta hurrengo kontsultarako eguna hartzeko zain geundela joan da argia. Hainbat erizain eta mediku bat edo beste pasillora atera dira zer gertatu den galdezka. Bi igogailuetako bat martxan zebilen, generadore baten bidez, erizain batek esan duenez. Baina ordenagailuak itzalita zeuden. Telefonoa hartu digute txanda hartzeko zain geundenoi eta hurrengo hitzordua telefono bidez emango digutela esan digute".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak