13 urte arteko umeek, gaur arte, kirol jarduera federatu bat egin nahi izanez gero, klub bat ordezkatuz, eskola kirolean ere esku hartu behar zuten, Gipuzkoako Foru Aldundiak 1989an onartutako foru dekretu batean zehaztutakoaren arabera. Paisaiako familia batek, hala ere, arau horren aurkako auzibidea abiatu zuen, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak urtarrilaren 23an eman zuen berria: Diputazioaren betebehar hori atzera botatzeko erabakia hartu zuen, "adingabeen eskubide indibidualen kontra dagoela" iritzita. Foru Aldundiak helegitea jarri zion ebazpenari, eta, orain, ebazpenaren zain dago kasazio helegitea. Bitartean, ordea, Auzitegi Nagusiak epaia behin-behinean betetzeko agindu dio erakundeari, eta, horrenbestez, klub batean aritu nahi duten umeendako eskola kirola ez da halabeharrezkoa izango aurrerantzean.
Hain zuzen ere, atzo, hilak 22, eman zuen agindua auzitegiak, eta Foru Aldundiak jakinarazi zuen ez duela epaiaren exekuzio autoaren kontrako helegiterik aurkeztuko. Haren hitzetan, "errespetatu eta onartu" egiten du epailearen erabakia, "jarritako kasazio errekurtsoaren ebazpenaren zain dagoen bitartean", Espainiako Auzitegi Gorenarena baita azken hitza.
Lankidetzarako prest
Goizane Alvarezek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol diputatuak, adierazi du lankidetzarako prest daudela, epailearen aginduaren berri jakin berritan: "Berretsi egiten dugu Gipuzkoako kirol hastapenetan parte hartzen duten eragileekin batera lanean jarraitzeko konpromisoa, lurraldeko haur guztien kirol eskubidea bermatzeko, erakunde publikoek babestu eta sustatu beharreko eskubidetzat jotzen baita". Era berean, erantsi du eskola kirolaren inguruko ponentzia bat sortu dutela propio, eta horrek helburu duela eskola kirolaren programa "birpentsatzeaz" gain, "Gipuzkoako eredua indartzea, inklusioa, ekitatea eta kalitatea oinarri hartuta".