Orain arte, Gipuzkoan, 13 urtera arteko gazte batek kirol jarduera federatu bat egin nahi bazuen, klub bat ordezkatuz, eskola kirolean ere esku hartu behar zuen. Exigentzia hori Gipuzkoako Foru Aldundiak markatu zuen aspaldi –1989an onartutako foru dekretu baten bidez–, zenbait helburu lortzeko asmoarekin. Esaterako, haurraren garapen etapak eta ezaugarriak errespetatzea, kirol jarduera ezberdinak ezagutzeko aukera ematea edota hezkuntza garapen integrala bermatzea.
Derrigortasun horrek, baina, kluben eta gurasoen protestak eragin izan ditu behin baino gehiagotan. Orain, Pasaiako familia batek helegitea jarri du derrigortasun horren aurrean, eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak arrazoia eman die. Familia horretako 9 eta 11 urteko alabek saskibaloian jokatzea nahi zuten, baina ez zuten eskola kirolean parte hartu nahi. Epaileak esan du multikirol programan derrigor parte hartu behar izatea adingabeen eskubide indibidualen kontra dagoela.
Foru Aldundiak errekurtsoa jarriko duela iragarri du
Epaiaren berri izateaz batera, Gipuzkoako Foru Aldunditik iragarri dute ebazpenari helegitea jarriko diotela eta egungo eredua defendatu dute. Kirol diputatu Goizane Alvarezek esan du egungo ereduak onura handiak dakartzala adingabeen garapenerako, adin horietan kirolean denendako tokia bermatzen duelako, eta hastapen goiztiarregiak sor ditzakeen kalteak saihesten dituela. "Lan izugarria egin eta gero lortu dugu helduendako diseinatuta zegoen eta talentudun gazteak saritzen zituen kirol eredu batekin haurren onurak bakarrik kontutan hartzen dituen eredu batera pasatzea, eta hori irmoki defendatzen jarraituko dugu. Oinarri zientifiko batekin egindako eredua da daukaguna, eta erakusten du kirol jarduera konkretu batean goizegi espezializatzea ez dela onuragarria".