Puntua aldizkariaren 452. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Udalerriko eremu publiko jakin batean kokatuta dagoen eta askatasunean edo erdi-askatasunean bizi den katu-taldea da katu-kolonia bat. Debagoieneko herrietako katu- koloniak zaintzen eman dituzte urteak zenbait debagoiendarrek, euren kabuz, janaria emanez eta babesa eskainiz, besteak beste. Baina Eusko Legebiltzarrak etxeko animaliak babesteko sortu zuen 9/2022 Legeko bosgarren kapituluko 28. artikuluak jasotzen du udalak arduratuko direla herriko katu-koloniak kudeatzeaz –2022ko ekainaren 30ean onartu, eta 2022ko abuztuaren 17an indarrean sartu zen–.
Legea sortu aurretik, zenbait herritan egin zuten kaleko katuen babeserako elkartea sortzeko ahalegina. Arrasaten, esaterako, 2008a ezkero dago martxan Kaonbi elkartea; kaleko katuak babesteko Gipuzkoan sortutako bigarren elkartea da. Bailarako gainerako herrietan saiakerak egin dituzten arren, azken bost urteetan sortu dituzte egun jardunean dauden elkarteak, eta dagoeneko, Kaonbi kontuan hartuta, kaleko katuen babeserako zazpi elkarte daude: KatuZo Bergara Animalien Babeserako Elkartea 2021a ezkero; Oñatiko Kale Katu Elkartea (OKKE) eta Aretxabaletako Babestuz Elkartea 2023a ezkero; eta Eskoriatzako Kuxkuxero Katuen Defentsarako Elkartea, Antzuolako Mixi Elkartea eta Elgetako Katuak iaz sortutakoak dira.
Guztiak dira irabazi asmorik gabeko elkarteak, eta nabarmendu dute norbere herrian bakarka kaleko katuak zaintzen aritzen zirenak elkartu zirela elkarteak sortzeko. Legeak jasotzen duena betetzeaz arduratzen dira, haien helburua baita herri bakoitzean dauden katuen eta kolonien kopurua kontrolatzea eta dauden horiek ondo egotea.
Katu-koloniak, legediak babestuta
Etxeko animaliak babesteko legearen 28. artikuluak hiriko felino-koloniei egiten die erreferentzia, eta lehen puntuak jasotzen du Udalek animalia horien kudeaketa HEMI metodoa aplikatuz egin beharko dutela; hau da, katuak harrapatu, antzutu, markatu eta berriro koloniara itzulita.
Bigarrenak gaineratzen du udalek, ahal dela, metodo hori aplikatzen zaien animalia guztien zainketaz, identifikazio-markaketaz eta erroldaz arduratzen diren pertsona eta elkarteekiko lankidetza sustatuko dutela; eta hirugarrenak, berriz, haiekin lankidetza-hitzarmena sinatuko dutela eta, hala, euren gain hartuko dutela hitzarmenean sinatutakotik erator litekeen erantzuna.
Kaonbi, KatuZo, OKKE, Babestuz eta Mixi elkarteek dute hitzarmena sinatuta Arrasateko, Bergarako, Oñatiko, Aretxabaletako eta Antzuolako udalekin, legeak jasotakoa betetzeko eta HEMI metodoan laguntzeko, eta Elgetako Katuakeko kide Naiara Cordobak eta Kuxkuxero Elkarteko Naia Pagoagak aurreratu dute hitzarmenak sinatzear daudela.
17 urte Arrasateko kale-katuak babesten
Gipuzkoako lehenengo katuen babeserako elkartea Errenterian sortu zen, eta ondorengoa izan zen Arrasateko Kaonbi Elkartea. Duela 17 urte, 2008an, eratu zen taldea, eta elkarteko kide Rosa Maria Francesek gogoan ditu hastapenak. "Garai hartan, herritar askok ematen zieten katuei jaten herriko hainbat gunetan. Batzuk jaten ematearen alde zeuden, beste batzuk kontra; eta enfrentamenduak zeuden", dio Francesek.
Azaldu duenez, Udalak Errenteriako elkartearen berri izan zuen: "HEMI metodoa erabiltzen zuela ikusi zuten. Oso emaitza ona ematen zuen, eta horrekin saihesten duzu kumaldi asko egotea eta leku guztietan katuak egotea".
Udala herritarrekin bilerak egiten hasi zen, aldekoekin eta kontrakoekin: "Bizpahiru bilera egin zituzten, eta mugitzen hasi zen Udala. Paperak egin zituen Eusko Jaurlaritzarekin, eta, azkenean, elkartea sortzea lortu zen". 17 urte hauetako lanaren ondorioz, halako taldeak sortzeko erreferente izan dira, eta hartu-emana izan dute bailarako elkarteekin ere.
Lokalean 40 katu
Dimentsio handiko lokala duen elkarte bakarra da bailaran Kaonbi, eta, gaixorik dauden katuak hartzeaz gain, adopzioan emateko dauzkatenak ere bertan daude. Guztira 40 katu daude, eta gehienak adopzioan dauzkate.
Azpimarratu dute, ia gainerako elkarte guztiak bezala, kaleko katuak babesteko elkartea dela soilik: "Jendeak uste du GKE bat garela, eta uste dute haien etxeko katuak zaintzeko ere bagaudela. Arazo bat badu, guk zabalkundea ematen lagun diezaiokegu, baina ez gara maskotaren kargu egingo. Katu guztien kargu ezin gara egin, ez daukagu baliabide fisiko eta ekonomikorik".
Akordioetan daude jasota bi aldeek egin beharreko lanak. Esaterako, Bergarako Udalak aditzera eman du hitzarmena jarraituz Udalaren betebeharra dela plana onartzea eta dirulaguntza ematea KatuZori, eta elkartearen zereginak direla kale-katuak jasotzea, antzutzea eta askatzea; kale-katuen kolonien jarraipena egitea; kale-katuei jaten ematea; adopzio arduratsua bultzatzea; animalien ongizatearen gaineko kontzientziazioa egitea; eta ikastaroak eta hitzaldiak animalien babesean eta elkartasunean egitea, kontzientzia sortzeko herriko ikastetxeetako haurrengan.
Udalak emandako dirulaguntzak HEMI metodoa aurrera eramateko erabiltzen dituzte, janariak, kaiolak, eskularruak, botikak eta bestelako produktuak erosteko. Albaitariekin ere akordioak dituzte, eta udalak ordaintzen ditu katuak antzutzea eta bestelako tratamenduak.
Gainera, Arrasaten eta Aretxabaletan udalek emandako lokalak dituzte, gaixorik dauden katuak eta adopzioan emango dituztenak babestuta egon daitezen. Eskoriatzako elkarteak aurreratu du lokalaren proiektua abian dela. Antzuolan, aldiz, lokala daukate janaria eta materiala gordetzeko.
Hortaz, etxeko animaliak babesteko legea bultzada izan da elkarteendako, egiten duten lana babesten baitu; elkartea sortzeko bide horretan ere lagungarri izan zaie.
Katuen errolda zenbakaitza
Kaleko katuek badituzte euren taldeak; koloniak, hain zuzen ere, eta horiek identifikatuta dituzte elkarteek. Oñatin hamar daude; Bergaran 22; Aretxabaletan, bost; Eskoriatzan, hamar; eta Antzuolan, zazpi. Horiek, legez, seinaleztatuta egon behar dute, eta, elkarteei galdetuta, Oñatin baino ez daude kartelak jarrita. Eskoriatzan jartzea adostu dutela aurreratu dute Kuxkuxero elkarteko kideek. Oñatin eta Antzuolan, esaterako, etxolak ere jarrita dituzte.
Herriko katu kopuruaz galdetuta, ordea, zifra zehatzik ezin dutela eman esan dute gehienek. Kaonbi Elkarteko Rosa Maria Francesek zaintzen duen koloniak hamazortzi bat katu ditu, baina, dioenez, "arraroa da katu berri bat agertzen ez den eguna". OKKEko Irene Morenok azaldu du hasi ziren urtean errolda bat egin zutela eta 80 kale-katu zenbatu zituztela Oñatin. Eskoriatzan urrian egin zuten errolda eta 45 zenbatu zituzten. "Gehiago egongo dira, duda barik", dio Naia Pagoagak. Elgetan Naiara Cordobaren kolonian hiru katu daude.
Edonork ezin jaten eman
Kale-katuen elikadura ere udalen, eta kasu honetan elkarteen, ardura da, eta legeak argi esaten du: "Dagokion administrazio- baimena izan ezik, debekatuta dago herritarrek katu-kolonietako katuak elikatzea". OKKE, KatuZo, Babestuz eta Mixi elkarteetako kideek elikatze-txartelak dauzkate, udalek eta elkarteek zigilatuta, eta txartel hori daukatenek soilik eman diezaiekete jaten katuei. Arrasaten, Eskoriatzan eta Elgetan, txartelik ez izan arren, elkarteko kideek bakarrik elikatu ditzakete kaleko katuak.
Katuen babeserako hainbat jarraibide
Katu-koloniak babesteko hainbat arau jarraitu behar dituzte katuen babeserako elkarteek eta herritarrek:
HEMI metodoa. Katu-koloniak kontrolatzeko, katuak harrapatu, antzutu, markatu eta kolonietara itzuliko dituzte; modu horretan, katuak identifikatuta izango dituzte eta antzutzeak kolonien hazte-prozesua mugatuko du.
Katuen elikadura. Baimendutako pertsonek soilik eman diezaiekete janaria. Horiek, kasu gehienetan, identifikatuta egongo dira, dagokion udalak eta elkarteak zigilatutako egiaztagiriekin. Gainerako herritarrek debekatuta daukate jaten ematea.
Adopzioa. Kumeen adopzioa sustatuko dute, animalien elkarteen ikuskaritzapean eta adopzio-kontratuarekin. Sozializazio- bideraezintasunagatik adoptatu ezin direnak soilik egon beharko dute kolonian.
Jaten ematearen kontuak herritarren arteko arazoren bat edo beste sortu du txakur-jabeekin eta bizilagunekin ere, jatekoak arratoiak erakarri eta auzoa zikintzen dutela diotelako. Elkarteek jateko lehorra eman ohi diete, baina jateko bustia jartzean, jan ostean ontzia erretiratzen dietela azaldu dute. Halaber, inoiz ikusi dituzte, besteak beste, arrain-soberakinak eta hildako usoak lurrean utzita, katuek jan ditzaten. Elkartetik kanpoko pertsonek uzten dituztela azpimarratu dute. Batzuen kasuan, "asmo onez" izango dela irizten diote, baina beste zenbaitetan ez, "min egiteko" dela baizik. "Jendeak ulertzen du kalean egoteagatik edozer jaten dutela. Ez dute jan behar zaborrontzietako janaririk, baizik eta euren dieta jan behar dute. Gure helburua da beti katuak zaintzea, herriaren onerako eta katuen onerako. Denondako da. Katuak osasuntsu badaude, ona da herriarendako; adibidez, arratoiak kentzen dituzte. Ezin dutena da zaborrontzietatik janda gaixorik egon", dio OKKEko Irene Morenok. "Zer uste dute, katuek hori jango dutela? Babestuta, elikatuta eta ondo egotea nahi dugun lehenak gu gara", dio Kaonbiko Rosa Maria Francesek. Horri lotuta, KatuZok dei egin die katuei jaten ematen dieten horiei elkarteetara batu daitezen.
Koloniak kontrolatzeko erak
Katu-koloniak kontrolatzeko lan horretan, esterilizazio-programaz, katuen identifikazioaz, katuen osasun- kontrolaz eta aldizkako desparasitazioaz, kaleko katuen elikaduraz, ingurunea desinfektatzeaz eta garbitzeaz arduratzen dira, besteak beste. Horrez gain, "katu lagunkoiak" adoptatzea eskaintzen dute; legean hala jasota baitago.
Arrasaten, iaz, Kaonbik 37 antzutze egin zituen; eta 72 katu jaso: "Horietatik batzuk hil egin ziren, eta 29 adopzioan eman genituen". OKKEk emandako datuen arabera, 2023 hasieratik gaur egun arte, 72 katu antzutu dituzte, eta 66 katu eman dituzte adopzioan; Babestuzek duela astebete bi katu eman zituen adopzioan. "Iaz adopzioan hogei bat katu eman genituen. Gehienak, Donostialdeara. Deigarria izan zen", dio Babestuzeko kide Tere Artanok. Antzuolan, berriz, bi kantu eman dituzte; bat herrian geratu da eta bestea Bergarara joan da.
Boluntarioek kaleko katuak jaso eta albaitaritza klinikara eramaten dituzte. Han albaitariek esterilizatu egiten dituzte, gehiago ugal ez daitezen. Azpimarratu dute antzutze horietatik ez direla katu gehiago hazten, eta, modu horretan, koloniak kontrolatuta izaten dituztela eta, horrenbestez, katuen kopurua "gutxitu" egiten dela.
Gainera, adopzioan emateko aukera ematen dute zazpi elkarteek, baina adoptatu nahi dituenak zenbait baldintza bete behar ditu; gehienetan antzerakoak direnak. "Adopzio-prozesua elkarrizketa batekin hasten da, non egokitasun-profila kontu handiz baloratzen dugun, ingurune arduratsu, seguru eta egonkorra bermatzeko. Amaitzeko, adopzio-kontratua formalizatzen du, animaliaren babesa, adoptatzailearen erantzukizunak eta ondorengo jarraipena ezartzen eta bermatzen duena", azaldu dute KatuZo Bergara Animalien Babeserako Elkartekoek. Adopzioan dauden animalien berri emateko, sare sozialak erabiltzen dituzte.
Boluntariotzarik gabe, ezin aurrera egin
Oztopoak oztopo, elkarteak lanean ari dira egunero, 365 eguneko lana baita. Batez beste, elkarte bakoitzean hamabost bat boluntario daude; pertsona batek izan ohi du kolonia baten ardura, nahiz eta gero, zenbaitetan, txandak egin. Lokalak dituzten kasuan, garbiketaz eta katuen zainketaz arduratzen dira. Besteak beste, Arrasaten eta Aretxabaletan nahitaez ikusten dute boluntario gehiagoren beharra. Arrasateko kasuan, koloniez gain, lokalean dituzten katuak zaintzeko beharra ere badute, eta Aretxabaletan, egunean hiru aldiz bisitatzen baitituzte koloniak.
Edozein elkartetan beso-zabalik hartuko dituzte boluntarioak, baita edozein eratako ekarpen eta laguntzak ere.