DATUETATIK TIRAKA

201 kooperatiba daude bailaran

Idoia Aranbarri Arzuaga 2025ko api. 11a, 08:07

Debagoieneko herri guztietan daude kooperatibak, Euskadiko Kooperatiben Erregistroak martxoan argitaratutako datuen arabera; Arrasate da kooperatiba gehien dauden herria, 85 baitaude; eta, ondoren, Oñati dago.

Debagoienarekin lotura estua duen gaia da kooperatibena, baina munduan zabalduta dagoen eredua da –1844an sortu zen, Erresuma Batuan, Rochesterren–. World Cooperative Monitor zentroak emandako datuen arabera, 3,3 milioi kooperatiba daude guztira munduan; Europako Batasunean, berriz, 250.000; eta Euskal Autonomia Erkidegoan, 1.903 kooperatiba, Euskal Estatistika Erakundeak (Eustat) 2024ko azaroan argitaratutako datuen arabera. Hala, probintziaka banatuta, Gipuzkoan 841 kooperatiba daude, Bizkaian 794 eta Araban 248.

Euskadiko Kooperatiben Erregistroak martxoan argitaratutako datuen arabera, 201 kooperatiba daude Debagoienean, eta horietako gehien biltzen dituen herria Arrasate da, guztira 85 baitaude. Oñati da bigarrena, 39rekin, eta ostean datoz Aretxabaleta eta Bergara, hurrenez hurren, 26 eta 25 kooperatibarekin. Eskoriatzan 11 daude; Aramaion, 6; Antzuolan, 4; Elgetan, 3; eta Leintz Gatzagan, aldiz, 2.

EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN 1.903 KOOPERATIBA DAUDE GAUR EGUN; GIPUZKOAN, 841

Euskal Herriko kooperatiba mota gehienak lan elkartukoak dira. Estatuko erkidegoei erreparatuz gero, EAEko eta Nafarroako lan elkartuko kooperatibak batuta, kopuru aldetik laugarren geratuko litzateke Hego Euskal Herria.

Kooperatiba horietan lan egiten duten langile kopuruari begiratuz gero, kooperatibak gutxiago badira ere, Hego Euskal Herrian beste erkidego batzuetan baino langile gehiagok egiten dute lan lan elkartuko kooperatibetan.

Langile kopurua

Munduko datuei dagokienez, kooperatibetan 280 milioi pertsona inguruk egiten du lan; Europako Batasunean, ia bost milioi eta erdi langilek. Eustaten azken datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan 56.000 langilek baino gehiagok egiten dute lan.

GIZONEN ETA EMAKUMEEN ARTEKO SOLDATA ARRAKALA %16KOA DA IBARREAN

Bailaran enplegu osoaren %41,7 osatzen dute kooperatibek. Erkidegoko ehuneko handiena da hori, eta sailkapenean hurrengokoak diren Bizkaia-Kostarekin eta Tolosa-Goierrirekin alderatuta, ia lau aldiz gehiago da.

Kooperatibak eta kohesio soziala

Orkestrak, Deusto Fundazioaren Lehiakortasunerako Euskal Institutuak, txosten bat atera berri du kooperatiben eta kohesio sozialaren inguruan. Kooperatibek berdintasunaren funtsezko adierazleetan duten eragina aztertu dute, EAEko hamabi eskualde kontuan hartuta. Pobrezia edo bazterkeria arriskuan dauden pertsonei dagokienez, bailaran %11,8 dira, eta hori eskualde guztien artean bigarren datu txikiena da, eta, horrenbestez, bigarren datu onena. Lehena Tolosa-Goierri da, %15,68rekin. Bilbo da sailkapeneko azken herria, %23,99koa baita.

Gizonezkoen eta emakumezkoen soldata arrakalari erreparatzen dio ikerketak, eta Debagoienean arrakala %16koa da; hori bosgarren datu onena da hamabiren artean. Urteko batez besteko errentari dagokionez, 22.710 euro da, bigarren altuena Euskal Autonomia Erkidegoan. Aiaraldean da altuena, 22.800 euro; eta hirugarrena Eskuinaldea da, 22.467 eurorekin. Errenta baxuena, berriz, Durangaldeakoa da, datuen arabera, han 17.750 eurokoa baita urteko batez besteko errenta baliokidea.

Elkarrizketa

"Krisialdiei aurre egiteko gaitasun handiagoa dugula demostratu dugu"

Iñigo Iñurrategi (Mondragon Korporazioko gestio sozialeko kidea)

Mondragon Korporazioaren Aretxabaletako Otalora jauregiko egoitzan egiten du lan Iñigo Iñurrategik (Bergara, 1973); kooperatibetako kideei prestakuntza ematen die.

Ustea izan daiteke kooperatibismoa Arrasaten sortua dela.

Arizmendiarrieta Arrasatera heldu baino 100 bat urte lehenago Europan baziren hainbat esperientzia kooperatibo, forma askotarikoak, baita Arrasaten ere. Munduan 3 milioi kooperatiba inguru daude; Euskal Herrian, 2.000 bakarrik.

Zein kooperatiba eredu daude?

Euskal Herrian kooperatiba mota gehienak, %80tik gora, lan elkartuko kooperatibak dira; Europan, gutxi gorabehera, %20 dira. Gainerako guztiak, eta handienak, besteak beste, nekazaritza-, kreditu-, kontsumo- eta garraiolari-kooperatibak dira. Kooperatiba mota horietan protagonistak kontsumitzaileak eta erabiltzaileak dira.

Zein onura dakartzate kooperatibek lurralde ikuspuntutik?

Konkretuki, lan elkartuko kooperatibak bertako langileen jabetzako elkarteak dira, eta, besteak beste, sortzen den aberastasuna modu berdintsuagoan banatzen da. Krisialdiei aurre egiteko gaitasun handiagoa dugula demostratu dugu. Langileak lantegien inguruan mantentzen dira eta biztanleria orekatuago mantentzen da lurraldean.

Gabeziarik ikusten duzu?

Esan izan da inbertitzeko gaitasuna mugatua dela, langileen kapitalarekin martxan jarritako enpresak direlako. Horregatik, lan elkartuko kooperatiba gehienak kapitalean intentsiboak ez diren aktibitateetan sartzen dira. Berezitasuna da Arrasatekoa. Hemen garatu ditugun interkooperazioei esker, gai izan gara kapitalean intentsiboak izan diren industria-sektorean lan elkartuko kooperatibak garatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak