Elkar mugituz egingo dugu dio laugarren Euskaraldiaren leloak eta elkarrekin egin dute debagoiendarrak izena ematera deitzeko agerraldia bailarako Euskaraldia batzordeetako ordezkariek.
Arrasateko Monteron parkean elkartu dira Julen Agirre (Oñati), Irati Lasaga (Aramaio), Uxue Sampedro (Arrasate), Ainhoa Sanchez (Aretxabaleta), Olaia Benito (Eskoriatza), Joserra Agirreurreta (Leintz Gatzaga), Mikel Bargiela (Antzuola) eta Ainara Iribar (Elgeta). Bergaran ere martxan da Euskaraldia batzordea.
Mezu argia helarazi dute batera: "Euskaraldian izena emateko unea da".
Rola aukeratu
Lehen urratsa rola aukeratzea da. "Ahobizi batek euskaraz egingo die euskaraz dakiten denei, ezezagunekin lehen hitza euskaraz izango da beti, eta elkarrizketa elebidunen garrantzia ere rol honi egokitzen zaio. Belarriprest banaiz eskatzen dudana da niri euskaraz egiteko", azaldu du Aretxabaletako dinamizatzaile Ainhoa Sanchezek.
Euskaraldia Hika
Nobedade asko ditu laugarren Euskaraldiak. Urtaro aldaketa da horietako bat eta baita ere Euskaraldia Hika. "Euskaraldia Hikan parte hartzen bada txapan H txiki bat eramango da pegatina moduan, eta horrek bermatzen du bigarren pertsona batek niri hika egitea. Norberak ez du zertan hikaz jakin, hitanoa gehiagotan entzuteko eta ikasten hasteko ere bada", eman du aditzera Julen Agirre oñatiarrak.
Entitateei ere deia
Entitateak ere Euskaraldian parte hartzera deitu dituzte. "Enpresak, komertzioak, elkarteak… Langileak informatzea, prestakuntza eskaintzea eta Euskaraldiari ikusgarritasuna ematea dira dituzten egitekoak", esan du Arrasateko dinamizatzaile Uxue Sampedrok.
Izen-ematea zabalik da Euskaraldia.eus atarian egin daitezke. Euskaraldia maiatzaren 15ean hasiko da eta hamaika egunez luzatuko den ariketa izango da.