Puntua aldizkariaren 450. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Tradizioz, gurean oso errotutako kontua da borondatez lan egitea, helburu kolektibo eta sozialak erdiesteko. Aisialdiko denbora elkarte bati dedikatzea betegarria izan daiteke norberarentzat, jasotako onura partekatuek zapore goxoagoa utzi dezaketelako barrenean. Etengabe aldatzen dabilen gizarteak indibidualizaziorantz jo du, ordea. Hori dela eta, gero eta gehiago entzuten da jendea ez dagoela arrazoi komunitarioen alde konprometitzeko prest, entitateetan ardura karguen erreleboa bermatzeko zailtasunak daudela, eta, martxa honetan, betidanik egiten diren hainbat ekimen galdu egingo direla.
Hala ere, gure herrietako plazek eta bazterrek ekitaldiz josita jarraitzen dute asteburuetan, eta injustizia, larrialdi eta hondamendi egoeren aurrean mobilizatzen jarraitzen du gizarteak. Horrek erakusten du musu-truk lan egiteko gogoa ez dela itzali, antolatzeko gaitasuna eta grina sendo mantentzen direla.
Hau da, bada gizakiarengan joera natural bat taldea lehenesteko. Horren harira, "irakurketa kritikoa" egitea beharrezkoa dela uste du Malen Garmendiak, Huhezi fakultateko ikerlariak. Irungo Harrera Sareko eta Zaporeak garapen solidariorako elkarteko parte- hartzailea da, eta, besteak beste, pertsona zaurgarriei arreta eta akonpainamendua eman izan die. Haren esanetan, "gogobetegarria da kanpotik errekonozimendua jasoko duen zerbait egitea, eta askotan hori bilatzen dugu nahigabean, paternalismo puntu batekin, salbatzailearen figuran erorita. Baina boluntario izatea ere bada auzora jaitsi eta ikustea zein dinamika egin daitezkeen gauzak hobetzeko, galdetzea gure bizilagunari nola dagoen".
Euskaldun komunitate-izaerarekin lotzen du ideia hori, baina susmoa du ez ote den krisialdi moduko batean sartu, egungo testuinguruak bultzatuta: "Gero eta gehiago zaintzen dugu gure pribatutasuna, ateak ez dauzkagu hain zabalik, ezta konfiantzazko espazioetan ere. Gainera, informazio saturazioagatik, askotan, handi geratzen zaizkigu injustizia eta gatazka asko. Eta indibidualizazioak elkartzeko espazioen apreziaziorik eza eragin du. Ez badago espaziorik amesteko, eztabaidatzeko, zaila da injustiziak identifikatu eta horien aurrean mobilizatzea. Behatzea eta konturatzea da lehenengo pausoa, eta gero dator boluntario izatea erabakitzearena".
Hausnartzearen garrantzia
Behatze-lanari, noski, astia eskaini behar zaio; konstantziaz eta patxadaz egin beharreko zerbait da. "Erritmo frenetikoan" bizitzeak ez omen du horretan laguntzen: "Asko kostatzen zaigu gelditzea eta beste gauza batzuetarako denbora hartzea. Begira zer gertatu zen pandemian; dena gelditu zen, eta horrek aukera eman zigun behar handiena dutenengan arreta jartzeko, non egin daitekeen zerbait hausnartzeko".
Halako etenek balio izaten dute gogoeta sakonak egiteko, nahiz eta normaltasuna berreskuratzen denean ihes egin diezaguketen ateratako ondorioek. Garmendiak, boluntario moduan egin duen ibilbidean, halako irakaspenak jaso ditu: "Ni ez naiz borrokatzen Irungo Harrera Sarean pertsona beltzentzako kontrol arrazistak desagerrarazteko, baizik eta ez dudalako gizarte arrazista batean bizi nahi. Gaur egun beltzei galarazten diete muga zeharkatzea, baina politika faxistak aurrera doazen heinean, ni ere izan naiteke momenturen batean egoera horretan egon daitekeena. Elkarrekin gaude hemen, elkarrekin borrokatu behar dugu, beste nolabaiteko gizarte bat nahi baldin badugu".
Ikuspuntu kontua
Erreportaje honetako ataletan Debagoieneko askotariko elkarteetan borondatez lan egiten duten kideen inpresio eta iritziak daude irakurgai. Ekitaldi konkretuak antolatzeko elkartzen direnenak, eta konstantzia handiagoarekin jarduten dutenenak. Konpromisoaz, errelebo-aldaketaz, parte-hartzeaz, antolakuntzaz eta etorkizunaz dihardute, batzuk baikorrago, eta beste batzuk ezkorrago.
Aretxabaletako gazte mugimenduaren bueltako kideek sortu zuten Ixotu, 2022an. Elkartea "komunitate loturak euskararen inguruan sendotzeko helburuarekin" eratu zutela zehaztu du Ixak Sarasuak.
Aisialdiko ekintzak antolatu ohi dituzte; adibidez, asteburu honetan bertso-afaria egingo dute Lekaixoka bertso eskolarekin eta Loramendi euskara elkartearekin batera. "Baina ez dugu nahi ekintza guztiak bertso-afariak edo mendi-irteerak izatea; bagabiltza herriko komertzioekin dinamika bat garatzen, dendetan euskararen presentzia zein den ikusi eta ea ekarpenik egin dezakegun ondorioztatzeko", aipatu du.
Bestalde, inguruko herrietako taldeekin ere bilerak egiten dituzte, "ideiak hartzeko interesgarria" dela iritzita.
Jarraitzeko gogoz
Kontziente da, era berean, euskararen arloko borondatezko lanean urte askoan aritu direnek, Loramendikoek kasu, nekea nabari dutela: "Estu dabiltzala komentatzen dute, indar handi barik. Konstantzia eskatzen duten lanak dira, eta, sarri, ez da esperotako emaitzarik ateratzen". Ixoturen ibilbide laburrean, behintzat, zirkulu bateko jendearengana heldu direla igarri dute: "Militatzen jarraitzeko gogoa ematen du".
Arrasateko elkarte gastronomikoen koordinadora da SUDC, eta herrian egiten diren hainbat ekintza ludiko antolatzeaz arduratzen da; adibidez, udaberriko oporretan egingo den doke txapelketa. Zazpi juntakide izatetik bostera pasa dira oraintsu; horietako bat da Iban Goñi. "Nik 30 urte daramatzat SUDCeko batzordean, eta, hala ere, bigarren gazteena naiz. Batzordekideon artean oso harreman ona dugu; sarritan elkartzen gara, elkarren berri izateko bada ere. Eta ekitaldiak datozenean, behar- beharrezkoa dugu jende ugariren inplikazioa", azaldu du Goñik.
Taldearen funtzionatzeko moduaz galdetuta, hilean behin edo birritan batzen dira elkarte guztietako ordezkariekin, gertuen dagoen ekitaldia antolatzeko: "Biltegizainak edo diruzainak izendatzen diren moduan, SUDCeko ordezkaria ere izendatzen dute elkarteek, bi urterako edo; gehienek gogo onez hartzen dute, eta gerora laguntzaile ere jarduten dute, baina badago bilera bakarrera ere etorri ez denik".
"Desagertzeko arriskuan"
Hala, "askotan tiraka" ibili behar izaten dutela gaineratu du, eta martxa horretan jarraituz gero SUDCen jarduna eten egingo dela aurreikusten du, kide gehienak jubilatuak direla kontuan hartuta.
Gatzaga moduko herri txiki batean beharrezkoa da herritarren borondatezko inplikazioa ekitaldiak aurrera ateratzeko, baita eguneroko zerbitzu batzuk bermatzeko ere. Gurel guraso elkartean, bertako kide Ainhoa Barandiaranen iritziz, "egun dezente" dauzkate urteroko egutegian gorriz markatuta: "Inauteriak, Zuhaitzaren eguna, Olentzero, udalekuak, negulekuak, udaberrilekuak... inguruko herrietan aisialdi elkarteek kudeatzen dituzten haurrentzako jarduerak gurasook kudeatzen ditugu hemen".
Neska-mutilei begira bakarrik ez, adin guztietako lagunei begira ere egiten dute lan; esaterako, Gatz Egunean edo sanmilixanetan: "Batean hanburgesak egiten, bestean gaztainak... Herriko talde guztiak ibiltzen gara horrela; Gatzagan dena da boluntarioa!".
Ardurak banatzen
Batzordean lau lagun zeuden iaz, eta "denen artean dena" egiten zuten: "Baina ezinezkoa zela ikusi genuenean, ardura konkretuak banatzen hasi ginen; hau da, ekitaldi bakoitzerako arduradun bat edo bi izendatu, eta besteok hauspoa eman".
Astean behin ile-apaintzaile lanak ere hartzen ditu bere gain Barandiaranek, eta "oso harrera ona" jasotzen du.
Arrasaten sortutako elkarte solidarioak egitasmo humanitarioak garatzen ditu Mozambiken, Mundukideren bitartez, eta Indian. Herrialde hartara hainbat aldiz joan da Harreman-eko idazkari Cristina Etxenausia aramaioarra, neska eta mutil behartsuentzat egokitutako zentroa nola doan ikustera. "Satisfakzio handia" ematen dio haien ongizateari "ekarpen txikia" egiten diotela frogatzeak: "Izan ere, lan boluntarioak asko eman dit, talde bateko partaide izatetik hasita, egiten zabiltzanak fruituak ematen dituela sentitzeraino".
Finantzatzeko bideetako bat Arrasateko Eroski supermerkatuan duten denda da. Bidezko komertzioan oinarrituta, 26 urte darama zabalik, gorabeherak gorabehera: "2011ra arte jardun osoko langile batek kudeatzen zuen, baina, krisia medio, beste eredu baten alde egin beharrean izan ginen. Lan boluntarioan oinarritzea proposatu nuen, konbentzituta bainengoen denok pixka bat emanda aurrera egingo genuela. Eta halaxe izan da; gaur egun, jardun erdira dabil kide bat, eta beste hogei lagun inguru, txandaka, malgutasunez".
Erreleboaren gaiak kezkatzen ditu, hala ere. "45-50 urte inguruko jende berria" beharko lukete, ze, bestela, "hamar urte barru proiektua nahiko herren" geratu daiteke: "Tantaka agertzen da jendea, baina tokatuko da kanpaina indartsu bat egitea".
Gipuzkoako Elikagaien Bankuko 180 boluntarioetako bat da Jose Mari Beitia bergararra. Kide horien batez besteko adina 72 urtekoa da. "Bailara guztietan ikusten dugun arazo nagusia belaunaldi erreleboa da. Ahaleginak egin arren, ez dugu ikusten erretiratu berriengan konpromiso berezirik", esan du Beitiak.
2019a ezkero da boluntario, eta pandemia etorri zenean olatu bat sumatu zutela adierazi du; dagoeneko indarra galdu duen olatua: "Larrialdi-egoera haren aurrean mugimendu handia egon zen, gazte ugari etorri ziren. Baina gero, han bukatu zen, kito. Kolaborazio izugarri hura ez da berriz errepikatu, esperantza bageneukan arren".
Larrialdiak lehenesten
Azaroan beste larrialdi batek sortutako kalteei erantzun zioten Elikagaien Bankuan, Valentziako tanta hotzaren biktimei jakiak bidalita: "Orduko kanpainan jasotako zati handi bat bidali genuen hara, eta ohi baino gutxiago banatu genuen Gipuzkoan".
Argi baitute beharra duen jendeari laguntzeko dagoela Elikagaien Bankua. "Erakunde hau horrela aritu da 27 urtez, baina idealena litzateke desagertzea, dagozkien entitateek egitea guk musu-truk egiten dugun lana. Dena den, oraindik askok dute gure beharra, eta gipuzkoarroi solidario izaten jarraitzea dagokigu".
Oñatiko erretiratuen elkartean ez dute hainbat herritako erretiratu elkarteetan duten errelebo arazorik. Lurdes Ugalde hiru urtez izan zen batzarkide, eta honela adierazi du zein den osasuntsu egoteko sekretua: "Batzordeetan 62 urteko jendea sartzen da, epe baterako, batak besteari komentatzeari esker. Garrantzitsua da norberak gustuko dituen egitekoak hartzea. Niri, adibidez, ea bidaiak antolatzeaz arduratu gura nuen galdetu zidaten, irakasle izan nintzenean gustura egiten nuelako lan hori. Gero, nik beste bati esan nion ea batzordekide izan nahi zuen... Horixe da Pake-Lekuko dinamika". Talde horretan bizitako giro onaren isla da "orain kuadrilla berri bat" egin dutela, "hamalau emakume ingurukoa", eta elkarrekin bidaiatzen dutela.
Mugimendu handia
Pake Lekuko bazkide izaten jarraitzen du Ugaldek: "Liburuen tertulietara eta ingelesezko ikastaroetara joaten naiz, batez ere". Haren esanetan, elkartea "irtenbide bat" da, gehienbat, jubilatu zaharrentzat: "Berriketan egitera edota kartetan jokatzera etortzeko aukera ematen die. Jende askok hartzen du parte koruan, dantza ikastaroan, antzerki taldean zein ostegunetako bingoan".
Joan den astean jokatutako Elgetako Ahuntzen Mendi Lasterketak laugarren aldia izan du aurtengoa. Elgetan 20 urtez bizi izaten daraman Eleder Lozano sestaoarra dago sei laguneko talde motorrean, ekitaldia lehen ediziotik antolatzen. Dioenez, "urtetik urtera hobeto" moldatzen dira prestaketekin, antzeko lana izaten denez neurria hartu diotelako.
Uda ostean egiten dituzte lehen bilerak, babesleak bilatzen hasteko eta dokumentazio-lanak aurreratzeko. Hitzordua iritsi ahala etortzen da egitekorik zailena: "Mendiko pistak garbitzea izaten da kontu nekagarriena. Motozerra eta sasi-garbitzeko makina erabiltzen dugu 21 kilometroko ibilbidean topatzen ditugun sastrakak kentzeko. Eskerrak herriko mendi-bizikletarien laguntza daukagula, bestela askoz nekezagoa izango litzateke eta!".
Gustura egiten den lana
Ildo beretik, Lozanok aipatu du elgetarrak orokorrean prest egoten direla lasterketa egunean eskatzen zaiena egiteko: "Lehen aldian ez bezala, orain bakoitzak badaki, gutxi gorabehera, non egon behar duen eta zer egin behar duen. Antolatzaileontzat boluntario guztiekin egotea arduratsua izaten den arren, gustura egiten dugu".
Gipuzkoako txirrindulari lasterketa zaharrenetakoari sei- zazpi laguneko taldeak eusten dio, Aretxabaletako kirol elkartearen babesarekin, eta hainbat aretxabaletarren eskuzabaltasunarekin. Alfredo Meaberi txirrindularitzarekiko zaletasunak pizten dio lasterketa antolatzeko irrika. 2018 aldean hartu zion Manolo Zubillagari koordinatzailearen testigua, "atseden hartzeko beharra zuelako", eta hainbat lagunen artean banatu zituzten eginbeharrak.
Ezeren gainetik talde-lana dela nagusi adierazi du: "70 bat lagun behar izaten ditugu lasterketa egunean, bidegurutze, gidari edota irrati bidezko komunikazio- lanak egiteko. Egia esan, iraganean lau katu egoten ginen, baina gaur egun harrigarria da jendea nola inplikatzen den, eta ez proba ziklista honetan bakarrik, baita Ikazkin Trailen ere".
Herritar konprometituak
Lasterketa abuztuan izanda ere, andramaixen testuinguruan, oztoporik ez dakarrela nabarmendu du: "Jendeari gustatzen zaio jaietan herrian egotea, eta lan egiteko ere prest agertzen dira asko; pentsa, kalean galdetzen didate hainbatetan ea laguntzarik behar ote dugun. Benetan eskertzekoa da".