Keinu-hizkuntza: ofizial izateko aldarria

Mireia Bikuña 2025ko api. 1a, 14:22

Aitor Bedialaunieta, keinu-hizkuntzari buruzko ikastaroan diharduten ikasleekin, martxoaren 12an, UNEDen.

2007ko urriaren 27an publikatutako lege batek pertsona gorrek komunikaziora hurbiltzeko dituzten eskubideak bermatzen eta babesten zituen. Bada, egungo egoera oso bestelakoa da gorren komunitatearendako: "Keinu hizkuntzen eskubidea ez dago bermatuta euskal gizartean".

Puntua aldizkariaren 449. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

Espainiako keinu-hizkuntzak aitortzen dituen eta pertsona gorren, entzumen-desgaitasuna dutenen eta aho-itsuen ahozko komunikazioari laguntzeko bitartekoak arautzen dituen legea 2007ko urriaren 27an publikatu zen Estatuko Aldizkari Ofizialean. 27/2007 Legearen lehenengo puntuan hauxe aipatzen da: "Pertsona gorrak, entzumen-urritasuna dutenak eta gor-itsuak gehienbat entzuleek osatutako gizarte batean bizi dira, eta, beraz, integratzeko, komunikazioan dauden oztopoak gainditu behar dituzte, itxuraz ikusezinak baitira entzumen desgaitasunik ez duten pertsonentzat". Lege berriarekin, beraz, egoera hura konpondu nahi zen, eta gorrak informaziora eta komunikaziora sar zitezen bultzatu. Hemezortzi urte pasa dira ordutik, eta, pausoak eman badira ere, oztopo eta harresi asko apurtu behar dira oraindik. "Legea onartu zen, bai, ados. Baina, egun, keinu-hizkuntzen eskubidea ez dago bermatuta euskal gizartean. Ez dago keinu-hizkuntzarik. Gauza bat da eskubideak hor egotea, eta 2007ko legeak babestea, baina gizarteak uste du interprete bat ipintzearekin eskubide horiek betetzen direla. Hori ez da hala. Askoz gehiago da", esan du Euskal Gorrak Federazioko presidente Aitor Bedialaunetak.

Hortaz, zer behar da keinu-hizkuntzen eskubideak bermatuta egon daitezen? "Gizarte osoak keinu-hizkuntza izan beharko luke eskura. Hau da, keinu-hizkuntzaren erabiltzailea den pertsona gor bat lantokian izango bagenu, komunikazioa bermatzeko, keinu-hizkuntza dakien lankide entzule bat egon beharko litzateke. Edo, akaso, interprete baten zerbitzua beharko luke. Baina interprete profesionalaren figura horrek ez du bermatzen integrazioa edo komunikazio osoa dagoenik. Alde batetik, interprete zerbitzuak bere egutegi eta ordutegia dauka, eta ezin da zerbitzua edozein unetan eskatu. Bestetik, pertsona gorrak, interpretearen aurrean keinu- hizkuntza jakinda ere, agian ez du ondo ulertzen. Azkenean, interpreteak hizkuntza batetik besterako zubi-lana egiten du, baina baliteke gaia arrotza izateagatik ulermena bermatuta ez egotea".

Irakurtzen diharduzun erreportaje honetarako interprete baten laguntza izan dugu, Bedialaunetak esandako guztiak zuzen jaso ahal izateko. "Edozein hedabiderekin egiten ditugun elkarrizketetan interpreterik ez badago, komunikazio bako elkarrizketak lirateke. Gizarteak ez du horretan pentsatzen. Euskal Gorrak-etik hizkuntza eskubidearen aldeko aldarrian hori ere eskatzen dugu".

Informazio gehiena, belarrietatik

Adituek diote pertsona batek egunero jasotzen duen informazioaren %70 belarrietatik jasotzen duela. Hala, pertsona gorrek egunerokotasunean informazio falta handia izaten dutela ondorioztatu daiteke, horrek dakarren guztiarekin. Bereziki, baztertuta sentitzen dira: "Pertsona gor batek informazio hutsune eta komunikazio oztopo handiak ditu gizartearekiko. Keinu- hizkuntza erabiltzen duten pertsona gorrak dauden heinean, keinu-hizkuntza ezinbestekoa da esparru guztietan; eta kalitatezkoa izan behar du.

Kontuan hartu beharreko batzuk

Termino zuzena pertsona gorra da, ez gor-mutua

Pertsona gor guztiek edo entzumen galera duten pertsona guztiek ez dute komunikatzeko modu bera erabiltzen. Pertsona batzuek nahiago dute keinu- hizkuntza erabili, beste batzuek ahozkoa, edo idatzizkoa, azpitituluak edo bestelako laguntza teknikoak. Aukera horiek batera erabil daitezke, osagarriak direlako. Horregatik, komunikazio irisgarria izan dadin, ahalik eta errekurtso gehien eskaintzea ezinbestekoa da.

Pertsona gorrek komunikazio-oztopoak izaten dituzte informazioa ahozko hizkuntzan bakarrik transmititzen denean. Aldiz, ahozkoa modu bisualarekin batera eskaintzen denean – keinu-hizkuntza, azpitituluak...–, komunikazio oztopoak murriztu egiten dira.

Zerbitzu ona emateko, keinu-hizkuntzaren kalitatea bermatzea ezinbestekoa da: haren egitura eta sintaxi propioak ditu. Hizkuntza errekonozitua da.

Ezpain-irakurketa komunikaziorako lagungarri izan daiteke, baina ez du informazio osoa ematen.

Inplante koklear batek edo audifono batek ez du ahalbidetzen entzuleen pare entzutea.

Gor komunitateak bere nortasun eta kultura propioak ditu. 

Informazioa irisgarria izateak gizarte osoari onura egiten dio, ez gorrari bakarrik.

Keinu-hizkuntza hizkuntza bat da, egitura eta sintaxi propiok ditu; eta hizkuntza errekonozitua da, gainera". Keinu-hizkuntzari buruz aurrez pentsatutako mito eta ideia asko daude. Baina, guztien artetik, bat nabarmentzen da: keinu- hizkuntza internazionala dela uste izatea. Ez da horrela. "Hizkuntza bat komunikazio behar batetik sortzen da, eta lekuaren identitatearen eta ezaugarrien araberakoa izango da. Beraz, azpimarratu behar dugu herrialde edo zona bakoitzak keinu- hizkuntza propioa duela. 300 bat keinu-hizkuntza ezberdin dauden munduan zehar".

Ikusezina

Ez dakigu keinu-hizkuntzen benetako jatorria zein den, baina teoria batzuek diote ahozko hizkuntzak baino lehenago agertu zirela, historiaurrean. Ziur aski, gizadiaren historiako komunikazio modurik zaharrena izango da. Baina ikusezina izan da azken 30 urteetara arte. Aurretik ez da keinu-hizkuntzari buruz berba egin. "Martxoaren 14an, sentsibilizazio saio bat egin genuen Eusko Jaurlaritzako parlamentarien aurrean. Zertarako? Gure egoeraren berri emateko, pertsona gor batek zein zailtasun dituen erakusteko... Gure azalean jar zitezen nahi genuen, egunerokotasunean ditugun oztopoak ikusarazteko". Legebiltzarrean 2020a ezkero dago interprete zerbitzua, eta astero egiten duten prentsaurrekoetan keinu-hizkuntza erabiltzen dute. Baina ez da nahikoa: "Egun dugun aldarri handiena da keinu-hizkuntzaren ofizialtasuna lortzea. Euskararen edo gailegoaren pare egon beharko luke keinu-hizkuntzak, horrek dakarren guztiarekin. Pauso horrek aldaketa handia ekarriko luke: borondate politikoaz gain, hainbat baliabide ipini beharko lirateke mahai gainean. Pertsona gor guztiek edo entzumen galera duten pertsona guztiek ez dute komunikatzeko modu bera erabiltzen. Pertsona batzuek nahiago dute keinu- hizkuntza erabili, beste batzuek ahozkoa, edo idatzizkoa, azpitituluak edo bestelako laguntza teknikoak. Aukera horiek batera erabili daitezke; osagarriak dira. Horregatik, komunikazio irisgarria izan dadin, ahalik eta errekurtso gehien eskaintzea ezinbestekoa da", azpimarratu du Bedialaunetak.

Genetikoa, edo ez

Estatistiken arabera, gizartearen %2,33 pertsona gorrak dira. "Dena den, estatistika horiek egiteko inkestak telefono bidez egiten dituzte. Gure etxean laurak gara gorrak. Hortaz, gurera deitu izan dutenean, ez dugu inkesta erantzun. Hala, familia bat gutxiagok eman du iritzia. Beraz, ez nintzateke itsutuko estatistikek diotenarekin".

"Gure alaba ez da gorra, baina keinu-hizkuntza behar du komunikatzeko"



"11 urteko alaba Ibanerekin komunikatu ahal izateko joan gara ikastarora familia osatzen dugun laurok. Arazo neurologiko baten ondorioz, ahozko komunikazio arazoak ditu. Urte batzuk daramatza hizkuntza bimodala ikasten. Ezin da normal komunikatu hitzezko hizkuntzarekin, ez da gai lau hitz baino gehiagoko esaldiak osatzeko; eta asko ez zaizkio ulertzen. Ez da gorra, baina keinu- hizkuntza behar du komunikatzeko", esan du Fatima Carretasek.

Aitor Bedialaunetaren etxeko lau kideak gorrak dira. Kasuistika hori, genetikoa izatearena, gorren komunitatearen %10 da. Gainerako %90a familia entzuleetatik dator. Gurasoentzat nahasmen une bat izan ohi da. "Dolu prozesu bat eraman behar du familia horrek, eta bidea gogorra izaten da. Pertsona gor batek zenbat gauza egin ditzakeen konturatzerako, denbora pasatzen da. Eta orduan sortzen da bigarren arazoa: seme-alabarekin komunikatu ahal izateko, keinu-hizkuntza ikasi beharra. Gurasoek nahi izaten dute seme-alabarendako onena, eta azkar. Medikuntza arlotik inplante koklearra eta audifonoak proposatzen dira. Baina horietako batek ere ez du ahalbidetzen entzuleen pare entzutea". Are gehiago, inplantea edo audifonoak edukita, keinu-hizkuntza lantzearen garrantzia azpimarratu du Bergarako Aransgi zentroko kide Elaia Iñurrategi Irizarrek: "Kasu batzuetan, familiei gomendatzen diete keinu-hizkuntza alde batera lagatzea edo ez ematea ahozkoaren garrantzia bera, modu horretan ahozkoa hobeto garatuko delakoan. Guri esperientziak baieztatzen digu bateragarriak direla; eta ikerketa batzuek hori diote.

Are gehiago, keinu-hizkuntzak positiboki eragiten du, besteak beste, ahozkoaren garapenean. Gainera, ahozko hizkuntza ikasten ari den bitartean keinu-hizkuntza barneratzen badu, pentsamendua garatzeko aukera izango du".

Aransgiren sorrera

Gipuzkoako Pertsona Gorren Familien Elkartea da Aransgi. 1967an sortu zen, haur gorren familia talde baten ekimenez, euren seme- alaben beharrei arreta egokia eman ahal ziezaieten. Ordutik hona, Gipuzkoako pertsona gorren eta euren familia eta ingurukoei egunerokoan sortzen zaizkien beharrei eta erronkei erantzuten saiatzeko laguntza eskaintzen du. Lurraldean hiru zentro daude, eta horietako bat Bergaran dago (Boni Laskurain pasealekua 13). "Hainbat zerbitzu ematen ditugu. Logopedia zerbitzua daukagu, baina ez bakarrik pertsona gorrentzako. Logopedia beharra duten pertsonendako zerbitzua da hori. Era berean, aurrez aipatutako pertsona gorrentzako eta euren familientzako arreta daukagu Bergarako zentroan eskola daukagu. Egun, 20-25 erabiltzaile inguru ditugu", esan du Iñurrategik.

Elkarlana

Hezkuntzan eta lan arloan pertsona gorren eskubideak berma daitezen lan egiten du Aransgik: "Bergarako Udalarekin hainbat lankidetza egin ditugu, pertsona gorrendako irrigarriagoak izan daitezkeen zerbitzuak emateko. Hala, 2018ko azarotik hona interpretazio zerbitzua ematen du Udalak, entzumen arazoak izan eta keinu-hizkuntza erabiltzen duten herritarrei komunikazio errazteko. Gainera, museoan dagoen erakusketa iraunkorra keinu- hizkuntzan ere badago. Hau da bidea".

Era berean, Aransgik eta Bergarako Udalak, elkarrekin, herritarrendako keinu-hizkuntza ikastaroak egin izan dituzte. Hainbat arrazoi tarteko, gorren komunitatera hurbildu gura izan dute euren testigantza eman duten beheko herritarrek.

Zer ikasi duzu eta zertarako balio dizu?

Denise Cacheiro: "Oso garrantzitsua iruditzen zait pertsona gorrekin eta entzumen-arazoak dituztenekin komunikatzen jakitea; eskolan irakatsi beharreko zerbait dela uste dut, garrantzitsua baita pertsona horiek gizartean baztertuta ez sentitzea".

Aitor Ilarduia: "Euskaraldiaren aurkezpenean pertsona gor batek keinu-hizkuntzaren aldarrikapena egin zuen, eta orduan pentsatu nuen bazela garaia ikastaroa egiteko. Iaz, leku barik geratu nintzen. Ezagutzen ditut pare bat pertsona gor".

Eneritz Garasa: "Gorren komunitateari buruzko informazioa jaso, kolektiboarekin sentsibilizatu eta keinu-hizkuntza ikasteko aukera eduki beharko genuke, txikitatik, komunikatzeko dituzten oztopoak txikitzeko. Hizkuntza ofiziala izan beharko luke".

Ane Ruiz de Egino: "Oinarrizko ikastaroa da, baina gorren errealitatera gerturatzeko eta entzumenik gabeko egunerokoa irudikatzeko balio izan dit. Aitorrekin ikasitakoa erabiltzen ahaleginduko naiz, hobetzeko eta aurrerapausoak emateko".

Alazne eta Oihana Laskurain: "Lehen aldia da, baina interesagatik eman genuen izena. Oinarrizko jakintza bat lortu gura dugu; izan ere, edozein lekutan elkar zaitezke pertsona gor batekin. Gainera, gure lanbideetan mesedegarria izango zaigu".

Nere Arrieta: "Pertsona gorrak gure hizkuntzara egokitu izan dira betidanik. Uste dut guk ere esfortzu txiki bat egin beharko genukeela haien hizkuntzara egokitzeko. Txikitatik ikasiko bagenu, zoragarria izango litzateke".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak