44.016 ibilgailu daude erregistratuta Debagoienean, Espainiako Trafiko Zuzendaritza Nagusiak emandako datuen arabera. Hain zuzen, horietatik gehienak turismoak dira –zehazki, ibilgailu guztien %72,56–, eta, ondoren, furgonetak (%7,91) eta motozikletak (%7,85) daude. 2023an jasotako datuak dira horiek, eta, 2019koekin alderatuz gero, ondorioztatu daiteke gorantz egin duela datuak lau urteko epea aintzat hartuta: ordu hartan, 43.398 ibilgailu zeuden, 2023an baino 618 gutxiago.
Turismo, furgoneta eta motozikleta parkeez gain, badaude ziklomotorrenak eta kamioienak ere; hala ere, ez dira horren nabarmenak beste batzuekin alderatuz gero. Horrez gain, Espainiako Trafiko Zuzendaritza Nagusiak kontuan hartzen ditu bestelako ibilgailu batzuk ere, parketzat izendatuta dituenak: traktore industrialak eta atoiak, esate baterako.
Herrietako errealitatea
Herriz herriko egoerari dagokionez, herritar gehien batzen dituen herrian, Arrasaten, daude ibilgailu gehienak eskualdean: guztira, 13.910 dira. Eta hurrenez hurren ditu bailarako herririk populatuenak: Bergara (10.213), Oñati (8.150), Aretxabaleta (4.559), Eskoriatza (3.126), Antzuola (1.539), Aramaio (1.261), Elgeta (1.042) eta Leintz Gatzaga (216). Horietan guztietan, Debagoienean bezalaxe, turismoak dira nagusi, baina herritik herrira aldeak daude ondoren, batzuetan gehiago baitira furgonetak eta beste batzuetan motozikletak.
18 urtetik gorako biztanle bakoitzeko dagoen turismo kopuruari erreparatuz gero, Debagoienean 0,59 turismo dago biztanleko, baina datua nabarmenagoa da herri txikietara –eta, horrenbestez, ez horren komunikatuetara– joz gero: Elgetan, zehazki, 0,80 turismo dago biztanleko; Aramaion, 0,72; Leintz Gatzagan, 0,68; eta Antzuolan, 0,65. Biztanleko auto gutxien, berriz, herri populatuenetan pilatzen da: Arrasaten eta Aretxabaletan, 0,57 daude; eta Oñatin, 0,60.