Lurraldebuseko bidaiarien kopurua %23,8 igo da bost urteko epean Debagoienean

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko mar. 27a, 07:03

Koronabirusak eragina izan zuen Lurraldebuseko erabiltzaileen kopuruan, baina, oro har, goranzkoa da joera; batik bat, emakumeek erabiltzen dute. Gora egin du Mugi txartelaren erabilerak ere.

Lurraldebuseko bidaiarien kopurua %23,8 igo da bost urteko epean Debagoienean, Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako datuen arabera. Hain zuzen, 4.191.297 erabiltzaile erregistratu zituzten 2019an, eta 5,5 milioi izan ziren iaz. Azahara Dominguez Mugikortasuneko diputatuak, gainera, nabarmendu du "inoizko urterik onena" izan zela 2024a Lurraldebusendako, "bigarren urtez jarraian hautsi" zuelako errekorra bidaiarien kopuruak –4.279.917 bidaiari izan ziren 2022an, eta 5.201.831 izan ziren 2023an, %21,54ko igoerarekin–.

Edozelan ere, gogoan izan behar da 2020tik gaur egunera arteko egoera berezia dela garraio publikoari dagokionez ere: COVID-19ak eragindako izurritearen eraginez, beherakada nabarmena izan zen Lurraldebuseko erabiltzaileen artean, baina goranzko joerari eusten hasi zen 2021arekin batera. 2022ko irailean, gainera, Espainiako Gobernuak garraio publikoan deskontuak ezartzea erabaki zuen, eta horrek, horrenbestez, eragina izan zuen Hego Euskal Herrian. Ordutik, gorantz egin du erabiltzaileen datuak, etenik gabe.

Debagoieneko erabiltzaileen datu orokorraz harago, Lurraldebusek linea erabilienen berri ere ematen du. Kasu honetan, 2023ko urteko txostenaren arabera –gaur-gaurkoz, 2024koa ez dago eskuragarri–, DG10 linea da erabiliena Debagoienean: alegia, Bergara, Arrasate, Aretxabaleta eta Eskoriatza batzen dituena, 604.7909 bidaiarirekin. Aldiz, DG43G da gutxien erabiltzen den linea bailaran, Zumarraga, Antzuola eta Bergara lotzen dituena bi noranzkoetan, 1.286 bidaiarirekin.

Gipuzkoan ere igoera

Debagoienean Lurraldebuseko erabiltzaileek izan duten igoera, hala ere, ez da salbuespena, gauza bera gertatu baita, esate baterako, Gipuzkoan ere. Hain justu, 25.294.981 erabiltzaile erregistratu zituzten 2019an, eta 28,8 milioi 2024an; horrenbestez, %13,8koa izan da igoera bost urteko epean lurraldean. Are gehiago, igoera nabarmenena, Debagoieneko kasuan bezalaxe, 2022tik 2023ra bitartean erregistratu zen: 22.958.467 erabiltzaile izan ziren 2022an, eta 26.522.033 duela bi urte, 2023an, %15,52ko igoerarekin.

Gehienak, emakumeak

Oro har, emakumeak gizonezkoak baino gehiago ibiltzen dira garraio publikoan, Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Inkestako emaitzen arabera, eta hori bera berresten dute Lurraldebusek emandako datuek ere: 2023ko txostenean oinarrituta, hamar erabiltzailetatik zazpi baino gehiago –%71, zehazki– emakumezkoak dira, eta gainontzeko guztiak –hau da, %29– gizonak.

Urtez urte jasotako datuak aztertuz gero, 2017tik gaur egunera arte, ez da gorabehera nabarmenik antzematen, baina ondorioztatu daitekeena da gizonezkoek gero eta gutxiago erabiltzen dutela autobusa eta emakumezkoek gero eta gehiago.

Txartelen erabilera

Lurraldebuseko erabiltzaileen azken urteetako igoerarekin batera –eta, oro har, garraio publikoan izan den igoera gogoan izanda–, gora egin du Mugi txartelarekin eginiko bidaien kopuruak ere azkeneko urteotan: 74.982.928 bidaia egin ziren Mugi txartelarekin 2019an, eta 70.841.733 izan ziren arren 2022an –hau da, 2019an baino 4.141.195 gutxiago–, nabarmen egin zuen gora kopuruak urtebeteko epean, 82.855.026 izan baitziren 2023an.

Herri barruko autobusa

Herri barruko autobus zerbitzua Arrasaten, Oñatin eta Bergaran dago Debagoienean, eta hiru horien artean Arrasatekoa da erabiliena: Udalak emandako datuen arabera, 107.663 erabiltzailek erabili zuten zerbitzu hori iaz. Bergarari dagokionez, 75.752 bidaiari izan ziren, eta 22.643, Oñatin.

Urtez urteko egoerari erreparatuz gero, 2022tik 2024ra arte, bailarako bi herritan gehiago ziren herri barruko autobusa erabiltzen zuten herritarrak hasiera hartan gaur egun baino: Arrasaten, bi urteko epean, 25.924 erabiltzaile gutxiago erregistratu dira; Oñatin, berriz, 1.699 gutxiago. Bergaran, aldiz, gora egin du kopuruak: 17.547 erabiltzaile gehiago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak