Emakumezkoak, oinez; gizonezkoak, ibilgailu pribatuan

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko mar. 27a, 07:05

Emakumezko bat oinez, atzetik kotxe bat igaro bitartean. Irudia: Xabier Urtzelai.

Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Inkesta abiapuntutzat hartuta, emakumezkoak batik bat gestioak edo erosketak egiteko desplazatzen dira; gizonezkoak, berriz, lanera joateko. Guztira, 148.560 joan-etorri egiten dira egunero Debagoienean.

Eguneroko desplazamenduen ia erdia oinez egiten da –zehazki, %44,9– Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, Eusko Jaurlaritzaren Mugikortasun Inkesta gogoan izanez gero, eta, hala, baita Debagoienean ere. Hark emandako datuen arabera, hala ere, badaude aldeak generoaren aldagaia gehituz gero: hain zuzen, emakumezkoek oinez egiten dituzte, batik bat, joan-etorriak –%50,8; eta gizonezkoen %39–, eta gizonezkoek, aldiz, ibilgailu pribatuan –%46; eta emakumezkoen %30,1–.

Zer ulertzen da desplazamendutzat?

Pertsona batek jatorrizko toki batetik helmuga batera egiten duen mugimendua, helburu edo arrazoi jakin baten ondorioz. Desplazamenduak garraiobide guztietan egin daitezke (autoa, autobusa, trena, bizikleta, etab.); baita oinez ere, baldin eta bost minutu baino gehiago irauten badu. Joan-etorri bakoitza arrazoi bakar bati lotuta dago. 

Joera hori, gainera, orokorra da, horrela baitzen 2016an ere, Jaurlaritzak ordu hartan eginiko Mugikortasun Inkestaren arabera: alegia, emakumezkoak gizonak baino gehiago mugitzen ziren oinez, eta gizonak, berriz, ibilgailu pribatuan. Bata edo bestea izan, ordea, igoera antzeman da bietan: geroz eta gehiago dira oinez edo ibilgailu pribatuan dabiltzan herritarrak.

Oinez eta ibilgailu pribatuan ez ezik, herritarrek garraio publikoa erabiliz ere egiten dituzten desplazamenduak. Bada, datuak oinarri hartuz gero, emakumeek gehiago erabiltzen dute garraio publikoa gizonezkoek baino: hurrenez hurren, %15,6k eta %10,5ek.

Joan-etorrien zergatia

Desplazamenduen zergatiari dagokionez, aldeak daude generoaren arabera ere: gizonezkoak, batez ere, lanera joateko mugitzen dira (%32); emakumezkoak, aldiz, batik bat, erosketak edo gestioak egiteko (%32,3). Horrez gain, adinaren aldagaia ere har daiteke kontuan.

Inkestak, zehazki, 7 urteko eta gehiagoko biztanleen desplazamenduak ditu oinarri, astelehenetik eguenera bitartekoak, eta ondorioztatu daitekeena da: 7-19 urte artekoen artean, ikasketak dira mugikortasunerako arrazoi nagusi, eta, batik bat, oinez mugitzen dira; 20tik 64ra, berriz, lanerako egiten dituzte desplazamenduak, eta, horretarako, ibilgailu pribatua darabilte, bereziki; azkenik, 65 urtetik gorakoen kasuan, aisia eta erosketak edo gestioak dira desplazatzeko arrazoi nagusi, eta oinez egiten dituzte joan-etorri horietako gehienak –zehazki, %72–.

Bizikletan ere mugitzen dira herritarrak, edo bestelako moduak erabiliz –esate baterako, multimodala–, baina ez dira horren ohikoak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.

148.560 desplazamendu egunero

Gipuzkoan, Jaurlaritzaren arabera, 1.924.528 desplazamendu egiten dira egunero, eta horietatik 148.560 dira Debagoienekoak. Gainontzeko eskualdeekin alderatuz gero, edozelan ere, datua ez da horren nabarmena, gehiago egiten baitira gainontzeko gehienetan: Donostialdean, zehazki, 1.004.930 desplazamendu egiten dira; Bidasoa Beherean, 218.429; Urola Kostan, 158.340; Debabarrenan, 156.135; Goierrin, 135.401; eta Tolosaldean, azkenik, 102.735.

Debagoienetik egiten diren joan-etorriei dagokienez, Gipuzkoa barnean egiten dira gehienak –hain zuzen, 123.773 egunero–, eta horietatik gehienak Debagoiena barruan: 107.354. Ondoren, Donostialdea (4.021) eta Debabarrena (3.502) dira helmugako tokiak eskualdetik, hurrenez hurren. Arabari dagokionez, Gasteizera desplazatzen dira batik bat debagoiendarrak (5.755), eta, ostean, Arabako Kantaurialdera (1.753) eta Gorbeialdera (1.427). Azkenik, Bizkaian, Durangaldea (6.386), Bilbo (3.411) eta Bilbo Handia (2.815) dituzte helmugatzat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak