Olatu morearen eraginez, emakumezko musikarien ahotsak presenteago

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2025ko mar. 7a, 12:37

La Furia, Anari eta Olaia Inziarte musikariak. Argazkiak: Alkimia Prod, Wikimaribarre eta Maitane Campos.

Nerea Loron Diazek gidatutako La Furia proiektua izango da Seminarixoan gaur, 21:30ean; Anari taldeak Bergarako kartzela zaharrean joko du domekan, 19:00etan; eta Oiaia Inziarte entzuteko aukera izango da etzi Arrasateko Amaia antzokian.

Programatzen diren musika ekitaldien kopuruari eta kalitateari begiratuta, eskaintza aberatsa dago eskualdean. Asteburu honetan, baina, ezohiko kartelak ohi baino gehiago nabarmenduko dira.

Martxoaren 8aren bueltan antolatutakoak dira gehienak. Emakumeek plazak hartzeko espazioak gehitu eta handitu egiten dira martxoan orokorrean; tamalez, programatzaile eta publiko askorentzako Martxoaren 8aren efektua ez da urteko hilabete guztietara heltzen.

Martxoaren 8aren eragina

Emakume artista askorentzako, izan musika arloan edo bestelako diziplinetakoentzako ere, martxoa hilabete lanpetua izaten da. "Lanpetuegia", batzuentzako. Nerea Loron Diaz La Furia Bergarako Seminarixoan (21:30) izango da gaur, egubakoitza. Hark hala erabakita, asteburuan bakarra egingo duela adierazi du: "Ditudan aukerekin nire agenda nik nahi dudan moduan dago. Horrek esan gura du ezetza eman diedala gauza batzuei. Honezkero, aske izatea da nire asmoa, pentsa, eta ezezkoa esan ahal izatea batek bizi ahal duen gauzarik handienetakoa da, plazer handia ematen dit niri. Kartelean ez dauden gauza batzuk ere egingo ditut M-8aren bueltan, kontzertuak ez direnak. Baina azpimarratuko dut ezetz esatea eta baldintza onetan egitea; izan ere, txarrena da ezezkoa esateak, batzuetan, asko zigortzen duela eta beste batzuetan, bada, ezin duzula ezetzik esan, beste inor ez dagoelako... Ez gara adarbakarrak, mikrofono bat dagokigu urteko egun guztietan, uste dut badela garaia batzuk apur bat isiltzeko eta beste batzuek berba egiteko".

Olaia Inziarte eta Anari domekan izango dira Debagoienean; Arrasaten eta Bergaran, hurrenez hurren. Gaurtik eguaztenera bitartean lau kontzertu egingo dituela azaldu du Anarik: "Kostatu zitzaidan M-8aren bueltako eskarien kontua nola kokatu edo kudeatu. Bada, orain egiten dudana da beste garai edo programazio baten jo dezakedala uste dugun tokiei ematea baiezkoa, eta, bestela, ezetz esaten dut. Kostatu zitzaidan hori teorizatzea".

La Furia, 'Ultra' biran

Artista asko behatu eta entzun dituen Seminarixoko agertoki gainera estreinakoz igotzeko "ilusioarekin" dago La Furia. "Gaurko kontzertura begira, gogotsu eta, aldi berean, urduri samar ere banago azkeneko urteetan nire jendea den Debagoieneko jendearekin aretoan elkartzeko. Lau lagun izango gara taularen gainean: gure ontziko nagusia den DJ Valentina bergararra, Oreretako Janire eta Donostiako Eneko dantzariak eta ni neu. Atzeko lanetan, edo alde teknikoan, hau da, soinuan eta argiekin, Iñaki eta Bane izango dira, eta mimo handiz zaintzen gaituen Baga Bigako Goiko ere han izango da. Harro nago dudan lantaldearekin".

'Ultra' lana aurkeztuko du la furiak, gaur, egubakoitza, Bergarako Seminarixoan

Urtarrilean abiatu zuen La Furiak Ultra bira, Bilbon, eta harrezkero "gustura" ari da proiektu berria jendaurrean aurkezten: "Bilboko kontzertua oso garrantzitsua izan zen, behar nuen berotasuna jaso nuelako, nire ibilbidean oso garrantzitsua den lekua izanda. Bide oso polita ari da izaten bira; dudan sentsazioa da egon gura dudan tokian nagoela. Izugarri gustatzen zait diskoa eta lantaldea eta liluratuta nago eraiki dugunarekin. Egia esan, pozarren nago gure proposamenarekin. Kontzertuaren deskribapen onena, nire ustez, publikoak egin dezake, emozioa oso gauza pertsonala delako, nik esan ahal dudana da ondo lotutako engranajea garela, pasioa dagoela, egia, gorputza, eta izugarri gustatzen zaigula egiten duguna".

Arrasaten bizi den Cascanteko musikaria "oso eskertuta" dago Seminarixora gonbidatu dutelako. Seminarixoa.eus eta aretoko leihatilan eskuratu daitezke sarrerak, zortzi eurotan.

Anari, "etxean moduan"

Iaz argitaratu zuen Giza zarata lana 90eko hamarkada ezkero musikagintzan diharduen Azkoitiko musikariak, eta gustura ari da jendaurrean aurkezten. Txapa Irratiak gonbidatuta egingo du kontzertua, domekan, Bergarako irrati librearen 40. urteurrenaren egitarauaren baitan. 19:00etan hasiko da kontzertua, eta antolatzaileek adierazi dute 18:00etan zabalduko dutela leihatila.

'Giza zarata' izango du ardatz Anarik etzi, "oso gertuko" duen Bergarako gaztetxean

Ondo ezagutzen eta oso gustuko duen agertokia da Bergarako gaztetxea eta pozik dago, beste behin, bere kantuak han eskaintzeko. Hauxe esan du, asteon, Txapa Irratiko Kolax saioan: "Han eta hemen aritu gara eta gauza oso ederrak eman dizkigu disko horrek. Zuzenean jotzeko disko ederra da, eta, neurri batean, gure zuzenekoak pixka bat transformatu egin ditu. Disko bakoitzak leku ezberdin batera eramaten zaitu eta honek ere hala egin du. Gure egoteko modua aldatu egin du, onerako. Beste toki batetik sentitzen naiz hau kantatzen ari naizela. Bergarako gaztetxean etxean moduan nago; askotan izan naiz, eta pozik joango gara etzi ere".

Olaia Inziarteren itzulera

2022an abiatu zen musikagintzan Oronozko (Nafarroa) musikari Olaia Inziarte gaztea, eta aurtengo urtarrilean argitaratu zuen bigarren lan luzea, Zerrautsa izenekoa. "Diskoak badu apur bat denetik, baina egia da intimo samarra dela. Disko gardena da, eta, batzuetan, hori arriskutsua izaten da. Bertan kontatzen direnak jendearentzako lagungarriak izatea espero dut, baina baita jendeak neurriz jokatzea ere: euren buruan dagoena nire ahotsean esaten dela sentitu arren, jabetzea ez naizela haien laguna. Ez izatea eskua eman eta besoa hartu. Eta nik neurri horiek markatzen, mugak jartzen, ikasi nahi dut", azaldu zuen Inziartek Puntua aldizkariko 436. zenbakian argitaratutako elkarrizketan.

Olaia Inziartek bete egingo du etzi, domeka, Amaia antzokia; sarrera guztiak agortuta daude

Musikatik eta hedabideetatik denbora batez aldenduta egon da, elkarrizketa hartan kontatu zuen moduan, osasun arazoak tarteko. "Askotan, zaila egiten zait azaltzea, baita ingurukoei ere. Amari esten nion, adibidez, inoiz ganbak soberan jan eta, enpatxatu, gaizki sartu eta gau osoan komunean bazaude, ez duzula ganbez ezer jakin nahi denbora batez. Antzerako zerbait gertatu zitzaidan musikarekin". Bada, indarberrituta dator lan berriarekin, agertokietara igotzeko gogoz, eta haren jarraitzaileek eskuzabalik hartu dute; horren erakusle da etzi, domeka, Amaia antzokian 19:30ean hasita egingo duen kontzerturako sarrera guztiak agortuta daudela.

Egiteko asko oraindik

Emakume* artistendako egoera hobetzen ari dela ikusten duten arren, oraindik ere asko dagoela egiteko aitortu dute arloko profesionalek. Hauxe dio La Furiak: "Pertsona feministek, antiarrazistek eta queer-ak erabakitzeko guneetan egon behar dute, dirua banatzen den tokietan, baita zure kontzertuen ziklorako musikariak aukeratzen diren espazioetan ere. Hasiera bat besterik ez da hori, argi dago sare patriarkal konplexua eta ibilbide luzeko dela, eta urte asko iraungo ez duela espero dut; eskerrak, betiko moduan, buru-belarri lanean ari diren aktibistak daudela. Baina erpin asko ditu gaiak, esaterako, publikoari dagokionez. Agertokietan emakumeak eta disidenteak ez daudela kexatzen bagara, eta haiek babesten ez baditugu, euren ibilbidea zenbat luzatuko dela uste duzue? Nora helduko da horrenbeste inporta baina erosten ez duzun mezu hori? Musika proiektu feministekiko publiko moduan konpromiso bat dago ala kontzertuetara goaz irizpide hori aintzat hartu barik? Bakoitzak erantzun dezala hori".

Anarik ere bide beretik egin du hausnarketa: "Erabaki-guneetan gero eta emakume gehiago daudela sentitu dut, eta hor jarriko nuke indarra. Orokorrean, emakumeek euren lekua hartu dute proposamen askotan, aludiatuak sentitu diren gizon askok euren buruari "nola sentitzen diren espazio batzuetan" galdera egiteraino. Gizon inteligenteak badaude, eta feministak badira, are hobeto, asko euren burua leku horretan jartzen ari dira; izan ere, interpelatzeko garaia da, eta guri erantzunez ari dira".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak