Feminismoak gizarteari egiten dion ekarpenari azpimarra Emakunden

Jone Arruabarrena 2025ko mar. 7a, 12:00

Martxoaren 8ra begira, hainbat ekimen jarri ditu abian Emakundek, egun horretarako egindako 'Ni feminista naiz' kanpainaz gain. Maskulinitate ereduetan jarri du arreta

Feminismoaren balioek pertsonen eguneroko bizitzan "botere eraldatzailea" dutela erakutsi nahi du Emakundek. Horri lotuta kaleratu du Emakumeen Nazioarteko Egunarekin bat egiteko Ni feminista naiz kanpaina, hiru foru aldundiekin eta Eudelekin batera.

Feminismoa zurekin doa adierazi dute kanpainarekin batera, eta berdintasunaren arloan lortutako aurrerapenak nabarmendu nahi ditu Emakundek. "Mundu mailan gertatzen ari den ultraeskuinaren erreakzio-testuinguruan, zeinak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunik eza ukatzen duen, emakumeen aurkako indarkeria hutsaltzen duen eta berdintasun-politikak mespretxatzen dituen, euskal erakundeek beharrezkoa ikusten dute feminismoaren pedagogia egitea eta nabarmentzea haren ekarpena ongizateari eta eguneroko bizitzaren hobekuntzari", adierazi dute.

Horrez gain, "berdintasun politikak garatzeko erabakigarriak" izan diren bi mugarri ospatu nahi izan ditu Emakumearen Euskal Institutuak: batetik, Beijing Adierazpen eta Ekintza Plataformaren 30. urteurrena ospatzen da, eta Emakundek adierazi du "mundu osoko emakumeen eta neskatoen ahalduntzerako programarik garrantzitsuena" dela; beste alde batetik, aurten 20 urte bete dira Euskadin Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako lehen Legea onartu zenetik.

Kanpainaz gain, Emakundek zenbait egitasmo eta ekimen aurkeztu ditu azken asteetan; gehienak, maskulinitatearekin lotutakoak. Besteak beste, gizonak berdintasunaren alde sentsibilizatzeko 2030 Gizonduz estrategia aurkeztu du Gobernu Kontseiluan. Estrategiaren helburuak ere azaldu zituzten bertan: batetik, berdintasunaren alde eta indarkeria matxistaren aurka sentsibilizatutako, prestatutako eta konprometitutako gizonen kopurua handitu egin nahi du.

Arreta maskulinitatean

Bereziki, gazteengan jarri nahi du arreta, eta Gizonduzen ikastaroetan 7.000 gizonek parte hartzea nahi dute. Bestalde, gizonek "etxeko lanetan eta pertsonen zaintzan duten erantzukidetasuna handitzea" eta "zaintzaren etika eta praktika orokortzea" ere jarri dute helburu gisa. Arlo horretan, Emakundek helburutzat jarri du seme-alabak zaintzeko eszedentzien %20 gutxienez gizonek hartzea, eta egunean, batez beste, gutxienez bi ordu ematea etxeko lanetan eta zaintza-lanetan.

Horrez gain, Emakundek "berdintasuna eta tratu onak" sustatzeko eta "jarrera matxista problematikoak" prebenitzeko psikohezkuntzako zerbitzuak eta tresnak jarri nahi ditu mahai gainean, eta, horrekin batera, gizonen, maskulinitateen eta berdintasunaren arloko jarduerak egiten dituzten erakunde publikoen eta pribatuen kopurua handitu. Hain zuzen ere, helburutzat jarri dute Eusko Jaurlaritzako sailen, hiru foru aldundien eta berdintasun zerbitzua duten udalerrien %50ek, gutxienez, gizonen, maskulinitateen eta berdintasunaren arloko jarduerak egitea.

Beste eredu batzuk

Institutuko zuzendari Miren Elgarrestak esan duenez, lan horren bidez "berdintasunaren alde diharduten gizonen masa kritiko bat" eratu nahi da.

Martxoaren 8a dela eta, Emakundek azpimarratu du "maskulinotasun tradizionala zalantzan jarri eta beste gizon batzuentzat erreferente izango diren eta, emakumeekin batera, gizarte bidezkoagoa eta berdinzaleagoa lortzeko konpromisoa hartuko duten gizonezkoak" nahi dituztela.

Izan ere, azken asteotan Emakundek berak argitaratu duen ikerketa batean, baieztatzen da euskal gizonen %49,8k zalantzan jartzen dutela maskulinitate tradizionala, baina ez dutela berdintasunezko eredurik praktikan jartzen. Horrez gain, txostenaren arabera, maskulinotasun hegemoniko tradizionalarekin lerrokatutako nerabeen ehunekoa %22,5ekoa da.

Ondarea babestu

Maskulinitatean arreta jartzeaz gain, emakumeen ondare historiko eta artistikoan ere jarri du azpimarra Emakundek. Izan ere, duela aste batzuk aurkeztu du Memoria historikoa genero ikuspegiarekin izeneko gida. Azaldu dutenez, eskuliburuaren helburua da "emakumeak kontakizun historikoan txertatzea eta haien bizipenei eta esperientziei balioa ematea", utzi duten ondarea babesteko, azaleratzeko eta haien desagerpena saihesteko.

Elgarrestak hartu zuen hitza aurkezpenean, eta adierazi zuen gidak "guztiona den memoria bat" eraikitzen lagundu behar duela: "barneratzailea, zorrotza, zientifikoa eta genero-estereotipoetatik urrun dagoen kontakizun historiko baten bidez". Liburuan, besteak beste, kontaketa historikoa androzentrikoa izatea lagundu duten faktoreak aztertzen dira, eta ahaztuta geratu diren emakumeen izenak eta istorioak berreskuratzeko beharra nabarmentzen da.

Azken horrek duen garrantzia ere azpimarratu du Elgarrestak: "Aitorpen publikoa merezi dutelako eta belaunaldi berriek andreen erreferenteak behar dituztelako bizitzako esparru guztietan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak