Urteko hirugarren hilekorako nahiko lukete zabaldu Aretxabaletako Txoko Feminista. Gaur egun anbulatorioa dagoen lokalean kokatuko dute, eta, eragile feministekin batera egiten ari diren parte hartze prozesuko bi fase egin ostean, hirugarrenari ekingo diote berehala.
Oñatin 2026rako nahiko lukete zabalik Kale Zaharreko 13. zenbakian kokatuko den Emakumion Etxia. 2022. urtean hasi ziren parte hartze prozesuarekin, eta, bien bitartean, martxan dira eraikina berritzeko lanak. Etxea ireki aurreko urte hau antolaketa moldeak probatzeko baliatuko dute. Sei bat pertsona inguruko bost lantalde dituzte antolatuta eta "oso erritmo bizian ari dira lanean".
Bergararen kasuan, berriki aurkeztu dute Arrizuriaga jauregiko bigarren solairuan zabalduko den Emakumeen Txokoa irudikatzeko parte hartze prozesua. Irailera arte irautea aurreikusten dute eta eguenean, martxoak 13, emango diote hasiera, herritar guztiei zabalik dagoen mahai inguru batekin; Zertarako nahi dugu Bergarako Emakumeen Txokoa? du izenburua eta hiru aditu arituko dira. Ondoren, beste bost gogoeta saio izango dira.
Emakumeen ahalduntzerako etxeak edo txokoak mugimendu feministaren urteetako eskaera dira. Arrasateko Emakume Txokoa erreferente da Euskal Herrian, baina Debagoieneko bakarra izan da hamarkada luzez. Aretxabaletako, Bergarako eta Oñatiko proiektuak zertan diren jakiteko, bertan elkartu ditu hiru herrietako Berdintasun teknikariak GOIENAk.
Malena Gonzalezek (Aretxabaleta), Yenifer Garciak (Bergara) eta Jone Arriolabengoak (Oñati) egitasmo bakoitzaren nondik norakoak azaldu dituzte. Premiazkotzat jotzen dituzte emakumeen ahalduntzerako espazioak zabaltzea, eta "ilusio handia" sumatzen dute parte hartze prozesuetan parte hartzen ari diren eragileen eta norbanakoen artean. Prozesu gehienek luze jo dute, baina ilusio hori mantendu egin da.
Emakume etxeen "loraldia"
Emakume etxeak ez dira aldarrikapen berria, eta une berean bailaran hiru zabaltzea albiste pozgarria bezain deigarria da. Emakume etxeen "loraldiaz" egin du berba Gonzalezek: "Egia da Arrasateko Emakume Txokoa erreferentea izan dugula beti Debagoienean, baina uste dut gure herrietan orain hiru emakume etxe zabaltzea ez dela kasualitatea".
Neurri handi batean mugimendu feministaren urteetako aldarrikapenaren ondorioa dela uste du Garciak, eta duela bizpahiru urte onartutako Berdintasun Legean jartzen du azpimarra. "Lehenengo eta behin, esan behar da legea etorri dela aldarrikapen hori hor zegoelako. Bestetik, urteotan guztiotan egindako lorpenak galdu egin daitezkeela ikusten dugun sasoi honetan, garrantzitsua da halakoak legeetan jasota egotea. Uste dut errekonozimendu handia dela maila horretako lege batek horrelako ekipamenduak onartzea. Bestetik, esango nuke politikarien agendetan ere lekua hartu duen gaia dela. EH Bildu dago hiru udalerrietan, eta Aldundiak, berriz, emakumeen etxeen inguruko lanketa sakona egin du azken urteetan".
"Emakumeoi zor zitzaizkigun halako espazioak", gaineratu du Arriolabengoak. "Kirol politikek kiroldegiak dituzte, eta politika feministek beren espazioak behar dituzte. Nire ustez, emakume etxeak belaunaldi berriko espazio publikoak dira, eta belaunaldi berriko politiketarako. Nik badut kezka jendeak sari moduan hartuko ote dituen zabaltzen ari diren emakume etxe horiek, guztiak baitira urteetako borrokaren emaitza. Oso-oso baldintza eskasetan aritu gara lanean, beste udal alor batzuetan ez dagoen prekarietatearekin. Ez dago beste udal arlorik zeinek baliabide barik hainbeste programa dituen martxan eta zeinek espazio fisiko barik funtzionatu duen hainbeste urtetan. Hau ez da sari bat. Urte asko eman ditugu material barik eta modu probisionalean jarritako txoko txikietan lanean. Berdintasun politikek merezi zuten duintasun bat".
Gehiago dio Arriolabengoak: "Nola kudeatu ez dakigun kasu pila ailegatzen zaizkigu. Genero Indarkeria Legeak jasotzen ez dituen indarkeria kasuak dira, eta sistemak ez du erantzunik. Esaterako, pobreziarekin eta migrazio politikekin gurutzatzen diren indarkeria kasuak. Gero eta kasu konplexuagoak dira, eta, nire ustez, emakume etxeak egokiak izan daitezke erantzun askoz ere integralagoak emateko".
Bergaran hasiberriak dira proiektua eragileekin elkarlanean lantzen: "Nire ustez, lagungarria da inguruko bi herritan antzerako prozesuak martxan egotea. Emakume Txokoa zer den eta zertarako den azaltzen laguntzen du".
Ahalduntze espazioak
Hain zuzen ere, emakumeen ahalduntzerako etxeak ezinbesteko espazioak direla adierazi dute hiru Berdintasun teknikariek, eta, zertarako diren galdetuta, bat datoz definizioan. Jone Arriolabengoak azpimarratu du emakumeen etxeek askotariko prozesuetan laguntzen dutela: "Laguntzen dute emakumeen ahalduntze indibidualean, kolektiboan zein soziopolitikoan, eta komunikaziorako, hausnarketarako eta errebisiorako espazio izan behar dute. Uste dut herri mailan aldaketak eragiteko espazioak izan daitezkeela, baita indarkeria jasaten duten emakumeen arretarako eta erreparazio prozesuetarako gune ere; izan ere, eskaini dezakete gaur egun gure herrietan eskaintzen diren zerbitzuetatik haratago joateko aukera".
Zaintza erdigunean jarri eta emakumeen aniztasuna kontuan hartuta eraldaketa feministarako herrian erreferente diren espazio antiarrazistak izan behar dutela gehitu du Bergarako teknikari Yenifer Garciak, eta emakumeak saretzeko espazio indartsuak direla esanez osatu du definizioa Aretxabaletako Malena Gonzalezek.
Bisitak emakume etxeetara
Debagoienean zabaltzear diren hiru emakume etxeek dagoeneko antolatu dituzte bisitak martxan dauden beste emakume etxeetara. Prozesu parte hartzaileari hasiera eman aurretik, Aretxabaletako Berdintasun zinegotzi Ainhoa Sanchez eta Berdintasun teknikari Malena Gonzalez Zumaiako, Lekeitioko eta Basauriko emakume etxeak bisitatzen izan ziren, besteak beste. "Uste dut oso lagungarria eta aberasgarria izan zela, sortze prozesua, kudeaketa eredua eta zerbitzuak ikusteko aukera izan genuelako", azaldu du Gonzalezek.
Oñatiarrek ere lau etxe bisitatu zituzten hasieran. "Lan saio bat egin genuen gero. Baliagarri egin zitzaigun: batzuei, eskemak apurtzeko; beste batzuei, Emakumion Etxiak eskaini ditzakeen aukerak irudikatzen hasteko...", dio Arriolabengoak.
Bergarakoek ere egin dituzte bisitak; Oñatin, Astigarragan, Zumaian eta Usurbilen izan dira. "Parte hartze prozesua definitzeko bisitatu genituen; batez ere, haien esperientzietatik ikasteko. Oso lagungarria izan zen, benetan. Hain zuzen, prozesuaren gakoak eta zailtasunak aldez aurretik identifikatzeko", nabarmendu du Garciak.
Kudeaketa eredua
Bergaran abiatzear duten parte hartze prozesuan aztertuko dituzte kudeaketa eredu egokienaren inguruko erabakiak.
Aretxabaletarren kasuan, "kudeaketa nagusia Udalarena izango da, baina mugimendu feministako eragileen presentzia handiarekin".
Jone Arriolabengoak aitortu du Oñatin buelta dezente eman dizkiotela gaiari. "Bazegoen kezka handi bat eta zen ea nola integra dezakeen parte hartze prozesuak emakumeen aniztasuna; izan ere, emakume batzuk oso eroso daude asanbladetan eta beste batzuk nahiago dituzte lantalde txikiko bilerak edo badaude ez dutenak haien burua ez batean ez bestean ikusten eta nahiago dutenak kafe bat hartzera etorri edo harreran lagundu edo... Hala, zazpi profil edo rol marraztu ditugu eta horren araberako parte hartze prozesu bat josten joan gara (...) Gainerakoan, Udalaren eta etxekideen arteko elkarlanean oinarritutako proiektua izango da Oñatiko Emakumion Etxia, eta berezituko dira kudeaketa eta gobernantza. Kudeaketa –harrera, kontratazioak, garbiketa, mantentzea...– Udalak hartuko du bere gain, eta etxekideak eta Udala egongo dira gobernantzako erabakietan".
Erantzun "polita"
Bai Aretxabaletan, bai Bergaran eta bai Oñatin, Berdintasun teknikariek ilusioa antzematen dute parte hartze prozesuan parte hartzen ari diren eragileen artean. "Bai; lanak luze doaz, eta jendeak badu gogoa etxea martxan ikusteko, baina bidea oso polita izaten ari da, eta izugarria da ikustea nola mantendu den ilusio hori urte hauetan guztietan", dio Oñatiko Berdintasun teknikari Jone Arriolabengoak.
Iritzi berekoa da Aretxabaletako Malena Gonzalez: "Bai, ilusioa sumatzen da herriko eragile feministen artean; bereziki, 2015eko prozesuan parte hartu zutenen artean. Urte asko egon dira proiektu hori lantzen, eta bagabiltza emaitzak ikusten".
Bergarako Yenifer Garciak honako hau dio: "Nik bai sumatzen dut ilusioa. Azken finean, aldarrikapen historikoa da, eta batera landu dugu parte hartze prozesuaren definizioa. Dena den, erronka handia da, eta bai mugimendu feministak bai Udalak arduraz hartzen du nork bere papera".
Oldarraldiarekin kezkatuta
Haizeak alde jotzen duela iruditu arren, kezka dute hiru Berdintasun teknikariek. Faxismoaren kontra, ausardia eta aliantza feministak! da Euskal Herriko Mugimendu Feministaren mobilizazioetako leloa aurten, eta uste dute badaudela horretarako motiboak. "Oldarraldi baten aurrean gaude, eta erresistentzia esparruak behar ditugu horri aurre egiteko", dio Arriolabengoak.
Bestetik, erronka garrantzitsuak zabaltzen dira emakume etxe bakoitzaren irekierarekin. "Argi dugu zertarako diren, baina zaindu egin behar ditugu, funtzio hori bete dezaten. Emakume etxeak ezin dira ekipamendu soil bihurtu. Ikusi behar dugu atzean dagoen borroka guztia eta eraldaketa eragiteko duten gaitasuna. Ezin dugu potentzialtasun hori galdu", dio Garciak.
Jabekuntza Eskolak
Gero eta gertuago dago emakumeen ahalduntzerako hiru etxe berrien irekiera. Bien bitartean, Jabekuntza Eskoletako tailerrek, hitzaldiek eta ekintzek jarraituko dute izaten emakumeen ahalduntzerako zerbitzu garrantzitsuenetakoak.
