Emakumeen Mundu Martxaren hasierarekin dator Martxoaren 8a

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko mar. 7a, 08:00

Pankartak egiten, otsailaren 17an, Bergarako kartzela zaharrean. Irudia: Mugimendu Feminista.

Gerrak eta kapitalismoa jo-puntuan, herrien burujabetza eta bizitza duinen aldarria du gogoan nazioarteko ekintzaren seigarren aldiak; Debagoienean domekan emango diote hasiera, Bergaran. Martxoaren 8an, berriz, faxismoaren aurka "aliantza feministen" aldeko aldarria egingo du Mugimendu Feministak.

Emakumeen Nazioarteko Eguna da Martxoaren 8a, eta aurten beste hitzordu bat gehituko zaio egunari, Emakumeen Mundu Martxaren nazioarteko ekintza hasiko baita, Mendebaldeko Saharan. Duela 25 urte egin zuten, hain zuzen ere, lehendabizikoz, eta seigarren aldia izango du aurten, bost urtean behin egiten baita. Martxan dira Euskal Herrian ere, eta Debagoienean egun bat geroago, hilaren 9an, emango diote hasiera, Bergaran, Gerra eta kapitalismoaren aurka, herrien burujabetzaren eta bizitza duinen alde lelopean.

Bailarako talde feministak daude Debagoieneko Emakumeen Mundu Martxaren asanbladaren atzean, eta nazioarteko ekintzaren leloa oinarritzat hartuta Martxak emango dituen aukerez jardun dute: "Nahiko aterki zabala da, baina bailarako kolektibo feminista gisa aukera ematen digu antikapitalismoarekin, antiarrazakeriarekin eta deskolonizazioarekin zerikusia duten nazioarteko martxaren balioekiko konpromisoa berresteko. Gai batzuk eztabaida politiko feministara ekartzeko aukera ematen digu; trantsizio ekosozialarekin, desmilitarizazioarekin eta arrazismoarekin lotutako gaiak, besteak beste".

Hasiera-ekitaldia

Emakumeen Mundu Martxa momentu "garrantzitsua" da bailarako talde feministendako, adierazi dutenez: "Batetik, ekintza feministak egiten dihardugun herrietan gai horiek lantzeko aukera ematen digulako, eta, bestetik, Euskal Herrian eta nazioartean artikulatzekoa". Bada, hori gogoan izanik antolatu dute hasiera-ekitaldia.

12:30ean aurkeztuko dute ekintza, etzi, San Martin plazan, eta kalejira egingo dute ondoren; ekitaldi nagusia, berriz, 13:30ean izango da. "Aramaioko kolektibo feministako kideek ekofeminismoaz jardungo dute; horrez gain, Elena Garcia eta Ana Portu izango dira gurekin, Bizkaiko asanblada feministako kideak, Emakumeen Mundu Martxaren nazioarteko ekintzetan parte hartu izan baitute urteetan. Euskal Herriko emakume migratuen eta arrazializatuen sareko lagunak ere egongo dira, urteetan baitihardute aldarrikatzen pertsona migratuen erregularizazioa; eta azkenik, Emakume Migratu Feministak Sociosanitarias kolektibo kideak, zaintzaren arloan dihardutenak".

Martxoaren 9ko egitaraua

San Martin plazan egingo dira Emakumeen Mundu Martxaren hasierako ekintzak; eguraldi txarra bada, Seminarioko karpan.

12:30. Ekintzaren aurkezpena.

12:45. Kalejira.

13:30. Ekitaldia. Emakume Mundu Martxaren ekintzak Euskal Herrian eta bertso aldarrikapenak.

14:00. Oholtza mediokreen apologia, oihal-akrobazia ikuskizuna.

15:00. Herri bazkaria; ondoren, ipuinak eta musika.

16:30. Lurra margotu, lurra defendatu ekintza, haurrendako eta helduendako.

17:30. Agurra.

Ekitaldiaren ondoren, hauek izango dira: Oholtza mediokreen apologia oihal-ikuskizuna, herri bazkaria, ipuin kontaketa eta musika emanaldia, eta Lurra margotu, lurra defendatu ekintza, haurrei eta helduei zuzenduta.

Gerora begirakoak

Emakumeen Mundu Martxak hainbat ekintza egingo ditu urtean zehar, eta "egutegi feministan data zehatzak" daudela nabarmendu dute debagoiendarrek. Esate baterako, Palestinako Lurraren Eguna da martxoaren 30ean, eta genozidioa salatzeko eta emakume palestinarrekiko elkartasuna agertzeko mobilizazioak egiteko dei egin dute mundu osoan; horrenbestez, eskualdean ere zerbait egitekoak dira. Horrez gain, Bangladeshko Rana Plaza lantegiaren erortzearen urteurrena aintzat hartuz –4.000 lagun zeuden barruan ehungintzan lanean, eta 1.138 hil ziren eta beste 2.000 zauritu–, Enpresa Transnazionalen aurkako Elkartasun Feministaren Astea egingo dute apirilaren 24tik maiatzaren 1era. Ekainean, berriz, Europa mailako ekintza bat antolatu dute Marseillan (Frantzia), eta hara joatekoak dira Euskal Herritik.

Bakearen Nazioarteko Egunean, irailaren 21ean, Emakumeen Mundu Martxaren nazioarteko batzarra egingo dute Nepalen, eta, azkenik, urriaren 17an amaituko da nazioarteko seigarren edizioa.

Biharko aldarriak

Faxismoaren aurka, ausardia eta aliantza feministak lelopean egingo ditu Martxoaren 8an, bihar, Euskal Herriko mugimendu feministak mobilizazioak hirietan eta herrietan, eta bat egin dute bailarako taldeek, elkarretaratzeak eta manifestazioak antolatu baitituzte. Azaldu dutenez, zaintza sistema izan zuten iaz jomugan, baina "emakume, trans eta bollerek jasaten duten zapalkuntza" izango dute aurten oinarri, "zapalkuntza forma berriak" ez ezik, "botere erlazio forma konplexuak" antzeman dituztela nabarmenduta: "Eskuin muturraren, faxismoaren eta jarrera erreakzionarioen gorakada ikusten dugu hainbat esparru eta sektoretan", eta erantsi dute ez dela urrutiko kontua: "Ezkerreko sektore batzuetan ere ari gara ikusten feminismoarekiko kontrakotasuna eta diskurtso arrazisten gorakada. Horrek guztiak emakume, trans eta bolleron zapalkuntza eragiten du, batez ere".

Feminismoa, horrenbestez, "ezkerreko borroken erdigunera" eraman beharraz jardun du mugimendu feministak: "Feminismo antiarrazista, antikolonialista, antikapitalista eta antiklasista. Feminismoa baita eralda- ketarako proposamen integralak egiteko ezinbesteko mugimendua". Hala, askotariko esplotazio eta zapalkuntza egoerak salatuko dituzte, hiru nabarmenduta: indarkeria matxista, krisi ekosoziala eta migrazio politikak.

M-8: Debagoieneko Mugimendu Feministak antolatutako mobilizazioak

Antzuola: 19:00etan, Herriko Plazan.

Aramaio: 12:30ean, Herriko Plazan.

Aretxabaleta: 18:30ean, Herriko Plazan.

Arrasate: 18:00etan, Seber Altube plazan.

Bergara: 13:00etan, Munibe plazan.

Elgeta: 13:00etan, Herriko Plazan.

Eskoriatza: 18:30ean, Herriko Plazan.

Oñati: 18:00etan, Foru Enparantzan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak