Euskal Autonomia Erkidegoan hezkuntza publikoan diharduten langileen lan-baldintzak hobetzeko aldarrikapenek zeresan handia eman dute, bereziki, urtarrilerako eta otsailerako greba deialdiek eraginda. Eusko Jaurlaritzaren eta sindikatuen arteko negoziazioen menpe daude hezkuntza publiko ez-unibertsitarioko irakasleen eta sukaldarien zein garbitzaileen lan-hitzarmenak berritzeko aukerak –haur eskoletan akordioa lortu du LABek asteon–.
Eskaera nagusiak
Sindikatuen eskaerak honako hauek dira, nagusiki: lan-zamak arintzea; gazteberritze planak garatzea; eros-ahalmena berreskuratzea; enplegua egonkortu eta bermatzea; ordezkoen lan-baldintzak hobetzea; eta osasun-, berdintasun- eta euskara-planak garatzea.
Negoziazioez harago, langileengan jarri nahi izan du arreta GOIENAk, eta, horretarako, Arrasaten elkartu ditu profil ezberdinak dituzten Ander Agirrebeitia (Arrasate, 1989), Amaia Isasa (Pasaia, 1975) eta Kepa De Vega (Elgeta, 1992). Elkar ezagutzen ez badute ere, argazki saiorako elkartu eta berehala jarri dira solasean bizi duten egoeraz; hirurak bat datoz: hezkuntza publikoaren egoera okerrera doa, "etengabe".
Ordezkorik eza, eguneroko ogia
Ander Agirrebeitia duela bederatzi urte hasi zen Hezkuntza Sailerako sukaldari lanetan. Eibarren zazpi urte egin zituen eta gaur egun Oñatiko herri eskolan ari da. Lanean hasi zenetik egoerak okerrera egin duela dio; batez ere, ordezkapenetan: "Okerrera egin dugu, baja hartzen duten lankideak ordezkatzeko gehienetan egun bat edo bi egun itxaron behar izaten dugu; tarte horretan lanean ari garen sukaldarien artean banatu behar izaten dugu eginbeharra eta horrek lan-karga asko areagotzen digu. Garai baten baja bat bazegoen, delegaziora deitu eta arazoa konpontzeko ahaleginak egiten zituzten, baina gaur egun ezin dugu telefonoz deitu. Orain dena doa aplikazio bidez, baina oso urrun dago guretzat sistema eraginkorra izatetik. Garbitzaileekin batera, sukaldariok gara Hezkuntza Sailean baldintza eskasenak dituen kolektiboa".
2009a ezkero lan-hitzarmena berritu ez dietela ere salatu du Agirrebeitiak: "Ardura eta kezka handiz bizi dugu egoera, hitzarmena berritzeko behar handia dugu eta. Indarrean dagoen hitzarmena oso zaharkituta geratu da gaur egun ditugun beharretarako".
Ander Agirrebeitia, sukaldaria: "Garbitzaileekin batera, baldintza eskasenak dituen kolektiboa gara"
Gainera, martitzenean izan zen negoziazio mahaitik zerbait aterako zela itxaropena bazuten, baina ez zen hala izan: "Ahoz agindu digute gauzak aldatuko direla, baina idatziz ez dago ezer. Askotan esan digute gauzak hobetu digutela, baina idatziz izan arte guk borrokan jarraituko dugu". Otsailaren 19rako eta 20rako dute deituta greba sukaldariek eta garbitzaileek.
Azken bederatzi urteetan osasun azterketarik egin ez duela ere salatu Agirrebeitiak, eta honako mezu hau helarazi nahi dio gizarteari: "Gure egoera ulertzea eskatzen dugu, lan-baldintzak hobetzeko egiten dugula greba. Gure egoera hobetu ahala, ikasleei ematen diegun jangela-zerbitzua ere hobetuko da".
Lan burokratiko gehigarria
Pasaian jaio arren, 20 urtetik gora daroatza Amaia Isasak Bergaran bizi izaten. 2009an hasi zen irakasle, ordezkapenak egiten, eta gaur egun Lehen Hezkuntzako laugarren mailako tutore da. Tutore bezala lan-zama asko areagotu zaiola dio: "Tutore moduan gero eta gehiago eskatzen zaigu. Gero eta garrantzi handiagoa hartzen du gure egunerokoan lan burokratiko administratiboak; hots, gelatik kanpoko lana gero eta handiagoa da. Tutoreez harago, baldintzek, oro har, okerrera egin dute; ordezko hasi nintzen ni, eta badakit jakin ordezkoen panorama asko konplikatu dela. Adibidez, oso ohikoa da oporrak ez ordaintzeko kontratuak etetea".
Amaia Isasa, irakaslea: "Tutoreoi gero eta gehiago eskatzen zaigu egiteko; batez ere, gelaz kanpo"
Irakasle ez-unibertsitarioak grebara deituta daude otsailaren 26rako eta 27rako; Isasak dio urtarrileko deialdiek "jarraipen handia" izan zutela lan egiten duen ikastetxean: "Zerbitzu minimoetarako langileak bazeuden, zozketarik egiteke, baina agerikoa izan da azken deialdi horiek aurrekoek baino jarraipen askoz zabalagoa izan zutela. Aurreikusten dut, gainera, hurrengo asteko deialdiek ere babes handia izango dutela; lan-zama honekin erreta gaude eta ia denok gaude ados deialdiarekin. Behar handia dugu gauzak aldatzeko, 2010etik berritzeke den hitzarmena berritzeko".
Bestalde, familien partetik erantzunen bat jaso ote duen galdetuta, honako hau dio Isasak: "Pertsonalki ez zait mezurik iritsi. Egia dena da joera handia dagoela, irakasleen partetik grebak jarraipen handia izan arren, ikasleak eskolara bidaltzeko; arrazoiak askotarikoak izango dira. Uste dut gizarteak ez dituela behar beste ulertu gure eskaerak".
Irakasleen haserrea eta nekea
Irakasle bezala zortzigarren ikasturtea du Kepa De Vega elgetarrak. Azken sei urteak Gasteizko eskola batean egin ditu, eta dio lan-baldintzek "etengabeko okertze bat" bizi dutela hezkuntza publikoan: "Lan burokratikoaren igoera azken urteetan izugarria izan da; paper gainean ratioak jaitsi badira ere, gure gelak gainezka daude; eros-ahalmena etengabe galtzen ari gara –soldata igotzen dute, baina inoiz ez KPI beste–; ordezkoak gero eta beranduago datoz; ordezkoen baldintzak gero eta okerragoak dira; Hezkuntza Premia Bereziko ikasleen arretarako murrizketak etengabeak dira; osasun azterketak ez dizkigute egiten... Irakasle gehiago behar dira, gaudenok haserre eta nekatuta gaude. Goi karguei eskolatik pasatzeko gonbita egingo nieke, irakasleok bizi dugun egoera ikus dezaten".
Kepa De Vega, irakaslea: "Irakasleon egoera ikusteko, eskolara gonbidatuzko nituzke Hezkuntza Saileko goi karguak"
Grebek familia batzuk haserretzen dituztela badaki De Vegak: "Badaude kexatzen direnak. Entzuten gaituztenek, aldiz, ulertzen dute gure borroka euren seme-alaben mesederako ere badela. Eskubide unibertsala den hezkuntza publikoa hobetzeko borrokan ari gara, ez dezagun ahaztu".