Hezkuntza publikoko langileen grebak jarraipena izan du bailaran

Sara Lanz 2025ko urt. 22a, 16:50

LABek, ELAk, Steilasek eta CCOOk deituta grebak egin dituzte bailarako irakasleek. %60tik gorako lanuztea izan da eskualdeko eskola publikoetan.

Gaurkoa izan da Hezkuntza Publikoko Grebaren lehen eguna eta eragina izan du Debagoieneko Eskola Publikoetan. Goienak jasotako datuen arabera, %60tik gorako lanuztea izan da eskualdeko eskola publikoetan, eskola batzuetan handiagoa izan bada ere grebaren eragina. Horrenbestez, ikastetxeetan ez da ohiko mugimendua egon eta ezin izan dituzte eskolak normaltasunez eman.

Bailarako ondorengo zentroetan izan du eragin handiena: Arrasateko Herri Eskola, Oñatiko Urgain Eskola eta Aramaioko Herri Eskola. Hiru hauetan irakaslegoaren %70ak baino gehiagok egin du grebaren alde.

Modu honetan, hasiera eman zaio hamabi eguneko greba zikloari Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza publikoan. Lan hitzarmenak berritu eta baldintzak hobetzeea eskatzen dute sindikatuek. ELA, LAB, Steilas eta CCOO sindikatuek konbokatu dute greba eta negoziatzeko eskaera egin diote Eusko Jaurlaritzari. Sindikatuek, ohar bidez, adierazi dute Euskal Autonomia Erkidegoan irakasleen %75ek baino gehiagok bat egin dutela grebarekin. 

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren arabera, ostera, apalagoa izan da grebaren jarraipena, %48koa hain justu ere. Hezkuntza Saila ez dago ados deialdiarekin. Begoña Pedrosa Hezkuntza silburuak nabarmendu du negoziazio mahaiak indarrean daudela eta proposamenak daudela mahai gainean, hezkuntzarentzat onena bilatzea xede hartuta.

Lan baldintza hobetu, hemen eta orain erabakita! lelopean egin dute goizean mobilizazioa Bilbon, eta milaka izan dira grebara batu direnak, sindikatuen arabera. Mikel Urangak, Gipuzkoako hezkuntza publikoko arduradunak, mobilizazioaren zergatia gogora ekarri nahi izan du: "Intersindikalki adostutako eduki horiek, bai dira lan zaman arintzea, lanaldiei eta aitortzen zaizkigun erabakiei dagokienez, bai materialak eta bai pertsonalak. Erretiroa hartzeko neurriak hobetzea da. Noski, eros ahalmena berreskuratzea, azken urte hauetan %20 galdu dugu sektore guztietako langileak". Horrekin batera, enpleguarekin zerikusia duten neurriak, ordezkoentzako zuzendutako neurriak, lan osasuna eta beste batzuk tarteko daudela azaldu du. Lehen greba egun honen inguruko balorazio oso positiboa egin dute ELA sindikatutik.

Aimar Lasak, LAB Sindikatuko bailarako hezkuntza arduradunak, Debagoienean grebak izan duen erantzunaren balorazio positiboa egin du: "Gaiaren inguruan hitz egin den lekuetan, grebarekiko emaitzak nahiko onak direla uste dugu".

12 eguneko greba zikloa

Biharko ere greba deitu dute sare publikoko hezkuntza alorreko langileek, eta EAEko hiru hiriburuetan izango dira mobilizazioak. Gainerako greba egunak ere zehaztuta dituzte: irakasleek otsailaren 26an eta 27an ere egingo dute greba; Haurreskolak partzuergoko langileek, ostera, urtarrilaren 28an eta 29an, eta otsailaren 12an eta 13an; eta sukaldeetakoek eta garbiketakoek, urtarrilaren 30ean eta 31n, eta otsailaren 19an eta 20an. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak