Emozioen kontzientzia hartzea, giltzarri

Amaia Txintxurreta Guridi 2025ko ots. 11a, 14:27

Sei ume, oinarrizko sei emozioak adierazten dituzten txartelak eskuetan dituztela, horiek antzezten.

Haur Hezkuntza oinarrizko etapa da pertsonen garapenerako, eta, ondorioz, Debagoieneko eskoletan emozioak identifikatzeari eta horien kudeaketa egokia egiteari garrantzi handia ematen diote. Eskolek hainbat metodologia erabiltzen dituzte emozioak lantzeko, baina, horiez gain, egunerokotasunean ere emozioei dagokien lekua egiten saiatzen dira, haurren garapen "integralerako".

Puntua aldizkariaren 442. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

Emozioak pertsonaren barnean sortzen diren erantzun fisiologikoak dira. Oinarrizko sei emozio daude: poza, tristura, beldurra, haserrea, nazka eta sorpresa. Horiek elkarren artean nahasten direnean, bigarren mailako emozioak edo emozio konplexuagoak sortzen dira. Automatikoak izaten dira, gauza jakin baten aurrean gorputzak eta buruak modu zehatz baten erreakzionatzen baitute. Momentu batean sentitzen dira; beraz, motzak dira. Baina horrek pertsonarengan gogo-aldarte jakin bat utz dezake; esaterako, une batean haserretu egin zaitezke eta horrek gero ukituta utz zaitzake, baina emozioa momentuko zerbait da. Unibertsalak dira, guztiok sentitzen ditugu, baina pertsona bakoitza gehiago edo gutxiago konturatuko da, daukan kontzientzia emozionalaren arabera. Horrela azaldu du Ana Zendegi psikologoak emozioak zer diren. Gaineratu du garrantzitsua dela guztiei balioa ematea.

Funtsezko zeregina dute nortasuna eraikitzeko garaian, baita testuinguruarekin harremantzeko momentuan ere. Emozioak oso presente daude gure bizitzetan, eta, zer esanik ez, eskolan. Haurrentzat ere emozioek garrantzi handia dute, euren garapenean eta ongizate emozionalean. Gainera, "intentsitate handiz" bizitzen dituzte emozioak; hori adierazi du Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultateko irakasle eta ikertzaile Eider Salegik, eta hau gaineratu: "Ez dugu ahaztu behar haurraren izaera globala bere osotasunean adierazten dela; gorputza, adimena eta emozioak eskutik helduta doazela. Haurrek jolasaren eta gorputzaren bidez adierazten dute euren burua; horrela erakusten dituzte emozioak eta sentimenduak, eta horrela joaten dira euren ingurua ezagutzen ere, mugimenduaren bidez".

Ana Zendegi: "Behaketa eta komunikazioa dira gakoak"



Ana Zendegi psikologoak dio askotan ez dela erraza umeek zein emozio sentitzen dituzten azaltzea: "Oraindik ez dakite ondo espresatzen, baina gurasoak dira umea ondoen ezagutzen dutenak, eta behaketaren eta komunikazioaren bitartez heldu gaitezke jakitera nola sentitzen diren. Aukera guztiak jarri behar dira mahai gainean, eta saiatu behar dugu haserrerik ez egiten. Ez sentiarazi gaizki dagoela esan behar duen hori. Baimena eman behar diogu esateko pentsatzen duena edo sentitzen duena, eta hor garrantzitsua da hitz egitea. Agian, haserre dagoen momentua ez da hitz egiteko unea, baina aurrerago esango digu. Pazientziarekin hartu behar da; jakin behar dugu ez dutela helduok bezain erraz hitz egiten eta ez dituztela funtzio kognitiboak hain garatuta".

Haur batek Haur Hezkuntzatik bere emozioak identifikatzen ikastearen garrantzia azpimarratu du, epe luzera begira hainbat onura ekarriko dizkiola iritzita: "Erabakiak hartzeko samurtasuna ekarriko dio; erabakien zentzuarekin sintonian egongo da; egoera zail baten aurrean hobeto jokatzen jakingo du; nerabezaroko identitate-bilaketa garaian saihestu egingo du kontsumoetan sartzea; talde-presioarengatik egiten diren hainbat gauza ez egitea edo buruarekin egitea...". Eta hauxe gaineratu du: "Emozioak pertsonaren oinarria dira; emozioen kudeaketa txar batek arazo asko ekar ditzake". Beraz, uste du txikitatik kontzientzia emozionala lantzea oso garrantzitsua dela.

Haurren emozioei tokia egitea Haur Hezkuntzan, beraz, inportantea dela azaldu du: "Haur Hezkuntza da haurraren eskola ibilbidearen hastapena, eta, haurraren garapenerako etapak duen garrantzia aitortuta, etapa estrategikoa da eskola, pertsona modu osasuntsuan garatzeko oinarriak eraikitzen direlako".

Emozioak presentzia "handia" hartzen ari dira

Salegik esan du azken urteetan emozioak presentzia "handia" hartzen hasi direla gure bizitzan, eta eskoletan emozioak lantzeko hautua egin dela, horiek "berariaz" lantzeko, eduki gisa ere bai. "Eskolak espazio segurua eskaini behar dio haurrari bera den moduan agertzeko. Haurrari bere identitatea eraikitzen lagundu behar diogu. Helduok haurraren emozioak entzuten eta ikusten jakin behar dugu, eta horiek akonpainatzen. Helduak oso inportanteak gara haurrentzako, eta emozio horiek akonpainatzen jakin behar dugu. Horretarako, helduak ere bere emozioak identifikatu eta ulertzea ezinbestekoa da. Ez dugu ahaztu behar haurren emozioek helduongan ere beste emozio batzuk pizten dituztela, deserosoak ere izan daitezkeenak. Eta inportantea da biei jartzea arreta: umearen emozioari, baina baita helduon emozioari ere. Haurraren ongizateaz ari gara, baina, horretarako, irakaslearen ongizatea ere oso inportantea da", zehaztu du Salegik.

Psikomotrizitatearen garrantzia

Salegik psikomotrizitatearen inportantzia azpimarratu du: "Oso garrantzitsua da umeari denbora eta lekua ematea, haren gorputzaren adierazpen hori egin dezan; haren burua garatzeko, haren identitatea eraikitzeko eta komunikaziora zabaltzeko. Psikomotrizitatearen garrantzia aipatuko nuke hemen. Psikomotrizitateak haurraren edota pertsonaren globaltasuna hartzen du bere baitan, eta hortik datorkio psiko-motrizitate izena, pertsonaren gorputza eta alderdi psikologikoak hartzen dituelako kontuan. Pertsona osotasunean garatzen da; alderdi kognitiboa, motorra eta sozioafektiboa uztartuta". Beraz, esan du psikomotrizitatearen helburua dela haurra bere osotasunean garatzen laguntzea, eta, horretarako, jolasa izango da, Salegiren esanetan, abiapuntua, haurra bera den bezala adierazteko testuinguruak eta haren mugimendua eta gorputza erabiltzeko baliabideak eskainita. Gaineratu du horrek aukera emango diola objektuekin eta besteekin harremanak eraikitzeko, eta, ondorioz, haren identitatea eta autonomia pertsonala garatzeko.

Eskoletako metodologiak

Debagoieneko eskoletan ere jabetu dira emozioak Haur Hezkuntzatik lantzeak dakartzan onurez, eta, horregatik, eskola bakoitzak bere moduan lantzen du gaia ikastetxean.

Oñatiko Txantxiku Ikastolan, esaterako, Ikastolen Elkarteak sortutako Kuku! emozio-programa lantzen dute. Oinarrizko emozioak lantzeko, norberarenak ezagutzeko, kudeatzen hasteko eta besteenak hobeto ulertzeko hezkuntza-programa da, ahozkotasunean oinarritzen dena. Programa hori aplikatzeak pertsonen "garapen osoa" errazten duela azaldu du bertako irakasle Izaskun Urteagak, eta gaineratu du haurrei "barne sendotasuna" eskaintzen diela: "Lehenengo, identifikazioarekin hasten gara, autoerregulazioaren bidean. Hasieran, bakoitzaren emozioak identifikatzen ditugu, aurpegiko adierazleak zeintzuk diren definituz, emozioak gorputzean non sentitzen ditugun esanaz… Ondoren, autoerregulazioan zentratzen gara, emozio horiek gainezka egiten digutenean nola lasaitu jakiteko". Umeen emozio "guztiei" lekua egiten diete eta irakasleek ere euren emozioetatik hitz egiten diete.

Jolasak, emozioak lantzeko lagungarri



Hezitzailea eta jolasarekin lotutako gaietan aditua den Itsaso Pagoagak adierazi du jolasak aproposak izan daitezkeela emozioak lantzeko eta horiei buruz hitz egiteko.

Emozio ugari jolas bakarrean

Jolas batekin emozio bat sor daiteke, edo emozio ugari sor daitezke jolas bakarrean. Honela azaldu du Pagoagak: "Jolasetan haurrek makina bat emozio bizi ditzakete aldi berean, eta denak dira ongietorriak". Eta adibide hau jarri du: "Adibidez, 4 urteko haurra eraikuntza-jolasean ari denean, eraikuntza hori sortzeko prozesuan gertatzen diren gorabehera guztiek harengan emozio ezberdinak eragin ditzakete. Eraikitzeko zailtasunak izatea, momentu batean ideiarik gabe geratzea, ideia berriak bururatu, frogatu eta lehenengo aldian norberak uste ez bezala ateratzea... Gertaera horiek guztiak jolas bakarrean ager daitezke eta egoera bakoitzak emozioren bat eragin: frustrazioa, tristura, amorrua, poza... Beraz, zaila da esatea jolas bakar bat dagoenik oinarrizko emozio bat lantzeko".

Solaserako abiapuntu

Pagoagaren ustez, garrantzitsuena da, gainera, haurrak egiten duen jolasa dena delakoa izanda ere –eraikuntza- jolasa, jolas sinbolikoa, mahai- jolasa, puzzlea eta abar–, haurrarekin hitz egitea zer gertatu zaion momentu bakoitzean eta horrek zein emozio sorrarazi dion. Hauxe nabarmendu du: "Hitz egitea, izendatzea eta horri bide ematea, hasiera batean, nahikoa izan daiteke, edo abiapuntu, emozio bakoitzaren lanketarako".

Arrasateko Herri Eskolako Haur Hezkuntzako koordinatzaileetako batek, Lorea Suarezek, azpimarratu du emozioak eskolan "ezinbestean" landu beharreko alderdia dela. Hezkuntza emozionala haurraren akonpainamendutik, bidelagun izatetik, egitea da euren helburuetako bat, eta gaineratu du hainbat modutara lantzen dutela: "Gure filosofia mugimendu autonomoa den aldetik, ikuspegi integralagoak eta hezkuntza-eredu berritzaileak bilatzen dituzten emozioen kudeaketa eta adierazpena hezkuntza prozesuaren parte gisa txertatzen dugu, eta haren baitan hauek biltzen ditu: norberaren emozioen identifikazioa eta kudeaketa, enpatia garatzea eta besteekiko harremanak indartzea eta taldean lan egiteko eta gatazkak modu eraikitzailean konpontzeko gaitasunak".

Bergarako Mariaren Lagundiko zuzendari Nagore Muruak esan du 2009an jarri zutela martxan Barnetasun Proiektua, eta aldaketak egiten joan direla gizarteak eskatzen zienaren arabera: "Barnegune bat daukagu eskolan, askotariko dinamikez, nork bere gorputza eta burmuina ezagut dezan, emozioei izenak jartzeko". Eredu pedagogikoan txertatuta dute adimen emozional horren lanketa: "Garrantzitsua da barneko ni horren munduaren kontzientzia izatea, orainaren kontzientzia izatea, eta badaramatzagu hamar bat urte egunero etapa guztietan eta klase guztietan isiluneak egiten. Gainera, Gugan proiektuarekin hasi ginen duela pare bat urte. Bizikidetza taldeak hartu du horren ardura, eta talde horretan zuzendaritza sartu da, iruditzen zaigulako eredu pedagogikoa hezkuntza pertsonalizatua bada eta hori bada gure hezurdura, oso lotuta joan behar duela adimen emozionalarekin".

Eskola bakoitzak proiektu propioak dituen arren, guztiek lantzen dituzte emozioak egunerokotasunean ere.

Oinarrizko emozioak lantzeko, ipuinak

Oñatiko haur liburutegiko arduradun Marina Etxegoienek esan du emozioak ipuin guztietan daudela presente, agerian ez bada ere: "Gaur egun, liburu gehiegik eskaintzen dizkigute emozioak lantzeko eta kudeatzeko formula magikoak. Baina literaturak bestelakoa izan behar du; literaturak emozio intimoak eta pertsonalak sorrarazteko gai izan behar du, gidaritzarik gabe. Literatura instrumentalizatzen dugunean, errezetak sortzen ditugu. Hori dela eta, zerrenda honetan didaktismotik urruntzen diren liburuak aukeratu ditugu eta hain modan dauden liburuetatik aldentzen saiatu gara".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak