Puntua aldizkariaren 441. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Nabarmen jaitsi da adopzioen kopurua Gipuzkoan azken urteetan; datuei begiratu besterik ez dago. 2008an, nazioarteko herrialde batean haur bat adoptatzeko 108 eskaera aurkeztu ziren Foru Aldundian; 2023an, berriz, lau. Espainian adoptatzeko eskaerei dagokionez, 28 izan ziren 2008an eta hamasei izan dira 2023an. Eskaeretatik haratago, bukatutzat ematen diren adopzio prozesuak gutxiago izaten dira. Horietan ere, ordea, jaitsi egin da kopurua: 2008an 76 nazioarteko adopzio egin ziren eta 2023an ez da bat ere egin. Espainia mailakoei dagokienez, lau izan ziren 2008an eta zazpi izan dira 2023an.
Datuek joera aldaketa bati erantzuten diote: adingabeen eskubideak gehiago babeste aldera, jatorriko herrialde askok nazioarteko beste herrialde batetik adoptatzea helburu duten prozesuak debekatu edo nabarmen gutxitu dituzte. Ondo dakite hori Gipuzkoako Adopzio Familien Ume Alaia elkartean. Bertako langilea da Paula Jie Garcia, eta, esan duenez, azken urteetan "aldaketa handia" gertatu da: "Nazioarteko adopzioa hasi zenean, 70-80ko hamarkadetan, adin txikikoak izaten ziren. Espainiako Estatuan, nazioarteko adopzioari dagokionez, 90eko hamarkadatik aurrera izan zen gorakada; 2000ko hamarkada hasieran, Espainiako Estatua izan zen munduko bigarren harrera- herrialdea. EAEn garai hartan haur txikiak ekarri ohi zituzten, jatorriaren arabera adina aldatzen bazen ere". Adibideak ere eman ditu. "Asia ekialdetik etorritakoak, normalean, 8-9 hilabete edo urtebete ingururekin iristen ziren. Europa ekialdetik, ordea, geroago etortzen ziren, 4 eta 6 urte bitartean, baita Hego Amerikatik ere. "Gaur egun, joera dago zaharragoak direnean ekartzeko", azaldu du Garciak.
Maren Martin: "Niretzat ez du aparteko garrantzirik izan"

Urtebete zuela adoptatu zuten gurasoek Maren Martin. Jatorriz txinatarra da, Guangdong probintziakoa, eta argi dio adoptatua izateak ez diola bereziki eragin: "Prozesuaz ez naiz ia gogoratzen, eta nire bizitzan ez du aparteko garrantzirik izan. Txikitatik azaldu didate egoera eta kontatu didate prozesua; nahiko normalizatuta eduki dut". Inguruko pertsonek galdetzen diotenean ere, normaltasunez hitz egin du egoeraz, azaldu duenez.
Harrera-familian hura baino nagusiagoak diren bi ahizpa eta neba bat dauzka, eta ez du inoiz guraso biologikoak ezagutzeko kuriositaterik izan. Adopzioaren inguruko estigmari dagokionez, uste du "ezjakintasunak" asko eragiten duela: "Prozesu osoa nahiko ezezaguna da, eta, jendeak ezagutzen ez duenez, jakin gabe hitz egiten du, eta, askotan, ondorio okerretara heltzen dira. Behin egoera ondo ulertzen dutenean, bestelako jarrera bat izaten dute". Hala ere, etnia ezberdintasunak, askotan, arrazismoa ekartzen duela dio: "Jendeak etnia ezberdineko seme-alabak ikusten dituenean, argiagoa izaten da adoptatuak garela. Askotan, min egiteko intentzioarekin erabiltzen dela uste dut". Kasu horietan, egoerari aurre egitea pertsona adoptatuen esku dagoela uste du: "Ikusaraztea adoptatua izatea ez dela ezer txarra, guztiok bezala guraso batzuk ditugula eta horrek ez duela esan nahi gure gurasoek beste batzuek baino gutxiago maite gaituztenik".
Izan ere, esan du adingabeak babesteko "neurri gehiago" garatu direla: "Batez ere, bilatzen da haurrak haien jatorrizko kultura edo herrialdetik atera daitezen saihestea. Ahal den neurrian, saiatzen da jatorrizko herrialdean edo kulturan geratu daitezen. Gaur egun, nazioarteko adopzio bakanetakoak behar bereziak dituzten haurrenak izaten dira, eta prozesu luzeak izaten dira, gainera". Txina izan da azkenaldian nazioarteko adopzioak bertan behera utzi dituen herrialdeetako bat; herrialde hartan zabalik zeuden espedienteak ere bertan behera geratu dira. Izan ere, gaiak eztabaida sortu du azken urteetan; besteak beste, prozesu batzuen atzean salbatzaile zuriaren sindromea dagoela diote aditu batzuek.
Adoptatzeko baldintzak
Adopzioko familiei dagokienez, "familia normatiboak" izan ohi direla adierazi du: azal zurikoak eta bikote heterosexual batez osatuak. Hala ere, Garciak nabarmendu du badaudela, ehuneko txikiago batean bada ere, adoptatzen duten guraso bakar bateko familiak ere. "Gehienetan, ama batek osatutakoak izaten dira. Badaude familiak haurrik eduki ezin dutelako adoptatzen dutenak, baina, orokorrean, adoptatzeko motibazio nagusia ume bat zaindu eta hezteko nahia izaten da", azaldu du.
Baina zeintzuk dira baldintzak ume bat adoptatu ahal izateko? Foru aldundiek kudeatzen dituzte, eta Gipuzkoakoak jartzen dituen baldintzetako batzuk dira, adibidez, 25 urte baino gehiago izatea, bikoteen kasuan bi urtez, gutxienez, elkarrekin bizi izan direla frogatzea eta adoptatutako adingabearen eta adopzioko familiaren artean gehienez 44 urteko aldea izatea. Horrez gain, egokitasun-ziurtagiri bat lortu beharko du familiak, eta, horretarako, besteak beste, umea mantentzeko baliabide ekonomikoak dituela frogatu beharko du, bizitza familiar "egonkorra" duela ziurtatu, eta umearen bizitza-istorioa eta egoera errespetuz tratatuko duela frogatu.
Baldintza horiez gain, nazioartean adoptatu nahi izanez gero, jatorrizko herrialdearen legedia ere bete beharko dute familiek. "Herrialde gehienetan eskatzen da bi gurasok osatutako familiak izatea: aita bat eta ama bat. Harrerako herrialdeetan batzuetan betetzen ez den puntu bat dago, eta tarteko irtenbide bat bilatu behar izaten da. Orientazio sexuala ere kontuan hartzen dute herrialde gehienek", azaldu du Garciak. Horrez gain, harrerako familiak baldintzak betetzen baditu ere, prestakuntza-prozesu bat egin behar izaten dute; bestea beste, epaile baten aurretik igaro behar izaten dute, eta psikologoekin gaitasun-probak egin. Foru Aldundiak hilero antolatzen dituen saio bateratuetara joatea ere derrigorra da familientzat.
Yuli Corres: "Nire amak dio amatasun sena izan zela"

Yuli Corresen izenak euri asko esan nahi du txinatarrez, eta ez da kasualitatea: "Txinako Chonqingeko udalerriko umezurztegiaren atean agertu nintzen, euri azpian". 2004. urtean izan zen hori, eta 2005ean, 15 hilabete zituela, elkartu zen haren gurasoekin. "Nik ez dut adopzio prozesuari buruzko ezer gogoratzen, baina gurasoekin hitz egin dut askotan, eta denbora luzea iraun zuela esan didate; paper asko egin behar izan zituzten. Hala ere, esan didate merezi izan zuela hori pasatzea".
Gurasoak haren bila joan zireneko ezer ez du gogoratzen, baina dena bideo-zintetan grabatuta dagoela dio: "Zintetan nahiko nahastuta agertzen naiz. Hain txikia izanda, ezagutzen ez dituzun pertsonekin egoteak egun batetik bestera gogorra izan behar du. Bestalde, nire amak lehenengo aldiz ikusi ninduenean, jakin zuen ni nintzela. Hark beti esaten du amatasun sena izan zela".
Adoptatua izatearen ondorioez, Corresek esan du inoiz ez dela lekuz kanpo sentitu adoptatua izateagatik, eta ez diola jendearekin arazorik ekarri. "Nire gurasoek beti esan didate nahiz eta adopzioan emana izan horrek ez duela esan nahi guraso biologikoek ez nindutela maite. Urteekin jakin nuen Txinan momentu hartan ume bakarra izatea baimentzen zuen lege bat zegoela, eta nahiago zutela gizon bat izatea emakumezko bat baino". Euskal Herria bere etxea dela dio Corresek, eta hemen pozik bizi dela.
Adoptatutako pertsonari dagokionez, baldintza batzuk bete behar izaten dira adopzio prozesua hasi ahal izateko ere. Kode Zibilak zehazten duenez, "emantzipatu gabeko adingabeak" bakarrik adoptatu ahal izango dira. Salbuespenik badago, hala ere: adin nagusiko pertsona bat edo adingabe emantzipatu bat adoptatu ahal izango da, baldin eta emantzipatu aurreko unean "harrera egoeran" izan bada adoptatzaile izango direnekin eta haiekin bizikidetza egonkorra izan bada, gutxienez, urtebetez.
Bete beharreko baldintzez gain, prozesua emozionalki, askotan, ez da erraza izaten, ez familientzat, ezta adoptatutako pertsonarentzat ere. Egoera zailak izan daitezke, bai haurdunaldian izandako egoerengatik edo adopzioan sortutako traumengatik, eta horrek ondorio fisiko zein psikologikoak izan ditzake haurrarengan edo gaztearengan. Hala ere, askotan, arreta psikologiko eta medikoarekin hobera egiten du egoerak.
Jatorriarekin lotura
Behin harrera-familiara heltzean, familia horretako kide bihurtzen da haurra; baina horrek ez du esan nahi, nahitaez, jatorrizko familiarekin edo herrialdearekin lotura guztiak moztu behar dituenik. "Urte askoan, haurra legalki adopzio familiaren zati bihurtzen zenean, joera izaten zen familia biologikoarekin zituen lotura guztiak haustea. Gaur egun, ordea, adopzio nazionalak irekiak izateko joera hartzen ari dira; hau da, jatorrizko familiarekin kontaktua mantenduz egiten diren adopzioak", dio Ume Alaiako langileak.
Hala ere, kasu guztietan, adoptatutako pertsonak eskubidea dauka bere jatorriari buruzko bilaketa prozesua hasteko, Garciak azaldu duenez: "Adoptatutako pertsonek Foru Aldundiak euren kasuarekin egiten dituen espedienteak ezagutzeko eskubidea dute, edozein momentutan. Espediente horiek gordeta geratzen dira, eta adoptatuaren esku dago informazio hori ezagutu nahi duen edo ez, edo jatorri-bilaketaren prozesua hasi nahi duen". Esaterako, Aldundiak duela gutxi jarri du martxan jatorri-bilaketan laguntzeko zerbitzu bat. Hala ere, Garciak nabarmendu du egoerak baldintzatzen duela prozesua, askotan: "Prozesu horretan noraino iritsi, egoeraren zein herrialdearen araberakoa da, baita pertsona adoptatuaren momentu pertsonalaren araberakoa ere". Izan ere, nazioarteko adopzioen kasuan, zaila izan daiteke, batzuetan, informazio hori lortzea: "Txinatik etorritako adopzioen kasuan, adibidez, ez da egoten gurasoen informaziorik, eta beste herrialde askotan ere ez".
Ondo ezagutzen ditu adopzio prozesuek arlo psikologikoan dituzten eraginak Inaxio Grijalba psikologoak (Zarautz, 1975). Ibilbide luzea egin du adoptatuak izan diren pertsonak artatzen, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Ume Alaia elkartearekin elkarlanean.
Zein ezberdintasun dago ume biologiko bat edo adoptatutako haur bat hezteko orduan?
Orokorrean, adoptatutako umeen heziketari beste batzuen aldean hainbat kontu gehitzen zaizkio: batetik, adoptatu aurretik izandako bizipenak, eta, bestetik, nortasunaren eraikuntzan izan ditzaketen galderak, beldurrak, zalantzak...
Badago adoptatutako haurrek komunean izaten duten ezaugarri psikologikorik?
Nabarmenena abandonu psikologikoa izaten da. Adoptatua izateko, normalean, abandonu bat gertatu da aurretik. Bizitzan zehar lantzen joan beharko du pertsona horrek, eta horren gaineko azalpen bat, narratiba bat eta esplikazio bat eraiki beharko ditu. Abandonu sentsazioak hainbat emozio ekartzen ditu: amorrua, pena... Eta, askotan, nork bere buruaren gain jartzen du abandonatua izatearen arrazoia.
Zer egin horrelakoetan?
Garrantzitsua da norberaren gainean jartzea baino gehiago, inguruan edo guraso biologikoen bizitzan egon zitezkeen beste faktore batzuengan jartzea abandonuaren arrazoia. Egia da, askotan, adoptatutako pertsonek faktore horiei informazio gehiago gehitzea behar izaten dutela: "Ezin baninduten zaindu, zergatik? Zer gertatzen zitzaien?". Norbera helduago bihurtu ahala, galdera konplexuagoak etorriko zaizkio. Beraz, narratiba hori osatzeko informazio gehiago behar izaten dute. Puntu bat ailegatzen da, ordea, non galdera guztientzako erantzunik ez dagoen. Eta horrek egoera zaildu egiten du.
Laguntza psikologikoa behar izaten dute adoptatutako umeek bizitzan zehar?
Momentu batzuetan bai, baina kasuaren arabera. Ume horietako batzuek guraso izaten direnean errebisio prozesu bat bizi izaten dute. Euren buruari galdetzen diote norberaren jaiotzaren inguruan, nola izan zen euren haurdunaldia, genetika... eta, batzuetan, euren bizitzan zehar hainbat galdera eta behar berezi izaten dituzte.
Ezberdintasunik badago hemengo edo beste herrialde bateko umea adoptatu arlo psikologikoan?
Adopzio internazionaletan, askotan, ez da informazio handirik edukitzen. Espedienteak oso mugatuak izaten dira. Espediente hori zabaldu nahi izaten dute adoptatutako pertsonek, edukitzen dituzten galderak konplexuago bihurtzen hasten direnean, baina zaila izaten da. Adopzio nazionalen kasuan, asko errazten da prozesua arlo horretan, eta azken urteetan izaten diren adopzio irekiek, esaterako, haurrari identitatearen osaketan lagundu diezaiokete, haren galderei erantzuteko eta nortasuna osatzen joateko.
Adopzioa da umeendako babes-modurik hoberena?
Asko ikertu da horren inguruan. Badakigu umeentzako babes- neurri hoberenak familietan egoten direla, baldintzarik gabe ematen dutelako, eta horrek egonkortasun handiagoa dakar.