Kalitatezko erakustaldia

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2025ko urt. 24a, 08:00

Oñatiko Malko boskotea, Sari Nagusia irabazi ondoren, pozik, agurreko kantua jotzen.

Itxura ederra zuen Bergarako Seminarixoa aretoak egubakoitzean, finaleko kontzertuak hasi aurretik. Ezagun ziren finalisten –Arrasateko Del Val eta Rebel Noise eta Oñatiko Malko taldeak– eta Danbakako lantaldekoen urduritasunak, baina nabarmena zen, bi aldeetan, dena emateko gogoa eta ilusio handia.

Aurreko Danbaka aldietan moduan, oso ondo erantzun du publikoak, eta finaleko gauerako ez zen gutxiago espero. Ikusle batzuek finalisten kamisetak soinean argi erakusten zituzten; bereziki, taldeak animatzera joanak ziren, baina, lehiaz harago, eskualdeko musika festako parte izatera joandakoak ziren gehienak, hori da-eta Danbaka, musikarien eta musikazaleen topagune ederra.

Bergarako Turtukiña Kolektibo Jone Albeniz eta Ainhoa Narbaiza, chill out gunean.

Hasteko, Bergarako DJak

Hotz egiten zuen, baina 20:00ak jo orduko, kanpoan kokatutako chill out gunean batu ziren lehenengo musikazaleak, Bergarako Turtukiña Kolektiboko Ainhoa Narbaiza eta Jone Albenizen funk, soul, musika afrikar, rock eta bestelako diskoen doinuekin gozatzeko, bertan zegoen Sanprubuseko jakiak eta edariak dastatu bitartean.

21:30ak heldu zirenean, Jokin Bereziartua eta Maddi Iñarra aurkezleek, finalistak aurkeztu, aretoan bildutako publikoari eta Primeran plataformaren bidez jarraitzen zutenei ongietorria egin eta zendu berri den Ziortza Martin Goienako lankideari kontzertu-gaua eskainita, hasiera eman zioten seigarren Danbaka Musika Lehiaketako finalari. Sorpresaz beteriko gaua izango zela aurreikusten zen.

Del Valek, saio fina eta landua

Arrasateko Jon Garciak gidatzen duen laukotea izan zen taularen gainera lehenengoa igotzen. Lehenengo lehiakidea izateak badu presio puntu bat, eta hasierako bi kantuetan nabari zitzaien urduritasuna, baina, aurrean zituzten zaleen txaloek eta animo oihuek bultzatuta, emanaldi borobila egin zuten, Seminarixora pop eta elektronika doinu landuak eroanda.

Aurkezpenetarako edo berriketarako denbora gutxi hartuta zukutu zituzten 40 minutuak, gaztelerazko eta euskarazko kantuak ondo josita. Kanporaketa-kontzertuan aurkeztu zituzten abestiak berriz entzuteko aukera eman zuten, eta hiruzpalau kantu berri ere oparitu zizkioten adi-adi jarraitzen zuen publikoari. Kontzertua bukatuta, egindakoarekin "pozik" zegoen Jon Garciaren Del Val banda; Danbakan estreinatu zuten jendaurrean proiektua, eta etorkizun oparoa aurreikusten zaie.

Arrasateko Jon Garcia musikariaren Del Val taldeak zuzeneko landua egin zuen.

Rebel Noise, energiarekin

Kontzertu edo areto informalagoetan jotzeko ohitura dutela aitortu zuten arren, taularen gainean lekukoa hartu zuen Arrasateko Rebel Noise boskoteak ere ondo jakin zuen publikoa poltsikoratzen. Punk-rock doinuak oinarri, eta ereserkia itxura duten leloak abestuta, hamar kantu eskaini zituzten emanaldi azkar eta bizian, kanporaketa-kontzertuan baino txispa gehiagorekin.

Gozatzera joan ziren, eta, lehenengo akordeak jo orduko, euren zaleek lehen lerroak hartu zituzten, elkarrekin festa polita sortuz eta amaiera bikaina emanaz, Taupadak kantuarekin.

Zuzeneko indartsua egin zuen Arrasateko Rebel Noise taldeak.

Abeslaria, Malkoren arima

Lehenengo kanporaketa-kontzertuan publikoko asko zur eta lur utzi eta abenduan Gaztea Maketa Lehiaketa irabazita, seigarren Danbadako Sari Nagusia irabazteko faboritoa izateko puntu asko zituen hirugarren lehiakideak; hau da, Oñatiko Malko taldeak. Hala ere, beste lehiakideen kontzertuak adi-adi jarraitu ondoren dena ematera igo ziren.

Kideen arteko feeling-a edo elkar ulertzea ezinbestekoa izaten da zuzeneko indartsua egiteko; bada, hori transmititzen du agertokitik Malko taldeak, eta finalean ere ezagun geratu zen hori. Maddi Arlanzon frontwoman paregabeak gidatuta eta kide bakoitzak bere tresna ondo menperatuta, elkar elikatzen dute kantuak energia handiarekin erakutsiz. Kanporaketako kontzertuan moduan, martxoan argitaratu zuten rock estiloko Esan ez direnak du izena bildumako kantuak izan zituzten errepertorioan oinarri, bidean osagai ederrak oparituta, abeslariaren ahotsaren askotariko erregistroei bidea emanez. Zale fidelak ditu Oñatiko boskoteak eta finalean ere han ziren taldearekin gozamenez jolasten.

Malko taldeko abeslari Maddi Arlanzon dena ematen.

Sari banaketa hunkigarria

Ikusmin handia zegoen publikoaren artean, Iñigo Ugarte, Ainhoa Vitoria, Sara Alonso, Amaia Arriaran eta Julen Narbaiza epaimahaikideen erabakia entzuteko irrikaz. Ordu laurden ingururen bueltan agertoki gainera igo ziren aurkezleak, eta Malko iragarri zuten Sari Nagusiaren irabazle; Oñatikoek sorpresaz eta hunkituta hartu zuten garaikur nagusia, Seminarixoko aretoan bildutakoen txaloen eta oihuen artean.

Musikarien lanaz gain, goraipatzekoa da publikoak saio guztietan izan duen jarrera aparta

Segidan banatu zituzten beste bi garaikurrak: Publikoaren Saria Bergarako K-PO –Chadi Ayastui– musikariak jaso zuen eta Aretxabaletako 721-Gogor Gabiltza taldeak, Danbaka-Ekinez saria. Giro ederra bizi izan zen Seminarixoan; horren erakusle, gauaren bukaeran musikarien, publikoaren eta lantaldearen aurpegietako irribarreak.

Telebistan eta sarean ikusgai

Bukatu da seigarren Danbaka Musika Lehiaketa, baina lehiaketak emandakoarekin gozatzen jarraitzeko aukera dago oraindik; Danbaka.eus eta Goiena.eus atarietan eta Goiena telebistan ikusgai izango dira aurtengo kontzertu guztiak, baita Danbakast bideopodcasta ere.

Hiru sarien irabazleak

Sari Nagusia

Oñatiko Malko taldeak izango du diskoa grabatzeko aukera, Bergarako Udalak babestuta.

Publikoaren Saria

Bergarako K-PO-k (Chadi Ayastui) grabatuko du bideoklipa, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuak babestuta. 1890 boto jaso dira guztira eta horien %15,6 izan dira K-PO-rentzako. Malko izan da bigarrena (%12) eta Sotoalde hirugarrena (%9,2).

Danbaka-Ekinez Saria

Aretxabaletako 721-Gogor Gabiltza taldearentzat izan da Ekinez elkarteak babestutako saria. Maiatzaren 30 eta 31 artean izango den Ekinez musika jaialdian joko du, Bergaran.

Erlazionatuak

Seigarren aldia izan du Danbaka Musika Lehiaketak

Aitziber Aranburuzabala Juldain urt 20 Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak