Puntua aldizkariaren 439. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Euskal Herriko Abesbatzen Elkarteak urrian aurkeztu zuen EAEko haur eta gazte abesbatzen jarduerari buruz egindako lehen txostena. 6 eta 23 urte arteko koralistekin lan egiten duten 134 abesbatzari buruzko informazioa bildu dute Nuria Fernandez-Herranz eta Marta Garcia Rodriguez doktoreek ikerketan.
Bildutako datuetatik eta sektoreko profesional esanguratsuekin egindako elkarrizketatik ondorioztatu dute gazteen kantu korala "krisi egoeran" dagoela, eta konplexutasun handiko errealitatea dagoela oinarrian. Guztira, 4.719 koralista zenbatu dituzte, eta datu aipagarrienek adierazten dute alde handiak daudela probintzietako parte-hartzeari dagokionez, desoreka nabarmena dagoela generoari dagokionez, jarduera koral gutxi dagoela irakaskuntza orokorretako ikastetxeetan, eta dinamizazio eta profesionalizazio maila txikia dagoela egituretan.
Debagoienera etorrita, haur zein gazte koruekin lanean diharduten abesbatzetan ez dute txostenean jasotakoarekin sorpresarik hartu, eta antzerako irakurketa egiten dute gehienek. Gizartea asko aldatu da, azken hamarkadetan familien aisialdiak garrantzi handia hartu du, eta, eskolaz kanpoko eskaintza askoz ere zabalagoa izateaz gainera, kirola nagusitu da. Bada elkartu eta erreakzionatu beharra dagoela uste duenik, baita irakurketa baikorragoa egiteko zantzuak badaudela azpimarratu duenik ere. Esan behar da txostenak Debagoieneko bi herri aipatzen dituela: Oñati eta Bergara.
Elkartu eta erreakzionatu
"Ez dut txostenaren emaitzekin ezusterik hartu; Oñatin ere bizi dugun egoera da". Aitor Biain oñatiarraren hitzak dira. EHUko Abesbatza, Bergarako Orfeoia, Ganbara Abesbatza, Hots Abesbatza eta Ganbara Kantu Eskola zuzentzen ditu. Oñatin ere gazte koralistak fitxatzea gero eta zailagoa da. "Abesbatzetan erresistentzia lana egiten aritu gara, eta datuak aztertu direnean egoera oso txarra dela baieztatu da. Ez da sekula berandu erreakzionatzeko, baina, agian, lehenago mugitu behar genuen. Albiste onena da badagoela erreakzionatzeko borondatea".
Hogei urte bete ditu aurten Ganbara Kantu Eskolak: "Nire esperientziaren arabera, gehien funtzionatzen duten ekimenak dira irteerak, trukeak eta bidaiak. Kantua dantzarekin, antzerkiarekin eta halako beste arte diziplina batzuekin uztartzeak ere bai. Eta esango nuke lehiaketak ere gustuko dituztela umeek".
Oñatiarra da azterlana egiteko elkarrizketa-errondan parte hartu duen adituetako bat. Aurrera begirako estrategien artean, argi du lehentasunezkoa zein den: "Ez da erraza izango, ohituta gaudelako nork bere abesbatzan eta bere herrian jardutera, baina jabetu behar dugu komunitate oso handi bat osatzen dugula –kulturaren sektorean handienetakoa–, eta lehenengo gakoa da guk erreakzionatzea. Elkartu eta erreakzio-plan bat diseinatu beharko genuke. Federazioa hor dago, baina lantalde txikia da". Abesbatzen mundua ikastetxeetan sustatzea, instituzioen aitortza eta babes ekonomikoa ere eskatzen ditu Biainek. "Zuzendariak formatzeko, trukeak egiteko, eskolak bultzatzeko...". Komunikazio-plan egokiagoak ere egin daitezkeela uste du. "Gogoan dut Los chicos del coro pelikulak eta Oh happy day telebista-saioek izandako eragina. Nire ustez, badago kantatzea gustuko duen jendea. Agian, ez gaude modan, eta irudi horri bueltan eman behar zaio".
Mugimendua, "oso aktiboa"
Debagoienarekin lotura estua duen eta Bilboko Koral Elkarteko zuzendari nagusia den Iñigo Alberdiren ekarpenak ere jasota daude Garciaren eta Fernandez- Herranzen txostenean: "Txostenaren berririk onena da txostena bera egin izana. Uste dut denak garela nahiko kontziente egoera zein den, eta orain datu objektiboak ditugu mahai gainean. Hori positiboa da". Dena den, Alberdik iritzi dio badaudela txostenekoa baino irakurketa baikorragoak egiteko motiboak: "Uste dut oso kontuan eduki behar dugula koruen mundua –eta, zehatzago esanda, haur koruen mundua– oso aktibo dagoen mugimendua dela. Leku askotan –eta Debagoiena bada horren adibide– aktibitate oso potentea dago. Eta gehituko nuke fenomeno oso zabala dela".
Egoerari buelta emateko, Alberdik uste du ahalegina egin beharko litzatekeela eskolaz kanpoko jardueretan musika hobeto posizionatzen. "Joera da umeek orain bi jarduera egitea. Bat kirola izaten da, eta uste dut erronka dela bigarren aktibitate horretan musika –tartean, koruetan abestea– hobeto posizionatzea". Beste gakoetako bat ikastetxeetan abesbatzak sustatzea dela dio Alberdik: "Bilboko Koral Elkartean duela zortzi urte hasi ginen Eskolan kantari proiektuarekin, eta emaitza onak ematen ari da".
Zuzendariek herriz herri egiten duten lanari buruz zera dio: "Uste dut balioa eman behar diogula. Ez dira garai errazak, baina uste dut egiten dugunak indar eta etorkizun handia duela. Pandemian ikusi genuen musikaren indarra zein den, eta gizarte gero eta indibidualistago honetan koruak antidoto ona izango dira. Bueltatuko da koruetan abesteko kultura. Ni baikorra naiz".
Oso saio dinamikoak prestatu behar dira
Bergarako Orfeoiaren 100 urteko ibilbidea aipatzen du Abesbatzen Elkartearen txostenak, eta egia da umetatik zahartzarora arte kantuan egiteko aukera badagoela herrian. Marije Ugaldek zuzentzen ditu Musika Eskolako Hasiberrien Abesbatza –5-9 urte– eta Haur Abesbatza –9-13 urte–. "Orokorrean, mantendu egiten da haur kopurua. Gaur egun, 24 ume ditugu Hasiberrien Abesbatzan eta 27 Haurren Abesbatzan".
Mutikoen parte-hartzean sumatu du Ugaldek jaitsiera nabarmenena, eta nerabeetan, bereziki. "Gauzak asko aldatu dira, eta berehalako emaitzak behar dituen gizarte honetan ahalegin luzeko ekintzak ez dira hain popularrak. Eskola dinamikoak prestatu behar dira, eta energia handia eskatzen du". Ipuin musikatuak, antzerkiak, musikalak... Askotariko ekimenak egiten dituzte Bergarako Musika Eskolan: "Umeek gustuko dituzte eta ondo pasatzen dute, lana den arren. Agertokia helduekin partekatzeak erakusten die badela etorkizun bat kantatuz, eta hori da gure helburuetako bat. Aurten, gurekin amaitu duten ikasleen %80k Orfeoi Gaztean abesten jarraitzea erabaki dute".
Aramaio txikia da eta umeek helduekin batera jarduten dute. "Gure kasuan, diru falta da ekimen gehiago egiteko zailtasunik handiena. Papargorrin, gaur egun, 30 baino gehiago gara. Duela sei bat urte, hamabost ginen", dio Larraitz Arriolabengoa zuzendariak.
Bi ekintza nagusi egiten dituzte urtean: barnetegia eta kontzertua Arabako Haur Abesbatzen Federazioarekin; eta ikasturte amaierako musikala. "Uste dut Papargorriren hazkuntzan musikalak indar handia izan duela". Iaz, gainera, Zegamako abesbatzaren bisita, Ura bere bidean korala Gasteizen eta Goikobaluren urteurreneko kontzertua izan zituzten.
Ez dute haur eta nerabe kopuruan jaitsierarik sumatu, baina neskak gehiago dira: "Beti izan da horrela. Mutilek, zoritxarrez, presio handiagoa dute izena emateko, baina daudenak oso onak dira eta, zeresanen gainetik, nahi dutena egiteko gai dira".
Zailtasun handiena, dirua
Arriolabengoak dio Papargorri abesbatzaren kasuan familien, kantarien eta laguntzaileen inplikazioa %100ekoa dela, baina zailtasunik handiena ekonomikoa dela; "Udalaren dirulaguntzarekin bizirauten dugu, eta, askotan, ez da nahikoa". Uste du Euskal Herriko Federazioaren txostenean jasotako ideiak onak direla, baina abesbatza txikien ikuspuntutik guztiak ez direla baliagarriak, eta baliabide ekonomikoak eskatzen ditu. Azken batean, herri txikietako abesbatzen errealitatea ere aintzat hartzea eskatzen du.
Goikobalun, gaur egun, hiru gazte talde dituzte: Goikobalu Izartxoak taldean 4-6 urte arteko hamabi partaide daude; beste hainbeste 7-12 urte artekoendako den Goikobalu Txikin; eta Arrasateko Gazte Abesbatzak 12 urtetik aurrerako hemeretzi partaide ditu. "Gorabeherak egoten dira, baina antzeko kopuruak izaten ditugu urtero", dio Maialen Gonzalezekin batera zuzendari lanetan aritzen den Txomin Maidaganek. Onartzen du kosta egiten dela jende berria erakartzea. "Sumatzen dugu abesbatza ez dela izugarri erakartzen duen diziplina bat". Santa Zezilia eta Gabonetako kantaldiak, Harreman erakundearekin urtero antolatzen duten kontzertua, Iturbide egoitzako emanaldia eta ikasturte amaierako kontzertua dituzte hitzordu nagusi. Euskelelea emanaldian parte hartu izana, Sant Cugat del Vallesko gazte taldeekin egindako trukea eta Goikobalu Txikiren 30. urteurrenerako Papargorrirekin eta Bergarako Orfeoi Gaztearekin berriki egindako kontzertua "sekulako esperientzia" izan direla azpimarratu du.
Ikastetxeak, funtsezkoak
"Egoera zail baten aurrean egoteak hobetzen saiatzeko eta gauza berriak egiteko aukera eman diezaguke", dio Maidaganek. Ezinbesteko deritzo jarduna herriarekin partekatzeari eta jendearengana gerturatzeari. "Horrez gain, funtsezkoa iruditzen zaigu ikastetxeetan musikaren eta abesbatzaren presentzia indartzea".
Aspaldiko partez, gazte abesbatzarik gabeko ikasturtea izango da honako hau Aretxabaletan. "Aurreko ikasturtera arte, buru-belarri eta borroka batean ibili naiz gazteen abesbatza aurrera ateratzeko. Aurten ere egin dut saiakera, baina ez naiz gai izan tarte bat topatzeko non denak elkartu gintezkeen, eta horrela oso zaila da ganoraz lan egitea. Heltzen da une bat non ikusten duzun ezinezkoa dela".
Penaz hitz egiten du Aretxabaletako abesbatzako ordezkari Mariatxen Urkiak. Almeneko abesbatzan hasi zen kantuan, 6 urterekin, eta Aretxabaletako abesbatzara pasa zen, 12 urterekin. Argi du errealista izan beharra dagoela: "Gizartea izugarri aldatu da. Aisialdiak garrantzi handia hartu du; jendeak ez du loturarik nahi. Eskolaz kanpoko ekintza gero eta gehiago daude... Ezin denean, ezin da".
Ixten ari den ziklo bat
Urkiak azaldu du aurreko ikasturtean 11-15 urte arteko hamalau bat gazterekin osatu zuela abesbatza, baina aitortu du ezinean ibili zela: "Kontzertua antolatu, garaiz abisatu eta, edozelan ere, ezin nuen denekin kontatu".
Aretxabaletako zuzendariak dio helduen taldean ere ez datorrela erreleborik: "Une zaila da abesbatzendako. Uste dut moda kontu bat ere badela, eta, akaso, urte batzuetan bueltatu egingo da koruetan abesteko zaletasuna. Zergatik ez? Nire iritziz, ziklo baten amaiera da, baina gizarteak buelta asko ematen ditu, eta horretan ere emango du".
Hamasei partaide ditu gaur egun Bergarako Orfeoi Gazteak, ia denak 13-18 urte artekoak. "Aurten, zazpi kide berri lortu ditugu", azaldu du azken hilabeteotan Orfeoi Gaztean zuzendari lanak egin dituen Jon Etxanizek. Musika Eskolako Haurren Abesbatzatik elikatzen da Orfeoi Gaztea, baina Bergarako Orfeoian jarraitzeko erabakia hartzen dutenak gutxiengoa dira. Askotan, ikasketa kontuak tarteko. "Trantsizio une horretan eragitea litzateke gakoetako bat", dio.
Orfeoi Gazteari dagokionez, azaldu du oraingoz ez dutela kide jaitsierarik sumatu, baina adin txikiagoetan nabaria dela: "Haur Abesbatzan hasi nintzenean, 80 bat lagun elkartzen ginen, eta ia ez ginen entsegu-gelan sartzen".
Errepertorio erakargarria prestatzen eta kontzertuak, topaketak eta trukeak antolatzen saiatzen direla azaldu du, baina uste du kantu korala sustatzeko ezinbestekoa dela ikastetxeetako Musika ikasgaian gehiago abestea.
Sustapena, errotik
Eskolaz kanpoko beste jarduera batzuei lehentasun handiagoa ematea eta konpromiso falta aipatzen ditu zailtasun nagusi moduan bergararrak, eta begi onez ikusten ditu txostenak jasotzen dituen proposamenak. "Zerbait egin behar dela argi dago. Nire ustez, sustapena errotik hasi beharra dago – eskoletan–, eta abesbatza batetik besterako trantsizio adin horietan kide askorik ez galtzeko estrategiak bilatu behar dira".