Eustat Euskal Estatistika Erakundeak emandako 2024 urteko datuen arabera, Debagoieneko populazioaren %8,7 atzerritarra da, hau da, 63.000 lagun bizi dira eskualdean eta horietatik 5.500 atzerriko nazionalitatea duten pertsonak dira. Gipuzkoako eskualdeen artetik portzentajerik baxuena duena da Debagoiena, Urola Kostaren atzetik; portzentaia %8 da, kasu horretan. Eta, alderantziz, Goierrik du atzerritar kopuru handiena: %12,4. Bidasoa Beheak, Debabarrenak, Tolosaldeak eta Donostialdeak jarraitzen diote zerrendan.
Debagoieneko herriei dagokienez, Arrasaten eta Eskoriatzan portzentaia %10era ailegatzen da, hau da, bi herri horietan, hamar biztanleko bat atzerritarra da. Bergararen kasuan, portzentaia %9,2 da; Leintz Gatzagan 7,1, Oñatin 7 eta Aretxabaletan 6,9; Antzuolan 5,8 eta Elgetan 5,7; eta Aramaio dago zerrendan azkena, alde nabarmenarekin: %2,3.
Atzerritarren nazionalitate-kontinenteei dagokienez, eskualdekoen ia erdia amerikarrak dira, hego amerikarrak, batez ere; eta hego amerikar adina afrikar daude ia, Magrebeko herrialdeetatik etorritakoak gehienak. Nazionalitate-kontinenteen artetik hirugarrena da Europa eta Asia eta Ozeania dira azkenak. Adin tarteari dagokionez, erdia baino gehiago 20 eta 64 urte bitartekoak dira.
Bataz bestekotik behera
Debagoieneko atzerritarren kopuruaren batez-bestekoa Euskal Autonomia Erkidegokoaren azpitik dago: atzerriko nazionalitatea duten pertsonak 217.500 pertsona daude EAEn, biztanleria osoaren %9,9. Eta datuek goranzko joera erakusten dute, izan ere, zifra hori 2023koa baino 9 hamarren handiagoa da.
Lurraldeetara etorrita, Araban dago erkidegoko atzerritar gehien, % 11,2; ondoren Gipuzkoan, % 9,9; eta, azkenik, Bizkaian, % 9,5. Nazionalitate amerikarra duten pertsonak gehiengoa dira hiru lurraldeetan.