Puntua aldizkariaren 438. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Lan-esparrua atzean utzi osteko gaur egungo erretiratuen bizimodua aldatu egin da. Batez beste, 63 urterekin erretiratzen dira debagoiendarrak, erretiroen aholkularitzan jarduten duen Zenbaki aholkularitzako datuen arabera. Lagun Aro duten kooperatibistek, aldiz, zertxobait lehenago hartzen dute erretiroa; 2024ko datuen arabera, 60 urterekin.
Erretiratuen profila
Erretiroa hartzen duten pertsonen profilaren ezaugarriak hauek dira, Zenbaki aholkularitzako lan-aholkulari Iñigo Iñarraren esanetan: erretiratzen diren pertsonen artean, goi-mailako ikasketak dituztenen kopurua handitu egin da, bereziki gizonezkoen artean, azken 10 urte hauetan. Emakumezkoei dagokienez, berriz, dio oraindik ere askotan ikusten dituztela erretiroa hartzeko adina duten emakumeak baina kotizazio nahikorik ez dutenak; bizitza osoan lan egin dutenak, baina urte askoan kotizatu gabe egon izan direnak. Gaineratu du gizonezkoen artean hori askoz portzentaje txikiagoan gertatzen dela, eta, batez ere, mutil gazteak ziren garaietan gertatzen zela –15-16 urterekin lanean hasten ziren kotizatu gabe, baina, behin kotizatzen hasten zirenean, erretiroa hartu arte kotizatzen zuten–. Iñarrak azaldu du gizonezkoengan ohikoagoa zela orain dela 20 urte euren soldatez gain plusak eskudirutan jaso izana. Hori horrela, gutxiago kotizatzen zuten, baina ez zioten kotizatzeari uzten.
Lagun Aroren bitartez erretiratzen direnen artean, berriz, kotizazio karrera luzeak dituzten pertsonen profilak dituztela adierazi du Lagun Aroko Komunikazio eta Ekonomia teknikari Izaskun Elorzak. Eta gaineratu du zerbitzuetan, batez ere, emakumezkoak direla erretiratzen direnak, lanean ere, orokorrean, emakumezko gehiago daudelako arlo horretan. Eta industria arloan, aldiz, gizonezkoak, gizon gehiagok dihardutelako egun sektore horretan.
Erretiro eskaerek, gora
Azken bi urteetan, gainera, bailaran jaso dituzten erretiro eskaerak igo egin dira Zenbakin. Izan ere, 2021ean 40 eskaera izan zituzten eta 2022an eta 2023an, aldiz, 120 eskaera jaso zituzten urteko. Horren arrazoi nagusia da gizartean geroz eta pertsona gehiago daudela orain erretiratzeko adina dutenak. Adibide hau jarri du Iñarrak: "Gure enpresan bertan azken lauzpabost urteetan sei lankidek hartu dute erretiroa, eta, kontuan izanda hamabost langile inguru izan garela urte hauetan, ia langileen erdia erretiratu zaigu".
Aldaketa nabarmenak
Nagore Aranburu psikologoak dio lehen jendea arinago gaixotzen zela, normalean, bizi-itxaropena motzagoa zela, eta gaur egun beste elikadura mota bat eta beste kontzientzia bat dagoela. Hori horrela, honela ikusten ditu erretiratuak: "Orain dela 30 urte edo gehiagoko erretiratuekin alderatuta, gaur egungoak gizartean aktiboago daude. Nahiz eta hitzak horretara eramaten gaituen, pentsatzera erretiratzen direla lan mundutik, horrek ez du esan nahi gizartetik erretiratzen direnik. Eta, alde horretatik, esango nuke, batez ere, emakumeak hasten direla agian ordura arte egin ezin izan dutena egiten. Adibidez, gimnasioetan 60 urtetik gorako emakume asko egoten dira eguneko ordu jakin batzuetan, eta hori lehen ez zen gertatzen. Bestelako zaletasun batzuk ere garatzen dituzte, eta nabarmena da kalean ikusten direla".
Pandemiak horretan guztian eragina izan duela uste du: "Itxiera zentzu guztietan bizi izan genuen; sozialki, ezin kanpora aterata egon ginen, ezin naturarekin bat egin... Eta konturatu gara gure estresa baretzeko, gure gorputza aktibo mantentzeko, esaterako, kirola egitea ona dela, eta hor ere ohitura berri bat sortu da – gimnasioetara joatea, adibidez–, beste batzuk sortu diren moduan.
Erretiroak oinarrian pertsonak daukan zerbait loratzeko aukera ematen du. Nahiz eta azpimarratu duen pertsona batek bere bizitzan ez badu sentitu gai zehatz bati buruzko jakin-minik, esaterako, kulturari buruz ikasteko, erretiratu eta gero ez dela hori gertatuko: "Normalean, pertsona horrek kultibatu egin du pizgarri edo hazi hori, eta, osasunak laguntzen badio, etapa hori loratzeko aukera bat da". Gaineratu du konturatu gabe gizartean presenteago izaten direnez, gizarteak erretiroari buruz daukan pertzepzioa ere aldatu egin dela: "Pertzepzio horrek laguntzen du, gainera, oraindik erretiratu gabe daudenek pentsatzeko norberaren txanda iristen denean nik ere horrelako bat izan nahi dudala; Arrasateko Monterron parkean bastoiarekin dagoena, prest beste batzuekin elkartu eta mendira edo paseatzera joateko. Horiek erreferente positibotzat har ditzakegu".
Goienagusi, erretiratuen topagune
Geroz eta aukera gehiago dituzte erretiratuek ezagutzak, jakintzak edota esperientziak beste batzuekin partekatzeko; herrietan askotariko ekintzak antolatzen dituzten jubilatuen elkarteak daude, eta bailara mailan Goienagusi kultur elkartea jaio zen 2011n, duela 13 urte. Elkartearen helburu nagusia da jubilatuek bizitza modu aktiboan jarraitzea eta nagusiei topagune bat eskaintzea; ezagutzak zabaltzeko, gaitasun intelektualak trebatzeko, aisialdiaz gozatzeko, osasun fisiko eta psikikoa zaintzeko eta lagun arteko harremanak sustatzeko. Hala, "zahartze prozesu hobea eta luzeagoa, aktiboagoa, osasungarriagoa, kulturalagoa eta parte- hartzaileagoa edukitzeko", dio elkarteko bazkide Jesus Mari Ugartek.
Egitarau zabala izaten dute ikasturtean: askotariko formakuntzen hitzaldiak egiten dituzte astean bitan Arrasaten, Bergaran edo Oñatin; mendi irteerak antolatzen dituzte Debagoienean; bisitak egiten dituzte enpresetara eta museoetara; irteerak egiten dituzte Euskal Herriko hainbat txokotara; ikastaroak izaten dituzte; ikuskizunak ikustera joaten dira... Eta horiek antolatzeko hainbat lantalde dituzte. Ugartek adierazi du "jende desberdina ezagutu eta harremanak sortzeko" ere balio dutela horiek.
Egun, bailarako 55 urtetik gorako 274 bazkide ditu Goienagusik, eta urtetik urtera gehitzen doan kopurua dela esan du Ugartek; bazkide berriak ere erakarri nahi dituzte.
Arrasateko Iñaki Aranburuk 1982an bukatu zituen ikasketak, 22 urterekin. Kooperatibetan egin du lan; batez ere, ikerkuntza eta garapen arloan. Eta lehendakari izan zen IK4-Ikerlanen. 2017an, 58 urterekin, erretiro aurreratua hartu zuen. Erretiroa 2022an hartu zuen. "Hainbeste eman digun gizarteari zerbait zor diogula uste dut", esan du. Eta hau gaineratu du: "Gaitasuna eta denbora izanez gero, nolabaiteko auzolana, gizarte-lana, inguruko erakundeei eta herritarrei, ahal den neurrian, guk dauzkagun aukerak edo gaitasunak eskaini behar dizkiogula pentsatzen dut".
Erretiratu ostean, amaren kudeaketa eta zaintza izan zen haren ardura nagusia, baina zaletasunei ere denbora gehiago eskaini die: mendian edota bizikletan ibiltzeari, bidaiatzeari eta irakurtzeari. Aktibo mantendu da, bestalde, hainbat esparrutan: boluntario lanak egin izan ditu Mundukiden; EPA-HHIn Historia Garaikidea ikasi zuen; pare bat irakurketa taldetan parte hartzen du; Caritasen Bidean proiektuan euskara saioak eman ditu; Elikagaien Bankuan ere kolaboratu du; eta bazkide da Arizmendiarretaren Lagunak elkartean, Goienagusin eta trantsizio energetikorako eguzki kooperatiba den Ekiolako lehendakari ere bada egun. "Hamarkada batzuk atzera begiratuta, erretiratzen zirenak agian osasun gutxiagorekin eta aukera gutxiagorekin erretiratzen ziren, euren jakin-mineko kontuak garatzeko. Gainera, egun, eskaintza askoz oparoagoa da".
Rosa Mondragon aramaioarrak 30 urtetik gora egin ditu lanean. Alde batetik, Aramaioko Udalean Euskara teknikari lanetan ibili da, eta, bestetik, Arteman Komunikazio Agentzian kazetari. 57 urte ditu, eta 2022ko maiatza ezkero ez dago lanean; gaixotasun baten ondorioz eman diote erretiroa. Beraz, dio sentsazio "gazi-gozoarekin" bizi izan duela erretiratzeko momentua. "Batez ere, nire lana oso gustuko izan dudalako eta bat-batean hori etetea gogorra izan delako", esan du.
"Hasieran, erretiroaren berri jaso nuenean, tristura sentitu nuen. Ondoren, bizitza berriaz jabetu naizenean, lasaitasuna, baita ezinegona ere. Etapa berriari egokitzeko denbora behar da; egunerokotasuna berrantolatzea ez da erraza. Urte askoan izan dudan lana eta, batez ere, lankideak asko igartzen ditut faltan", adierazi du.
Dena den, aitortu du ikasi duela patxada handiagoz bizitzen eta gauza txikiekin disfrutatzen: "Tarte handiagoa hartzen dut niretzat, irakurtzeko, kozinatzeko, paseatzeko… edo, besterik gabe, etxean lasai egoteko".
Hau gaineratu du: "Zorionez, gizarte mailan badago ardura bat erretiratuekiko. Nahi izanez gero, badago aukera ikasten jarraitzeko, gustuko elkarteetan kolaboratzeko, aisialdian neurriko ekintzak egiteko… Nire kasuan, herri mailako elkarte batzuetan kolaboratzen dut –ez da gauza berria, betidanik izan dut herri mailako kezka–, eta denbora handiagoa eskaintzen diet lagunei eta familiari".
Oñatiko Txantxiku Ikastolan 42 urtez izan da irakasle Jabi Agirre oñatiarra; 21 urterekin hasi zen lanean bertan eta 63 urte izatear jubilatu da, 2024ko abuztuan.
"Betidanik herrigintzan sinistu izan dut; 17 urterekin sartu nintzen Aloña Mendi kirol elkartean, Laixan euskara elkartean eta Udaleko Euskara batzordean ere ibilitakoa naiz, Gurutze Gorriarekin kolaboratu izan dut… Eta herrigintzan lanean jarraitzen dut gaur egun ere". Aloña Mendi elkartean jarraitzen du, Oñati Abesbatzan kantatzen du eta Oñatiko parrokiako eta Agustindarretako beste lantalde batzuetan ere badabil, besteak beste.
Denbora askorik ere ez da pasa erretiratu zenetik, eta, momentuz, aspertzeko denbora gabe dago. "Ikastolan ere nire aletxoa jartzen jarraitzen dut, ortuaren proiektuarekin. Horrez gain, azkenaldian, hainbat alditan izan naiz ikastolan ikasleek egindako hainbat elkarrizketatan, eta, nahiz eta nostalgia sentitu, ikastolaren parte sentitzen naiz", dio.
Etxeko zereginetan, esaterako, badauka orain erronka bat: "Sukaldaritzan ez naiz askorik aritu, eta hori ere bada erretiroari begira beste erronka bat; etxeko zereginetan ekarpen handiagoa egiteaz gain, sukaldaritza munduan ere gehiago trebatzea". Amaren ardura ere badauka.
Baina argi dauka herriko eragileekin ere, batzuekin zein besteekin, lanean jarraituko duela. "Euskaraldian sartzeko nire aletxoa eskaintzeko gogoa ere badaukat, adibidez", azaldu du.