Langabeen kopuruak ez du gorabehera handirik izan urtebeteko epean Debagoienean, egonkor mantendu baita 2024an, datuei erreparatuz gero, behintzat. Hain zuzen ere, 2.424 pertsona zeuden lanik gabe iazko urtarrilean, eta 2.389 izan dira igaro berri den abenduan: alegia, 2024aren hasieran baino 35 debagoiendar gutxiago daude lanik gabe, gaur-gaurkoz. Horrenbestez, beherakada izan du langabezia-tasak ere: 7,9koa zen urtearen hasieran, eta 7,83koa, berriz, abenduan.
Langabeziaren egoerari herriz herri erreparatuz gero, urtebeteko aldian, Antzuolak hiru langabe gutxiagorekin amaitu du 2024a –guztira, 55–; Aretxabaletak hamar gutxiagorekin (193); Arrasatek, 26 gehiagorekin (1.099); Bergarak, 36 gehiagorekin (538); Elgetak, bat gutxiagorekin (28); Eskoriatzak, 17 gehiagorekin (168); eta Oñatik, azkenik, hemeretzi gutxiagorekin (308).
Aramaioko egoerari dagokionez, bost langabe baino gutxiago daude, baina ez da jakinekoa kopuru zehatza; Leintz Gatzagan, berriz, lau baino gutxiago.
Hego Euskal Herriko datuak
EAEko Lanbideren eta Nafarroako Lansarearen enplegu zerbitzu publikoetako bulegoetako datuak gogoan izanda, 137.735 pertsona daude lanik gabe Hego Euskal Herrian, eta %9,77koa da langabezia-tasa. Lurraldeka, 707 langabe gutxiago daude Araban, 309 gehiago Bizkaian, bat gutxiago Gipuzkoan, eta 367 gehiago, azkenik, Nafarroan.