Puntua aldizkariaren 436. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Nola hil nahi dugun pentsatu eta erabakitzea baino gehiago, kontua da onartzea heriotza bizitzaren parte dela. Heriotza ez da bizitzaren kontrakoa; jaiotzaren kontrakoa da". Nere Erkiagaren hitzak dira; tanatologoa da, eta tailerrak ematen ditu Euskal Herri osoan, Hil Arte Bizi proiektuaren bidez, norberaren heriotzaren gaineko erabakiak hartzearen garrantziaz pedagogia eginez, besteak beste. Erditze batekin alderatzen du Erkiagak heriotza: "Ama batek eskubidea dauka erditzea nola egin nahi duen erabakitzeko. Haren gorputza ezagutzeko, gizarteak ematen dituen baliabideen berri izateko... Horrek aukera ematen dio erditze hobea edukitzeko eta beldur gutxiago izateko. Heriotzarekin ere berdin izan beharko litzateke".
Hala ere, ez da erraza; Erkiagak argi ikusten du heriotzaren inguruan "tabua" dagoela oraindik, "goitik behera. Sentsazioa dago, inkontzienteki, heriotzaz hitz egiten badugu heriotza erakartzen dugula. Ez da soilik ez dela berbarik egiten; heriotzaren inguruko jakituria ere ez da garatzen". Informaziorik ezak, era berean, heriotzaren gainean erabakitzeko gaitasunak mugatzen dituela uste du.
Nahikari Barrio: "Heriotzak ez dauka adinik"
Nere Erkiagak ematen dituen tailerretako batean parte hartu zuen Nahikari Barriok, Antzuolan. Duela bi urte izan zen, Barriok heriotzaren gaia "oso presente" zeukan garai batean: "Maite nuen pertsona bat hil zen zuela gutxi, eta dolu-prozesua pasatzen nenbilen. Heriotzaren inguruko galderak egiten hasi nintzaion neure buruari, eta hari buruzko informazioa irakurtzen hasi nintzen Interneten eta liburuetan. Hala ere, sentitzen nuen zerbait gehiago behar nuela, eta orduan izan nuen Erkiagaren tailerren berri". Lau tailer egin zituzten, eta Barriori atentzioa eman zion parte hartzaileen adinak: "Ni nintzen gazteena. Horrek pentsarazi zidan adinean aurrera joan ahala soilik pentsatzen dugula heriotzan, baina heriotzak berez ez daukala adinik. Guztiok hausnartu beharko genuke haren inguruan". Hainbat gai landu zituzten tailerrean: nolako agurra antolatu, hil ondoren erraustu edo lurperatu nahi zuten, nori abisatu beharko lioketen ingurukoek, testamentuak eta ahalordeak ematea, bizitza digitalarekin zer egin... Gero, tailerrean landutako gai eta hausnarketetatik ateratakoa Agur on izeneko karpetan gorde zuten. Horrek guztiorrek hainbat hausnarketa eragin zizkion Barriori: "Pentsatu nuen denok hilko garela eta, normalean, ez dugula burua hor jartzen, ez dugula guztiz onartzen. Eta beharrezkoa dela norbera prestatzea momentu hori helduko dela onartzeko, eta beste gauza batzuk ere prestatuta uztea".
Hain zuzen ere, Erkiagak uste du interesa badagoela gaiaren inguruan, eta hori ikusten du haren tailerretan parte hartzen dutenen artean ere: "Behin eta berriro baieztatzen dut gaitasuna daukagula heriotzaren inguruan hitz egiteko, eta horrek, gainera, lasait egiten gaituela".
Ez da beti horrela izan; duela urte batzuk, gertuagotik ezagutzen zuen gizarteak, orokorrean, heriotza. Hiltzeko moduek eragin handia zuten horretan. Etxean hiltzen ziren pertsona gehienak, eta, gainera, beilatoki gisa ere etxea erabiltzen zuten askok. Horrek heriotza bertatik bertara bizitzea ekartzen zuen. Hala ere, Erkiagak uste du ez dela garai hartako heriotzaren pertzepzioa "idealizatu" behar. "Gaur egun, heriotza kudeatzeko tresna emozional gehiago ditugu lehen baino, baita osasunari lotutako baliabide eta eskubide gehiago ere. Baina, paradoxikoki, eskubide eta baliabide horiek ezezagunak dira, eta ez ditugu erabiltzen".
Osasun tresnak
Zeintzuk dira, ba, tresna horiek? Heriotza duina izateko baliabideak bi multzotan bereizten ditu Erkiagak: batetik, maila pertsonalekoak; eta, bestetik, komunitate mailakoak. Biak ala biak beharrezkoak direla dio. Osasun mailan dauden bi baliabideen inguruko adibidea jarri du: eutanasia eta zainketa aringarriak. "Maila pertsonalean, beharrezkoa da eutanasia eskatzeko eskubidea izatea; norberaren heriotzaren gainean erabakitzekoa. Baina, era berean, gizarteak zaintza aringarriak eskaini behar ditu: maila guztietan, adin guztietarako eta lurralde guztietan ziurtatuta egon behar dute".
Edurne Elortza: "Ez dut jarraitu nahi nire jabe ez banaiz"
Azaroan, azken borondateen dokumentua osatzeko bi tailer egin zituen Bergarako San Joxepe erretiratuen elkarteak, Duintasunez Hiltzeko Eskubidea elkartearekin batera. Bertan izan zen Edurne Elortza bergararra; aspalditik argi zeukan dokumentua beteko zuela: "Duela hiru urte, osasun arazo larri bat izan nuen, eta hiltzeko zorian egon nintzen. Orduan hartu nuen nire heriotzaren inguruko erabakiak hartzeko determinazioa, baina orain arte ez dut egin". Ez da bakarra; 80 pertsona inguru bildu ziren tailer haietan. "Ikusten da kezka dagoela gaiaren inguruan. Ea nolakoa izango den gure heriotza... Jendeak lasai joan nahi du", dio Elortzak. Zalantzak argitu eta bildu beharreko dokumentazioa zein zen azaldu zieten elkartekoek lehen saioan, eta paperak betetzen lagundu zieten bigarrenean. "Ez duzu sufritu nahi, eta ez duzu karga bat izan nahi ingurukoentzat. Nik ez dut nahi bizitzen jarraitu neure buruaren jabe ez banaiz", jarraitu du Elortzak. Familiarekin ere hitz egin du, eta errespetatzen dute hark hartutako erabakia. "Guk aukeratu ditugun ahaldunordeak ere ados daude hartutako erabakiekin, eta haiek arduratuko dira, momentua heltzean, horiek betetzeaz". "Pozik eta lasai" geratu da Elortza dokumentuak beteta, baina adierazi du bide luzea dagoela oraindik egiteko eutanasiaren inguruko eskubideak lortzeko orduan.
Bi baliabide horien gaineko informazio nahikorik ez dagoela uste du Erkiagak. "Ez badakigu ondo zer diren, ez ditugu eskatuko. Eta gizarteak oraindik ganoraz garatu ez dituenez, ez dira berez eskaintzen. Urteak daramatzagu horrela". Aurretiazko borondateen dokumentua da, osasun arloan, erabaki horiek aurrez idatzita uzteko tresna. Internetez eskatu eta bete daiteke, baita osasun etxe batzuetan ere. Bergarako anbulatorioan, esate baterako, zerbitzu berezitu bat jarri dute abian dokumentu hori egiteko. "Dokumentu horretan zehazten da bakoitzarentzako duintasuna non bukatzen den. Erabaki daiteke, egoera jakin batean egonez gero, ez duzula nahi bizitza luzatzeko tratamendurik. Edo bai, nahi duzula, baina, betiere, sufrimendua kenduta. Edo eutanasia nahi duzula. Baina ez baduzu hori guztia idatzita uzten, erabakitzeko ahalmena galtzen da". Hain zuzen, aurrez zehaztuta uzten ez bada, medikuaren eta familiaren artean adostu beharko litzateke egoera bakoitzean zer egin, eta horrek, askotan, familiarteko gatazkak ekartzen ditu.
Mota askotako baliabideak
Osasun eskubideez gain, heriotzaren inguruan erabakitzeko hainbat tresna daude. Esate baterako, norberaren ondasunei dagokienez, garrantzitsua da testamentuaren inguruko legeak ezagutzea. 2015. urtean aldatu zen lege hori, eta Bizkaian eta Arabako elizate batzuetan aplikatzen zen foru zaharra EAE osora zabaldu da arlo horretan. "Lege berri horrek eskubide gehiago ematen ditu ondasunen gainean erabakitzeko. Lehen zegoena Espainiako Kode Zibila zen, eta muga asko zeuzkan norberaren ondarea kudeatzeko".
Ahalordeak ematea (apoderamentua) da beste tresna erabilgarri bat. Notariotzan egiten da, eta erabili daiteke, besteak beste, pertsona batek burua galtzen duen kasuetan. Ahalorderik ez bada ematen, prozesu legal bat hasten da kasu horietan, eta epaile batek erabakitzen du nor egingo den pertsona horren kargu. Adibidez, nik aurretik notariotzan konfiantzazko pertsona bat izendatu dezaket, eta baldintza gisa jarri dezaket bi medikuk aurretik ziurtatzea ez daukadala neure buruaren gainean erabakitzeko ahalmenik. Biek hala ziurtatzen badute, automatikoki nik aukeratutako pertsona horri emango zaio eskumena".
Horrekin lotuta, adin txikikoen alorreko ahalorde emateak ere badaude. Esaterako, guraso bat edo biak hiltzen direnean, umeen ardura hartuko duen pertsona bat aurrez izendatzea.
Agurra, nola?
Bizitza digitalaren gainean erabakitzeko eskumena da beste tresna bat; haren bidez, erabaki daiteke hil ondoren zer egingo den norberaren ordenagailuarekin, mugikorrarekin, edo zer egin behar den norberaren sare sozialekin, besteak beste.
Bakoitzaren agurra nolakoa den erabakitzeko tresnak ere badaude. Nolako hileta errituala nahi duen bakoitzak; ez derrigorrez erlijioari lotutakoa. Arlo horretan komunitateak daukan garrantzia azpimarratu du Erkiagak berriro: "Ez dugu asmatu, gizarte bezala, erlijiosoak ez diren agurrak egiten".
Norberaren legatu emozionala uztea da beste aukera bat. Haren bidez, era guztietako mezuak utzi daitezke ingurukoentzat, edo zehaztuta utzi daiteke nori deitu, heriotzaren berri emateko. Atal horrek garrantzi berezia duela uste du Erkiagak: "Azkenean, maitasun harremanak gara, eta horiek apurtuko dira hiltzen garenean. Opari emozionalak utzi ditzakegu hori gertatzen denerako".
Urte luzeak daramatza Iñaki Peñak Debagoieneko ospitaleko zaintza aringarrien unitatean. Zaintza aringarrien garrantzia azpimarratu du, besteak beste, heriotzarekiko beldurra arintzeko orduan.
Uste duzu tabua dela heriotza oraindik?
Uste dut azken 15-20 urteotan gauzak aldatzen ari direla, onerako, baina oso poliki. Gehiago entzuten da, baina aldaketa erradikalik ez da izan.
Nola egiten diogu aurre gizakiok heriotzari?
Bakoitzak modu batean egiten dio aurre. Oraindik ikusten dira helduleku erlijiosoa daukaten adineko pertsonak. Pertsona gazteagoengan, ordea, hutsune espiritual bat dago. Nire ustez, gakoa da barnean bake hori sentitzea, ez ukatzea aukerak edo irtenbideak daudela. Alde horretatik, gure lana ez da medikazioak bakarrik jartzea, baita pertsona hori bakean joan dadin laguntzea ere.
Beldurra diogu heriotzatik gertu dauden pertsonen inguruan egoteari?
Bai. Beldur handia dago. Beldurra, alde batetik, zure heriotza propioa mahai gainera ekartzeko. Heriotza beti da besteei gertatzen zaien gauza bat. Badakizu posible dela tokatzea, baina ez duzu serio planteatu nahi. Beraz, gertatzen zaizunean... Gakoa da naturaltasunez pentsatzea horri buruz, eta naturaltasunez hitz egitea, lasaitasunez, ez beldurrez. Naturalagoa izan daiteke sufritzeari edo min hartzeari beldurra izatea. Hori normala da. Baina leuntzea posible den beldur bat da, inguruan ekipo profesional bat badaukazu, beharrezko zainketak emango dizkizuna. Hori jakinda, beldurra leundu egiten da.
Bestelako beldur existentzialak ere badaude, ordea.
Azken 20-30 urteetan, sinesmen espiritual batzuk galdu egin dira. Orain, hutsune espirituala daukagu. Espiritualtasun laikoa garatu behar dugu, eta ez dago. Hutsune espiritual hori guztietan okerrena da. Izugarrizko ezinegona sortzen digu pentsatzeak hil egingo garela eta ez dela besterik egongo.
Osasungintza publikotik egin da lanketarik heriotzaren inguruan?
Ez; ekimen pribatuak izaten dira, normalean. Komunitate errukitsuak daude Euskal Herrian, adibidez, pedagogia hori egiten dutenak. Death Cafe izeneko topaketak ere antolatzen dituzte, heriotzaren inguruan hitz egiteko; nork bere beldurrak, bere esperientziak eta kezka existentzialak konpartitzen dituzte bertan. Debagoienean ere egin izan da baten bat.
Zainketa aringarriak oso garrantzitsuak dira bizitzako azken momentuetan; nola definituko zenituzke?
Pertsona bat zaintzea haren bizitzako azken momentuetan; bakarrik hil ez dadin, eta sostengu minimo bat eduki dezan. Bestalde, azken momentu horietan sufrimendurik izan ez dezan laguntzea izango litzateke, medikazioaren bidez edo beste baliabide batzuekin. Modu bat da bizitzaren amaiera eta heriotza ahalik eta baketsuena izateko.
Zainketa aringarrien espezializazioa dago herrialde batzuetan; hemen ere bai?
Ospitaleetan martxan daude, baina unibertsitatean finkatzeke daude. Ez dago horren inguruko espezialitate bat, eta formakuntza sakonagoa jasotzeko hezkuntza pribatura jo beharra dago.
Ze baliabide eskaintzen ditu osasungintza publikoak heriotzaren gaineko erabakimenarekin lotuta?
Azken borondateen dokumentua, esaterako, lehen ia-ia anbulatorio guztietan egin zitekeen. Pandemiaz geroztik, ordea, baliabide gutxiago dago, eta lehen arreta ere kili-kolo dago. Beraz, orain ez dago zerbitzu hori martxan osasun etxe gehienetan. Lehen, Arrasaten egiten zen, baina hori ere bertan behera geratu zen. Bergaran martxan dago gaur egun.
Eutanasia legeztatu zutenetik, Debagoieneko ESIn hiru pertsonak egin zuten eutanasia jasotzeko eskaera 2023an, eta haietatik biri onartu zitzaien. Hala ere, Duintasunez Hiltzeko Eskubidea elkarteko Marta Barandiaranek hutsuneak ikusten dizkio oraindik ere lege berriari.
Zer da eutanasia?
Eutanasia heriotza ona da. Eta heriotza ona edukitzea norberaren balioen araberako heriotza edukitzea da.
Espainian legeztatu egin da; baina nola aldatu du horrek egoera?
Legeak oso muga estuak ezartzen ditu. Baldintza asko bete behar dira eutanasia jaso ahal izateko. Gaixotasun terminal bat izan behar duzu, edo, gaixotasun kroniko batekin, oso ezgaitze handia izan behar duzu. Orduan, horrek jende kopurua asko mugatzen du. Baina, era berean, pertsona horiek ezin zuten lehen eutanasia eskatu, eta orain bai. Aurrerapen bat da, txikia izan arren.
Ze baldintza bete behar dira eutanasia eskatu ahal izateko?
Kasuaren arabera. Orain martxan dagoen legea oso garantista da. Funtsean, zure bizi perspektiba motza izatea eta zure dependentzia maila oso handia eta kronikoa izatea. Gaixotasun terminalen kasuan, normalean, minbizia izaten da, edo gaixotasun neurodegeneratiboak. Bestalde, adineko pertsonen kasuan, organo batean baino gehiagotan arazoak dauzkazunean eta zure bizi- kalitatea oso kaskarra denean eskatu daiteke.
Nolakoa da prozedura?
Eskaera egiten denean, lehenengo iritzia mediku batek eman behar du. Horren ondoren, mediku kontsultari batek aztertuko du kasua. Eta, azkenik, azken hitza duen komisio bat dago. Hiru prozesu horiek pasatuz gero, eutanasia jaso dezakezu.
Zenbat denbora ematen du prozesu horrek, normalean?
Arazo bat dago hor; jendeak pentsatzen du eutanasia eskatu eta segituan jasoko duela, baina ez da horrela. Batez beste, gutxienez, 45 egun pasatzen dira. Beraz, jende asko bidean geratzen da. Eutanasia jasotzeko momentua iritsi baino lehen hiltzen dira. Badago aukera bat epe horiek laburtzeko; oso gaixo baldin bazaude, batzuetan prozesua azkartu egiten da. Baina oso kasu konkretuak dira, gutxitan egiten da hori.
Ze hutsune ikusten dituzue gaur egungo osasun sisteman, eutanasiari dagokionez?
Hutsune asko dago oraindik. Batetik, medikuek ere jakin behar dute eutanasia alternatiba gisa eskaintzen. Horrez gain, uste dut prestakuntza gehiago behar dutela. Esaterako, Donostiako ESIn eutanasia gehiago egiten dira Bilbokoan baino. Ez da batera edo bestera joaten garen pertsonak ezberdinak garelako; ospitale bakoitzeko prestakuntzarekin dauka zerikusia, eta, noski, baita egiturazko antolaketarekin ere.
Informazio falta dago gizartean?
Bai. Jende askok pentsatzen du azken borondateen dokumentua betez gero zuzenean emango diotela eutanasia. Eta ez da horrela. Dokumentu hori zuk gaitasunik ez daukazunerako da. Zu kontziente bazara eta eutanasia nahi baduzu, zuk zeuk egin beharko duzu eskaera berriro.
Badago jendea, osasunez ondo egonda ere, bere bizitzan egin behar duen guztia egin duela iritzita, eutanasia nahi duena.
Bai. Gaur egun, oso erlijiosoa zen jendea hiltzen ari da, eta gazteagoak garenok oso ikuspuntu ezberdina daukagu. Gure bizitza gurea dela pentsatzen dugu. Ez da gauza sakratu bat, ukitu ezin duguna. Jende askok ez du bizi nahi menpeko egoeran. Beraz, uste dut hurrengo urteetako erreibindikazioa izango dela nork bere bizi- proiektua amaitutzat ematen duenean lasai joatea.